Mar 26 09

Eskualduna literaturaren sarean

Eskualduna astekariaren (1887-1944) berrargitalpen dijitalizatua aurkeztuko du Mikel Elorzak martxoaren 26an (osteguna) 12:00etan, Koldo Mitxelena kultur unean.

Mar 25 09

Ni ez naiz hemengoa, Bartzelonan

Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa liburuaz jardungo dute martxoaren 25ean (asteazkena) 19:30ean Bartzelonako Euskal Etxeko irakurle taldean.

Mar 25 09

Ionescoren Abeslari burusoila

Gaztetan Errumaniako abangoardiako idazle, Marseillan itzultzaile eta zuzentzaile lanak egin ostean, Eugene Ionescok 1950eko maiatzaren 11n estreinatu zuen bere lehendabiziko obra Parisko Théâtre des Noctambules antzoki txikian: Abeslari burusoila. Duela hamabost urte (1994ko martxoaren 28an) hil zen Ionescoren antzezlanak oso ezagunak egin ziren 60etan, batez ere Errinozeroa eta Egarria eta gosea taularatu zirelarik. Antonio Maria Labaienek Neskatilla ezkongai eman zuen 1964an Egan aldizkarian. Arantxa Hirigoienek Auto erakusketa itzuli zuen 1994an Susa aldizkarian. Tanttaka taldearentzat Aitarekin jolasean euskaratu zuen Ritxi Lizartzak1998an. Eta orain osorik eskaintzen dizugun Abeslari burusoila Jon Muñozen itzulpenari zor diogu (Ibaizabal, 2001).

Mar 25 09

Nora ez dakizun hori, Irati Jimenez

Irati Jimenezek Nora ez dakizun hori nobela berria aurkeztuko du martxoaren 25ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako Elkar liburu-dendan (Fermin Calbeton), eta arratsaldez 19:00etan Beasaingo Igartzako Burdinolan.

Mar 23 09

Eskualduna astekaria Euskal Prentsaren Lanak gunean

Martial-Henry Berdolyk eta Agosti Xahok argitaratutako Le Réveil Basque aldizkari errepublikarrari erantzuteko sortu zuen Louis Etxeberrik Eskualduna astekari giristino eta xuria 1887ko martxoaren 15ean Baionan. Lehen urteetan Arnaud Poxelu izan zuen gidari, ondoren Jean Hiriart-Urruti, eta aurrerago: Blaise Adema, Jean Saint-Pierre, Dominique Soubelet eta Salvat Arotzarena. Izan ere, astekaria 57 urtez plazaratu zen, 1944ko abuztuaren 18 arte, Vichyko Gobernuarekin kolaboratzeagatik itxia. Eskualduna astekaria hemeroteka eta biblioteka pribatu batzuetan barreiaturik baitago, Euskal Prentsaren Lanak gunean dijitalizaturik berrargitaratu du Armiarmak: ia 3000 zenbaki, 10.000tik gora orrialde. Interneteko edizio hau martxoaren 26an (osteguna) 12:00etan aurkeztuko da Donostiako Koldo Mitxelena kultur unean.

Mar 18 09

Mikel Azurmendiren eleberria, Gauzaren hitzak

Mikel Azurmendik, Baroja argitaletxearen bultzatzaile eta arduradunetako bat —euskarazko liburuen bildumarena—, saiakera liburu bat argitaratua zuen, eta itzulpen bat: Kontu kontari Grezian barrena eta Flannery O’Connorren Jende ona nekez da aurkitzen. Eta 1987an eman zuen argitara bere libururik esanguratsuenetako bat, Euskal nortasunaren animaliak. Hura baino lehentxeago, hala ere, eleberria plazaratu zuen, Gauzaren hitzak. Europako gerra ondoko eleberrigintzaren oinordekoa estiloaren aldetik, 70etako oraina eta iragan hurbila lotzen zituen istorio bikaina idatzi zuen Azurmendik, Franco hil berriko mundua, Donostian, gordin erretratatuz. 1987an argitaratua, 10 urte lehenago idatzia da eleberria. Osorik eskaintzen dizuegu Gauzaren hitzak.

Mar 18 09

Gaurko eleberria, Uribe Gasteizen

Gaurko eleberria zikloan, Kontatzeko modu berriak hitzaldia egingo du Kirmen Uribek martxoaren 18an (asteazkena) 10:30ean Gasteizko EHUko Letren Fakultatean.

Mar 17 09

Esanen aduanan Ermuan

Esanen aduanan testu-irakurketa egingo dute Yolanda Arrietak, Leire Bilbaok eta Miren Agur Meabek martxoaren 17an (asteartea) 19:30ean Ermuko Lobiano jauregian. Musika: Esther Gabiola eta Uritze Laka.

Mar 17 09

Alea, Beñat Sarasola

Beñat Sarasolak Alea poema liburu berria aurkeztuko du martxoaren 17an (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Susa.

Mar 17 09

Euzko-Gogoa aldizkariaren azken zenbakia

Euzko-Gogoa aldizkariaren azken zenbakia duela 50 urteko datarekin argitaratu zen. Jokin Zaitegik 1949ko abenduaren 26an erregistratu zuen Guatemalako Postan, eta estreinako alea 1950ko urtarrilaren lehenean kaleraturik, euskal kultura modernoaren agerkari garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Aurreneko sei hilabeteetan Orixe izan zuen lankide, gero Andima Ibinagabeitia 1954tik aitzina. Euzko-Gogoak bi aro izan zituen: Guatemalakoa 1950etik 1955era eta, Zaitegi Euskal Herrira itzuli zelarik, Miarritzekoa 1956tik 1959ra. Lehen aroan 27 zenbaki agertu ziren, eta 17 bigarrenean. Azken zenbakiak 1959ko martxoa-ekaina data dakar, baina aldizkariaren azalean aitortzen du 1960ko uztailean inprimatua izan dela, arazo ekonomikoak eta banaketakoak handiak izan baitzituen. Idazle askoren plaza izan zen Euzko-Gogoa gerraostean: Nemesio Etxaniz, Jon Etxaide, Antonio Maria Labaien, Salbatore Mitxelena, Bedita Larrakoetxea, Bingen Ametzaga, Manuel Lekuona, Sorne Unzueta, Santi Onaindia, Jaime Kerexeta, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Juan San Martin, Txillardegi, Gabriel Aresti, Txomin Peillen…

Mar 12 09

Xabier Montoiaren errezitaldia Eskoriatzan

Xabier Montoiak errezitaldia egingo du martxoaren 12an (osteguna) 11:30ean Eskoriatzan HUHEZIko areto nagusian.

Mar 12 09

Alea, Beñat Sarasolaren
poema liburu berria

Kaxa huts bat aurreneko poema bildumarekin literaturzaleen arreta piztu zuen Beñat Sarasolak duela bi urte. Liburu berriak Alea du izenburua, eta lirismorik batere gabeko moldeetan arakatu du. Abangoardia grinaz eta sarritan narrazio airez, jendez mukuru den giro urbanoaren zurrunbiloan sartu ditu atzaparrak, eguneroko bizimoduaren kronika makur bat eginez. Alea poema liburua martxoaren 17an (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko du idazleak, Koldo Izagirre lagun duela. Argitaldaria: Susa.

Mar 11 09

Karlos Linazasororen hitzaldia Eskoriatzan

Karlos Linazasorok Idazle sekretua naiz, diotenez hitzaldia egingo du martxoaren 11n (asteazkena) 18:30ean Eskoriatzan HUHEZIko areto nagusian.

Mar 10 09

Rikardo Arregiren hitzaldia Eskoriatzan

Rikardo Arregik Nik ez dakit nor den ni hitzaldia emango du martxoaren 10ean (asteartea) 11:30ean Eskoriatzan HUHEZIko areto nagusian.

Mar 09 09

Patziku Perurenaren hitzaldia Eskoriatzan

Patziku Perurenak Akelarretik etxerakoan hitzaldia egingo du martxoaren 9an (astelehena) 18:30ean Eskoriatzan HUHEZIko areto nagusian.

Agenda

Efemerideak

Kritikak