Ira 19 12

Koldo Almandozen ezpota

Ez dizu onik egingo leloarekin olgetazko spot batzuk egin ziren Susaren webgunean duela 6 urte, ezpotak deiturarekin. Koldo Almandoz zinegileak asmo hari segida eman nahi izan dio orain, eta literatur liburuek onik egingo ez diguten ustea zalantzan jartzen du Edo bai… izenburua duen iragarki honekin. Spotak egin zalea baldin bazara, bidali egiguzu zeure proposamena.

maiatza 03 10

Joxan Ormazabalen ilunorduak

Joxan Ormazabal idazle eta editorea hil zen maiatzaren 2an Zegaman. Joan den ostegunean, apirilaren 29an, aurkeztu zuen bere azken liburua: Ehun ipuin hitz gutxitan, Jon Zabaletaren irudiekin. Oso ezagunak egin ziren Ormazabalen liburuak 90eko hamarraldian: Pernando Amezketarra, Kittano edo Zipriztin. Hala ere bere lan guztien artean Ilunorduak eta argilaurdenak (2007) poema bilduma dugu guk gogoan, Elena Odriozolaren ilustrazioez edertua. Sautrela telebistako literatura saioak duela aste batzuk egindako bideozko erreportajearekin egingo diogu agur.

Aza 18 09

Igor Estankonaren poema berriak: Iratzeen esporak

Laugarren poema bilduma aurkeztuko du Igor Estankonak azaroaren 25ean (asteazkena) 11:30ean Bilboko Elkar aretoan (Poza kalean). Istorio gehienak gauza zirraragarriekin hasten diren bezala, halaxe hasten da liburu berria: bat-batean airean hedatu diren iratzeen esporekin. Ikusten ez dena baina izan badena deskribatzen du Estankonak, eta pentsamenduak maiz ezkutatu egiten duena esan. Zoriona, zalantzak, errepresioa, maitasuna… lerro bakoitza, behin eta berriro landua, grinen eta hotzikaren ispilu da. Emeki idatzita dago Iratzeen esporak, irakurketa izan dadin azkarra eta erabatekoa. Liburuko zazpi poema eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa, eta baita bideozko animazio bat ere, Maite Yurrebasoren irudiez eta Borja Estankonaren musikaz.

Aza 15 07

Bideoa eta poemak,
Salvador Puig Antich gogoan

Salvador Puig Antich 25 urteko anarkista kataluniarra garrotez exekutatu zuten 1974ko martxoaren 2an. Heriotza krudel hura gogoan, Erramun Landak Harresi ostean pareta izeneko grabatu erakusketa egin du Bartzelonako MX Espai galerian 2007ko urrian, Koldo Izagirrek propio idatzitako hamar poemez edertua. Landak lanerako asmatutako zirriborroez eta Izagirreren ahotsaz baliaturik sortu du bideo hau Nora Ancarola artistak. Izagirreren poemen audioak banaka ere badituzu jarraian:

(gehiago…)

Abe 05 06

Argi bila

Asteroko spotetan, Argi bila izenekoaren txanda da oraingoan; Franco Matticchio artista italiarraren marrazki batean oinarrituta, Josu Landak sortutako animazioa. Irakurtzeko grinak zertara eraman dezakeen ohartuta, beharbada hobe izango duzu badaezpadako neurriren bat hartzea: Ez dizu onik egingo.

Aza 28 06

Maitaleak

Jon Benito eta Oihana Leundaren Maitaleak spota duzu aste honetakoa. Maitaleak ostendu egin ohi dira ikusleen begiratuetatik, baina idazleek bezalaxe irakurleek ezin eutsi bihotz bazterrak arakatzeko irritsari. Segi kuskusean beti bezain begiluze, hainbeste atsegin baduzue! Hurrengo astean: Josu Landak egindako iragarkia.

Aza 21 06

Begiak galdu arte

“Ez dizu onik egingo” aste honetako spotak ere: Begiak galdu arte, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egina. Badira ohean bakarrik irakurtzen duten irakurle porrokatuak, badira ohean sekulan irakurtzen ez duten irakurle amorratuak. Batzuk eta besteak ez dira berdin eranzten oherakoan. Hurrengo astean, Oihana Leunda eta Jon Benitoren iragarkia.

Aza 14 06

Zakur ametsa

Natxo Escobar eta Gorka Arreseren spota duzu aste honetakoa, Zakur ametsa. Zakur batek amesgaiztoa kontatzen digu: bere jabeak oporretan asmo bakar bat besterik ez dauka, fikzioak irakurtzea. Datorren astean, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egindako iragarkia.

Aza 07 06

Ez dizu onik egingo

Astero spot bat, olgeta moldean egindako iragarkiak erakutsiko dizkizuegu, “Ez dizu onik egingo” leloarekin denak. Aste honetakoak Literatur hautsa du izenburua, Juantxo Sardon eta Eider Rodriguezek errodatua, Lander Garro aktore duela. Hurrengo asteetan gehiago izango dira: Natxo Escobar, Aitor Bengoetxea, Josu Landa eta Oihana Leundak egindakoak.

Urr 24 06

Galdu arte iruditan

Juan Luis Zabalaren Galdu arte argitaratu zela 10 urte dira oraintxe. Aitzakia horrekin bildu ditugu Zabalak liburuari buruzko solasaldietan erakutsi izan dituen argazkiak. Azkoitiko gaztetxearen eta Gazte Asanbladaren mobiden inguruan 1984, 1985, 1986 eta 1987 urteetan eginak dira, zerikusi estua dutenak Galdu arte nobelaren oinarrian dagoen giroarekin. Orduko argazkietan ikusiko dituzun gertakari batzuk nobelako pasadizo batzuen oinarri erreal zuzenak dira.

Agenda

Efemerideak

Kritikak