Uzt
28
22
Gaur urtebete, uztailaren 28an, hil zen Tamara Kamenszain idazle argentinarra. Arrasto handia utzitakoak dira hark kaleratutako saiakera eta poema liburu ugariak. Irakurketari lotua ageri da etengabe Kamenszainen idazketa. Ez dira bakanak beste idazleekiko erreferentziak, eta haien obraren berrirakurtze gaurkotua. Ez alferrik, belaunaldi zaharren eta berrien arteko zubi lana egin ohi zuela errepikatu izan da maiz. Efemeridearen aitzakian, hil baino urtebete lehenago argitaratu zuen Neskak garai geldiarazietan liburuaren pasarteak eskaintzen dizkizuegu, Josu Landak euskaratuak, eta berorietan gozatzen ahal dira poetisaren dohain ez gutxi: saiakeraren eta poesiaren arteko mugalari sena, patriarkatuaren eta genero rol ezarriaren kuestionatzea, iraganaren erreibindikazioa eta unean unekoarekiko lotura, eta estilo berri baten etengabeko bilaketa, besteak beste.
Uzt
21
22
Duela bost urte zendu zen, 26 besterik ez zuela, Gata Cattana. Protesta eta aldarrikapena, soziala eta feminista, ironiaz josten trebea zen andaluziarra, artista, poeta, rap kantaria. Haren sei poema ekarri ditu Eider Beobide Urkizarrek euskarara, Cattanaren mundu poetikoaren erakusgarri. Euskaraz lehendik ere itzulia zuen Gotzon Barandiaranek.
Uzt
14
22
Ehun urte bete dira 2022an Jan Skacel poeta txekiarra jaio zela. XX. mendeko bigarren erdialdeko poeta txekiarretan izen inportantea, itxurazko soiltasun bat dario bere poesiagintzari, baina naturarekiko hurbiltasunean eta eguneroko bizitzaren kontenplazioan badago sakontasunik. Eta kultura moraviar tradizionalaren arrastoa ere topatu ahal da. Zazpi poema ekarri dizkio euskarari Karlos Cid Abasolo itzultzaileak.
Uzt
08
22
2022ko udan Israelgo Armadak herritar palestinarrak hiltzen ditu. 2022ko udan mugetan migranteak hiltzen dira, kamioietan itota. Duela 50 urte, 1972ko uztailaren 8an, Israelgo Armadako inteligentzia zerbitzuek, Mossadek, Gassan Kanafani ekintzaile eta idazle palestinarra hil zuten, bonbaz. Gizonak eguzkitan eleberria argitaratua zen Kanafani, eleberria non, besteak beste, migranteak hiltzen diren mugetan, kamioietan itota. Susa aldizkarirako euskaratu zuen pasarte bat Iñigo Aranbarrik.
Uzt
05
22
Duela 60 urte, 1962ko uztailaren 5ean, irten ziren Aljeriatik Frantziako azken soldaduak. Euskal Herriak zuzenki hunkitu zuen gerra izan zen hura, hainbat euskal herritar joan baitzen Frantziako Armadarekin hara borrokatzera. Eta gerraren eta hango sufrimenduaren berri eman ziguten, ipuinetan, kroniketan, artikuluetan, olerkietan. Xipri Arbelbide, Jean Louis Davant (uztailaren 5ean sortua!) eta Txomin Peillenek utzi dute hango gertakizunen eta euren bizipenen berri idatzietan. Efemeridearekin, Txomin Peillenek Idatz&Mintz aldizkariaren sepatara gisa kaleratutako Ab el Kader poema eta Jean Louis Davanten Baztergabeko urratsak, Aljeriaz liburua ixten duen 10 poemako bildumatxoa sareratu ditugu.
Eka
23
22
Mendea bete da 2022ko ekainaren 23an Juan San Martin jaio zela. Idazlea, kultur eragilea, ekintzailea, ikerlaria, hainbat alor ezagutu eta jorratu zituen eibartarrak, XX. mendeko euskal kulturgintzako izen ezinbesteko bat bilakatuz. Euskararen eta kulturaren alorreko egitasmo nagusi askotan parte hartu zuen, eta literatura izan zen horietako bat. Uhin berri liburua eman zuen argitara 1969an, izenburutik bertatik adieraziz zer haizek bultzatua zen: euskal literatura berri bat eginez eta bilatuz zetozen 25 idazleren berri ematen du. Eta 1980an Literaturaren inguruan idatzitako hainbat artikulu bildu zituen. 100 urte beteko lituzkeen honetan, liburu biok eskaintzen dizkizuegu.
Eka
16
22
Mende bat bete da aurten literatura unibertsaleko liburu esanguratsuenetako bat, Ulises, argitaratu zela. Besteak beste haren hizkuntza-konplexutasuna aipatzen dela, Xabier Olarrak ekarri zion euskarari obra ezinbestekoa 2015ean. Aurten, mendeurrena kari, James Joyceren lan nagusiaren edizio berri bat plazaratu du Igela argitaletxeak. Ulises eleberria ekainaren 16an gertatzen da, eta hori ospatzeko liburuaren zaleek Bloomsday izeneko eguna egiten dute Dublinen, liburuan aipatzen diren lekuak eta gertakizunak oroituz eta berbisitatuz. Aurten Iruñean ere izango dugu Bloomsday eguna. Eta urteurren berezi honetan, liburuaren pasarte bi dakarzkizuegu —liburuaren hasiera eta Molly Bloomen bakarrizketaren zati bat—, obra unibertsala dastagai.
maiatza
22
22
1972ko maiatzaren 22an hil zen Cecil Day-Lewis idazlea. 30etako idazle ingelesen artean erreferentzia ezinbestekoa, militante komunista, beste zenbait idazle garaikidek bezala, Espainiako 36ko gerrarekin harreman estua izan zuen. Eta Euskal Herriarekin: The Nabarra poema luzea ondu zuen Euzkadiko Gudontzidiko bou ezagunaren ibilera eta borroka oinarri hartuta. Luigi Anselmik euskaratu zuen Idatz&Mintz-entzat (Bolondresa poema ere badator Nabarra-ren edizio horretan), 2003an, eta hiru urte geroago Jose Luis Padronek beste itzulpen bat egin zuen Bassarairen edizio hirueledunerako, Bere izena Nabarra izenburuaz. Sarean irakurgai dagoen lehenaz gain, bigarren itzulpen hau eta honetarako Gabriel Insaustik egindako aurkezpena ere (obraz, garaiaz, estiloaz eta Day-Lewisez) online jarri ditugu. Igela argitaletxeak ere Piztiak hil behar du polizia-eleberria, Day-Lewisek Nicholas Blake ezizenaz plazaratua, argitaratu zuen, Estibaliz Lizasok euskaratua.
maiatza
20
22
1922ko maiatzaren 22an jaio zen Reus-en Gabriel Ferrater. Editorea Seix Barrall argitaletxean, irakaslea unibertsitatean eta, batez ere, poeta izan zen, 50 urte bete aurretik bere buruaz beste egin aurretik. Aurten bere jaiotzaren mendeurrena ospatzen ari dira Katalunian, eta bere poemen oihartzunak gurera ere heltzen dira, ez oso aspaldi euskarari ekarritako lanak ere argitaratu izan direlako. Zenbait poeta katalan antologia osatu eta itzuli zuen Gerardo Markuletak 1997an eta Literatura Unibertsala sailean argitaratu. Berrikiago, Aritz Galarragak Munduko Poesia Kaierak bilduman, Gabriel Ferrater poetaren lanak euskaratu zituen eta argitara eman, Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin.
Api
27
22
1972ko apirilaren 27an, 50 urte betetzeko 27 egun falta zitzaizkiola, bere buruaz beste egin zuen Gabriel Ferrater poetak, duela 50 urte. Adin horretatik aurrera bizitzen jarraitzea ez zuela merezi sarritan esana zen, eta bete. Ordura arte, hala ere, bizitza intentsoa izan zuen, eta jardun poetiko sakona, produkzio handikoa izan ez bazen ere. Bere poesiaren oinarrian begirada moral eta psikologikoa dagoela, baina irudi konkretuen bitartez emana, ez abstraktuki, diosku Beñat Sarasolak Munduko Poesia Kaierak bilduman idazle katalanaren antologiari egindako hitzaurrean. Haren heriotzaren urteurrena, Aritz Galarragak euskarari ekarritako poema antologia irakurtzeko parada aproposa.
Api
17
22
Zubi bateko istripuan hil diren pertsonei buruzko istorioa, eta adurrak jendea nola harrapatzen duenari buruzko gogoeta da San Luis Reyren zubia, Thornton Wilder idazlearen obra ezagunena. Antzerki autore eta eleberrigilea, 1927an argitaratu zuen lanak irakurle eta kritikarien txaloa ekarri zion. 1897ko apirilaren 17 batez jaiotako idazlearen nobela osorik irakur daiteke, Xabier Angulok egin zuen itzulpenean.
Api
15
22
Kontakizun eta iruzkin era berean, Robert Musilen lanak XX. mende hasieraren ispilu bat dira, Europa astindu zuten garai baten kronika —koronel I. Mundu Gerran, Kanpo Arazoetarako Ministerioko langilea Austrian, Suitzara erbesteratu zen nazismoaren igoerarekin—, pertsonaren dimentsio moralaren prismatik. Ezaugarririk gabeko gizona lanaren egilearen Törless ikaslearen nahasmenduak ekarri zuen euskarara Koldo Morales Beldak 1996an, osorik irakur daitkeena hura hil zela 80 urte bete direla 1942ko apirilaren 15ean.
3 urteko umea zen orduan Roland Topor, 55 urte eta 1 egun geroago hila, XX. Mundu Gerraren osteko astindu sozialaren parte izan zena. Ilustrazioa eta antzerkiaren munduan ibilitakoa, Theatre Paniquearen sortzaileetako bat, aktore eta eszena-agitadore jarduteaz gain, gidoilari eta idazle ere izan zen. Berehalakoan neure buruaz beste egiteko 100 arrazoi testua ekarri zion euskarari Danele Sarriugarte Mochalesek Elearazi agerkarian. Literatura onaren joan-etorrian, seriotik umorera.
Api
05
22
1956an City Lights argitaletxeak plazaratu zuen Howl eta beste poema batzuk bilduma, aurreko urtean Allen Ginsberg-ek jendaurrean irakurritako poema luzea. AEBko Administrazioak edizioaren zati bat bahitu zuen obszenitatea egotzita, eta auzitara ere eraman zituzten egilea eta editorea. San Franciscoko Six Galleryko lehen irakurraldiaren urteurrenaren karietara, 2005eko udazkenean, Susa argitaletxeak Ulua plazaratu zuen, Harkaitz Canok euskaratuta, eta Ginsberg hil zela gaur 25 urte bete direla, merezi du berriro irakurtzea, eta Canoren ahotsean entzutea Xerezaderen artxiborako egindako saioan.
Mar
17
22
Bere afrikartasunari uko egin gabe, Antilletako lurra, giroa eta jendea izan zituen kantagai Derek Walcottek. XX. mendeko ingelesezko poesiaren gailurretako bat, antzerkia ere landu zuen. Nobel saria jasotakoa 1992an, martxoaren 17an bost urte bete dira hil zela. Luigi Anselmik Bertzerenak (Pamiela, 2006) antologian Walcotten bi poema euskaratu zituen.
Mar
11
22
1982ko martxoaren 11n, duela 40 urte, zendu zen Renat Nelli. Idazlea, kultur aktibista, politikaria, okzitanieraren militante erreferentziazkoa izan zen. Erresistentzian jarduna, Institut de Estudis Occitans-en sortzaileetarik bat, hainbat ikerlan egin zituen bere herri eta hizkuntzaren alorrean. Poeta, haren hainbat pieza labur ekarri zituen euskarara Itxaro Bordak, Hegats 11 aldizkarian, okzitaniar poesiari atal bat eskaini zion alean. Hona hemen poemok.