Urt 01 15

Gerla Handia:
Harrabotsak ez du hiltzen

Ahulena omen da azkarrena, gisa horretan nahi du Eskualduna-k goratu Belgikak gerran erakutsi kuraia. Anitz diru ari dira gastatzen gerraren kari, eta kazetaria dirua nondik? galderari erantzuten ahalegintzen da. Zergak ez omen dituzte goitituko, baina nola lortu gerra sustengatzeko behar den dirutza?  “Ithurri ttipiak bilhakatuz itsaso” dugu Frantziako Gobernutik eman duten arrapostua. Jean Saint Pierrek kolpatu, preso edota hil diren soldaduen berri ematen digu. Gerra hasi zenez geroztik 489.733 soldado frantses dira kolpatuak, gainera gehienak sendatzen omen dira eta “arras guti” dira hilak, 12.144. Frontean zortziehun metro zilo erreka irabazi omen dituzte aliatuek, eta alemanen azantza handia bada ere, harrabotsak ez duela hiltzen gaztigatzen digute, “nahi dugunean xehatuko ditugu” esatera ausartu da berriemaileak. Bestalde, sukar ustelaren kontrako txertoa jarri omen diete euskaldunak diren ejerzitoko soldaduei. Euskaldunak eguberriaren prestaketan omen ziloetan.

Abe 24 14

Gerla Handia:
Gauberri armadetan

Aliatuak aitzina omen doaz gerra-toki orotan. Alemanek xafraldi gaitzak hartu omen dituzte bai Belgikako bai Poloniako fronteetan. Aste honetako Eskualduna-k tarte zabala eskaintzen dio Poloniako fronteei. Errusiak aurre egin die Alemaniari Varsovia aldean eta Austriari Krakovia inguruan. Ingelesek nagusi darraite itsasaldean eta bestalde, Afrikako iparraldea ari dira bereganatzen, Egipto ingelesen esku eta Maroko Frantziarenean geratu dira. Serbia beti gerran, turkoen kontra, bulgariarren kontra, orain austriarrei hartu die aurre. Serbiarrak sorlekuari atxikiak dira. Eskualduna Alemania eta Turkiaren arteko adiskidantzaz trufatzen da, Turkiak Van der Goltz alemaniarra jarri omen du armada zuzentzen, aleman bat fedegabeen buru. Suitzan aldiz katoliko bat hautatu dute lehendakari, Motta Frantziaren aldeko jotzen du kazetak. Ez da poesiarik falta aste honetakoan, Gauberri armadetan bertsoak lekuko, eta ohi den gisara balentria bat pausatzen digu Eskualduna-k, Ekialdeko Pirinioetako Filipe soldadoaren egina  aurreko astean loriatu zuen J.P. Bergararen balentriaren pare jartzen baitu.

Abe 16 14

Gerla Handia: Lur ziloz zilo, errekaz erreka

Ypres uzteko prest dira alemanak. Gerrak luze joko omen du, berriemailearen aburuz hobe karraskan baino emeki jokatzea. Janpierre Bergara itsasuarraren kuraia goratzen du Eskualduna-k aste honetako kazetan eta jarraian Zerbitzarik euskaldun gerlarien gorazarrerako Gure irrintzina olerkia eskaintzen digu. Zinez mamitsuak Jean Saint-Pierreren hiru artikuluak. Lehendabizikoan, alemanen indar eta harrotasunaz mintzo da, alemanen ezin jasanezko urguilu hori nekezago garaituko dute haien indarra baino. Bigarren eta hirugarren artikuluetan sator gerraren berri ematen zaigu, lubakietako bizimodua. Basaburuko Dominixe ez da haboro Izabako portuan gazta egiten, lau hilabete eman ditu frontean. Kazetak Atharratzeko plazan Santa-Grazitarren artean gertaturikoa berritzen digu, bada aldea fronteko eta herriko bizimoduen artean.

Abe 11 14

Gerla Handia: Egunkari bat
ez izatearen pleguak

Kexu da kazetaria berri gutxi eta berantegi hedatuak eskaintzen dituelako kazetak. Eskualduna astekariak euskarazko egunkari baten beharraz ohartarazten ote digu? Jean Etxeparek “Alemanak hurbiletik” sailean presoen bizi baldintzak hartzen ditu hizpide, minaren, sufrimenduaren aurrean ezberdin jokatzen ote aleman soldaduek? Saint Pierrek heriotza baten berri ematen digu, Aita Blaise kaputxinoa (Luc Babaquy) ehortzi berri dute Fisme (Marne) herriko hilerrian. Hagiografian besteak beste Frantzia biziki maite zuen euskal idazle bat hil dela azpimarratzen du Saint Pierrek. Berri laburren sailean lau preso frantsesen ihesa  eta Kadet soldadu zaharraren balentriak berritzen dizkigu kazetak. Kirikiñok ezin digu gauza handirik argitu Euzkadin eskura duen informazioarekin. Calaisera iritsi ote dira doixtarrak?.

Abe 04 14

Gerla Handia: Satorrak bezala, negua lurpean

Gerra egiteko moldeak anitz aldatu dira. Eskualduna borrokarako tresnen garapen historikoaz mintzo zaigu, zelaietatik lubakietarako bidaian. Gezur ala egiak sailean alemanen gehiegikeriaz ari da, alemanek gurutzefikatu omen zuten neskato bat, Lafourcade medikuaren testigantza lekuko. Jean Saint-Pierreren kronikak lubakietako bizimodua pausatzen digu. Bestalde, pilotari batek muga iragan omen du eta Zerbitzarik Xikito Kanbokoaren balentriak hartzen ditu hizpide beste pilotariaren desohorea emendatu nahian. Baionara heldu berri diren 410 belgikarrak frantsesdunak omen dira, euskaldunak abegikor portatu dira belgikar hauekin baina kazetak eskean ari direnen jokamoldea ezbaian jarri du. Eskualduna-k arrunt informazio gutxi eskaintzen du fronteari buruz, errusiarrak aitzina doazela dio. Kirikiñok Euzkadi-n ez du klaredade handiagorik egiten, nonbait hor dabiltza elkarren lehian zeinek gezur gehiago, azkenerako egia irtengo da azalera olioa uretan lez.

Aza 27 14

Gerla Handia: “Frantses Herri maitea, libre bizi zaite!”

Eskualduna-n ez dute dudarik egiten: Alemaniak gerla galduko du, eta Frantziak irabaziko: “esku-gain handia dugu hartua ja, eta emeki bada emeki, bainan segurki, hartzen ari egunetik egunera”. Jean Etxepareren “Alamanak hurbiletik” sailaren ondoren, poema bat dakarkigu Jean Barbierrek, eta bertan ere frantses aberria nagusi: “Adios, edo ez, ez, berriz ikus arte! / Jainkoa, haur, andrea, nituen hoin maite! / Frantses Herri maitea, libre bizi zaite! / Nere haurrak, Frantsesek haziren zaituzte!… “, edo “Eskualdun soldadoak, ohore zueri, / Ohore hor gaindika hil zirezteneri! / Hatsa eman duzue Frantses-Herriari”. Artilleriaren garrantzia gerla honetan azalduko dizkigute aitzinxeagoan, bai eta “aleman urde diren bezalakoen” basakerien berri eman ere.

Aza 20 14

Gerla Handia:
Bake garaiko gerla

Alemaniako enperadorea, gure Guillaume, ez da gerlaren hobendun bakarra: bai arduradun nagusietarik, baina ez bakarra. Haren semeak ere eragin handia izan du, bai eta gerlatik etekina ateratzen duten aberaskumeek ere. Errege-familia hori joatearekin atsegin hartuko dute “aleman zinezko bake-gizonek berek ere”. Jean Etxeparek bake garaiko gerlaz idatzi du Eskualduna-n, Alemaniak, bere komertzioaren bidez, Frantzian mendean hartu nahian zebileneko garaiaz. Jaimetarrak –karlistak, alegia– doixtarrekin batera doaz, gaztigatu digute Euzkadi-n, eta Londonen, hemengo “izparringi toreruen” eraginez-edo, uste omen dute euskaldun guziek doixtarrak maite dituztela.

Aza 13 14

Gerla Handia:
Noiz artio othe gira hemen?

Eskualduna-n, Alemaniako enperadorearen erretratua egiten segitu du: hura zen gerla piztu zuena, haren handinahia zen gatazkaren sorburua. “Alemanak hurbiletik” sailean, Jean Etxeparek gai klasiko bat landu du: 70eko gerlatik 14kora, alemanak beren burua prestatzen ibili dira; Frantziako politikariak, berriz, nora ezean ibili dira. Noiz artio iraunen du gerlak? Hainbat aldiz azaltzen den galdera da hori: erreketan sartuak gerla egiteko molde berri honekin, luze iraun dezake: “horra zertako baziren uste zutenak, gerla hunek ez zezakela iraun bizpahiru aste baino gehiago”. Gerlarien berrietan behin eta berriz agertzen den ideia da hori: “Noiz artio othe gira hemen? Hori dakiena ixilik dago”. Kirikiñok, Euzkadi-n, lubakiak egitera behartua izan zen nafar baten abenturen berri emanen digu, bai eta doixtarren basakerien berri ere Charleroin.

Aza 06 14

Gerla Handia: Guillaume porrot egitera kondenatua

Napoleon eta Guillaume; Korsikako gizon xumea eta Prusiako Wilhelm kronprinz-a. Bien asmoa —Europa mendean hartzea— antzekoa da, baina arrunt diferentea bietarik bakoitzaren balioa eta pisua historian: “Berehala gerlari handi agertuz, gero gerlaz bertze askotako ere nor nahi bezen on zela” erakutsi zuen Napoleonek; “bere jitez zen Napoleon gizon Handi; Guillaume aitaren eta aitattoren seme delakotz da leher egiterainoko urguluntzi bat bilhakatua”. Propagandaz ere aritzen zaigu Jean Etxepare, Alemanak hurbiletik sailean. Alemanen ahotik ikasiko ditugu etsaiaren balentriak Belgikan, baina bakar batek ere ez ditu berek egindako azpijokoak eta itsuskeriak aipatuko. Belgikako erresistentziari egiten dio gorazarre Eskualduna-k, horrek mantsotu baitu alemanen aurrerakada. Eta Espainiara ihes egindako pilotariez (“«desertor» solas hoik etzaiku laket”) mintzo bazaigu Eskualduna, euskal pilotari baten ausardia aipatu du Kirikiñok, Nieuwpoort eta Diksmuide (Nieuport-Dixmunde) inguruko batailaren berri ematen duelarik.

Urr 30 14

Gerla Handia:
Zuek gure adixkideago

Horra hor paradoxa Eskualduna-rentzat Espainia aldean, fededun gehienak Alemaniaren alde eta fedearen kontrakoak Frantzia sustengatzeko prest. Gogoeta mamitsua dakarkigu aste honetako kazetak, berriz ere karlisten jokabidea hartzen du hizpide, kazetariaren iritziz euskaldun horiek oro tronpaturik dira alemanen alde.

Urr 23 14

Gerla Handia: Beraz eskualduna, ke karanba!

Frantzia eta Espainia aldeko eskualdunak ez omen dira beti bat. Gogoeta luze eta mamitsua dakarkigu Eskualduna-k, lurraldearen txikitasunaz jarduten du, eta azkenik bildotsak otsoen hazkurri direla ondorioztatu. Kazetak bi bandoen gerrako tresnak alderatzeari ekiten dio, ez da hau aste honetan leitu dezakegun alderaketa bakarra, Jean Etxepareren kronikan alemaniar eta frantziarren jantziak aletzean batzuen zein besteen abantailak eta desabantailak zerrendatzen ditu. Nor norekin sailean, munduko hainbat herrialdeen gerrarekiko jokaeraz mintzo zaigu. Frantsesek badituzte adixkide eta laguntzaileak baina badituzte etsaiak ere, eta era berean gerra muturra sartu nahi ez dutenak izan badira. Azterketa honetan, aliatuez gain, Japonia, Turkia, Italia, Espainia, Suitza, Norvegia, Suedia, Holanda, eta Kanada aberrien jokabidea aipatzen ditu. Aitortza baten kontatzean kazetariak ez du egokierarik alferrik galtzen uzten apaizen jarduna goraipatzeko. Bestalde, Milafranga, Mendiondo, Lekunberri, Isturitze eta Bastida herrietako kolpatu eta hildakoen berri ematen digu, horiek ditugu ondorioak baina gerraren jardun bortitzaz arrunt berri gutxi bai Eskualduna-n bai Euzkadi-n.

Urr 16 14

Gerla Handia:
Gerra urte, negar urte

Gerra gaztigu gisa, denok omen gara hobendun Jainkoaren aldean, hori biltzen du aste honetako Eskualduna-ren lehen predikuak. Jarraian logistika kontuak aipatzean burdinbidearen garrantzia azpimarratzen du, trena ezinbestekoa baita gerran ari direnak asetzeko eta horiek armaz hornitzeko. Badu txungurretik Jean Elizalde Zerbitzari apaizaren kronikak, “Kazeta egileak eta gerlariak ez dituzte naski gauzak begi beraz ikusten”, lehen predikuaren aldean tonu belizista begi-bistakoa da lubakietan den apezaren kronikan. Bestalde gizonak gerran ari diren bitartean, geratzen diren laborariek elkarri laguntzen diote eta mozkinak ez dira sobera urritu, hori bai, laborantzako tresna gutxiago saltzen dira. Oso berri gutxi gerraren inguruan, ezin jakin nor ari den nagusitzen.

Urr 09 14

Gerla Handia: Sekretu gaitza, zentsuraren gorazarrea

Arma bat nagusitu da gerra honetan, zentsura da arma berri hori. Aski kronika laburra dakar aste honetako Eskualduna-k, eta ia osoki pentsaren kontrola hartzen du hizpide. Kazetariak gogora ekartzen du 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa, berri oro, datu oro hedatzen zen prusiarren kontrako gerran, eta ohartarazten digunez maiz informazioa traidoreek zabaldua zen, Frantzia saldu zuten horiek, baina egun ez da hori gertatzen ari, egun sekretu gaitza da gobernuak aski ongi kudeatzen duen arma berria. Zentsuraren gorazarrea.

Urr 02 14

Gerla Handia:
Zenbat apaiz hil!

Elizaren defentsa sutsua egiten du Eskualduna-k eta bide horretan Frantzian frantses izeneko Alemaniako alemanak baino alemanagoak diren anitz badirela salatu. Euskal apaizen eginak azpimarratzen ditu kazetak, kronikaren erdia baino gehiago gai horri eskaintzen baitio. Bestalde, Ingalaterraren itsas blokeoaren eraginez Alemaniak pairatzen duen jaki eskasia aztertzen du, moltsa laburrari bizitzea mehe. Hil eta kolpatuen berri ematean hona Eskualduna-ren adierazpena: egiazko kuraia ez da soraiokeria; egiazko kuraia zangopean ezarriz aitzina kurritzea da.  Era berean, Baionako Gurutze Gorriak egin eskaera eta Txilen ziren zortzi euskaldun etxetik pasa gabe su zelaietara zuzen joan direla notizia biltzen ditu Baionako kazetak. Gerrari buruzko informazio gutxi aste honetako Euzkadi-n. Kirikiño alemanen atzera-egiteaz mintzo da, triskantza doixtarrentzat, bigarrena omen.

Ira 18 14

Gerla Handia: Irabazi dugu!

Lehen garaipen handia, Marne ibaiako guduan Alemania gertatu da galtzaile. Gaina hartzean Lurdako amaren laguntza funtsezkoa izan dela azpimarratzen du Eskualduna-k. Alemaniarren jokabide okerrak aletzen ditu, gerra egiteko erabakia hartua zutela, arerioak gutxietsi zituela, ez zutela Altsazia eta Lorrena bereganatzen jakin, kazetarentzat ez da Alemania bakarra eta horrek zailtzen du haien batasuna. Igarle dabil Eskualduna, gerra honen ondotik armadak gutxituko direla uste baitu. Ondotik kolpatu eta hilen berri ematen du, zehaztasun osoz kontatzen du soldadu frantses baten pasadizoa, frontean gertaturikoak gizatasunaren eredutzat hartua. Apaiz lotinanta, Ibarnegarai diputatua, Eskualduna ez da etxekoekin ahaztu. Kirikiñok Euskadi-n Wilson AEBetako lehendakariak Gilen Kaiserrari kargu hartu diola agertzen du, Belgikan emakumezkoekin egin demasen karietara hartu dio kargu. Ingelesen abertzaletasuna goratzen du Euzkadi-k, kintarik ez duen herrialdean nola agertzen diren prest armak hartzeko aberriaren etsaien kontra. Astekariak gertakari hori probesten du hainbat herrikideren ustezko abertzaletasuna kritikatzeko.

Agenda

Efemerideak

Kritikak