Urt
15
14
Juan Gelman poeta argentinar handia atzo hil zen Mexikon. Diktadura militarrraren aurka jardun zuen, montoneroen erakundean. 1975ean erbesteratu zen, eta ez zen inoiz Argentinara itzuli. 1976an militarrek bere bi seme-alabak eta erraina desagerrarazi zituzten. Alaba ostera agertuko zen, baina semea 1990ean aurkitu zuen, ibai batera jaurtitako igeltsuzko ontzi batean, hilda. Bahiketa garaian jaiotako biloba, 2000era arte ez zuten aurkitu, Urugain. Poesia ekintza politikoarekin lotuz, idazkera herritarra erabiliz ekin zion gaztetan, eta gerora inozentziaz eta oinazez kargaturiko maisu lana garatu zuen. Joserra Egiluzek 1991n eta Koldo Izagirrek 2004an itzulitako poema banaz gain, Kevin Herediak 2007an euskaratu zituen 9 poema. Hamaika poema denera, Gelmanen oroigarri.
Urt
15
14
Ibon Sarasolak (Donostia, 1946) hogeita hiru urte zituela argitaratu zuen Poemagintza liburua (Kriselu, 1969). Gure inoizko poetarik goiztuenak ordea nortasun poetiko heldua agertu zuen titulu xume eta aldi berean fierraren azpian: arruntkeriaren aurkako borroka bat, delikateziaz eta espiritu landuan egina. Irudi eta baliabide klasikoen ukoa, banalitateak izan zitezkeen gaien hautua, gauzen deskripzio sotil eta sutila… Ildo berri bat, zaila, ausarta, ebaki zuen Sarasolak. Estilo biluzi eta erritmikoan garatuak, Poemagintzako poemek intimitate hauskor batean biltzen gaituzte, pianoak sortuak balira bezala.
Urt
14
14
Garbiñe Ubedaren Hobe isilik nobela aztertuko dute urtarrilaren 14an (asteartea) 18:00etan Zumaiako Alondegian.
Urt
13
14
Pello Lizarralderen Orbanak nobelaz ariko dira urtarrilaren 13an (astelehena) 17:00etan Igorreko kultur etxean.

Urt
10
14
Eduardo Galeanoren Ispiluak liburuan oinarritutako irakurraldia egingo dute urtarrilaren 10ean (ostirala) 19:30ean Pasai Donibaneko zineman.
Urt
10
14
Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria nobelaz solas egingo dute urtarrilaren 10ean (ostirala) 19:00etan Iruñean, Txantreako Biltoki elkartean.

Urt
09
14
Harkaitz Canoren Twist nobelaz berba egingo dute urtarrilaren 9an (osteguna) 19:00etan Basauriko Pozokoetxe kultur etxean.

Urt
09
14
Harkaitz Canok, Izarne Cardabak, Jokin Gorozikak, Edu Lartzangurenek, Mikel Martinezek eta Ana I. Moralesek ipuin irakurraldia egingo dute urtarrilaren 9an (osteguna) 18:30etan Leioako liburutegian, Xerezaderen Artxiboa jaian.
Urt
09
14
Oparitan emandako jostailu batek abiatzen du Panpina-etxea ipuina (The Doll’s House), Katherine Mansfieldek 1922ko otsailaren 4an The Nation astekarian argitaratua eta hurrengo urtean The Dove’s Nest bilduman jasoa. Klase diskriminazioari buruzko kontakizuna duzu, Iñigo Roquek euskaraturik oparitzat bidali diguna, Katherine Mansfield idazlearen heriotza egunarekin bat eginez. Nahi izatera, beste hamabost ipuin ere badituzu Lorategiko festa liburuan.
Urt
02
14
Koldo Izagirrek Parisen bizi naiz errezitaldia egingo du urtarrilaren 2an (osteguna) 18:30ean Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.

Urt
02
14
Urtarrilaren 4an 150 urte izango dira Pepe Artola idazlea Donostian jaio zela. Lanbidez etxe apaintzailea zen: ispiluak eta kristalak ipini, paretak pintatu edo papera jarri. Baina kultur zale amorratua ere bazen; hemezortzi urte zituenetik hasi zen idazten eta argitaratzen: ipuinak, bertsoak, antzerkia; aktore aritu zen Marzelino Soroarekin hasita, eta kantari ere bai Orfeoi Donostiarrean. Garai hartako musikariei lagundu zien letrak idazten, adibidez Jose Maria Usandizagari Mendi-mendiyan operan. Euskaraz.net gunean dituzu Artolaren lanak, baita ere Bertso eta Olerkien Hemerotekan. Emeterio Arresek 1898an Aiton baten eriotza bakarrizketa idatzi zuen bertsotan Artolarentzat, Euskalzale aldizkarian.
Abe
29
13
Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek Baita hondakinak ere poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo dute abenduaren 29an (igandea) 19:00etan Azkoitiko Mataderoan.

Abe
27
13
Koldo Izagirrek Parisen bizi naiz errezitaldia egingo du abenduaren 27an (ostirala) 19:00etan Gernikako Astran.

Abe
26
13
Gotzon Barandiaranek eta Jon Benitok (Des)amodio errezitaldia egingo dute abenduaren 26an (osteguna) 19:00etan Durangoko Hitz liburu-dendan. Musika: Itziar Castrillo.
Abe
25
13
Parisen 1963ko abenduaren 25ean hil zen Tristan Tzara idazlea, Dada mugimenduaren sortzaileetarik bat. Hogeita bi urte zituela, Zuricheko Meise aretoan Dada manifestua eta beste zenbait testuren irakurraldia egin zuen Tristan Tzarak 1918ko uztailaren 23ko arratsaldean, Marcel Janco pintorearen afixa batez iragarrita. Manifestu hura Dada aldizkariaren hirugarren zenbakian argitaratu zen 1918ko abenduan, honela abiaturik: “Manifestu bat azaltzeko, A.B.C. nahi izan behar da. Tximista jo 1.2.3.aren kontra. (…) Norberaren A.B.C.a inposatzea gauza naturala da, alegia, deitoragarria”. Dada manifestua euskaraturik bidali digu Koldo Izagirrek.