Ots 21 02

Pamiela eta Enseiucarrean armiarma.eus web gunean

Iruñeko San Gregorio kaleko Auzolan liburudendan larunbat eguerdiro biltzen ziren solaserako hainbat idazle eta literaturzale 80en hasieran: Txema Aranaz, Miguel Sánchez Ostiz, Xabier Eder, Pello Lizarralde, Víctor Moreno, Santiago Etxandi… Informazio trukerako premiak bultzatu zituen aldizkari bat sortzera. Pello Lizarraldek Azkoitiko bere aitonari aditutako berba gogoratu zuen orduan, Pamiela: sorginek baserri batzuetan utzi ohi zuten kaxaren deitura, izan ere ireki behar ez den kaxa, begizkoa eta ezbeharra ekarriko baitizkizu. Pamielaren lehen zenbakia 1983ko ekainekoa da. Arestian aipatutako idazleez gainera, ale hartan parte hartu zuten: Jordi Mateu, J.M. Romera, Vicente Huici, Carlos Bidegain, Xabier Martinez… eta baita urtebete geroago Korrok aldizkaria sortu zuten batzuk ere: Ana Iribar, Mikel Taberna eta Jon Alonso. Azalaren egilea: Urbasa. Hamabost zenbaki eman zituen Pamiela aldizkariak 1993ko negua bitartean, eduki gehienak gaztelaniaz. Pamiela argitaletxe bilakatu zen 1984ko urtarrilean. Argitaldari honen babesean kaleratu ziren beste bi aldizkari ere: Mazantini (1991n) eta Garziarena Berria (1997an).
Seikote baten ekimenez eta Deustuko Unibertsitatearen babespean, Euskal Kultura Mintegiaren itzalean, 1986ko udaberrian abiatu zen Enseiucarrean aldizkaria. Miguel Angel Elkoroberezibar zen zuzendaria eta aldamenean zituen Ander Ros, Xabier Santano, Iñigo Barandiaran, Patxi Aiarza eta Mikel Euba. Literatur aldizkaria egin zuten literatur aldizkariena fenomeno hedatua zen garaian, unibertsitateetako ikasleek euren aldizkariak egiten zituzten garaian —Donostiako EUTG, Gasteizko Filologia fakultatea…—. Medio gutxirekin, inprimategi batean zuten kontaktua baliatuz, lau ale atera zituzten bi urtetan eta gero adio esan. Taldea desegin zen arren, Fakultateko Mintegiak berriro heldu zion 1990ean, formatu berriz baina segida emanez, Bittor Uraga irakaslea eta Ana Isabel Morales eta Igone Menikaren eskutik Aldizkariaren izena Axularren Gero liburuaren hasieratik hartu zuten.

Agenda

Efemerideak

Kritikak