Api 17 08

Bizitza homeopatikoak, Xabier Mendiguren

Xabier Mendigurenek Bizitza homeopatikoak narrazio liburu berria aurkeztuko du apirilaren 17an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Susa.

Api 17 08

Zulo bat uretan, Iñigo Aranbarriren nobela berria

Kazetari bat da Iñigo Aranbarriren nobela berriko narratzailea. Ikerketa batean murgildurik, jakin dituenak kontatzeko premiak larrituta dauka, idazten ari den erreportajeko gertakarien frogak desagertzera baitoaz. Itoizko urtegia betetzeko herriak husten dihardute 2003ko udaberrian, biztanleak ez ezik kanposantuetako hilak ere ateratzen. Horretan ari da Maite Andueza antropologo-forentsea, Oscar Iriarte etorkin argentinarraren laguntzaz, bertakoak izan zirenen gorpuzkinak berreskuratzen urak betirako irentsi baino lehen. Baina Larraingaingo hilerriko hormetatik kanpo ere ba omen dago lurperatutakorik, eta kosta ahala kosta aurkitu nahi dute, aitzurka, denbora kontra daukaten arren. Zulo bat uretan nobela apirilaren 22an (asteartea) 12:00etan aurkeztuko du Aranbarrik, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Api 16 08

Katamalo Bilbon

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak apirilaren 16an (asteazkena) 19:30ean Bilbon, Sarrikoko unibertsitatean.

Api 16 08

Mandatariaren gerra, Jose Inazio Basterretxea

Jose Inazio Basterretxeak Mandatariaren gerra nobela aurkeztuko du apirilaren 16an (asteazkena) 11:30ean Bilboko Elkar megadendan (Zamudioko atarian). Argitaldaria: Elkar.

Api 13 08

Mercè Rodoreda
hil zela 25 urte

Duela 25 urte, 1983ko apirilaren 13an hil zen Mercè Rodoreda, Kataluniako literaturak XX. mendean izan duen egilerik inportanteenetako bat. Diamantearen plaza eleberriak egin zuen mundu osoan ezagun —hogeitaka hizkuntzara itzulia izan da—, baina hori baino oparoagoa da Rodoredaren lana, gerra ondorengo egoera eta bizikera literaturaren bitartez erakusten hobekien asmatu duen autoreetako bat izan baita bartzelonarra. Maite Gonzalez Esnalek euskaratuta, Elkarrek argitaratu zuen Diamantearen plaza 1994an, baina hamar urte lehenago, Gonzalez Esnalek berak itzuli zigun Ipuin hautatuak, Rodoredaren bost narrazio biltzen dituen liburua (Elkar, 1984). (gehiago…)

Api 11 08

Suminaren estrategia, Fernando Morillo

Fernando Morillok Suminaren estrategia misteriozko eleberria aurkeztuko du apirilaren 11n (ostirala) 11:00etan Donostiako Elkar liburudendan (Calbeton kalea). Argitaldaria: Elkar.

Api 10 08

Xabier Mendigurenen
Bizitza homeopatikoak

Erdi bi eginda dator Xabier Mendigurenen narrazio liburu berria: bi ipuin luzez edo, nahiago baduzu, bi nobela laburrez; tonu komikoa du batek eta tragikoa besteak. Mirande liburu-dendako jabearen oporraldi batzuk dira aitzakia lehendabiziko kontakizuna harilkatzeko. Bigarrenean, Mertxe itzultzailearen bizitzako itzulirik garrantzitsuena ezagutuko duzu. Bizitza homeopatikoak apirilaren 17an (osteguna) 12:00etan aurkeztuko du Mendigurenek Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Api 08 08

Miguel Delibesen Kastila zaharreko kontu zaharrak

Miguel Delibes idazleak, eleberri sorta handiaz gain, narrazioak, saioak eta bere memoriak eta berak bizi izan duen toki eta garaiko kronikak jasoak ditu hainbat liburutan. Kronika horren zati bat dakar Kastila zaharreko kontu zaharrak liburuko narrazioak, Patxi Apalategik euskaratu eta Baroja argitaletxeak plazaratu zuena. Haur zen garaiko paisaje eta pertsonaiekin asmatutako narrazioa, bere beste eleberri askoren eremu izan zen haren deskribapena egin zuen Delibesek narrazioan eta dakartzan istorioetan, baina etnologia eta folkloretik urruti, garai eta toki baten albiste jasoz. Osorik eskaintzen dizugu.

Api 03 08

Katamalo Lazkaon

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak apirilaren 3an (osteguna) 21:00etan Lazkaon, Maizpide euskaltegian.

Api 03 08

Baudelaire, Wagner eta haxixa

2007an bete ziren 150 urte Charles Baudelairek Les Fleurs du Mal argitaratu zuela. Hori, Petits poèmes en prose (Ou Le Spleen de Paris) eta Les Paradis Artificiels ditu libururik ezagunenak, baina besterik ere idatzi zuen. Literaturaz gain, Baudelaire dandya beste hainbat diziplinaren jarraitzaile eta kritikari izan zen, eta hainbat idazki eta saiakera idatzi zituen. Ezagunak dira Salon arte ekitaldiari egin izan zizkion kritikak, arteaz azaldu izan zuen kezka. Musika ere izan zuen aipagai: 1948ko Iraultzan parte hartu zuen urte berean Richard Wagnerren lanaren jarraitzaile egin zen, eta konpositorearen Tännhauser Parisen jokatu zelarik, hartaz idatzi zuen. Arte diziplinez ez ezik, baina, bazuen beste afiziorik ere Baudelairek, horien artean haxixaren kontsumoa. Eta haren defentsa idatzia ere egin zuen opioarena De Quinceyk egina zeukan maneran. Bi testuok, Wagner Parisen eta Haxixaren poema, euskaratuak ditu Oier Alonsok, eta Infomart argitaletxearekin kaleratuak 1998 eta 1999an. Hementxe eskaintzen dizkizugu osorik.

Api 02 08

Zubigilea Bilbon

Lutxo Egiaren Zubigilea nobela mintzagai izango dute apirilaren 2an (asteazkena) 20:00etan Txurdinagan (AEKren euskaltegian) Asapala irakurle tartean.

Api 02 08

Izagirreren Rimmel osorik

Rimmel poema liburuak (2006, Susa) guraso baten eta bere alabaren arteko istorioak kontatu zizkigun kantu, asmakizun jolasti eta poemen bitartez: haurraren jaiotza, eskolatzea, nerabezaroa eta etxeko babes girotik askatzea. Koldo Izagirreren liburua osorik eskaintzen dizugu sarean.

Api 02 08

Haragia Gasteizen

Eider Rodriguezek Haragia narrazio liburuaz hitzaldia egingo du apirilaren 2an (asteazkena) 10:30ean Gasteizko Filologia fakultateko gradu aretoan.

Api 01 08

1984 Arrasaten

George Orwellek idatzitako 1984 liburua izango dute hizketagai apirilaren 1ean (asteartea) 18:30ean Arrasateko KulturAten Iban Zalduak gidaturik.

Mar 31 08

Antzararen bidea Donostian

Jokin Muñozen Antzararen bidea nobela izango dute mintzagai martxoaren 31n (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan, Udal Liburutegiko Sotoan. Gidatzailea: Xabier Gantzarain.

Agenda

Efemerideak

Kritikak