Abu
21
14
1814ko abuztuaren 28an jaio zen Dublinen Joseph Sheridan Le Fanu. Beldur eta misteriozko istorioen idazlea, aitzindarietarik bat da ghost stories deiturikoen generoan apur bat itzalean geratu den idazle hau. Eta horietako bat dugu Maizter misteriotsua, euskarara Luigi Anselmik ekarri eta Erein argitaletxeak Bartleby sailean argitara eman zuena, idazle irlandarraren euskaratutako lan bakarra. 1850ean Dublin University Magazine-an sinadurarik gabe agertua, Le Fanurena dela diote adituek, Felipe Juaristik liburuari egindako sarreran argitzen digunez, egileari buruzko bestelako argibideekin batera. Osorik eskaintzen dugu orain.
Abu
14
14
Bizi izandakoen kronika eta oroitzapenen bitartez jaso zuen gure literaturak I. Mundu Gerlaren testigantzarik fidelena. Narrazio eta eleberriek ere hartu dute gai, XX. mendean eta baita XXI.ean ere, baina gerla ezagutu zutenen testigantza izan da biderik zuzenena. Gerra amaitu eta urte batzuk geroagokoa da lanik ezagunenetako bat, Kirikiño eta Batxiren kronikekin batera: Jean Elizalde Zerbitzari-ren 57a Gerlan. Eskualduna astekarian 1917 eta 1940 bitarte agerturiko artikuluek osatua, liburu gisa 1995ean plazaratu zuen Alberdaniak. Ez da narratiba bakarrik, ordea, gerlaz jardun duena. Errealitatea kontatu eta herritarrei helarazteko antzerkia baliatzea boladakoa zen mendearen lehen erdian, eta halaxe, I. Mundu Gerla dute ardatz Etienne Decrept-en Semetxia lanak eta Piarres Lafitteren Egiazko argia-k. Eszena frontean gertatzen ez bada ere, soldadoak dituzte protagonista lan biek. Eta kontatua ez ezik, kantatua ere izan da, hala poesian nola bertso moldean. I. Mundu Gerla kantagai izan zuten hainbat bertsolarik, eta ezagunak dira Txirritak eta IRTk izandako dema eta ondutako bertsoak. Haietako batzuk eta beste hainbat bertsolarirenak bildu zituen Antonio Zabalak “Bertsolariak eta Europako Lehenengo Gerratea” hitzaldian, lehenik Euskera agerkarian eta gerora Auspoan beste hainbat hitzaldirekin plazaratua. Armiarman irakur daitezke aipatutako kronika eta antzerki-lanak, eta Euskaltzaindiaren webgunean Auspoakoa.
Abu
07
14
Oihu horrek betetzen du abuztuko lehen asteko Eskualduna. Mobilizazione orokorra deitua izan da eta “bihotz altxagarria” da ikustea nola erantzun duen Frantzia osoak, Eskual Herria barne. Trenak soldadoz beteta, Euskal Herritik gerlara sendi beretik sei eta zortzi kide bidali dituztenen etsenpluak irakur daitezke. Ezkila joka, afixak nonahi, astekaria ere gerlara jarria da, orain arteko formatua ezinbestean utzi eta txikian kaleratuko da, ahal den arte, gerlaren berri emateko.
Italiak ez omen du Frantziaren aurka egingo, eta Errusia eta Ingalaterra, itsas armada indartsuena duena, Frantziarekin dira. Ez daukate lan erraza doixtarrek!
Uzt
31
14
1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.
Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu webgune berezian. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—. (gehiago…)
Uzt
30
14
1914ko uztailaren 31n, duela ehun urte, hil zuten Parisen Jean Jaures. Politikari eta idazlea, ekintzaile sozialista gerlaren aurka mintzatua eta jarduna zen, eta heriotzarekin ordainarazi zioten. 10 urte lehenago L’Humanité egunkariaren sortzaile izan zenak, kazeta horretantxe argitaratua zuen artikulua, hil zuten egun berean, gerla saihestearen alde: Odol hotza behar. Gaur mendebete argitaratutako artikulua dakarkigu, Koldo Izagirrek euskaratua.
Uzt
23
14
Nostalgiaren eta bizi-pozaren uztarketa gozoa dugu Patri Urkizuren Zeren azken finean (Kutxa, 1984): Hiroshimako bonba jaurti zuten paradisuan, eta guztizko erbestean bizi beharrak ekarri du gizakia geroztik gizakia izan dena izatera: zeren azken finean, hil eta herio, oro izango garenez haustegi kario… garen liberti, dugun maita! Mendeku handi bat jainko-jainkosen aurka. Irakurle adituak Miranderen lagun irudikatuko du Patri Urkizu Parisen eta Euskal Herrian barrena, haren ezkortasun etsiari munduaren ederra kontrajartzen diola, hedonista eta maitale. Horixe da Urkizu poetaren ezaugarri nabarmenetako bat: kultutik herrikoira, transzendentziatik unean unekora, mintasunetik sentsualtasunera, dolu existentzialetik sagardo upelera egiten duela naturaltasunez, gauzek hozkia ematen ahal badiote ere sentibera delako urtzen den elurrari beha, edo emakume konkretuaren samurrari.
Uzt
18
14
Carmody jaunaren bizimodua bizitzaren gorabehera batek eta burokraziaren lardaskeriak nola nahasten duen erakusten du Mervyn Wallen “Haiek ere zerbitzua ematen dute” ipuinak. 1908an Dublinen jaioa, ipuinak eta antzerkiak idatzi zituen Mervyn Wallek, ezagunenak Erdi Aroko Fursey izeneko monje totel bat protagonista duten bi umorezko narrazio liburu. They also serve ipuina Jasone Larrinagak euskaratu du, eta Xerezaderen Artxiboan eskaini. Armiarman irakur dezakezu orain.
Uzt
13
14
Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek “Hondakindegia” errezitaldia egingo dute uztailaren 13an (igandea) 17:30ean Eako Natxitun.

Uzt
13
14
Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek “Arestiren imajinario poetikoa eta genero eraikuntzak” hitzaldia eskainiko dute uztailaren 13an (igandea) 11:00etan Eako Eskolondon.
Uzt
12
14
Imanol Epeldek “Etxepare rap” eskainiko du uztailaren 12an (larunbata) 20:00etan Eako Eskolondon.
Uzt
12
14
Mariluz Estebanek, Mikel Etxaburuk, Luis Gardek, Jule Goikoetxeak eta Felipe Juaristik errezitaldia egingo dute uztailaren 12an (larunbata) 17:00etan Eako Bedaronan. Musika: Joseba Irazoki.
Uzt
12
14
Koldo Izagirrek Parisen bizi naiz errezitaldia egingo du uztailaren 12an (larunbata) 13:00etan Eako Talan.

Uzt
12
14
Eider Rodriguezek “Itsasoa da bide bakarra” hitzaldia egingo du uztailaren 12an (larunbata) 11:00etan Eako Eskolondon.
Uzt
11
14
“Gabrielen lekua” sentikaria izango da uztailaren 11n (ostirala) 22:30ean Eako Eskolondon.
Uzt
11
14
Karmelo Landak eta Laura Mintegik “Gabriel Arestiren Harri eta herri: nondik dator harria?” hitzaldia eskainiko dute uztailaren 11n (ostirala) 20:00etan Eako Eskolondon.