Zinezko poeta
Maiteño (Kutxa, 1974), Xabier Azurmendik eman zigun bigarren poema bilduma, lehenagoztik —Izatearen malura (Gero, 1971)— ezagutarazi zizkigun kezketan eta moldeetan taxutua da. Asun zauri zaion Maiteño delakoa Jainkoa du. Min maite horretan bizi da Jainkorik ez balitz landareak behar duen hezetasuna bihurtu nahi lukeen apaiza. Naturak laguntzen dio ilunekoak argitaratzen, hartatik ekartzen du eraikuntzarako materiala, “masusta beltza baino trixteagoko bihotza” bezalako irudi delikatuekin. Batzuetan aski du deskripzio xumea giroa sortzeko, errekaren abaila, piku hostoaren latza, barne egoera adierazteko. Espanturik gabeko arrangura existentziala da berea, eta ez esangura bakarrekoa: bihar edo etzi ezingo da konpondu huts hau, baina saiatzen ahal gara bizitzen “tente, Intxorta guda ostean bezala”. Bizi zelarik aipamen handirik jaso ez bazuen ere, zinezko poeta izan zen Xabier Azurmendi (1935-1996).