Api 13 08

Mercè Rodoreda
hil zela 25 urte

Duela 25 urte, 1983ko apirilaren 13an hil zen Mercè Rodoreda, Kataluniako literaturak XX. mendean izan duen egilerik inportanteenetako bat. Diamantearen plaza eleberriak egin zuen mundu osoan ezagun —hogeitaka hizkuntzara itzulia izan da—, baina hori baino oparoagoa da Rodoredaren lana, gerra ondorengo egoera eta bizikera literaturaren bitartez erakusten hobekien asmatu duen autoreetako bat izan baita bartzelonarra. Maite Gonzalez Esnalek euskaratuta, Elkarrek argitaratu zuen Diamantearen plaza 1994an, baina hamar urte lehenago, Gonzalez Esnalek berak itzuli zigun Ipuin hautatuak, Rodoredaren bost narrazio biltzen dituen liburua (Elkar, 1984).

Mendeurreneko urtea du Mercè Rodoredak 2008koa, 1908ko urriaren 10ean jaio baitzen, Bartzelonako Sant Gervasi auzoan. Alaba bakarra, bera baino 14 urte zaharragoa eta senidea zuen Joan Gurguirekin ezkondua —asebete ez zuen ezkontza—, literatura aukeratu zuen bere sentimenduak eta mundu ikuskera azaltzeko bide. Hainbat aldizkaritan argitaratutako ipuinen bidez hasi zen letren plazara jalgitzen, eta 1930eko hamarkadan eleberriak plazaratzen ere hasi zen (Sóc una dona honrada, 1932koa, lehena). Hamarkada horretan argitaratu zuen azkenak, Aloma-k (1938), Crexell saria irabazi zuen. Gerrak eta erbesteak ekarri zuten urte haietan etena Espainiako II. Errepublikako garaian Katalunian jarduera publikoan ere nabarmendu zen emakumearengan. Institució de les Lletres Catalanes elkarteko kide izan zen eta Generalitatearentzat lan egin zuen urteotan.

Kataluniako beste hainbat idazlerekin Paris aldameneko erbestera jo zuen, eta hantxe hasi hil artean iraungo zuen harremana Armand Obiols idazlearekin. Taldeko askok Ameriketara jo bazuten ere, Obiols eta Rodoredak Frantzian jarraitu zuten, Limoges eta Bordelen bizitzen okupazio garaian, eta liberazio ondoren, 1946tik aurrera, Parisen.

Urte zailak izan ziren, biziraupenekoak, baina idazletzan jarraitu zuen, teatroa eta poesia ere landuz, nahiz eta ez argitaratu ez bata eta ez bestea. Bere antzerki-lanik, adibidez, ez zen Katalunian 1979ra arte jokatu. 1958an, hogei urteren ondoren, berriro ere narratiba alorreko argitalpen batekin itzuli zen: Vint-i-dos contes (Victor Catala saria). Ipuinekin batera, dena den, bere obra sendotuko zuten lanetan hasia zen eta 1960an Sant Jordi sariketara aurkeztu zuen Diamantearen plaza —letra katalanetako sari garrantzitsuena zen—. Ez zioten saria eman, baina gerora bere lanik ezagunen eta XX. mendeko Kataluniako literaturako ikur bihurtu den eleberria 1962an argitaratu zuen, Joan Fuster idazlearen aholkuei jarraiki, Rodoredaren editore bihurtu zen Joan Salesek.

Ordurako Suitzako Genevan bizi zela (Diamantearen plaza han dago sinatua, 1960an), bere literatur ibilbidea lantzen joan zen, eta obra sendotu zuten lanak etorri ziren: El carrer de les Camèlies, La meva Cristina i altres contes, Jardí vora el mar, eta 1974an bere lanik nagusienetako bat: Mirall trencat.

1971n Obiols hil zelarik, Kataluniara itzultzea erabaki eta 1972an Romanyà de la Selvan etxea egin zuen, non datzan 1983ko apirilaren 13an, duela 25 urte, zendu eta gero. 1980ra arte, nolanahi dela, idatzi eta argitaratzen jarraitu zuen.

Euskaraz, esan bezala, Maite Gonzalez Esnalen bitartez ezagutu dugu Mercè Rodoreda. Ipuin hautatuak eman zuen argitara 1984an Elkar-ekin, eta 1994an Diamantearen plaza obra sonatua euskaratu zuen. Horretaz gain, artikulua ere kaleratu zuen Jakin aldizkarian, 1987an, Mercè Rodoredaren literatura ahoskatua izenburukoa.

Interneten hainbat gunetan jaso daiteke egilearen berri, bere bizitzaren eta obraren berri, baina nekez haren lanik. Informazio osotua Kataluniako Idazleen Elkarteko gunean da, eta bere obraren oinordeko jarduteko eratu zen Fundaçió Mercè Rodoredaren webgunean.

Bibliografia:

  • Nobela
    • Sóc una dona honrada? Llibreria Catalònia, 1932.
    • Del que hom no pot fugir, Clarisme, 1934.
    • Un dia en la vida d’un home, Proa, 1934.
    • Crim, Edicions de la Rosa dels Vents, 1936.
    • Aloma, Institució de les Lletres Catalanes, 1938.
    • La plaça del Diamant, Club Editor, 1962.
    • El carrer de les Camèlies, Club Editor, 1966.
    • Jardí vora el mar, Club Editor, 1967.
    • Mirall trencat, Club Editor, 1974.
    • Quanta, quanta guerra… Club Editor, 1980.
    • La mort i la primavera, Club Editor, 1986.
    • Isabel i Maria, Edicions 3 i 4, 1991.
  • Narrazioak
    • Vint-i-dos contes, Selecta, 1958.
    • La meva Cristina i altres contes, Edicions 62, 1967.
    • Semblava de seda i altres contes, Edicions 62, 1978.
    • Tots els contes, Edicions 62, 1979.
    • Viatges i flors, Edicions 62, 1980.
  • Teatroa
    • “El Parc de les Magnòlies”, Els Marges, núm. 7, 1976, p. 79-89.
    • El torrent de les flors, Edicions 3 i 4, 1993.
    • La Senyora Florentina i seu amor Homer, Sociedad General de Autores y Editores, 1996.
    • El maniquí, Teatre Nacional de Catalunya; Proa, 1999.
    • Obres completes, Edicions 62, 3 vol., 1976-1984.
  • Poesia
    • Agonia de llum. La poesia secreta de Mercè Rodoreda, Angle, 2002. [egilearen margolanen erreprodukzio eta guzti]

Agenda

Efemerideak

Kritikak