maiatza 29 08

Erretzaileen eremua

Kritikak laudatua eta arretaz deskribatua izan zen Jon Alonsoren Erretzaileen eremua (2006 – Susa), hamahiru narrazioz osatua. Orain liburua osorik eskaintzen dizugu sarean. “Denak batzen dituen ideia”, laburbildu zuen Alonsok ipuin hauez mintzatzean, “gauzak ikusteko modua da. Eta erreskatatzea duinetik eta errebeldetik dagoena, baina baita ere azaltzea munduan zer putakeria dauden. Mota guztietako saldukeriak ezagutzea tokatu zaigu, baina erresistentzia modu eder askoak ere bai, eta hau esaten dudalarik ez dut pasaje epikorik buruan, baizik eta jende arruntaren eguneroko duintasuna eta kemena. Ez etsitzea beti eskertzekoa da. Arnasa ematen du. Badira faltsuak ere, koldarrak; eta horren gainean, neurri batean, liburuak broma egiten du, satirizatu gabe. Satirizatzea inor irrigarri utzi nahi izatea da. Ez da nire kasua”.

maiatza 28 08

Zulo bat uretan Larrabetzun

Iñigo Aranbarri Zulo bat uretan nobelaz mintzatuko da maiatzaren 28an (asteazkena) 20:00etan Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.

maiatza 28 08

Mailuaren odola Arrasaten

Aingeru Epaltzaren Mailuaren odola nobelaz jardungo dute maiatzaren 28an (asteazkena) 18:30ean Arrasateko literatur solasaldietan (udal liburutegian).

maiatza 28 08

Etxahun Iruriren mendeurrena

1908ko maiatzaren 28an jaio zen, Iruriko Etxahunia etxean, Pierre Bordazarre, Etxahun Iruri. Musikaria, pastoralgilea, kantugilea, musika eta kantuaren inguruan eman zuen bizitza zuberotarrak. Zuberoatik, eta bereziki Zuberoari kantatuz, baina baita mundua ekarriz bere kantuetara. Zuberoako herri antzerkiaren hainbat agerpidetan jardundakoa, bederatzi pastoral idatzi zituen XX. mendeko pastoralgile argienetako bat izan denak: Etxahun, 1953; Matalaz, 1955; Berterretx, 1958; Santxo Azkarra, 1963; Iruriko Kuntia, 1966; Txikito Kanbo, 1967; Pette Bereter, 1973; Ximena, 1979 eta Iparragirre, 1980. Haietako hainbatetan lanen bat ere jokatu zuen. Pastoraletan ez ezik, bestelako ekitaldietan eta bat-batean, kantugintza izan da Etxahun Iruriren lan arlorik ezagun eta jorienetakoa: dagoeneko gure ondareko diren hainbat kanturen egilea da —Agur Xiberua; Goizian argi hastian; Anaia etxen da ezkuntu… —. 1979ko urriaren 1ean zendu zen, Pauen. Bere kantagintza lanaren bilketatxo bat eginez, Jakes Larrondok Pauen inprimatua, Etxahun Iruri Khantan liburua plazaratu zen 1977an. 83 euskarazko kantu biltzen ditu (eta 26 frantsesez osatuak), partiturekin, argazkiekin… Madeleine Jauregiberriren Aitzin Solasa eta R.I.k sinaturiko Ondo Solas-a dituela, liburua Iruriko maisuaren kantu sorkuntzaren erakusgarria da. Frantsesezko kantuak ez, gainerakoa hemen irakur dezakezu.

maiatza 26 08

Haize kontra Donostian

Patxi Iturregiren Haize kontra narrazio liburua izango dute mintzagai maiatzaren 26an (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan, Udal Liburutegiko Sotoan. Gidatzailea: Xabier Gantzarain.

maiatza 25 08

Katamalo Leitzan

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak maiatzaren 25ean (igandea) 19:00etan Leitzako zinema zaharrean.

maiatza 24 08

Katamalo Faltsezen

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak maiatzaren 24an (larunbata) 19:00etan Faltsezko kultur etxean.

maiatza 23 08

Katamalo Atarrabian

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak maiatzaren 23an (ostirala) 20:00etan Atarrabiako Gune Eszenikoa aretoan.

maiatza 23 08

Oraina galdua, Juan Ramon Makuso

Juan Ramon Makusok Oraina galdua liburua aurkeztuko du maiatzaren 23an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Erein.

maiatza 22 08

Erlojuen mekanika Zarautzen

Jose Luis Otamendik Erlojuen mekanika poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo du maiatzaren 22an (osteguna) 20:00etan Zarauzko Azken Portuko ekitaldi aretoan.

maiatza 22 08

Breytenbachen Gaizkile arrunt baten bi aldizko heriotza

Hegoafrikarra, familia afrikaner bateko semea, apartheid-aren aurkako militante politikoa, pintorea eta, batez ere, idazlea, poeta. Denek osatzen dute Breyten Breytenbach-en izaera, eta denetarik hartu du Breytenbach idazleak bere obra osatzeko. Parisko erbestean eta Hego Afrikan bizi izandakoa, baita espetxealdia ere, bi munduren arteko zubian, hala bizi izan da Breytenbach, eta hala idatzi, afrikaanez nahiz ingelesez, bi munduren arteko zubian. Gaizkile arrunt baten bi aldizko heriotza liburua euskaratu zuen Felipe Juaristik, eta Baroja argitaletxeak plazaratu 1986an. Bi narraziok osatua —liburuari izenburua ematen diona eta Balen gainean kontakizuna—, orain osorik eskaintzen dizugu Breytenbachen liburua. (gehiago…)

maiatza 22 08

Oihartzunak, Lauaxeta

Miren Billelabeitiak Lauaxetaren poesia gazteengana hurbilduko dituen era gaurkoagora moldatu ditu, eta Oihartzunak izenburupean apailatu 30 poema. Liburua maiatzaren 22an (osteguna) 12:30ean aurkeztuko du Bilboko FNACen. Argitaldaria: Utriusque Vasconiae.

maiatza 22 08

Labirintoaren orduak, Amaia Iturbide

Amaia Iturbidek Labirintoaren orduak poema liburua aurkeztuko du maiatzaren 22an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Erein.

maiatza 16 08

Bi hitz, Garazi Goia

Garazi Goiak Bi hitz nobela berria aurkeztuko du maiatzaren 16an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Alberdania.

maiatza 16 08

Infernuko hesteetan, Charles Bukowski

Charles Bukowskiren Infernuko hesteetan poema bilduma euskaratu du Mikel Olanok, eta maiatzaren 16an (ostirala) 11:00etan aurkeztuko du Donostiako Elkar liburudendan. Argitaratzailea: Elkar.

Agenda

Efemerideak

Kritikak