Urr 10 11

Duela 200 urte jaio zen Xaho

Gaur berrehun urte dira Agosti Xaho jaio zela, Atharratzen 1811ko urriaren 10ean. Revue des voyants (1838), Ariel (1844) eta Uskal Herriko Gaseta (1848) agerkariak sortu zituen. Frantsesez idatzi zuen batik bat, liburuok adibidez: Paroles d’un voyant (1834), Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques (1836), Histoire primitive des Euskariens-Basques (1847) edo Biarritz entre les Pyrénées et l’Océan (1855). Xahoren euskarazko artikuluen bilduma Azti-begia eta Xahok apailatu baina sekula argitaratu ez zen Kantutegia, biak Patri Urkizuk plazaratu zituen 1992an eta 2006an.

Abu 30 11

Gautier jaio zela 200 urte

Gerard de Nervalen adiskide Theophile Gautier duela 200 urte jaio zen, 1811ko abuztuaren 30ean. Victor Hugoren defentsan jardun zuen Hernaniren Batailan. Balzacek lana lortu zion La Chronique de Paris egunkarian. Sainte-Beuve-ren ustez zutabegilerik onena izan zen. Arte Ederren Elkarteko lehendakari egin zuten. Haxix Zaleen Klubeko kidea zen Charles Baudelairerekin batera, eta Parnasse mugimendu poetikoa abiarazi zuen. Mademoiselle de Maupin (1835) eta Le Capitaine Fracasse (1863) nobelak dira Gautierren ezagunenak, baina euskaraz Onofre, gizon amorrazia kontakizuna (1832) besterik ez daukagu, Gerardo Markuletak itzulia, orain osorik sarean eskaintzen dizuguna.

Abu 16 11

Poeta New Yorken

Duela 75 urte, faxistek 36ko Gerra abiarazi zutenean, Federico Garcia Lorca idazle espainiarra Madrildik Granadara joana zen opor egun batzuk gurasoekin igarotzera. Primo de Rivera falangistaren adiskidea izan baitzen (ostiraletan elkarrekin afaltzen omen zuten, Gabriel Celayak kontatu zuenez), hasieran ez omen zen larritu harik eta etxea miatzera joan zitzaizkion arte abuztuaren 9an. Luis Rosales poetaren etxeko ganbaran ezkutatu zen, baina 1936ko abuztuaren 16an atxilotu egin zuten eta, Manuel de Falla musikariaren erreguei jaramonik egin gabe, torturatu eta hil egin zuten abuztuaren 18 eta 19 arteko gauean. Lauaxeta, Bitoriano Gandiaga, Juan San Martin, Sabin Muniategi, Gabriel Aresti, Harkaitz Cano… izan dira Garcia Lorcaren poemen euskaratzaile, baina Juan Luis Zabalari zor diogu lan handiena: Poeta New Yorken liburu osoaren itzulpena, 2003an Erein argitaletxeak plazaratua.

Abu 09 11

Orixe hil zen duela 50 urte

Beti dantza – Pioner V. eta ni poema izan zen Nikolas Ormaetxea Orixek idatzitako azkena: “Suziri Pioner, / hi baino gehio nauk / egon eta ibil; / nire barrenean / atergabe ari / zaizkidak lau gurpil. (…) Lau hoien izenak: / adimen, nahimen, / irudi ta gale; / elkarri zirika, / maitagarri diren / gauza denen zale”. Gaur 50 urte dira Orixe hil zela, Añorgako Zabalegi etxean 1961eko abuztuaren 9an. Poema gogoangarriak utzi zizkigun, adibidez: Beti lagun, Lizardiren heriotzan; Idorreria, gerratik ihes egin ostean Gursen; edo Amate baten itzalean, Ameriketara joana zela. Gure literaturako idazle handietarik da Orixe: Santa Kruz apaiza nobela, Barne-muinetan eta Euskaldunak poemak, Kiton arrebarekin oroitzapen liburua dira bere lan nagusiak.

maiatza 15 11

Max Frischen Su emaileak

Ehun urte dira Max Frisch jaio zela. Ospe handikoak dira Suitzako idazlearen nobelak (Stiller edo Homo Faber, bigarrena duela hamar urte Joxe Austin Arrietak itzulia), baina Max Frisch antzerkigintzan aritu zen batez ere. Su emaileak da bere obretan ezagunenetakoa, Antonio Maria Labaienek euskarari ekarria eta 1966an Egan aldizkarian argitaratua. Oraintxe teatro-testuak.com webgunean eman dugu digitalizaturik. Faxismoari buruzko alegoria hau Biedermann und die Brandstifter izenburuarekin idatzi zuen 1953an irratirako, eta 1958an moldatu zuen telebista eta oholtzarako.

maiatza 11 11

Julene Azpeitiaren 100 ipuin

Julene Azpeitiak Burgosen irakasle ziharduela, 1949tik 1952ra bitartean idatzi zuen Amandriaren altzoan liburua, 100 ipuin laburrez osatua. Aurten 50 urte dira bilduma eder hura Kuliska Sortan argitaratu zela, eta gogoan dauzkagu Juan San Martinek hitzaurrean paratu zituen hitzok, 1961ean: “Urri dira euskaraz Amandriaren altzoan bezain liburu onak haurrentzat. Gehiago esango nuke: oraindik zentzura sartzeke dauden umeentzat ere euskara trakets eta baldarrean egindako liburuak ikusten ditugula, pedagogiaren funtsik gabe. Julenek bete digu hutsune handi bat”.

maiatza 07 11

Txitra, Tagoreren antzezlan bat

Rabindranath Tagore Kalkutan jaio zela 150 urte direla-eta hainbat ekitaldi badira Bangladesh eta Indian. Guk ere aitzakia hori baliatu dugu, idazle bengaliarrak 1892an idatzitako Chitrangada antzezlanaren itzulpena, Txitra, Balendin Aurre Apaizek 1962an Egan aldizkarian argitaratua digitalizatzeko eta teatro-testuak.com webgunean paratzeko.

maiatza 05 11

Orain 50 urte hil zen Zerbitzari

Lehen Mundu Gerrako kronikengatik da ezaguna gure literaturan Jean Elizalde Zerbitzari; Eskualduna aldizkarian plazaratu zituen 13 zatitan, lehenengoa 1936ko abenduaren 25ean eta azkenengoa 1937ko abuztuaren 27an, eta Patri Urkizuk bildurik Alberdaniak berrargitaratu zituen 57a gerlan liburuan. Idatzi zituen baita ere Metsikorat izeneko kronika sail bat, olerkiak, ipuinak eta antzerkia. Jean Elizalde apaiza duela 50 urte hil zen Lekornen, 1961eko maiatzaren 5ean.

Api 19 11

Manuel Bandeiraren antologia

Joseba Sarrionandiak Manuel Bandeira (1986-1968) poeta brasildarraren antologia bat prestatu zuen 1999an, Pamiela argitaletxeak plazaratua. Apoak poemarekin oso ezagun egin zen Bandeira 1922an eta Libertinagem (1930) izan zen liburu estimatuena. Honela diosku Sarrionandiak hitzaurrean Bandeiraren ahotsari buruz: “Espero zuen heriotzari, Brasilgo jendeari eta eguneroko bizimoduari buruzko poema ederrak izkiriatzeko estilo apal bat moldatu zuen (…) gauza sinpleak atzeman eta, handiuste eta harrokeriarik gabe, samurtasunez adierazten zituen”.

Mar 29 11

Orain 100 urte jaio zen Atxukale

Jose Antonio Arkotxa, izengoitiz Atxukale, orain mendebete jaio zen Mutrikun, 1911ko martxoaren 29an. Argia, El Dia eta Euzkadi agerkarietan plazaratu zituen bere lehen idazkiak. Gerra garaian preso hartu zuten, baina heriotzara zigortua izan arren, azken uneko indultuari esker etxeratu zen. Ondoren Ondarroan bizi izan zen berrogei urtez; Kresala elkarteko bultzagile eta antzezle jardun zuen, 16 obra idazteaz gainera. Egan aldizkarian 1957an argitaratutako Gabon-gabontzeta duzu haietako bat, Atxukaleren omenez orain teatro-testuak webgunean paratu duguna.

Mar 22 11

Lotsati hil zen duela 75 urte

Oso gazterik hil zen Gurutz Sarasola Lotsati duela 75 urte, 1936ko martxoaren 22an, bere burua trenari botata Donostiako burdinazko zubian. El Día eta Euzkadi egunkarietan argitaratu zituen poema gehienak, 1935eko irailean hasita. El Dia agerkarian bertan, Lotsatiren liburua argitaratzear zegoela iragarri zuten bost egunez, 1936ko urtarrilaren 16tik 21era (“Lotsatiren olerkiak laster jarriko dira salgai”), baina ez zen halakorik gertatu. Jon Arano izan da haren lanez gehien arduratu dena, eta Alvaro Rabellik iaz Lotsatiri buruzko Ilunpetik argira liburua plazaratu zuen Alberdania etxearekin.

Mar 15 11

Duela 25 urte sortu zen Zintzhilik aldizkaria

1986ko martxoan, orain 25 urte agertu zuen Zintzhilik aldizkariak lehendabiziko zenbakia, Gasteizko Filologia fakultatean. Urte hartan bertan, abenduan, ekarri zuen bigarren zenbakia; eta ondoren urtero ale berri bana 1994 arte. Lan gehienak ikasleek eta irakasleek idatzitakoak ziren. Egileen artean (batzuetan ezizenez mozorroturik) idazle ezagun bilakatu direnak irakurriko dituzu: Andolin Eguzkitza, Miel Anjel Elustondo, Xabier Etxaniz Erle, Vicent Gil de Paules, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta.

Ots 24 11

Euskal mutillak armetan

Frantzisko Apalategik dozena bat urtez jardun zuen, 1922an hasita, karlisten eta liberalen arteko bigarren gerrako soldaduen testigantzak biltzen, eta haietako batzuk oraintxe 50 urte argitaratu ziren Euskal mutillak armetan kronika eta elkarrizketa liburuan (Auspoa, 1961). Adibide gisa, hemen Lizarrako pasarte bat, Patxi Juaristi azkoitiarrak kontatua: “Balak hanka hezurrean jo ninduenean, deiadar egin eta Arretxekoak atzera begiratuz esan zidan: ‘Jo al haute?’. Bada orduantxe bertan berari lepotik sartu saihetseraino. (…) Nik nire zauria buztinekin estali nahi baina eskua nekatu eta berriz ere odola bazihoan. Euri asko egin zuen eta ura goiko zanga aldetik gu geunden beheko aldera zetorren, goiko aldean zauritutakoen odolekin gorriturik”. Gerra garai hari buruz nobelarik idatzi nahi duenak hobe du Apalategik jasotako testigantzak irakurri, beste liburu batzuk baino.

Urt 26 11

Errepresioa eta erresistentzia

Gure literaturan Martin Ugalde izan zen lehena ipuina literatur genero moderno gisa lantzen. Duela 50 urte, 1961eko urtarrilean Caracasen argitaratu zuen bere hirugarren baina euskarazko estreinako ipuin liburua: Hiltzaileak. Bost kontakizunotan gerrako eta gerraosteko errepresioa eta erresistentzia kontatzen dira. “Euskal borrokak ernarazitako fruitu beroak dituzue” idatzi zuen Andima Ibinagabeitiak hitzaurrean. “Beharrezkoa genuen euskotarrok ere gudu-literatura gartsu bat. Negargarria, baina, oraindik euskaldun batek ere ez ditu liburuetan euskaraz eman orduko gertari deitoragarriak. Gerrari suminok inoiz gure gaztediak ahaztuko balitu, akabo gure itxaropena”.

Urt 19 11

Duela 50 urte basamortuan

“Nik lurralde guztietarako gogoa izan dut beti, gauza berri asko ikusteko egarria”. Augustin Anabitartek esaldi horrekin hasten du Aprikako basamortuan, idatzi zuen azken liburua, orain dela 50 urte Itxaropena argitaletxeak Kuliska Sortan plazaratua. “Larrialdi gehienak pasa ditudaneko lekua Sahara izan da”. 1954an basamortuan egindako bidaiaren kronika egiten du; Kairouan ontzian Marseillatik abiatu eta Aljerrera aurrena: “Galarazia dute emakumeek gizonekin kalean hitz egitea, are gehiago kanpotarrekin (…) Gehien harritu ninduena, neskari txilabaren azpian zapatak takoi luzeekin ikusteak”. Eta ondoren Aljeriako lurraldeetan barrena: Busaada, Briska, Tugurt, Uargla, Gardaia, El Golea, Timimun eta Adrar (horiexek dira kapituluen izenburuak).

Agenda

Efemerideak

Kritikak