Urt 29 08

Antzerti aldizkaria Armiarman

Xabier Lizardik jarri zion izena: Antzerti. Ixaka Lopez Mendizabalek moldiztegia eta babesa. Eta gogoa eta gidaritza Antonio Maria Labaienek. Eta halaxe, 1932ko urtarrilean hasita, 1936ra bitartean, 54 zenbaki (hainbat bikoitzak) plazaratu zituen Antzerti aldizkariak, euskal antzerkigintzaren erreferentzia ezinbesteko bilakatuz. 46 obra bildu zituen, antzerki lanak, bakarrizketak, hizketaldiak. Euskarazko jatorrizkoak gehienak, baina baita euskaratuak ere. Eta garai hartako izen ezagunak: Toribio Altzaga, Xabier Lizardi, Andoni Arozena, Antonio M. Labaien, Tene Mujika, Joseba Zubimendi, Jose Markiegi…

Artean Antonio M. Labaien bera aurkezpena egitera animatu zela, 1982an berpiztu zen Antzerti aldizkaria, Eusko Jaurlaritzako Antzerti Eskolaren babespean oraingoan. Eta 1985 bitartean beste 29 zenbaki kaleratu, 30 antzerki lan zekartzala, euskal autore klasiko eta berriez gain, euskarara ekarriz literatura unibertsaleko hainbat egile: Carlo Goldoni, Jean-Paul Sartre, William Shakespeare, Dario Fo, August Strindberg. Armiarmara ekarri dugu Antzerti aldizkaria, eta osorik eskaintzen dizkizugu zenbaki guztiak, beren obra, albiste, iragarki eta komentarioekin, eta baita kaleratutako ale guztien irudi faksimile banarekin.

Abe 26 07

Napartarra eta Amayur Euskal Prentsaren Lanak webgunean

XX: mende hasierako Nafarroako euskarazko prentsaren bi erakusle esanguratsu dira Napartarra eta Amayur. EAJren abaroan sortua, 1911ko urtarrilaren 8an abiatu zen Napartarra, elebiduna. 1917ko ekainetik azarora bitarteko etenaldi batekin (Salvador Garijo zuzendariaren heriotzarekin batera), 1919ra arte iraun zuen. Euskarazko testuak idazten Larrekok pisu handia izan zuen, eta baita 1918 eta 1919an zuzendari izan zen Jose Agerre Gurbindok. Azpimarratzekoa da “Lili-artean” saila, euskaraz emakume abertzaleei zuzenduriko atala. Nafar gizartean nor ziren beste hainbat sinadura ere ikus daitezke agerkarian, gaztelaniazko artikuluetan: Joaquin San Julian sortzailea, Urmeneta, Cunchillos, Esparza, Aranzadi, Urtasun… (gehiago…)

Aza 16 07

Txillardegi eta Arestiren lehenengo ipuina

Oraintxe 50 urte dira Txillardegiren eta Gabriel Arestiren lehenengo ipuinak argitaratu zirela Egan aldizkarian (1957, 5/6 zenbakia). Orangutanen ugartea du izenburua Txillardegirenak eta Arestirenak Umezurtz aberatsak Gabonetan jokatu nahi.

Txillardegiren ipuineko Joanes, Izargi ontzian kapitain zela, irla harrigarri batera iritsi zen. Hango biztanleak gizaki deitzeko tximuegi ziren eta tximu deitzeko gizakiegi. Zenbait urteren buruan zientifiko talde batek bidaia antolatu zuen, ziminoaren eta gizakiaren arteko katebegi galduaren bila.

Arestiren ipuinean, fabrika bateko ugazaba zikoitzak dei egin zien langile guztiei, eta sekulako eskaintzaren berri eman zien: doble irabaziko zutela handik aurrera.

Eka 22 07

Maiatzek 25 urte:
lehen hamar zenbakiak osorik

Aurtengo otsailean bete dira 25 urte Maiatz aldizkariak lehen zenbakia kaleratu zuela. Literatur Aldizkarien Gordailua abiatu genuelarik, aldizkari horretako aurkibideak eta fitxak baino ez dira egon sarean. Aurtengo efemeridea baliatu nahi izan dugu huts hori zuzendu asmoz. Hona hemen lehen pausoa: hastapeneko lau urteetan kaleratu zituzten lehen hamar zenbakiak, testuak oso-osorik, eta baita alea irudietan PDF formartuan. Uda hasi berri dugun honetan, Baionatik heldutako uzta dastatzen hasteko modua eskaintzen dizugu, beraz. Udazkenik negu bururatuko ahal dugu, urtemugakoa bukatu aitzin, ordutik bizirik dirauen aldizkari bakarraren sareratzea!

maiatza 19 07

Maiatz aldizkariak 25 urte

Maiatz aldizkaria estreinakoz argitaratu zela 25 urte bete direlarik, Maiatz taldeak solasaldiak antolatu ditu maiatzaren 19an (larunbata) goizeko 9:15etan hasita Baionako Glaineko Elkartearen Etxean. Emilio Lopez Adan aurkezle lanetan, hizlari izango dira: Lucien Etxezaharreta, Jose Angel Irigarai, Itxaro Borda, Eñaut Etxamendi, Antton Luku, Itziar Madina, eta Nora Arbelbide. Eguerdiko 12:00etan Itxaro Bordaren testuen irakurraldia izango da, idazleak lagun dituela Pantxika Agerre eta Pantxix Bidart.

Mar 09 07

Bazka aldizkari berria

“Literaturaren soziologia baterako” azpi-tituluarekin agertu da Bazka aldizkari elektronikoa. Gaurko gure literaturaz azterketa eta gogoeta egitea du xedea. “Uste dugu inpartziala izan nahi duen soziologia ez dela benetako soziologia: arrazoiak erakutsiko ditugu inpartzialak ez izateko”, adierazi du Gorka Arresek, aldizkariaren zuzendariak; “gure iritziak arrazoietatik atera nahi ditugu, eta ez gure iritzien araberako arrazoiak”. Azken asteetan Euskadi Sariek hartu dute gure letren munduan eremu handiena, eta horri buruzkoekin abiatu da Bazka. Oier Guillanek idatzi du lehen artikulua, Jose Luis Otamendik bigarrena. Artikuluez gainera, datutegi bat eta kontzeptu sozio-literarioen hiztegi bat dituzu.

Ots 28 07

Maiatz literatura aldizkariak 25 urte

Maiatz aldizkariak zenbakia kaleratu zenetik 25 urte iragan dira, eta beti hor. Tarte horretan, 43 zenbaki, 55 bat liburu, erdiak poesia, dena hirurogei bat idazleren adierazpide. Eta oraino ez du azken hitza errana, iduriz. 44. zenbakia bidean dauka. Hori bai, beti bezala, “diskretuki”, errepikatzen du Lucien Etxezaharretak, Maiatz aldizkariaren sortzaile bat denak eta aldizkariak zein argitaletxeak bizirauteko ezinbesteko lana eramaten duenak.

Urt 25 07

Euskalzale, Ibaizabal eta Eguna sarean

Bizkaiko Foru Aldundiak sarean jarri ditu osorik Euskalzale (1897-1899), Ibaizabal (1902-1903) eta Eguna (1937) egunkaria.
Bilboko zazpi kaleetan sortutako hiru agerkari hauek –Euskalzale Jardines kalean, Ibaizabal Dendari kalean eta Eguna, berriz, Posta kalean- sarean egongo dira aurrerantzean, Bizkaia.net eta hemeroketa.eus guneetan. Azken honetan, digitalizatutako egunkariez gain, aukeran dituzu kazetarien zerrenda, bilatzailea eta pdf dokumentuak neurrira egiteko modua.

Urt 16 07

Literatuzta aldizkaria

Azpeitian sortutako Literatuzta aldizkariak agur esan du. Bederatzi aldizkari kaleratu dituzte 2003ko uztailetik lehendabiziko zenbakia egin eta 2006ko neguan bukatzea erabaki duten arte. Azpeitian sortutako literatur lanen leiho izan da urteotan Literatuzta, eta aldizkari guztiak Interneten daude irakurgai.

maiatza 25 06

Txistu y tamboliñen seigarrena

Fermin Eguren, Lodinowsky, Bernardo Kapanaga, Kapez Kap… sinadurak irakurri eta Txistu & Tambolin aldizkaria duzula begien aurrean da pentsatzekoa. Durangaldeko taldea berriro ere aldizkaria egiteari lotu zitzaionetik, seigarrena plazaratu dute. Interneten plazaratu, hain zuzen ere, paperezko ediziorik ez baitu orain aldizkariak. Poemak, narrazioak, testuak, ironia, kritika… topatuko dituzu 6. honetan, “Txistu & Tambolin… … y lo malo de ser pobre es que ocupa todo el tiempo” izenburua duen honetan.

Ots 23 06

Euskal Prentsaren Lanak

Euskal Prentsaren Lanak izeneko webgunea jarri du abian Susa literatur argitaletxeak hemeroketa.eus. Euskal Herriko egunerokoetan (erdal egunkarietako osagarri gisa) eta aldizkako agerkarietan (astekari, hilabetekari eta abarretan) XIX. mendetik aurrera, euskal prentsaren bokazioaz azaldu den euskarazko edukiak jarri nahi ditu erabiltzaile guztien eskumenean, corpus hori ezagutu eta nahi bezala lantzeko aukera egon dadin. Euskal prentsa historikoaren errekuperazio eta berrargitalpenerako gune, lau publikaziorekin abiatu da: Euzkadi eta El Día egunkarien euskal orria (1931-1936), Eskualdun Ona agerkaria (1904-1907) eta Argia asterokoa. Osorik jarria dago Argia asterokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz egindako lana, eta beraz 1921etik 1936ra bitartean agerkari garrantzitsu honen emaitzak ezagutu daitezke. Lan honen bitartez, oraingoz 8.700etik gora orrialde jarri dira on-line.

Ots 10 05

Literatuzta aldizkariak laugarrena

Errepidean doa Literatuzta, izotz gainean ibiltzeko beldurti, gehiegizko jan-edanekin gogaiturik, eta kalean beste egitekorik ez eta, herriko gabon usainetik ihesi-edo, errepidean doa Literatuzta… ez dakigu nora.” Halaxe diote Literatuzta Taldekoek beren literatur aldizkariaren laugarren zenbakiaren Sarrerakoan. Nora agian ez dute jakingo, baina badoala agerikoa da. Azpeitiko Uztarria kultur taldearen bultzadaz sortua, 2003ko uztailean kaleratu zuten lehen zenbakia eta oraindik orain laugarrena. Hainbat testu eta poemak osatua, lau zenbakiak irakur daitezke Interneten, uztarria.com atarian.

Abu 12 04

Idazle eskolak L aldizkaria kaleratu du

Euskal Idazleen Elkarteak idazle eskola jarri zuen abian iaz. Lehen ikasturtearekin aldizkari bat plazaratu dute Idazle eskolan ibilitakoek: L luma berrien eleak (2004ko ekaina).  Liburu kritikak, narrazioak, poemak, gogoetak eta elkarrizketa bat batzen ditu 76 orriotan. Idazle berrien lanak dira guztiak, eta 3 €tan jarri dute salgai.

Mar 18 04

Egan aldizkaria Interneten

Beste pieza inportantea gehitu dio Susa argitaletxeak Literatur Aldizkarien Gordailuari: Egan aldizkaria. 1948an elebidun sortua, 1953tik aurrera euskara hutsezkoa bihurtu zuten Koldo Mitxelena, Aingeru Irigarai eta Antonio Arruek, aldizkariak garai luze batean izan zituen gidariek; aurrerago, hiru horiei Juan San Martinen izena erantsi beharko litzaieke. 1987ra arteko, Koldo Mitxelenaren heriotzara arteko 74 zenbakiak jarri ditugu Interneten, beti bezala katalogatuta eta aurkibideetan, eta faksimileak inprimatzeko moduan. Aldizkariaren aurkezpen orokorra ere egin dugu, eta baita zenbait informazio osagarri: egileak, euskaratutako egileak, estatistikak… Egan aldizkariak garrantzi handia izan zuen, eta handia da halaber hala zenbakiz nola izenez aldizkarian idatzi zutenen izen-zerrenda.
Esan dezagun gaur egun bizirik den aldizkaria dela Egan, 1988tik aurrera beste lantalde batek heldu baitzion proiektuari, eta aldizkariaren web gunea ere badute.
Literatur Aldizkarien Gordailuan, esan bezala, Egan-en1987ra bitarteko zenbakiak jarri ditugu. Oraindik orain jarritako Olerti eta orain paratutako Egan-ekin, 460tik gora aldizkari topa ditzakezu Gordailuan, ia 11.000 dokumentu. Bada zer irakurri.

Mar 04 04

Santi Onaindiaren Olerti osorik Interneten

Santi Onaindiak Milla euskal olerki eder liburua argitaratu zuen 1954an, eta lehenago 1951. urtean Karmengo Amaren Egutegia (artikulu, poema, kantu eta bestez 130 orrialde ingurukoa), ondorengo bost urtetan ere azaldu zena. Azken horretatik eratorria da Karmel aldizkaria, eta honexen gehigarri gisa argitaratu zuen Santi Onaindiak Olerti aldizkariaren lehen zenbakia 1959an Zornotzako Larrean. Ia osorik poesiari emana izan zen Olerti, hiruhilekoa, 1969ra bitartean 28 zenbaki ekarri zituena, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu egin zuen arte. Gerora berriro argitaratzeari ekin zitzaion 1995an azkena publikatu arte. Orain, ia 10 urte beranduago guztiak (38 aldizkari orotara) Interneten kontsultatu, irakurri eta inprimatzeko aukera dago Literatur Aldizkarien Gordailuan (Susa argitaletxearen lana izan da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera burutua) .

Agenda

Efemerideak

Kritikak