Ots 03 10

Nora ez dakizun hori Durangon

Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori nobela aztertuko dute otsailaren 3an (asteazkena) 19:30ean Durangoko liburutegian.

Urt 30 10

Ezer gabe hobe Heletan

Itxaro Bordak Ezer gabe hobe nobela aurkeztuko du urtarrilaren 30ean (larunbata) 18:30ean Heletako La Mer ostatuan.

Urt 28 10

Ihes ederra Gasteizen

Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren Ihes ederra irudizko eleberriaz mintzatuko dira urtarrilaren 28an (osteguna) 20:00etan Gasteizko irakurle klubean (Hikaateneoan, Pintore kalean). Gidaria: Iban Zaldua.

Urt 28 10

Schlemihl eta Etxahun

Bere gelditasunagatik alferra zirudien Schlemihl hankaluzeak itzala galdu omen zuen. Adelbert von Chamisso idazlearen lanik ezagunena duzu Peter Schlemihl-en istorio miresgarria. Sarean eskaintzen dizugu Anton Garikanok 1995ean itzulitako eleberria. Baina beste kontu batengatik ere ezaguna da gurean Chamisso, Des Basken Etchehons Klage poema argitaratu baitzuen 1829an; antza denez, Donapaleuko tribunalaren aurrean Pierre Topet Etxahun epaitua izan zenean, Mundian malerusik frantsesez ezartzeko eskatu omen zion Deffis jujeak Salaberri delako bati, eta Chamissok kasua eta kantua irakurririk idatzi zuen alemanez bere poema. Lehenik Polikarpo Iraizozek (1935), gero Joseba Sarrionandiak (1980) eta azkenik Kaekusek (1984) itzuli dute euskarara: Etxahun euskaldunaren arrangura edo Etxahun euskaldunaren deitorea.

Urt 27 10

Ihes ederra Bilbon

Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren Ihes ederra irudizko eleberriaz arituko dira urtarrilaren 27an 20:00etan Santutxuko Irakurlearen Tartean. Gidaria: Uxue Alberdi.

Urt 27 10

Autokarabana Arrasaten

Fermin Etxegoien Autokarabana nobelaz arituko dira urtarrilaren 27an (asteazkena) 18:30ean Arrasateko literatur solasaldietan (Kultur Ate). Gidaria: Mikel Ayerbe.

Urt 25 10

Autokarabana Donostian

Fermin Etxegoienen Autokarabana nobela izango dute mintzagai urtarrilaren 25ean (astelehena) 19:30ean Donostiako Literatur Solasaldietan (Udal Liburutegiko sotoan). Gidaria: Harkaitz Cano.

Urt 23 10

Olatu bat kuartelen gainetik Miarritzen

Xabier Amurizak Olatu bat kuartelen gainetik eleberria aurkeztuko du urtarrilaren 23an (larunbata) 16:00etan Miarritzeko Mediatekan.

Urt 23 10

Jin bezala Donapaleun

Mixel Thikoipek Jin bezala liburua aurkeztuko du urtarrilaren 23an (larunbata) 10:00etan Donapaleuko Mediatekan.

Urt 20 10

Stock 13 Larrabetzun

Edorta Jimenezen Stock 13 liburuaz jardungo dute urtarrilaren 20an (asteazkena) 20:00etan Larrabetzuko Anguleri kultur etxean, Literaturaz Berbetan irakurleen biltokian.

Urt 20 10

Farorantz, Virginia Woolf

Farora joateko irrikaz dago James mutikoa, zilarrezko dorre gandutu baten antzeko hartara, mendiak adinako olatuak ikustera. Baina aitak esango dio, bihar euria egingo duela eta ezingo dutela joan. Amaren arrapostua: agian haizea aldatuko da eta eguraldi ona egingo du. Aitak amari orduan: “Zoaz pikutara”. Horrela hasten da Virginia Stephen-Woolf idazle ingelesaren bosgarren eleberria: Farorantz (1927). Virginiak umetan Kornuallesen igarotzen zituen oporrak, Godrevy faroari begira zegoen Talland etxaldean, Farorantz eleberrikoa ordea Eskoziako Skye irlakoa da. Anton Garikanok 1993an itzulitako nobela hau da euskaraz daukagun Virginia Woolfen bakarra, orain osorik sarean emana.

Urt 18 10

Euskal poesia erotikoaren antologia

Desira plazer 68-08 / euskal poesia erotikoaren antologia aurkeztuko dute Igor Estankonak, Edorta Jimenezek eta Josune Muñozek urtarrilaren 28an 12:00etan Bilboko Elkar liburu-dendan (Licenciado Poza). Argitaldaria: Txalaparta.

Urt 16 10

Patxi Zubizarretaren hitzaldia Literatura Eskolan

Patxi Zubizarretak Xerezaderengandik Abdela Talaiarerngana hitzaldia egingo du urtarrilaren 16an (larunbata) 10:00etan Literatura Eskolan, Gasteizko Hikaateneoan.

Urt 14 10

Komuneko paperean Donostian

Komuneko paperean errezitaldia egingo dute Imanol Epeldek eta Mattin Epeldek urtarrilaren 14an (osteguna) 19:30ean Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

Urt 13 10

Stephen Dedalus gaztetan

James Joycek The Egoist aldizkari literarioan zatika argitaratu zuen Artistaren gaztetako portreta nobela 1914-1915 urteetan. Ipuin batzuk sinatzeko Joycek noizbait erabili izandako izengoitia zen Stephen Dedalus, eta pertsonaia horrexen bizitzako lehen urteak kontatzen dira eleberrian (gero Ulises nobelan ere agertuko zen). Adiskideekin dituen elkarrizketen eta eztabaiden bitartez ezagutuko duzu Stephen; hona haren esaldi sonatuetarik bat: “Gizon baten arima herri honetan jaiotzen denean, sareak botatzen zizkiotek hegan egin ez dezan. Nazionalismoa, hizkuntza eta erlijioa aipatu dizkidak. Ni sare horietatik hegaldatzen saiatuko nauk. (…) Badakik Irlanda zer den? Bere umealdiko txerrikumeak jaten dituen txerrama”. Irene Aldasorok euskaraturik, Literatura Unibertsala bilduman plazaratu zen 1992an Joyceren lehen nobela.

Agenda

Efemerideak

Kritikak