Urr 05 25

Youenn Gwernigen mendeurrena

Mendea bete da urriaren 5ean Youenn Gwernig poeta, kantari eta letragilea jaio zela. Eskolan frantsesez ikasia, hizkuntza horretan hasi zen idazten, baina New Yorkera joan zelarik, bretoieraz idatzi zituen poemak, aita eta amonagandik jasotako hizkuntzan. Jack Kerouacen ezagutza egin eta hark uler zezan, ingelesez ere idatzi zuen. Atzera sorterrira joanda, kantak eta kantuan egiteari ere lotu zitzaion (E kreiz an noz, Gauaren erdian ezaguna, besteak beste). Bretoierazko letra eta kulturako izen handietako bat, New Yorkeko hamar poema ekarri zituen euskarara Koldo Izagirrek, ingeles itzulpenarekin argitaratu zuen Un dornad plu (Al Liamm, 1997) bildumatik hartuak.

Ira 30 25

Assata Shakur idazle eta ekintzailearen oroimenez

2025eko irailaren 25ean hil da Habanan Assata Shakur ekintzailea. AEBetan jaio eta hazia arrazismoa eta esplotazioa bete-betekoa zen garai eta jendartean, haren aurka altxatu zen gaztetandik; Askapen Armada Beltzean, lehenik, eta Pantera Beltzekin gerora. Poliziarekin izandako enfrentamendu batean agente bat hiltzeaz eta beste zenbait delituz salatua eta zigortua, espetxetik ihes egin 1979an eta iheslari bizi izan zen, 1984an Kuban aterpetu zen arte. Terrorista eta gaizkiletzat AEBetara estradita zezaten hainbatetan saiatuak estatubatuar agintariak, mugimendu anti-inperialistaren erreferentea, Autobiografia bat idatzi zuen 1987an. Katakrak argitaletxeak eman zuen euskaraz 2022an, Danele Sarriugartek itzulia. Edizio horretako Angela Davisen eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurreak jarri ditugu irakurgai. 2017an Hedoi Etxartek euskaratuak zizkigun lau poema ere.
assatashakur

Ira 25 25

Jostirudi jainkotarra

XIX. mendeko idazle galiziarren artean handietako bat, 1851ko irailaren 25ean jaio zen Manuel Curros Enriquez, ideia errepublikar eta galegisten arteko trantsizioan bizi izan zena. 1888an argitaratu zuen O Divino Sainete liburua, zatia euskaratuta duen bakarra. Gabriel Arestik, Jostirudi Jainkotarra izenez, Sarrera eta I. Kantua euskaratu zituen, idazle galiziarraren heriotzaren mendeurrenaren karietara eskaini genituenak.

Ira 18 25

Lau poema aurkako

Han eta han, batez ere han, bonbak tai gabe erortzen diren aroan, gaurkotasun osokoak dira Benjamin Pereten poemak. I. Mundu Gerra ezagutu zuen eta handik gerren, botereen, jainkoen, aberrien aurkako poemak atera ziren. Balio burges guztien ukoak berez zekarren hizkera lauaren ukoa, eta askatasunik bortitzenean landu zituen, umorez eta irudimenez, biraoa eta laidoa eta iraina. Koldo Izagirrek lau poema kearri zituen euskarara, Je ne mange pas de ce pain-là bildumakoak (1936), alegia, Nik ez du ogi horretarik jaten.

beret

Ira 15 25

Claude McKayren lau poema

Jamaikan jaioa 1889ko irailaren 15ean, gaztetandik batu zitzaion Claude McKay nazionalismo beltza deituari, euren eskubideen defentsari, sozialismoaren lerroetatik. Idazle zein artikulista gisa erreferentzia izan zen Harlemgo Berpizkundea mugimenduan. Haren heriotzaren urteurrenean Iñigo Astizek euskaratutako lau poema eskaini genituen, atzera gogora dakartzagunak.

Ira 12 25

D.F. Wallace euskaraz

XX. mendeko literatur-lan handienen artean dago Iseka infinitua (Infinite Jest, 1996), David Foster Wallaceren eleberri mardula, egileari arrakasta komertziala eta kritikaren errekonozimendua ekarri zizkiona. Prosista aparta, saiakeragile zorrotza, kronikak eta ipuinak ere idatzi zituen 2008ko irailaren 12an, 46 urte zituela, bere buruaz beste egin zuen arte. Ordurako bere belaunaldiko idazle gailenetakoa bilakatua zen, garaikide eta ondorengo askorentzat erreferentea. Haren narrazio bat euskaratu zuen Ibon Egañak Volgako batelariak blogean, Suizidioa opari-antzeko, eta gerora Danele Sarriugartek ekarri izan dio euskarari egile estatubatuarraren lana: hitzaldi bat, Hau ura da, eta Pop asmakizuna 7 kontakizuna eman zituen Elearazi webgunean, eta Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (Pasazaite, 2016) liburua ere, itsas kruzero baten kronika literarioa.

Ira 06 25

Mendeurrenak

IMG_20250908_182650

Angel Gonzalez

Mendea beteko zuketen irailaren 6an idazle diferente bik: Angel Gonzalez eta Andrea Camilleri. Poeta izan zen Angel Gonzalez, frankismoan Espainiako belaunaldi berriekin batera idazten hasi zena, 30 urte betetzerako liburuak argitaratzen. Poesia soziala egiten zutenen artean kokatu zuten hasmentan, baina bide propio aberatsa jorratu zuen gerora. Gerardo Markuletak ekarri zuen euskarara haren lanaren antologia bat, Munduko Poesia Kaieren baitan argitaratu zena.

camilleri-3

Camilleri

Eleberrigilea izan zen Camilleri. Profesionalki antzerki mundukoa, gidoilari, zuzendari… lanean jardundakoa, oso berandu arte ez zuen argitaratu. Ia 70 urte zituela argitaratzen hasitako istorio beltzekin eta bereziki Salbo Montalbano ikertzailearen sailarekin lortu zuen arrakasta handia, mundu osoan. Euskaraz irakur daitezke bere hiru liburu, eta horietako bateko lau narrazio eman zizkigun Fernando Reyk.

Ira 05 25

103 urteko poemak

1914ko irailaren 5ean jaio zen Nicanor Parra idazle txiletarra. XX. mendea korritutako poeta izan zela esatea ez da gehiegikeria Parraren kasuan, izan ere 103 urte beteta zendu baitzen antipoesiaren poeta gailena izan zena (hura hil eta urtebetera hil zen Bernard Dadie idazle bolikostarra, 103 urtez hau ere).  Txiletarrak mendea bete zuenean hamar poema ekarri zizkion euskarari Josu Landak, eta hamabost hurrengo urtean Garazi Arrulak. Merezi du gogoratzea eta irakurtzea gaur, antipoeta hil zela 111 urte betetzen direla (eta merezi, baita ere, Dadieren poemez akordatzea, haren mendeurrenean euskarari ekarritakoak).

Abu 29 25

David Diopen lau poema

Hegazkin-istripu batek isilarazi zuen, duela 65 urteko abuztuaren 29an, negritudearen ahots indartsuenetako bat, Bordelen jaiotako David Diop senegaldarrarena. 33 urte baino ez zituen, baina Mendebaldearen kolonizazio kultural nahiz ekonomikoaren aurkako poeta ezinbestekoa zen. Maiatz aldizkarian Itxaro Bordak bi poema euskaratu zituen, eta urteurrenaren harira bertze bi ekarri dizkiogu euskarari; hemen laurak.

Abu 28 25

Jende behartsua

Inis Mór irlan jaio zen abuztuaren 28 batez, 1896an, Liam O’Flaherty idazlea. Ia obra guztia ingelesez izanagatik, irlanderaz idatzi zuen ipuin bilduma bat, Desioa (1954), askoren iritziz hizkuntza horretan plazaraturikoen artean bikainena.  Haurtzaroko paisaiaren indarrera itzultzen da O’Flaherty narrazio horietan, natura sotil bezain harro ageri da, landareen zikloek eta animalien bizitzek markatzen dute gizakiena. Bilduma honetako Jende behartsua ipuina  euskaratu zuen Iñigo Aranbarrik.

Abu 12 25

Donald Justiceren mendeurrena

Mundu anglo-saxoitik kanpo hain ezaguna ez bada ere, oihartzun handiko poeta izan da XX. mendean Donald Justice. Hainbat sari eta errekonozimendu jasoa, kritikak laudatua, abuztuaren 12an mendea bete da haren jaiotzarena. Bi poema irakur dakizkioke euskaraz, duela jada 45 urte, Xaguxarra aldizkari gogoangarrian Andolin Eguzkitzak euskaratuak.

donald

Abu 12 25

Thomas Mann euskaraz

Alemaniako idazle handietarik bat, gaur egungo narratiba nekez uler liteke Thomas Mann-en ekarpena aintzat hartu gabe. Mendi magikoa, Doktor Faustus, Buddenbrooktarrak… izenburu  erreferentziazkoak dira literatura unibertsalaren ondarean. Baita Herioa Venezian, euskaraz irakur litekeena, Xabier Mendigurenek itzulia. Koldo Izagirrek ere Burdinbideko istripua narrazioa ekarri zigun. Abuztuaren 12an hil zen, duela 70 urte, idazle alemaniarra.

mann

Abu 06 25

Japoniako ahotsak

Goizeko 08:15 ziren, duela 80 urte, 1945eko abuztuaren 6an, AEBetako Armadak bonba atomikoa Hiroshiman jaurti zuela. Hiru egun geroago Nagasaki joko zuen eztanda nuklearrak. Suntsipen erabatekoa eta 200.000tik gora hildako, leherketarekin erdia baino gehiago, radiazioaren ondorioz besteak, eta urte askotako osasun alorreko ondorioak. Euskarara ekarritako autore japoniarrak hainbat dira, narrazioak eta poemak, eta urteurrenaren harira horietako zenbait gogorarazi nahi izan ditugu: Chuya Nakahara, Ineko Sata, Takiji Kobayashi, Shuntaro Tanikawa, Sakutaro Hawigara.

nagasaki

Uzt 29 25

Triste dago Paniceiros

Hirurogei urte zituela hil da, 2025eko uztailaren 29an, Xuan Bello idazle asturiarra. Hestoria Universal de Paniceiros narratiba-liburu apartak oihartzun handia eman bazion ere, batez ere poeta gisa literatur bide luzea egina zen, ordurako, Xuan Bello.  Asturierazko literaturaren erreferente nagusia, berritzaile eta sustatzailea, txikitik eraikitako balio unibertsal bat galdu du literaturak. Hiru poema irakur daitezke euskaraz, Gerardo Markuletak itzuliak, Hegats aldizkarian 1994an kaleratu zirenak, hemen dakartzagunak.

xuanbello

Uzt 25 25

Vladimir Vysotskiren bi kantu eta abesti bat

45 urte, 2025eko uztailaren 25ean, Vladimir Vysotski aktore, kantari eta poeta errusiarra hil zela. Erregimen sobietarrarekiko kritikoa, boterearekiko liskarrak ez zuen galarazi arrakasta oso handia izatea Errusian, artean SESB zen herrian. Annie Etxeberrik bi kantu euskaratu zituen eta Maiatz aldizkarian eman argitara 2001ean, hemen dakartzagunak. 2021ean atzera iritsi zen gure belarrietara Vysotski, Ruper Ordorikaren Amour et Toujours diskoan Vladimirrena (Koni) abestia haren gainean izatea.

Agenda

Efemerideak

Kritikak