Eka 05 03

Hitzen itzalean erakusketa

Mikelazulo kultur elkarteak elkartuta hamaika artista gazteek beren lanak erakutsiko dituzte “Hitzen itzalean” deituriko bi erakusketetan. Erakusketa bakoitzean lanak ezberdinak izanen dira baina hitzaren inguruko gogoeta artistiko baten inguruan gauzatuko dira biak. Erakusketa bakoitzean koadro, argazki edo instalazioetan oinarritutako poesia emanaldiak eskainiko dira inaugurazio gisa, Mikelazulon elkartzen diren idazleen eskutik. Erakusketak ondoko hauek izanen dira: Pasai Donibaneko Victor Hugo aretoan ekainaren 5etik 22ra bitartean. Olerki ikuskizuna ekainaren 5ean (osteguna) 19:30 izango da. Errenteriako Xenpelar Etxean ekainaren 16tik 30 bitartera. Ikuskizuna ekainaren 16an (astelehena)19:00etan.

maiatza 22 03

Azalaren kodea Dublinen

Miren Agur Meabe Dublinen izango da datorren ekainaren 12tik 15era burutuko den Dublin Writers Festival ospetsuan. Europa osoko idazleak batuko dira, eta Miren Agur Meabek Azalaren kodea liburuko poemak irakurriko ditu ekainaren 12an (ostirala) 15:00etan. Miren Agur Meabegaz batera izango dira John F. Deane (Irlanda), Katie Donovan (Irlanda), Knut Odergard (Norvegia) eta Alex Susanna (Katalunia). Entzuleek euskaraz entzungo dituzte Meaberen poemak, hori bai, Amaia Gabantxok egindako ingelesezko bertsioa irakurri ahal izango dute Dublingo jaialdian.

maiatza 15 03

Dia das letras galegas

Aurten ere, maiatzaren 17an (larunbata) ospatuko da _40 urtez jarraian_ Galiziar Letren Eguna. Aurtengoan omendutakoa Anton Avilés de Taramancos idazlea izango da, poeta, Galiziako idazleen elkarteko presidente ohia eta 1992an hil zena. Obra oparo baten egile eta BNGko hautetsia bere jaioterria zen Noian (Coruña). Idazleak badu berari eskainitako webgunea: avilesdetaramancos.org. Ekitaldi ugari antolatu dituzte Galizian, eta handik kanpo, Euskal Herrian ere egingo da ekitaldirik, aipatzekoa da Pasaian hainbat idazlek larunbatean egin asmo dutena. Han izango dira besteak beste Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri.
Bestalde, Interneten ikusgai diren gune batzuk aurkezten dizkizuegu: Dia das letras galegas, Cultura galega; euskaraz, galegoz, gaztelaniaz, katalanez eta portugesez umeentzako liburuak argitaratzen dituen Kalandraka argitaldaria; Andar21 poesia eta ekintzaileen ataria. Galiziak badu bere liburutegi birtuala ere, eta modu berezi batean ospatuko dute aurtengo Galiziar Letren Eguna.

Api 03 03

Ni, artean, txikia nintzen

Apirilaren 2an (Hans Christian Andersen idazlearen jaioteguna) ospatzen da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta hain zuzen idazle danimarkarraren Ahate itsusia ipuin ezagunaren irakurraldi batekin egingo dute ospakizuna Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea den Galtzagorriko kideek. Egun honetarako Ana Maria Machado idazle brasildarrak prestatu du nazioarteko agiria.

Mar 27 03

Nazioarteko Antzerki Eguna

Martxoaren 27an Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko da mundu osoan. Urtero bat idazten du antzezle edo idazleren batek; aurtengoa Tankred Dorst alemaniarrak idatzi du (Oberlind, 1925). Bere lehen lanak 60ko hamarkadan estreinatu zituen Dorstek, eta absurduaren antzerkian koka daitezke. Bere lan ezagunena “Merlin oder das W?ste Land” da. Diderot, Moliere eta O’Caseyren obrak itzuli eta taularatu ditu. Mundu osoko hainbat hizkuntzatara itzulita topatuko duzu agiria Nazioarteko Antzerki Egunaren gunean. Gurean Urtzi Urrutikoetxeak euskaratu du 2003ko manifestua.

Mar 20 03

Galeusca Gernikan

“Historia eta oroimena” izenburupean, Galeuscaren XX. edizioa Gernikan burutuko da, Euskal Idazleen Elkartearen ardurapean. Udazkenerako antolatzen ari dira Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko idazleak batuko dituen topaketa hau, oraindik data jakinik ez badago ere. “Historia eta oroimena” topaketen helburua “herrialde bakoitzaren literaturak historiari eman dion tratamendua aztertzea izango da: dela nobela historikoan, dela folklorean zein mitologian“. Azken Galeuscan (Mallorca, 2002ko azaroaren 7tik 10era)izandako hitzaldi eta irakurketa guztiak dagoeneko irakurgai daude idazleak.org gunean.

Mar 06 03

Oholtza gaineko Metxa

Eneko Olasagastik, Koldo Izagirreren Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak narrazioan oinarrituta Metxa antzezlana zuzendu eta egokitu du. Donostiako Antzoki Zaharrean, 2003ko otsailaren 21ean (ostirala) estreinatu eta Euskal Herrian zehar antzezten ari dira Korrika Kulturalaren karietara. Antzerki obra osoa Interneten duzu orain irakurgai.

Ots 13 03

Castelao omenduko dute Bilbon

Alfonso Daniel Rodriguez Castelao literatura galegoko maisua omenduko dute otsailaren 15ean (larunbata) 12:00etan Bilboko Txurdinagako parkean. Hil zela 53 urte bete dira (1950eko urtarrilaren 7ko iluntzeko hamaikak bost gutxitan) eta urtero omentzen dute Euskal Herrian bizi diren galiziarrek. Euskal Herriko Galiziar Etxeen hermandadeak antolatutako ekitaldi honetan Xose Estevez pasaitar galiziarrak Cantiga galeuscana do chapapote irakurriko du jendaurrean. Lore eskaintza egingo diote ostean, bere omenez eraikita dagoen oroitarriaren parean.
Castelao museoak eta bere biografia eta bibliografiak idazle galiziarra ezagutzeko aukera eskaintzen digute. Euskaraz ere baditugu Castelaoren lan batzuk. Susak lau liburu argitaratu zituen 1986an: Zirtzilak – Kristalezko begiak Koldo Izagirrek euskaratua, Gauzak eta Betiko biak Ramon Etxezarretak itzuliak eta Beti Galizan Bego Montoriok. Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean ipuin bat ere topatu dugu, Koldo Izagirrek jardunaldi batzuetarako apailatua.

Urt 16 03

Hamar mezu eta dei bat

Geu Gasteiz elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, Hamar mezu eta dei bat ikuskizuna prestatu zuten Patxi Zubizarreta idazleak, Mikel Urdangarin kantariak eta Unax Ugalde aktoreak. Aste honetako Emailuan, ikuskizun hartako hamar mezuetatik bederatzi eskaintzen dizkizuegu, eta baita testuok nondik hartuak diren adierazten duen bibliografia ere.

Aza 21 02

Maiatz-en literatur solasaldiak

Hiru ekitaldi izango dituzte aurten Maiatz literatur elkarteak antolatutako solasaldiek. Azaroaren 25ean (astelehena) 19:30etan Senpereko Oxkitenian aurkeztuko ditu Hatsa elkarteak berriki argitaratutako liburuak: Bego Sestaoren “Gaztetxe Zizurkil”, Joakin Balentziaren “Egunkari ezkutua” eta Auxtin Zamoraren “Trapuetan haizea”. Azaroaren 26an (asteartea) 19:30etan Baionako Triki ostatuan (Kordelieren karrikan) Itxaro Bordaren poema liburua aurkeztuko du Maiatz argitaletxeak: “Hautsak errautsa bezain / Tant la cendre que la poussière”. Azaroaren 27an (asteazkena) 19:30etan Baionako Triki ostatuan Bernard Lesfargues poeta okzitaniarraren inguruko arratsa izango da.

Aza 21 02

XXI. mendeko idazle berriak

Euskal Idazleen Elkarteak “XXI. mendeko idazle berriak” izeneko erakusketa paratu du Deustuko Bidarte Kultur Etxean. 1969. urtetik hona jaiotako idazleen lanak, argazkiak eta ahotsa ikusi, irakurri eta entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Erakusketa ibiltaria izango da, eta abenduaren 2ra arte izango da Deustuan; ostean Durangora eramango dute, Liburu Azokaren egunetan. Erakusketa honen aurkezpen publikoa azaroaren 27an (asteazkena) 19:00etan izango da, poesia eta prosa irakurtaldia egingo du zenbait idazlek: Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Aritz Gorrotxategi, Castillo Suarez… Asier Serranok gitarraz lagunduta.

Urr 17 02

Kazetaritzatik literaturara

Euskal Idazleen Elkarteak “Kazetaritzatik literaturara” jardunaldiak antolatu ditu urriaren 21etik 23ra bitartean EHUko Leioako Kazetaritza Fakultatean. Hogeita bi idazle eta kazetari izango dira mahai-inguru eta hitzaldietan.
Durangoko Azokarako Hegats aldizkariaren 31. zenbakia prestatzen ari dira: Arantxa Iturbek Joseba Intxausti elkarrizketatuko du, eta monografikoa Aita Villasanteri buruzkoa izango da. Bestalde, dibulgazio aldizkari berri bat agertuko du Euskal Idazleen Elkarteak, Kalegats izenekoa (20.000 ale banatuko dituzte Azoka egunetan).

Urr 10 02

Poesiaren Astea Bilbon

Bidebarrieta kulturguneak Poesiaren Astea antolatu du Bilbon. Ekitaldi hauen barruan kokatzen da “Gabriel Aresti eguna” idazlearen jaiotzaren urteurrenean (urriak 14). Egun horretan bi ekitaldi nagusi izango dira: “Luma zikina” Arestiri buruzko bideoa emango dute liburutegian 19:00etan, eta Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poesia errezitaldia 20:00etan. Urriaren 17an Eli Tolaretxipi, Kepa Murua eta Rikardo Arregi Diaz de Herediak poesia errezitala eskainiko dute. Urriaren 19an (larunbata) 12:00etan Juan Ramon Madariagak poemak irakurriko ditu. Urriaren 20an (igandea) 12:00etan Bitoriano Gandiagari gorazarre egingo diote; irakurraldia Igor Estankonak, Andolin Eguzkitzak eta Gontzal Mendibilek egingo dute.

Urr 03 02

Irakurleen kluba Gasteizen

Geu elkarteak irakurle klub bat abiarazi du Gasteizen, hilero liburu baten inguruan solasean aritzeko asmoz. Lehen bi ekitaldiak Hikaateneoan izango dira (Pintoreria kalea 13) arratsaldeko 20:00etan; urriaren 9an Hasier Etxeberriaren “Bost idazle berbetan” (argitaldaria: Alberdania) izango dute mintzagai, eta urriaren 30ean Natalia Ginzburgen “Hirira doan bidea” (argitaldaria: Igela). Doanekoa izango da beti sarrera, baina ezinbestekoa liburuak irakurrita joatea. Moderatzailea: Iban Zaldua.

Uzt 25 02

Urruti Jauregiko Peirot pastorala Altzürükün

Datorren uztailaren 28an, igandearekin joko dute "Urruti Jauregiko Peirot" pastorala Altzürükün, Zuberoan. Aurten Niko Etxart herritarra izan dute pastoralaren egilea. XVI. mendeko zalduna zen izan zen Peirot Urruti eta Frantziako gorteetan izan zituen bere kargurik handienak. Frantzietako gorteetatik bueltan Baionako Gaztelu Berriko gobernaria ere izan zen. Nafarroako Albret erregearen aldeko agertu zen Altzürüküko Urruti Jauregiko Peirot. Niko Etxarten jaioterrian 1907an jo zuten azken pastorala, eta maskarada anitz egin duten arren, ia ehun urte igaro behar izan dira pastorala berriz egin eta emateko.
EITBko guneak iaz jokatutako "Xiberoako makia" pastorala, Jean Louis Davantek idatzia, osorik eskaintzen du xiberueraz eta batuaz. Piarres Lartzabalek idatzitako "Aralar", 1971ko pastoral antzerako antzerkia ere badago www.teatroa.com-en. Patri Urkizuk Durangon pastoralen gainean eman hitzaldia biltzen du Plazara aldizkariak. Informazio gehiago, Aurki-n

Agenda

Efemerideak

Kritikak