Aza
28
18
Bi itzulpen-lan eman zituen argitara Idatz&Mintz aldizkariaren 64. zenbakiak, biak ere itzulpen lanetan ohiko kolaboratzaile duen Xabier Bovedak eginak. Jorge Luis Borgesen poemak, alde batetik, idazle argentinarraren obra poetikoaren ale batzuk euskaratuz; eta, horrekin batera, Marcel Schwoben Umeen gurutzada lana. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Ots
15
18
XX. mendeko intelektual handi bat izan zen Idea Vilariño, eredugarria, kontsekuentea bere pentsamenduarekin eta bere estetika poetikoarekin, konprometitua Uruguaiko jendearekin eta gizartearekin. Euskarara haren poemak ekarri dituen Josu Jimenez Maiak halaxe aurkezten digu poeta eta idazle uruguaitarra. Eta estetika poetiko hori erakusten duten hogeitaka poema eman ditu argitara Maiatz aldizkariaren 65. alean. Hemen dituzu.
Ots
06
18
36 urte besterik ez zituela hil zen arren, Argentinako poesiaren gorengo izenetako bat da Alejandra Pizarnikena. 50etako kultura giro porteño-an barneratu zen literatura-formazio handiko emakume hau, eta 60etan Parisen egindako egonaldian lortu zuen heldutasun poetikoa. Bizitza kontziente eta inkontzientearen artean kulunkatzen den obra baten egilea, depresioaldi handiek erasandakoa, 1972an bere buruaz beste egin zuen. Labayruk argitaratzen duen Idatz & Mintz aldizkariaren 63. zenbakian haren 15 poema ekarri ditu euskarara Xabier Bovedak.
Abe
28
17
Agirre lehendakariaren zerbitzu sekretuetakoa izan zen Koldo Mitxelena, Joseba Rezolaren agindupean, kide zituela Sabin Barrena, Pello Mari Irujo, Ander Arzelus “Luzear”, Bernabe Orbegozo “Otarbe”. Madrilen lan egiten zuen Mitxelenak, kontulari Jose Urangaren Maderas Decorativas enpresan, eta bitartean Clasicas ikasten zuen unibertsitatean; baina atxilotu egin zuten 1946ko apirilaren 10ean, eta preso eduki zuten 1948ko urtarrilaren 30a arte. Alcala de Henaresko kartzelan ipuin bat idatzi zuen 1947an, Motivo español izenburua ipini ziona; 1977ra arte gordeta eduki zuen, eta Elizalde sinadurarekin orain 40 urte argitaratu zuen Egan aldizkarian. Preso egondako bat du narratzailea, oso gaixorik zegoen beste preso batez gogoratzen dena.
Abu
31
17
Charles Baudelaire zendu zela 150 urte bete dira abuztuaren 31n. Poeta erreferentziazkoa, « lirika modernoaren aita » kalifikatu du Xabier Bovedak gaur hemen eskaintzen dizkizuegun poemen aurkezpenean. Les Fleurs du Mal obra seinalatuko zortzi poema dakartzagu, Bovedak euskaratuak eta Idatz&Mintz aldizkariaren 56. zenbakian, 2014an, argia ikusi zutenak.
Abu
22
17
Poeta eta antzerkigile irlandar handia ekarri du euskarara, bere azken zenbakian, Idatz& Mintz aldizkariak. Irlandako herriarekiko idazle konprometitua, herri hartako kultura alorrean erreferentzia ezinbestekoa da William Butler Yeats. Xabier Bovedak haren ibilbideko liburuetatik aukeraketa egin eta hamar pieza argitaratu ditu, orain hemen aurkezten dizkizuegunak.
Abu
26
15
100 urte beteko zituzkeen Koldo Mitxelena literatur kritikari zorrotza izan zen, besteak beste. Berak bultzatu, zuzendu eta hauspotutako Egan aldizkarian urte luzez egin zituen liburuen komentarioak, erreseinak, kritikak. Urte horietan argitaratutako euskarazko liburuez, Itxaropenaren Kuliska Sorta bereziki, eta Auspoa, Euskaltzaindia… iritzia eman zigun, eta autore klasiko batzuez gain (Lizardi, Loramendi, Soroa, Domingo Agirre…), hizpide izan zituen Erkiaga, Anabitarte, Larzabal, Etxaide, Loidi Bizkarrondo, Izeta eta beste hainbat, tartean Txillardegiren lehen eleberriak, Leturiaren egunkari ezkutua eta Peru Leartzako, edo Gandiagaren Elorri. Urteurrena kari, 1954 eta 1967 urteen artean Egan aldizkarian argitaratutako 52 kritika erantsi dizkiogu gure Kritikaren Hemerotekari.
Eka
25
15
Kirikiño Euzkadi-n iraupenaz mintzo zaigu, gerla hasi zenetik hamaika hilabete igarota, guda galgarri honek ez du amaitzeko itxuraren apurrik ere. Anitz aberri dira nahasirik borrokan, eta horien artean nabarmena da Bulgaria eta Errumaniaren jokabidea, badirudi enkantean jarri dutela gerla honetan sostengua nori eman. Eskualduna-k soldadu hilen ehorzketaren afera dakargu, gorpuak errearazten baitituzte, lur sainduan ehortzi gabe. Bestalde frantses armadak hartzen dituen ildo guziak aleman hilez beteak antzematen ditu. Orain pausan direnez, Jean Saint-Pierrek inguruko bazterrak, errekak eta herriak korritzeari ekin dio, ibileran garaztar diputatua, Zerbitzari eta Xikito Kanbokoa bisitatu ditu. Hendaia eta Donibane Lohizunen espioiak eta desertoreak preso altxatu dituzte, gertakari horiek hizpide gezurra merke saltzen ahalegintzen diren Espainiako kazetak salatzen ditu Eskualduna-k. Umezurtzak direla eta, Baionako kazetak daraman solasa eta frantses kazetek darabiltena bi dira.
Eka
18
15
Gerlak anitz umezurtz utzi ditu pausaleku orotan. Eskualduna-ren aburuz bilatu behar da zer egin “Umezurtzen nonbrea bederen ttipitzeko ahalaz, eta heien zorigaitza eztitzeko”. Wilson AEBetako presidenta eta Bryan atzerri-ministroaren arteko liskarra bildu du kazetak. Gallipoli garaipen gisara ageri da. Aurreko ostiralean, Parisen mundu bat omen zen Bihotz-Sakratuaren Pariseko elizan, gizon anitz, gehienak soldaduak, eta kronikariak fermuki gaztigatzen digu, gerra hasiz geroztik kazeta honek ez du ezer txarrik aipatu lehenagoko gure etsai naturalez, gorriez. Gorri batzuk aldiz, gezurrak hedatzen jaioak dira, eta Aita Santuaren inguruan esandakoak gezur hutsa direla salatzen du kazetariak. Hona galdea, frantses zenbaiten begietan katolikoak ez ote dira Alemanak baino etsaiago?
Eka
11
15
Mihi gaiztoak gaizki esaka ari diren honetan, ele makurrak zokoratu behar direla ohartarazten digu Eskualduna-k. Italiak ireki fronte berriaren berri eman digu kazetak. Greziako Konstantin hil zorian omen, hilez gero Grezia aliatuen alde jarriko omen da. Espainiako gobernuak galdatu die bertako kazetei gerla honen berri ez emateko. Aldaketa Frantziako su zelaietan, eguzkia Euskal Herrian baino goiztiarragoa da Arras aldean. Xori gizonen gerla moldea berria da Gerla honetan, etsaiaren hegazkinlariek preso dituztenen zerrendak airetik jaurti dituzten, batzuk hiltzak zituzten soldadu euskaldunek. Donibane Lohizunen hogei bat gerla zakur hautatu dituzte. Euzkadi-k ohartarazten digunez, Alemanen alde su eta gar ari direnak haserre dira Espainiako gobernuarekin. Italia gerlan sartu aurretik Espainiatik Italian barna hainbat merkantzia bidaltzen ziren Alemaniara, orain bidalketa hori eten da. Kirikiñok doixtarren aldeko Vazquezen jokabidea salatzen du. Bestalde, ezaguna denez, Gezurroff eta Patatenberg herriak elkarren ondoan dira.
maiatza
28
15
Poza du erakutsi Eskualduna-k, ordua zen, Italia gerlan sartu da, ez da itsu-itsuan aritu, aterpea preparatu du. Italiak Alemaniari hitza emana eman zion ez ziola kontrarik eginen, baina hortzak luzatu zaizkio gure Italiari eta Austria beheiti zihoala ikusiz Biba gerlaka hasi da. Ez da iritzi berekoa Euzkadi, Italiaren jokamoldea kritikatu du kazeta jeltzaleak, egokiera profitatu duela dio Kirikiñok dioskunez abertzale batek ezin du jokamolde hori onartu, begi bistan baita bereak ez diren lurrak erdietsi nahi dituela. Kontu batean bat datoz bi kazetak, biek italiarrek musikarako duten dohaina ekarri dute gogora. Batxik ez daki geldirik, Glasgowetik Genoara bidean da.
maiatza
14
15
Nork sinetsiko zuen 46 urteko gizonak artoak egiteko utzirik beharko genituela ikusi, zakua bizkarrean, gerlarako bideari lotzen? Kazetak Euskal Herrian geratu direnei elkarri laguntzea eskatzen die. Fuera bekaizkeria! gerlan eta etxaldeetan elkarri lagunduz aitzinatuko direlakoan. Lusitania transatlantikoaren hondoratzearen berri dakarte bai Eskualduna-k bai Euzkadi-k. Milatik gora hildako eragin ditu U-20 urpeko alemanak. Asaldaturik ageri da Kirikiño, horrelako triskantza ikaragarriak hotz-hotzean egiten duen gizonak, ba al du Jaunaren beldurrik? Azkenik badirudi gerlan sartu dela Italia, Osterreitzen aurka sartu ere. Fede konturik ez da falta bi kazetetan, aita santuaren sostengua Frantziako katolikoei, Lurdeko urak sendatu zuen soldaduaren istorioa, Metz hiriko apezpikuak Joana d’Arcekoaren potreta kendu zuenekoa, eta salaketa bat, Betor bakea! Oihu egin dio Elgoibarko lekaide gerlazale bati Kirikiñok
maiatza
07
15
Denek dakite norainokoa den gure etsaiaren jite okaztagarria. Kronikariaren aburuz alemanaren urguiluaren adierazle dugu segidako errepika. “Ni,… Oro ni,… Biba ni,… Nor naiz ni?… Bethi ni, …Bakarrik ni”. Alemanen alemankeriak salatzen ditu Eskualduna-k, konparaziora bizirik buruz behera ehortzi zituztenen kasuarena. Alta, mendirik handienak azkenean ordokitzen dira, pazientziaren artea da guzia. Hona hainbat adibide, seiehun mila austriar Siberiara bidean jarri omen dituzte errusiarrek, azken hauek Hungariako bidean dira, hori hunkiturik Austriaren bihotza eskura dute. Italiarrak limurtzen saiatu da Eskualduna, negua igaro eta gerlan sartuko…
Api
30
15
Aste honetan ere ezin neurtu zentsuraren tamaina, pentsa, Gallipoli ez da inon ageri gure prentsan. Eskualduna-ren aburuz errabian dela ageri du alemanak, ke hori lodi bat igorri du ipar-haizeari esker. Diotenez ogirik batere jan gabe erraz bizi da alemana, euskaldun anitzentzat artoa den ber, lur-sagarra da aleman gehienen ogia. Frantziak Gerlaren hasieran denbora zuen eskas, egun aldiz alde du, kanoien hazkurria ez da ments, oraingo honetan kanoien mintzoak erabakiko du borrokaldia, gainera airean alemana da ihesi dabilena. Kazetak sineskeriak hedatzen dituztenak kritikatu ditu, nonbait, haur mutu baten lehen eta azken solasa gerla uztailean bururatuko dela izan da, ez da iragarpen bakarra, ama birjina agertu zaio zortzi urteko haur bati, eta besteak beste gerla maiatzean finituko dela esan dio. Gerlak ez ditu Baiona hiriko eraikuntza lanak gelditu. Uruguaiko euskaldunek Argentinakoen pare, 25.000 libera bildu dituzte sorterriko soldaduen sostengurako. Zuberoako kronikariak diru-laguntzen afera dakargu. Gerla hasi zenez geroztik Liginaga-Astüek hamabost herritar galdu ditu, gerla hasi aitzin 308 biztanle ziren.
Api
23
15
Nekez sinetsiko luke esaldi hori ziloa derrigorrezko habia duen soldaduak. Ezin esan gerla honetan zein den berritasunik handiena. Lurreko gerran eta estrategiari dagokionez ziloena begitantzen zaigu berrien. “Hola bizi ala hil, zer ote da hobe?” galdera pausatzen du kazetariak. Alta, airezko gerra da ezezagunen, bai Eskualduna-k bai Kirikiñok zepelinen “balentriak” aletzen dizkigute. Bestalde Garros xori-gizona preso hartu dutela gaztigatzen digu Baionako kazetak. Italiaren balizko parte hartzea, Austria gerlaz asea omen, lehengo lepotik burua aste honetakoan ere.. Euskal Herrian gizona gerlan duten emazte eta seme-alabendako diru-laguntzen afera kezka iturri dira hainbat merentzat. Batxi onik dela diosku Kirikiñok.