Abu
09
16
Urteurren bikoitza du aurten Jose Lezama Limaren memoriak: berrogei urte hil zela abuztuaren 9an, eta berrogeita hamar urte bere lanik ezagunena, Paradiso nobela, publikatu zela. Nobela? Abentura poetikoa, diote. Julio Cortazarrek zeremonia bat zela argitu zigun. Lezamak berak arazo bezala ikusten zuen nobela oro har, ez egitura arazo, ez gai arazo, hizkuntza arazo baizik. Paradiso-ren hizkerak, gaiek, sinboloek, harritu egiten gaituzte oraindik ere: desmasia berbalen eta erudizioz eta mitologiaz sortutako urruntasunaren bidez, Lezamak errealismoa apurtzen du, barrokotasuna irudiaren iragankorrari eginiko antapara da eta, ondorioz, irudien mural bat bezala ageri zaigu Historia, ez datu eta gertakari metaketa bezala, hots, Irudimenak gain hartzen dio errealitateari. Ez ihes egiteko edo estiloa erakusteko, seinale kode bat proposatzeko baizik: «Nobelaz dudan kontzeptuak irudia eta solasa ditu oinarri, esaten dena eta ezkutatzen dena. Horrela, teologoek grazia ikusgarria aipatzen duten bezala, nobelak ikusgarri egiten du, haztagarri, poesian eta saiakeran ikertzen dena». Zaila, iluna, kapritxosoa, eskandalagarria… Adibide eta omenaldi, Paradiso-ren VIII. kapituluaren hasiera eskaintzen dizuegu. Juan Rulfo eta Alejo Carpentierrekin batera, Latinoamerikako literatura modernoaren aitzindari dugu Jose Lezama Lima.
Abu
06
16
Abuztuak 6 zituela hil zen Peli Markiegi orain 70 urte Bahia Blancan, Argentinako deserroan, 41 urte bete gabe. Hamar urte lehenago, bera bezala apaiza zen anaia Jose —Lizardiren Itz-Lauz postumoari egin zion hitzaurreak idazle kontsakratu zuena— fusilatu zioten faxistek Oiartzunen. Beste anaia, Polentzi, Debako alkate abertzalea izana, urtebete geroago fusilatu zioten Santoñako hondartzan. Mintasun kolektiboa eta urradura pertsonala batu zuen Peli Markiegik, baina esperantza izpi bat ageri du unerik ilunenetan ere: «Oinazez ez da herririk galtzen. Hilerria da sorterri». Landua, jasoa, poemei oinarri anekdotikoak eta sinbolikoak eman zale, badauka olerkarien artean nabarmentzen duen nortasuna. Hemezortzi poemaren bilduma eskaintzen dizuegu: Orixe, Lauaxeta, Lizardi tantak han-hemenka, eta Markiegi orotan.
Uzt
27
16
Literatura errusiar erromantikoaren ordezkari nagusienetakoa, Gure garaiko heroia eleberria da, zalantzarik gabe, Mikhail Lermontoven idatzirik behinena, Jose Moralesen itzulpenari esker euskaraz irakur daitekeena, Armiarman lehenagotik on-line jarria. Eleberriez gain, haren hainbat poema ere ekarri izan dira euskarara, 80etan aldizkarietan (Hotsizki, Maiatz) eta itzulitako poemen bilduma batean (Hezurrezko xirulak, Elkar 1991). Lermontoven heriotzaren 175. urteurrenean, hemen dituzu irakurgai poemok.
Uzt
21
16
XX. mende amaierako idazle errusiar garrantzitsuenetakoa da Ludmila Petruxevskaia, ipuingile, antzerkigile, pintore eta kantaria. Sistema sobietarraren porrotaren kritika landu du hainbat hizkuntzatara itzuliak izan diren antzerki-lan eta ipuinetan. Kultur eragile oso ezaguna, hainbat sari eta errekonozimendu jasoa da. Animalia eta haurren istorioaren atzean salaketa gordetzen duen narrazioa, Katuek bai zorte ona ipuina eskaintzen dizuegu, Josu Zabaletak euskaratua.
Uzt
17
16
Goizalde Landabaso, Galder Perez eta Ane Zabalak Babeserako kopia errezitaldia egingo dute uztailaren 17an (igandea) 17:30ean Natxituko bolatokian.
Uzt
17
16
Iñigo Astiz, Gari eta Oier Aldekoak “Gaizki moldatzen dira” emanaldia eskainiko dute uztailaren 17an (igandea) 13:00etan Eako Moilan.
Uzt
17
16
Elurre Iriartek “Landa eremua literaturak kontatua” hitzaldia egingo du uztailaren 17an (igandea) 11:00etan Eako Eskolondoko liburutegian.
Uzt
16
16
Celosamente Gordeak “Ardoa eta odola” ikuskizuna eskainiko du uztailaren 16an (larunbata) 20:30ean Eako Eskolondo. Musika: Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir.
Uzt
16
16
“Baltza nazela dineure” irakurraldia izango da uztailaren 16an (larunbata) 17:30ean Bedaronan. Irakurleak: Eider Rodriguez, Lorea Agirre, Anari, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Maialen Lujanbio, Ainara Lasa, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte eta Mursego.
Uzt
16
16
Pako Aristik eta Itziar Gomezek Arrotz eta eder errezitaldia egingo dute uztailaren 16an (larunbata) 13:00etan Eako Portusolon.

Uzt
16
16
Lutxo Egiak “Hiri hori da hiri hau” hitzaldia eskainiko du uztailaren 16an (larunbata) 11:00etan Eako Eskolondoko liburutegian. Musika: Inun.
Uzt
14
16
Edu Zelaietak Ispilu biluziak poema liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko du uztailaren 14an (osteguna) 19:30ean Donostiako Tabakaleran.
Uzt
14
16
Sortzez Raymond-Théodore Barthelmess genuen Henri Calet, eta senez idazlea, idazlea artikuluak eta oroitzapenak ematen zituenean ere. Erdi kronika erdi nobela, autobiografiaren eta fikzioaren arteko obra berezi bat eraiki zuen, bere burua erakusten duen historiagile baten gisan. Caleti interesatzen zaion historia ordea ez da orri handiena, XX. mendearen lehen erdiko Parisen jasotzen dituen hosto xeheena baizik: klase apaletan, beren bizitzaren jabe ez direnen historiarik gabeko historian, proletalgotik marginalitatera sartu-irten bizi den mundu garratz eta hunkigarri horretan aurkitu zuen gaia. Begi erneko idazleak badu bihotzik hala ere, eta jendea maite duenez, malenkoniaz kutsaturiko ironia gozo batean harrapatzen du irakurlea (La belle lurette, 1935; Le tout sur le tout, 1948; Monsieur Paul, 1950…). Erresistentzian sartu zen, atxilotu egin zuten, ihes egin zuen, erresistentzian jarraitu zuen. Gero, 1945ean, Fresnesera itzuli zen ostera eta paretetan idatzitako guztia bildu zuen, argitaratzeko, historiaren higieneak oihu haiek isil zitzan baino lehen (Les murs de Fresnes, 1945). Henri Caleten aipatu ezaugarriok ederki islatzen dira kolaboratzaile finkoa izan zen Combat aldizkarian azaldu Danbor hotsik gabeko abertzaletasuna artikuluan (Patriotisme sans tambour, 1945). Uztailak 14 zituela hil zen orain hirurogei urte.
Uzt
13
16
Asteburu honetan, uztailak 15-16-17, izango dira Eako Poesia Egunak, hamahirugarren urtez. Aurten “…eta paisaia hitz egin zen” izenburuarekin dator, egitarau zabalaz eta idazle ugariren parte hartzeaz, hala nola: Eider Rodriguez, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte, Elurre Iriarte, Goizalde Landabaso, Iñigo Astiz, Lutxo Egia, Pako Aristi, Celosamente Gordea taldea. Eta bidenabar, poesiaren eta kantuaren arteko zubiak eraikiko dituzte musikariek: Mursego, Anari, Oier Aldekoa, Gari, D’Capicho, Kalakan, Napoka Iria, Joseba B. Lenoir. Euskal poesiari eskainitako jaialdi handiena da, zalantzarik gabe, Ean urtero egin ohi dena.
Uzt
05
16
Argitaletxetako hizkeran bigarren azala esaten zaion orrialdean, izenburua eta egilea errepikatzen den horretan, Martin Landerretxek datatu egin zuen, hitzaurreak ohi diren eran, bere Apurka zahar eta berri ahurtara bat eskuararen alde: «Doni Joane Lohitzundik, Uztailaren lehenean, 1905ean». Idatzia amaitu zuen eguna? Lana inprimategian eman zuenekoa? Makina lanean hasi zenekoa? Salgai ageri behar zuen eguna? Nolanahi den, ehun eta hamaika urte egin ditu aste honetan berean (111 alegia, zenbaki berezia) lantxo honek kaleraturik. Funtsean, XX. mendearen hasmentan euskarari buruz metatuak ziren lanen eta iritzien laburpen praktiko bat dugu, apezek eta oro har euskaltzaleek aski argudio ukan zezaten gure hizkuntza menosten zutenei buru egiteko eta eskualdun epelak berotzeko. Liburuaren osatze alde, bibliografia, Oihenarten atsotitzak eta Martin Landerretxek berak eginiko Iratiko Artzaina bertso multzoa ere badakartza. Euskara eta frantsesa tartekatuz argitaratu zen arren, euskarazko testua editatu dugu soilik, horrela omentzen delakoan ongien Landerretxeren memoria.