Ots 22 10

Lagun armatua Donostian

Raul Zeliken Lagun armatua nobela izango dute mintzagai otsailaren 22an (astelehena) 19:30ean Donostiako Literatur Solasaldietan (Udal Liburutegiko sotoan). Gidaria: Harkaitz Cano.

Ots 22 10

Salvador Espriu hil zela 25 urte

Juan San Martinek 1966an Salvador Espriuren Cementiri de Sinera (1946) itzuli zuelarik (Sinera-ko liburua), honela idatzi zion idazle katalanak: “Ez nekien ezer zure asmo eta egintzei buruz, eta egiazki eskertzen dut; euskararen goreslea naiz eta Euskal Herria eta bere jendearen zale gartsua. Beraz, pozik ematen dut itzulpena argitaratzeko eskubidea, ohore bereziz atsegintzen bainau”. Egan aldizkarian argitaratu zen liburu hura, eta 1967an Pais Basc izenpean beste hiru poema ere bai. San Martinek 1983an Zezen larrua euskaratuko zuen, eta Koldo Izagirrek 20 poema Aresti-Ferreiro-Espriu bilduman 1988an. Gerardo Markuletak XX. mendeko Zenbait poeta katalanen antologia atondu zuelarik 1997an (Literatura Unibertsala), Espriuren 10 poema ekarri zituen, eta tartean baita ere beste zortzi hauenak: Josep Carner, Carles Riba, J.V. Foix, Joan Salvat Papasseit, Pere Quart, Joan Vinyoli, Gabriel Ferrater eta Vicent Andres Estelles.

Ots 20 10

Begirada literario feminista Gasteizen

Sareinak taldeko Amaia Alvarez, Onintza Irureta, Gema Lasarte, Josune Muñoz, Iratxe Retolaza eta Ainara Sarasketa mahai-inguruan bilduko dira otsailaren 20an (larunbata) 19:00etan Gasteizko 70 tabernan (Kutxi kalea). Gaiak: sexualitateak eta euskal literatura; intimismo, erotismoa eta begirada literario feminista; maitasun ereduak eta eleberri larrosa…

Ots 17 10

Michael Kohlhaas-en zaldiak

XVI. mendeko kronika zorrotz bat egin zuen Heinrich von Kleist (1777-1811) idazle alemaniarrak Michael Kohlhass nobelan (1810), Hans Kohlhass jaunaren bizipen benetakoetan oinarriturik. Kohlhass zaldi-tratulariari bahituran kendu zizkioten abereak, bide-sari bat ordaintzeko aski dirurik ez zuelako une hartan. Baina ondoren, zaldiak berreskuratzeko bete beharreko guztiak bete arren, itzuli ez zizkiotenez, Kohlhass zintzoak ezin eraman izan zuen justiziaren urratze hura, eta bere onetik aterata izugarrikeriak egiten hasi zen, agintedunengandik jasandako kaltearen ordainetan. “Heinrich von Kleisten obra osoan ageri da gizakiak duen askatasun-egarriaren eta gizarte-ingurune zentzugabeak ezartzen dizkion zailtasun eta mugen arteko kontraesana”, gaztigatzen digu Xabier Mendiguren Bereziartuk 1993an euskaratu zuen nobelaren hitzaurrean.

Ots 15 10

Poesia astea Gernikako gaztetxean

Poesia astea antolatu dute Gernikako gaztetxean otsaileko azken asterako. Otsailaren 22an (astelehena) 20:00etan Amaia Jauregizarrek Azazkalak jaten liburuaren aurkezpena eta errezitaldia egingo du. Otsailaren 24an (asteazkena) 20:00etan Imanol eta Mattin Epelde, poesia, antzerkia eta musika uztartzen dituen Komuneko paperean emanaldiarekin. Otsailaren 26an (ostirala) ekitaldi sorta izango da; lehenik Gura+haize Busturialdeko literatur fantzinearen aurkezpena; ostean Bustilehorreko poemak, Jose Luis Otamendiren Erlojuen mekanika poema liburua eta Juan Azpillagak bildutako doinuak oinarritzat hartzen dituen emanaldia; eta azkenik Txuma Murugarrenen kontzertua. Otsailaren 27an (larunbata) Ana Cibeiraren Un frasco de veleno / Pozoi flasko bat errezitaldia galizieraz eta euskaraz, Xabier Montoiaren Slavoj Zizeken sudurra errezitala, eta Mikelazulokoen batbada proiektuaren aurkezpena; eta amaitzeko Rafa Ruedaren kontzertua.

Ots 13 10

J.A. Irigarayren poesigintzaz Hendaian

Jose Angel Irigarayren poesigintzaz jardungo dute otsailaren 13an (larunbata) 17:30ean Hendaiako Mediatekan. Musika: Bixente Martinez.

Ots 12 10

Eskuen sustraiak Pasaian

Eskuen sustraiak poema liburuan oinarrituta, errezitaldia egingo dute Asier Sarasolak eta Oier Guillanek otsailaren 12an (ostirala) 22:30ean Pasai San Pedroko Proisa lokalean. Musika: Ander Fernandez; pintura: Idoia Beratarbide.

Ots 11 10

Koldo Izagirreren hitzaldia Irunen

Koldo Izagirrek Emakumeak trena hartu zuenekoa hitzaldia egingo du otsailaren 11n (osteguna) 19:30etan Irungo Kabigorri Ateneoan.

Ots 11 10

Ismail Kadareren H. dosierra

Poesiazkoak izan ziren Ismail Kadare idazle albaniarraren lehen lanak, 18 urterekin hasita (Gaztaroko etorriak, 1954); hiru poema itzuli zituen Iñigok Aranbarrik 1990ean. Estreinako nobela, aldiz, 1963koa da: Gudaroste hileko jenerala, Mastroianni eta Piccoli aktoreekin Luciano Tovolik zinemara eramana. Ismail Kadareren bi eleberri ditugu euskaraz: Juan Mari Arzallusek Hiru arkuko zubia itzuli zuen (1994an) eta Arzallusek berak Antton Olanoren laguntzaz gero (1998an) H. dosierra, orain osorik sarean eskainitako hau. Bi gazte irlandar Albaniara joan dira hango elezaharrak aztertzera, ea Homero handiaren arrastorik ateratzen duten. Albaniarren eta eslaviarren arteko liskarrak ere azalduko dira nobelan, eta tartean Kosovo, noski. “Gu ikertzaileak gara” esango dute gazteek, “ez genuke Balkanetako gorabeheretan nahastu nahi”.

Ots 10 10

Ataramiñeko editorea hil da

Jon Etxeandia (1962, Bilbo), Ataramiñe aldizkari eta argitaldariaren sortzaile eta editorea hil zen atzo, otsailaren 9an. Pabel Ortzantza izengoitiaz agertu zituen estreinakoz bere zenbait poema Susa aldizkariaren 23-24 zenbakian (1989), eta 18 urteko kartzelaldiaren ostean argitaratu zuen 2001ean Kartzelako lanak liburua, Juan Antonio Olagortak irudiz apaindua. Ataramiñe aldizkariaren lehendabiziko alea 2002an plazaratu zen.

Ots 05 10

Vikingoen sorterrira, Xabier Mendiguren

Xabier Mendigurenek Vikingoen sorterrira liburua aurkeztuko du otsailaren 5ean (ostirala) 11:00etan Donostiako Elkar liburudendan.

Ots 04 10

J.D. Salinger euskaraz

Urtarrilaren 27an hil den J.D. Salinger idazle estatubatuarra gogoan, Egun zoragarria banana-arrainarentzat ipuina eta Zekale artean harrapaka nobela eskaintzen dizkizugu sarean. Bigarren Mundu Gerran soldadu izan baino lehen eta Parisen Hemingwayren adiskide egin aurretik ipuinak argitaratu zituen Salingerrek, baina 1948ko urtarrilaren 31n The New Yorker aldizkarian agertutako Egun zoragarria banana-arrainarentzat kontakizuna izan zen estreinako idazle kontratua sinatzera eraman zuena. Bernardo Atxagak euskaratu zuen 1987an Akademia Sekretuaren Egutegirako (Pamiela). Zekale artean harrapaka, Salingerren lehendabiziko liburua, 1951ko uztailaren 16an plazaratu zen, eta nobelako Holden Caulfield gaztearen istorioak sekulako arrakasta eduki zuen berehala. Iñaki Iñurrietak itzuli zuen 1991n (Elkar).

Ots 03 10

Ez obeditu inori Deustun

Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori nobelaz solas egin duten otsailaren 3an (asteazkena) 20:00etan Deustun (Bidarte auzo etxean), Berbaizu elkarteak antolatutako irakurleen txokoan.

Ots 03 10

Nora ez dakizun hori Durangon

Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori nobela aztertuko dute otsailaren 3an (asteazkena) 19:30ean Durangoko liburutegian.

Urt 30 10

Ezer gabe hobe Heletan

Itxaro Bordak Ezer gabe hobe nobela aurkeztuko du urtarrilaren 30ean (larunbata) 18:30ean Heletako La Mer ostatuan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak