Mar 28 08

Flannery O’Connor-en
Jende ona nekez da aurkitzen

1985ean Baroja argitaletxeak Flannery O’Connorren Jende ona nekez da aurkitzen liburua kaleratu zuen (izen bereko narrazio luzea eta Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena ipuina), Mikel Azurmendi euskaratzaile zela, eta autore ez oso ezagun baina garrantzitsu bat ekarri zuten euskarara. Xabier Montoiak Susa aldizkarian artikuluxka egin zuen horretaz, honelaxe hasten zena: “Flannery O’Connor-en textu baten argitarapena guztiz ez-ohizkoa gertatzen da, textu hori gainera euskaraz argiratzen baldin bada, orduan harrigarri bihurtzen da, harrigarri eta batez ere pozgarri —ziur naiz— edozein literaturzalentzat”. AEBetako hegoaldeko giroa, “hegoalde sakona” deitua, harreman bortizkeriazkoak, espiritualtasuna, umorea maisuki uztartzen ditu O’Connorrek amonak, Baileyk, eta familiak Floridarantz abiatu zuten bidaia kontatzen. Osorik eskaintzen dizugu euskaraz Jende ona nekez aurkitzen da.

1925ean Georgiako Savanah-n jaioa, katolikotasun sakoneko Estatu Batuetako hegoaldean hazi eta bizi izan zen Flanery O’Connor, eta giro horixe islatu zuen bere literatur obran. Ipuin laburrak idazten eta argitaratzen hasia (lehena The Geranium, Accent aldizkarian, 1946an), hala jarraitu zuen, eta atalka halaxe argitaratu zuen Wise Blood, bere lehen eleberria (osorik 1952an plazaratua), gerora John Hustonek zinemaratu zuena. Bigarren eleberria, The Violent Bear It Away, 1960an publikatu zuen.

Idazleaz topikoak dioena, emakume, katolikoa eta hegoaldekoa zela, bi liburuotan eta bere narrazioetan irakurtzen denetik ateratzen da. Carson MacCullers edo Eudora Weltyrekin batera hegoaldeko literatur tradizio emakumezkoari atxikia, William Faulknerrek bezalaxe unibertso oso bat erakutsi zigun bere lan labur baina aberatsean.

Good Man Is Hard to Find, and Other Stories argitaratu zuen 1955ean —Jende ona nekez da aurkitzen— eta ipuinaren maisutzat joa izan zen. Bigarren narrazio bilduma bat kaleratu zuen, postumoa, Everything That Rises Must Converge izenekoa, 1964an, eta bere ipuin guztiak bildu zituzten 1971ko argitalpen batean.

Literatur ikasketak egindakoa zen O’Connor, eta literaturaz eta bestelako gaiez saioak argitaratu zituzten Robert eta Sally Fitzgerald-ek, O’Connorren editoreek, gerora bere gutunak eta lan osoak argitaratzeaz arduratu zirenak. Publikazio postumoak hauek ere, 1964ko abuztuaren 3an hil baitzen Flannery O’Connor, dozena bat urte lehenagotik diagnostikatua zioten lupus gaitzak jota.

Euskaraz, esan bezala, Jende ona nekez da aurkitzen liburua dugu, Mikel Azurmendik euskaratu eta Barojak 1985ean kaleratua. Izenburuko narrazio luzeaz gain, jatorrizko liburutik beste ipuin bat ere euskaratu zuten, Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena.

Internet:

  • O’Connorren euskarazko argitalpena zela-eta Xabier Montoiak Susa aldizkariaren 17. zenbakian egindako artikuluxka.
  • Flannery O’Connor Wikipedian, non Interneteko beste gune batzuen berri ematen den.
  • Flannery O’Connorren biografia eta bibliografia

Barojak kaleratutako liburuko bi narrazioak ingelesezko jatorrizkoan ere aurki daitezke sarean:

Agenda

Efemerideak

Kritikak