Urt 18 11

11 bidaia, 11 liburu Basaurin

Jon Arretxek 11 bidaia, 11 liburu ikus-entzunezkoa aurkeztuko du urtarrilaren 18 (asteartea) 19:30ean Basauriko Pozokoetxe kultur etxean.

Urt 18 11

Ihes betea Hernanin

Anjel Lertxundiren Ihes betea nobelaz solas egingo dute urtarrilaren 18an (asteartea) 19:30ean Hernaniko udal liburutegian.

Urt 18 11

Arguedas jaio zela 100 urte

Cuscoko komunero bati entzun eta Jose Maria Arguedasek 1965ean kitxuaz idatzitako ipuina da Pongoq mosqoynin, euskaraz Pongoren ametsa izenburuarekin Jose Manuel Bujandak itzulia, eta sei poemaz lagundu eta ederturik Pamielak 1991n argitaratua, Txema Larrearen hitzaurre argigarri batekin. Jose Maria Arguedas idazle perutarra gaurko egunez jaio zen, orain 100 urte, 1911ko urtarrilaren 18an. Haren nobela nagusiak hauek dituzu: Uku Mayu (Erreka sakonak), El Sexto eta Todas las sangres.

Urt 15 11

Bustilehorreko poemak Hendaian

Jose Luis Otamendik eta Juan Azpillagak Bustilehorreko poemak errezitaldia egingo dute urtarrilaren 15ean (larunbata) 18:00etan Hendaiako Mediatekan.

Urt 15 11

Jendeen jende Miarritzen

Mattin Irigoienen Jendeen jende antzezlanaren inguruan jardungo dute urtarrilaren 15ean (larunbata) 14:30ean Miarritzeko Mediatekan.

Urt 15 11

Harkaitz Canoren hitzaldia Gasteizen

Harkaitz Cano nobela grafikoez mintzatuko da Literatura Eskolan urtarrilaren 15ean (larunbata) 10:00etan Gasteizko Hikaateneoan.

Urt 14 11

Goizuetan bada gizon bat Iruñean

Patziku Perurenaren Goizuetan bada gizon bat saiakeraren inguruan jardungo dute urtarrilaren 14an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean.

Urt 13 11

Fikzioaren izterrak Larrabetzun

Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak ipuin liburuaz jardungo dute urtarrilaren 13an (osteguna) 20:00etan Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.

Urt 13 11

Literaturaren Zubitegia berriturik

2004ko apirilaren 1ean plazaratu zen Literaturaren Zubitegia webgunea Armiarma atarian. Euskal literaturaren amaraunean puntu batetik besterako bidea egiteko tresna sortu genuen, idazleengandik abiatuz euren lanetara hurbiltzeko: bibliografiak, sarean osorik eskainitako liburuak, idazleen ahotsez entzuteko poemak, liburuen kritikak, interneteko beste gune batzuetan agertutako edukiak… Zubitegia informazioz eta diseinuz berritu dugu aste honetan: 823 idazle, 3.860 liburuko bibliografia, 3.674 kritika, 5.254 esteka.

Urt 12 11

Leuropa Durangon

Pablo Sastreren Leuropa nobelaz mintzatuko dira urtarrilaren 12an (asteazkena) 19:30ean Durangoko liburutegian.

Urt 11 11

Gatibuera luzea

Gaur 25 urte dira Jokin Urain atxilotu zutela eta preso dagoela. Bost libururen egilea da, horietatik bi eleberriak: Izaina (1990) eta Adlotse (1992). Iaz Ez dago etxean saiakera plazaratu zuen Susa argitaletxearekin, 1937tik gaurdaino kartzelan idatzitako euskal literaturaz diharduena. Urainek 2009ko abuztuaren 9an aske behar zuen, baina zigorra luzatu egin zioten 2016ko urtarrilera arte, 197/2006 doktrina baliatuta.

Urt 05 11

Bost poema
Omar Nabarroren ahotsez

Haragizko amoreak poema liburuan oinarritutako Haragizkoa diskoa argitaratu zuten Edorta Jimenezek eta Rafa Ruedak pasa den azaroan. Omar Nabarrok irakurririk bost poemaren audioak entzun ditzakezu orain Susaren webgunean. Bestalde, Vimeo-n dituzu Rafa Ruedak konposatu eta kantatutako Iraila zen eta Zeuon itzalak; baita ere Txuma Murugarrenek abestutako Itsasoaren aurrean eta Doctor Deseo taldeak grabatutako Sodomako sagarra. Gasteizen izango da Haragizkoa errezitaldiaren hurrengo emanaldia otsailaren 2an.

Urt 03 11

Hatsaren Poesia Senperen

Hatsaren Poesia olerki bilduma aurkeztuko du Hatsa elkarteak apirilaren 3an (igandea) 12:00etan Senpereko Larraldea etxean. Arratsaldeko 15:00etan poesia irakurraldia egingo dute; 17:00etan Hatsaren olerki-bustiak argazki-olerki ikuskizuna izango da, bai eta ere Koldo Zubeldiaren errezitaldia.

Abe 30 10

Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean Algortan

Raymond Carverren Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean ipuin liburuaz mintzatuko dira abenduaren 30ean (osteguna) 19:30ean Algortako Villamonte kultur etxean.

Abe 29 10

Lehen euskal liburuaren faksimile onena

Frantziako Liburutegi Nazionalaren Gallica Liburutegi Digitalak Bernard Etxepareren Linguae Vasconum primitiae liburuaren faksimilea eman zuen sarean 2010eko azaroaren 9an. François Morpain-en Bordeleko inprimategian 1545ean argitaratutako ale baten erreprodukziorik onena duzu, irakurtzeko bi moldetan eskainia: tamaina handiko iruditan alde batetik eta bestetik liburu simulazioa eginik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak