Eka 17 08

Tom hil da, Marie Darrieussecq

Marie Darrieussecqen Tom hil da nobela aurkeztuko du Karlos Zabala itzultzaileak ekainaren 17an (asteartea) 11:00etan Donostiako Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Alberdania.

Eka 12 08

Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelako zatiak italieraz

Duela hamar urte argitaratu zuen Koldo Izagirrek Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobela (1998, Susa). Katalanez argitaratu zen 2006an, Jo també haguera volgut cridar Germinal! izenburuarekin. Nobelako lau kapitulu italieraz bidali dizkigu orain Roberta Gozzi itzultzaileak. Hementxe dituzu: Anch’io avrei voluto gridare: Germinale!

Eka 11 08

Pio Barojaren
Ihauterietako erokeria

Altzateko Jaunaren elezaharra publikatua, Pio Barojaren Ihauterietako erokeria ere kaleratu zuen Baroja argitaletxeak, Mikel Azurmendik euskaratua hau. Idazle beratarraren eleberri laburra, bere ohiko eszenarioetatik diferentea den kontakizuna, egileak berak bere burua aurkezten digun hitzaurrean, fikzioaren barruan, eta gainera planteatzen digu kontakizunei eta kontatzeko estiloari buruzko halako gogoeta, zeina gauzatzen den Ihauterietako erokeria eleberrian. Madrilen gertatzen diren narrazioetarik bat dugu Barojaren hau. Osorik irakur dezakezu.

Eka 09 08

Zulo bat uretan Donostian

Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan nobela izango dute mintzagai ekainaren 9an (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan, Udal Liburutegiko Sotoan. Gidatzailea: Xabier Gantzarain.

Eka 07 08

Neguko zirkua Hendaian

Harkaitz Canok Neguko zirkua narrazio liburuaz jardungo du ekainaren 7an (larunbata) 18:00etan Hendaiako Akelarre elkartean.

Eka 06 08

Souvenir Altsasun

Castillo Suarezek Souvenir poema liburua aurkeztuko du ekainaren 6an (ostirala) 19:30ean Altsasuko Babia dendan.

Eka 04 08

Euskal errefrauak
Grandville-n iruditan

Jean Ignace Isidore Gérard ponte izenez, 1803an Nancyn jaioa, karikaturgile eta ilustratzaile handia izan zen Grandville. Parisera aldatua, hainbat aldizkaritarako eta operarako lanak egin zituen, eta 1829an Métamorphoses du jour kaleratu zuelarik, sona hartu zuten bere ilustrazioek. Oso ezagunak egin ziren animalia burua duten pertsonaiak. Litografia serieekin batera, eta batik bat karikaturekiko zentsura ezarri zelarik 1835ean, liburuak ilustratzen hasi zen: Swiften Gulliver, Defoeren Robinson Crusoe, Cervantesen El Quijote, La Fontaineren Fables. Psikiatriko batean zendu zen 1847an. Surrealisten eskutik berritu zen bere ezagutza XX. mendean, eta gurean bere hainbat ilustrazio Baroja etxeak kaleratu zituen 1986an, Mikel Azurmendik apailatutako lanean, euskal errefrauak marrazkiokin batera argitaratzean. Euskal errefrauak Grandville-n iruditan liburua osorik eskaintzen dizugu.

maiatza 31 08

Literatura erotikoa Bermeon

Txalaparta argitaletxearen “Literotura” bildumako liburuen irakurketa egingo dute maiatzaren 31n (larunbata) 12:00etan Bermeoko Talan, “Uda erotismoz beterik dator” ekitaldian. Rafa Ugalde; Edorta Jiménez; Laura Mintegi; Asel Luzarraga… izango dira irakurleetarik batzuk. Erdal literaturako testu erotikoek ere izango dute tokia, ingelesez, frantsesez eta alemanez.

maiatza 30 08

Iragaitzaz, Pello Lizarralde

Pello Lizarraldek Iragaitzaz nobela aurkeztuko du maiatzaren 30ean (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Erein.

maiatza 29 08

Katamalo Etxarrin

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak maiatzaren 29an (osteguna) 20:30ean Etxarriko gaztetxean.

maiatza 29 08

Homo faber Gasteizen

Max Frisch-en Homo faber nobelaz jardungo dute maiatzaren 29an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean (Hikaateneoan).

maiatza 29 08

Erretzaileen eremua

Kritikak laudatua eta arretaz deskribatua izan zen Jon Alonsoren Erretzaileen eremua (2006 – Susa), hamahiru narrazioz osatua. Orain liburua osorik eskaintzen dizugu sarean. “Denak batzen dituen ideia”, laburbildu zuen Alonsok ipuin hauez mintzatzean, “gauzak ikusteko modua da. Eta erreskatatzea duinetik eta errebeldetik dagoena, baina baita ere azaltzea munduan zer putakeria dauden. Mota guztietako saldukeriak ezagutzea tokatu zaigu, baina erresistentzia modu eder askoak ere bai, eta hau esaten dudalarik ez dut pasaje epikorik buruan, baizik eta jende arruntaren eguneroko duintasuna eta kemena. Ez etsitzea beti eskertzekoa da. Arnasa ematen du. Badira faltsuak ere, koldarrak; eta horren gainean, neurri batean, liburuak broma egiten du, satirizatu gabe. Satirizatzea inor irrigarri utzi nahi izatea da. Ez da nire kasua”.

maiatza 28 08

Zulo bat uretan Larrabetzun

Iñigo Aranbarri Zulo bat uretan nobelaz mintzatuko da maiatzaren 28an (asteazkena) 20:00etan Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.

maiatza 28 08

Mailuaren odola Arrasaten

Aingeru Epaltzaren Mailuaren odola nobelaz jardungo dute maiatzaren 28an (asteazkena) 18:30ean Arrasateko literatur solasaldietan (udal liburutegian).

maiatza 28 08

Etxahun Iruriren mendeurrena

1908ko maiatzaren 28an jaio zen, Iruriko Etxahunia etxean, Pierre Bordazarre, Etxahun Iruri. Musikaria, pastoralgilea, kantugilea, musika eta kantuaren inguruan eman zuen bizitza zuberotarrak. Zuberoatik, eta bereziki Zuberoari kantatuz, baina baita mundua ekarriz bere kantuetara. Zuberoako herri antzerkiaren hainbat agerpidetan jardundakoa, bederatzi pastoral idatzi zituen XX. mendeko pastoralgile argienetako bat izan denak: Etxahun, 1953; Matalaz, 1955; Berterretx, 1958; Santxo Azkarra, 1963; Iruriko Kuntia, 1966; Txikito Kanbo, 1967; Pette Bereter, 1973; Ximena, 1979 eta Iparragirre, 1980. Haietako hainbatetan lanen bat ere jokatu zuen. Pastoraletan ez ezik, bestelako ekitaldietan eta bat-batean, kantugintza izan da Etxahun Iruriren lan arlorik ezagun eta jorienetakoa: dagoeneko gure ondareko diren hainbat kanturen egilea da —Agur Xiberua; Goizian argi hastian; Anaia etxen da ezkuntu… —. 1979ko urriaren 1ean zendu zen, Pauen. Bere kantagintza lanaren bilketatxo bat eginez, Jakes Larrondok Pauen inprimatua, Etxahun Iruri Khantan liburua plazaratu zen 1977an. 83 euskarazko kantu biltzen ditu (eta 26 frantsesez osatuak), partiturekin, argazkiekin… Madeleine Jauregiberriren Aitzin Solasa eta R.I.k sinaturiko Ondo Solas-a dituela, liburua Iruriko maisuaren kantu sorkuntzaren erakusgarria da. Frantsesezko kantuak ez, gainerakoa hemen irakur dezakezu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak