Ira 23 09

Griffin ikusezina

Denboraren makina eleberriarekin ospe handikoa egin zen Herbert George Wells idazle ingelesa 1895ean, eta handik aurrera ehun obra baino gehiago argitaratu zituen. Gizon Ikusezina da ezagunena, Pearson’s Magazine aldizkarian zatika 1897an agertua, eta mende bete geroago Miren Arratibelek euskarara ekarria. Hogeita hamar urte inguruko Griffin du protagonista: “Griffin naiz, unibertsitate-eskolakoa. Nire burua ikusezin bihurtu dut. Gizon arrunta naiz: zuk ezagutu zenuen gizon berbera, (…) zu baino ikasle gazteagoa, albinoa ia, sei oin garaia, eta zabala, aurpegi zuri-arrosa eta begi gorrixkak zituena; kimikako saria irabazi zuena”. Zientzia fikzioaren aitzindaritzat jotzen da H.G. Wells, Munduen arteko gerra edo Lehen gizakiak ilargian nobelen egilea; literatura eta zinemarako mito bilakatu zuen Griffin gizagaixo hura. Bada hala ere beste Invisible Man bat, Ralph Ellisonek 1952an plazaratua, zientzia fikziozkoa ez dena eta Wellsena baino zatiaz hobea, baina oraindik euskaratu gabea.

Agenda

Efemerideak

Kritikak