Ots 12 04

Arestiren Bilbon oinez

Gabriel Arestiren poesiak Bilbo gogoratzen digu. Bilbon ere gogoan hartu daiteke Aresti, edo hori da behintzat datorren larunbatean otsailak 14, Literatura Eskolakoek egin asmo dutena. Goizean Koldo Izagirrerekin batera Gabriel Arestiri buruz aritu ostean, arrasti partean ibilbide bat egingo da. Arestiren jaiotetxea, inguruko kaleak, bere omenez daudenak, lagunen lanak… ezagutuko ditu bertaratzen denak. Ibilbidearen mapa, tokiak eta argibideak Interneten daude eskuragai. Hitzordua: Kalderapekon arratsaldeko 17:00etan.

Urt 22 04

Lezaman Mikel Zarate gogoratuz

Datorren apirilaren 10ean (larunbata) beteko dira 25 urte Mikel Zarate idazlea hil zela. Bere jaioterrian, Lezaman Zorrizketan euskara elkarteak ekitaldi andana prestatu du urtarrilean hasi eta apirila bitarte. Lezamako eskolako ikasleek “Bilbo irribarrez” liburuan oinarrituta antzerki obra bat estreinatuko dute urtarrilaren 30ean (ostirala) 18:00etan, Kukubiltxok Zaraten alegorietan oinarritutako Ekidazu antzezlana emango du 31an (larunbata) 20:00etan Derioko kiroldegian. Otsailaren 27an bihotz bakartien klubak Zarateren poesiekin prestatutako errezitaldia egingo du. Martxoaren 5ean “Mikel idazlea” mahai-inguruan batuko dira Joseba Butron, Gotzon Garate, Ander Manterola, Jon Kortazar eta Manu Etxebarria.

Urt 22 04

Iratzeder olerkiz olerki

Euskal Kultur Erakundeak Xabier Iratzeder idazlearen gainean “Iratzeder olerkiz olerki” literatur emanaldi bat prestatu du. Datorren urtarrilaren 29an (osteguna) 19:30etan Andoaingo Bastero kultur gunean emango dute eta otsailaren 12an (osteguna) 15:00etan Donibane Lohizuneko Maurice Ravel entzutegian.

Urt 15 04

Periferiak Bilbon

Livornon buruturiko Memorie Perifericheren ondoren, Periferikek bigarren ekitaldia Bilbon egitea pentsatu du. Berton izango ditugu topaketok 2004ko otsailaren 23a (astelehena) eta 29 (igandea) bitartean. Solasaldiotan izango dira John Berger, Lydie Salvayre, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano. En contre izeneko literatur ikuskizunean, otsailaren 25ean (asteazkena) 22:00etan Lydie Salvayre, Serge Teyssot- Gay, Marc Sens batetik eta Harkaitz Cano, Meritxell Cucurella, Pako Aristi, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe izango dira Bilboko Kafe antzokian.

Aza 20 03

Maiatzen 20. solasaldiak

Maiatz literatura aldizkariak urteroko solasaldiak antolatu ditu Baionako Elkartetxean (Pannecau karrika 47) azaroaren 25, 26 eta 27an. Azaroaren 25ean, (asteartea) 19:00etan Txomin Peillenek “Mende Joanaz” 50 urtez idatzi olerkien bilduma aurkeztuko du. 19:45etan hurrupaldia egin ostean, 20:00etan Piarres Aintziarten hitzaldia eta ondotik eztabaida Etienne Salaberri heletar filosofo eta kazetariaren inguruan. Eguna bukatzeko 21:30etan poesia errezitala Hondarribiko Aritz eta Irungo Pakurekin.
Azaroaren 27an (osteguna) 19:00etan Danielle Albizuren liburua “Lau sasoi, lau ipui” aurkeztu eta hurrupaldia egin ostean 20:00etan mahai ingurua izango da “Idazlea eta Ikusgarria: sortzaileen lekua ikusgarri antolatzaileei begira” gaiaren gainean. Koldo Amestoy, Itxaro Borda eta Pantxix Bidart arituko dira kalakan. Eguna eta ekitaldiak amaitzeko 21:30etan Koldo Amestoy eta Pantxix Bidartek emanaldi berri bat eskainiko dute.

Aza 06 03

Galeuscatik Azken aldarria eta Ixteko ordua

Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko idazleak batu ziren asteburuan Gernikan. Galeusca topaketen emaitza moduan, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko idazleen elkarteek testu bat eman dute, Iñigo Aranbarrik erredaktatua: azken aldarria (letra xehez, noski), galegora eta katalanera itzulia izango dena. Euskarazko bertsio orijinala dugu hemen irakurgai.
        Galeuscaren baitan, bestalde, Harkaitz Canok idatzitako Ixteko ordua antzezlana estreinatu zen. Gernikan jokatu zuten azaroaren 1ean Patxi Santamaria eta Itziar Lamuedra aktoreek, Aitzpea Goenagaren zuzendaritzapean. Antzerki testua ere osorik duzu.

Urr 23 03

Galeusca Gernikan

Historia eta oroimena gaitzat harturik azaroaren 1ean (larunbata) eta 2an (igandea) Galeusca burutuko da Gernikan. Larunbat goizean, aurkezpenak oro egin ostean hiru lantalde osatuko dituzte: Lehenengoan Fikziozko memoria gaia landuko dute: "Trantsizioaren oroimena" landuko du Jon Kortazarrek, "Novel lar la guerra civil per als lectors del segle XXI" Josep Françesc Delgadok eta "Divagación sobre a novela histórica e as nacións sin estado" Darío Xoh´n Cabanak. Bigarren talde batean memoria pertsonalak aztertuko dituzte. Joxemiel Bidadorrek "Euskararen memoria Nafarroan 36ko gerran: Larrekoren Gerla urte gezur urte" izango du hizpide, Armando Requeixok "Literatura do eu: autrodiéxese e historia no ensaísmo galego actual" eta Salvador Jáferrek "Exilis, deserts, pelegrinatges". Hirugarren lan talde baten poesia eta antzerkigintzaz jardungo dira. Xipri Alberbidek Piarres Lafitte ekarriko du gogora, Inma López Silvak Galiziako poesia eta antzerkia eta Rosa Calafatek Kataluniako poetak.
          Mahainguru eta hitzaldiez gain, ikuskizun bat ere izango larunbatean 22:00etan Gernikako Lizeo antzokian. Aitzpea Goenagak aurkezturik, Hasier Etxeberriak testu bat irakurriko du, Asier Serranok poema batzuk musikatu eta ostean Harkaitz Canok idatzitako “Ixteko ordua” antzezlana jokatuko dute.

Urr 02 03

Artozkiko liburuak

Irakurtzen dugun bitartean herri bat eraisten ari dira Nafarroan. Artozkiko etxeak, bordak, plaza, frontoia, abadetxea eta eliza botatzen ari dira; eta horrekin batera bertan batutako kulturgile askoren lanak eta liburuak. Juan Luis Zabalak bertan utzitako liburuekin batera, irakurle batek utzitako Susako zenbait liburu eta Txalaparta argitaletxearen obra batu dira Artezki deituriko ekimenean.
susa_zureminari_artozki liburuak_artozki agur_artozki artozki_liburuak

Urr 02 03

Literatura eskola Larrabetzun

Bihotz Bakartien Klubak irakurlearen matxinada aldarrikatzeko Literatura eskola antolatu du urriaren 18an (larunbata) hasi eta ekainaren 12a (larunbata) bitarte. Eskolen ardura Iñigo Aranbarri idazlearena izango da, baina hilero gonbidatuak izango ditu: Jose Luis Otamendi, Mikel Elorza, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre eta Kirmen Uribe besteak beste.

Ira 04 03

Mugek gainditzen gaituzte eta Eskubiko pareta

Oreretako Mikelazulokoek ekitaldi berezia presatu dute irailaren 12rako (ostirala) 20:00etatik aurrera Pasai Antxoko kultur etxean.”Mugaindituz: Mugek gainditzen gaituzte” dantza garaikidea, musika, pintura eta poesia elkarrekin uztartzen dituen performance proiektu berria da. Ostean, "Eskubiko pareta" ikuskizuna eskainiko dute non, antzerkia, poesia eta ilustrazioa uztartzen diren. Proiektu berri hau Mikelazulok ekoiztu du eta estreinaldi horren ostean, Senpereko Oxtikenea etxean eta Lasarteko Jalgi kafe antzokian ere eskainiko dituzte.

Abu 28 03

Olerkiaren abartxoetan Senperen

Senpereko Hatsa elkartea eta Maiatz literatura aldizkariak poesia ekitaldi bat antolatu dute irailaren 6 (larunbata) eta 7rako (igandea) Senpereko Oxtikenea etxean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez ekitaldiaren helburu nagusia “olerkizaleek eta olerki idazleek, eurak maite dituzten euskarazko olerkiak publikoari aurkeztea eta publiko artean olerki trukeak egitea” izango da. Ekitaldi berezi horretan parte hartzeko ez da ordu finkorik izanen, baina izena emateko epea abuztuaren 31arte dago finkaturik.
Parte hartzeko igorri mezuak: hatsaelkartea@aol.com edo maiatz@caramail.com helbideetara.

Abu 07 03

Anjel Lertxundi eta Iban Zalduaren hitzaldiak

Iragan uztailaren 17tik 19ra, Hasier Etxeberriaren zuzendaritzapean, “Idazketaren esperientzia: intuizioak eta irtenbideak (I)” izeneko jardunaldia izan zen EHUko Udako Ikastaroetan. Egun haietan entzun ahal izan ziren hitzaldietatik bi eskaintzen dizkizuegu oraingoan: Anjel Lertxundiren Ni poetikoa eta mentura eta Iban Zalduaren Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa.

Abu 07 03

Idauze Mendiko Ramuntxo pastorala

80 urtean pastoralik egin gabe egon ondoren, Idauze-Mendi herriak atondu eta ondu du aurtengo pastorala, Pierre Loti idazle frantziarrak 1897an idatzitako “Ramuntxo” nobelan oinarritutako izen bereko pastorala. Pier Pol Berzaitz musikari eta pastoralgileak idatzi du testua, batetik, Lotiren eleberrian ageri den euskaldunen arketipoak, eta, bestetik, istorio horren unibertsaltasunak erakarrita.
Berriak pastorala osorik eskaini du bere webgunean; eta testu osoa irakurri, afixa ikusi eta emankizunetako argazkiak ere kontsulta daitezke.

Uzt 03 03

Beti paratuko naiz gizonaren alde Lekeition

Lekeitioko Kale Antzerki jaialdiak aurrerantzean beti poema bat izango du goiburu moduan. Aurten Gabriel Arestiren Beti paratuko naiz gizonaren alde hautatu dute. Uztailaren 11tik 13ra bitartean burutzen da Lekeition Euskal Herriko Kale Antzerki jaialdia.

Eka 19 03

Sei hitzaldi Bilbo Zaharra Forum webgunean

Bilbo Zaharra euskaltegiak Euskal kulturaren ajeak eta literatura foroa antolatzen du 2001etik. Zortzi idazleren hitzaldiak izan dira egundaino, eta horietatik seirenak Interneten dauzkazu irakurgai: Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Pedro Alberdi eta, oraintxe berriki, Itxaro Borda.

Agenda

Efemerideak

Kritikak