Abe
01
24
Poesia ezezagun samarra da Manuel Vazquez Montalbanena, haren nobelen, saiakeren eta kazetaritza lanen aldean. Eta hala ere berak poetatzat zuen bere burua ororen gainetik. Memoria eta desira izan ziren haren poesiaren bi ardatzak. Egunerokoa emoziotik eta kritikotasunetik erretratatuz historia idazten du, sen etikoaz eta koherentziaz. Halaber, liluraren eta desliluraren artean mugitzen dira desira oinarri duten poemak, erotismoak eta sexualitateak leku garrantzitsua dutela. Poesia urbanoa, asfaltoan, tabernetan, portu ondoko kaleetan gertatzen da, herri-kulturak etengabe bustia, eta Munduko Poesia Kaierak bilduman hauxe duzue udazkeneko aleetako bat, Jon Alonsok euskaratua.

Aza
28
24
Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, Morora busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea, Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak eta txosnetako Goi Gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat.
Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean, gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak bestea ignoratzen dutena. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-hala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.

Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren Pleibak bigarren nobelak, egonezin primario bat, partekatua izan zen bide baten adarkatzea. Sasoi baten erretratua da kontakizun hau, belaunaldi bat ordezkatzen duten erreferentzia ugarirekin eta zikinak jandako hizkuntza batekin eraikia. Osorik irakur dezakezue sarean.
Aza
15
24
1984ko azaroan, duela 40 urte, jo zuen goia Euskalduna ontziolako borrokak. Espainiako Gobernuak erabakitako industria-birmoldaketaren baitan lantegi erreferentziala izandakoa itxi zen, langile mordoa kalean utziz. Bilbo hainbat hilabetez su eta ketu zuten lantegi barneko eta Euskaldunako zubiko liskarrak, Poliziaren eta borrokan ari ziren langileen artekoak. 2010ean Susak argitaratutako Gotzon Barandiaran idazlearen Errotik eleberriak itxiera eta borroka horiek ditu hondoko paisaia, eta aita gaixoaren eta alabaren arteko harremanaren soinu-banda pilotakada- eta sirena-hotsez janzten da.
Urr
17
24
Lisipe bildumak 15. alea kaleratu berri du: Uma Ulaziak idatzitako Euskal Herriko greba feministak saiakera. Bost urte baino gehiago igaro dira jada 2019an Euskal Herriko mugimendu feministak lehenengo aldiz greba feminista deitu zuenetik, eta 2023ko azaroan hartu zuen lekukoa greba feminista orokorrak. Bi greba deialdi haietan erabili zen diskurtsoaren analisia egiten da liburu honetan, feminismo materialistaren ikuspegitik. Greba egun haiek inflexio puntu izan ziren euskal feminismoarentzat, baita urte luzeetako borrokaren parte eta ondorio ere. Sexua, zaintza eta estatua hizpide izanik, diskurtso feminista fintzeko gakoak biltzeko asmoarekin dago egina, barne eztabaida politikoak hauspotzeko helburuz.

Urr
07
24
Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez. Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia. Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan. Zortzirak dituzue irakurgai sarean.

Ira
05
24
Frank O’Hara poetak zuzendutako lehen erakusketaren pase berezia New Yorken. 1960ko uda. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Chillida izeneko artista bi ere. Artea erregimen frankista zuritzeko baliatu ez dadin adi daude, aldiz, beste zenbait. Eta, bitartean, O’Harak, lanak lan, Vincent Warren dantzari eta maitalearengan du jarrita bere gogo biziena.
New York, Madril, Irun, Montevideo, Donostia, Miarritze. John Ashbery, Grace Hartigan, Luis Gonzalez Robles, Antoni Tapies, Diane di Prima, Ramos ahizpak. Iragan mendearen erdialdea igaro berritan, AEBetako eta Europako kultur mundua astindu zuten dozenaka izen sartu-irtenean dabiltza kontakizun honetan, argiaren —hala itsasertzeko egun batena, nola etxe-orratzen bitarteetakoa—, minduraren eta begirada ironiko bezain alai baten artetik. O’Hararen poemetan gertatzen den bezalatsu, hain justu. Haietako bati zor dio izena Beñat Sarasolaren bigarren nobelak. Osorik irakur dezakezue sarean: Coca-Cola bat zurekin.

Uzt
25
24
1966ko uztailaren 25ean, duela 58 urte, hil zen Frank O’Hara poeta estatubatuarra, eta haren lau poema dakarzkizuegu, Beñat Sarasolak itzuliak. Hain zuzen ere, O’Hararen bizitzan oinarrituta dagoen Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin nobelan ageri dira poema hauek. Nobela irailean argitaratuko du Susa argitaletxeak.

Eka
18
24
Euskal idazle gutxi dira beren ibilbidea ia osorik teatroa idazteari eskaini diotenak, eta horietakoa dugu Pablo Barrio. Ganbila bildumaren baitan argitaratu berri, itxuraz galduta eta alderrai dabiltzan pertsonaiak batzen dira 2074 antzezlanean. Agertokiaren erdian itxuraz noraezean eta umezurtz, etengabe galderak pausatzen dizkigute pertsonaiok. Umorez, antzerkiarekiko pasioz eta kritika sozialez lepo dagoen testua uzten dugu orain irakurle zein antzerkigileen esku, bertako pertsonaien bizi-dardara kutsatzeko prest.

Eka
17
24
Mikel Ayllon eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eskutik, gerra gai bezala hartzen duen ezohiko triptiko bat dakarkigu Ganbila bildumak oraingoan. Antzezlan itxurako hiru bala dira triptiko horren osagaiak: Bunker, Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da. Hiru bala hauek leku berean dute abiapuntua, eta hirurak dira lan gordin, zuzen eta gupidarik gabeak. Haien arteko loturak eta oihartzunak topatuko ditu irakurleak, ikerketa bide beraren zati diren heinean. Gerraz ari dira, baina funtsean, jendarte, bikote, bidaide egiten eta desegiten gaituzten harremanez ere bai. Adierazgarria da hitzaurrea bera, aurkezpen izaera gainditu eta gogoeta bide kritiko bat oparitzen diguna.
Eka
12
24
Itxaro Borda eta Gotzon Barandiaranek zenbait solasaldi egingo dituzte heldu den astean beraien poema liburu berriak –Itzalen tektonika eta Galbahea hurrenez hurren- aurkeztu asmoz Euskal Herriko liburudenda ezberdinetan. Bilboko Biran -ekainaren 18an, asteartearekin-, Gasteizko Eva Forest Liburutopian -ekainaren 19an, asteazkena- eta Zarauzko Garoan -ekainaren 20an, osteguna-.

Gotzon Barandiaranek Literaturian grabatutako abestia eta Itxaro Bordak poema liburuaren aurkezpenean Donostian irakurritako ale bat eskaintzen dizkizuegu entzuteko.
Merezi bezala jagon Gotzon Barandiaran
Argitasun betearen ehundurak Itxaro Borda
maiatza
29
24
Zerriak, heriotza goiztiarregiak, gogotik joaten ez diren umetako lagunak, erdiminak, esnea, gurdiak, askotariko gaitzak eta ur-azalean barreiatutako partiturak. Irudi horiek gailendu ziren, besteren artean, Francesco Pasqualeren egunetan. Saprin jaio zen, Italia hegoaldean, eta Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreekin konpartitu zuen bere mundualdiaren parte handi bat. Galdaragile familia bateko semea, orduko giro politikoan nahasi, eta Mediterraneo itsasoaz bestaldera jo zuen, harik eta Bermeora heldu zen arte. Haren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima nobelak. Beregainak diren atalekin eraiki du kontakizuna idazleak, elkarren segidan jarrita oihartzuna puskaz harago hedatzen dutenak; hitz lauz eta urarena halako musika itsaskorrez. Osorik irakur dezakezue sarean.

maiatza
22
24
Gai korapilatsua da haurdunaldi subrogatuena, eta Lisipe bilduma feministaren 14. aldeak horri heldu nahi izan dio, June Fernandezen lumatik. Aingeruak eta neskameak izenburuko kazetaritza-saiakeran, ordezkapen bidezko ernalketak planteatzen dituen ertz ugariri buruzko analisi feministak plazaratzen ditu, jarrera moraletatik harago. Zein izan daiteke bidea emakumeen eta umeen eskubideak defendatzeko, gorputz autonomia errespetatzeko, ugalketa-merkatuen gosea frenatzeko eta punitibismoaren lokatzetan ez erortzeko?

maiatza
14
24
Gaurko egunez 1964an plazaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta herri, Kuliska Sorta bilduman (55. zenbakia), Zarauzko Itxaropenak inprimatua. Argitalpena 972 alekoa izan zen; horietatik 480 harpidedunei bidali zitzaizkien, 80 hartu zituen idazleak, 29 zentsurara eta lege gordailura eta liburutegietara eraman zituzten, eta gainerakoak dendetara zabaldu ziren.

Profeta bati izeneko poeman Arestik berak argi azaltzen du bere poetikaren ardatzetako bat: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari“. Harri eta herri liburuak zalaparta sortu zuen, Zeruko Argia astekariaren ekaineko eta uztaileko artikuluak lekuko. Irailaren 19an, Donostiako Udal Liburutegian egindako hitzaldian Arestik Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea irakurri zituen, Patxi Mujikaren grabazioari esker jasoak izan direnak. Liburuaren lehen edizioari Juan San Martinek egin zion hitzaurrea, eta 2000. urtean egindako edizio berrian Koldo Izagirrek idatzi zuen sarrera.

Egia bat esateagatik
Nire aitaren etxea
maiatza
09
24
Opari osagabe baten oroitzapena, hildakoen ilarak eta hiltzaileenak, Lizasoko komuna eta haren itzalean hartutako bainua, biribilguneen utopikoak, gazte bat pintadak garbitzen, andre bat katu baten marruen eta amaren azken egunen artean, sasoiz kanpoko norbaiten itzulera, infinitura multiplikatutako tximinoak, balizko pailazo bat, txanpon-makinen zarata eta hondoko konplizitatea, une batez den-dena geratu uste izan zuen isiltasun bat. Giroz, garaiz eta tonuz, eremu zabal bat bildu du Iñigo Astizek bere lehen narrazio bilduman. Aro bakoitzean jendeak elkarri eusteko botatzen dituen sokez ari da, komunikazioaz eta haren faltaz, eraikuntza historiko, politiko, kulturalen alde makurraz zein absurdoaz. Argitasunez eta ironiaz, soiltasunez eta saturazioz, bizidun ororen orekari urratsak datoz kontakizunotan. Osorik irakur dezakezue sarean.
