Abe
31
20
Nigeriako eta ogoni nazioko idazle eta ingurumen-ekintzaile garrantzitsua izan da Ken Saro-Wiwa. Gaztetan antzerkian jardundakoa, literatur-irakaslea, Nigeriako Gerra Zibilean estatu federalaren alde egin zuen, eta izan zuen administrazioan posturik. Telebista ekoizle arrakastatsua izan zen, baina agintearekin arazoak izan zituen, gobernu militarrarekin oso kritiko ageri zelako. Herri ogoniaren eta haien lurraren defentsan nabarmendu zen 80etatik aurrera —haien lurrak petrolio ustiapenek hondatuak izan dira—, eta naturaren aldeko borrokagatik hainbat errekonozimendu jasotakoa da. Eta baita idazle lanagatik ere, hainbat eleberrik (Sozaboy: A Novel in Rotten English ezagunena, Lemona’s Tale), narrazioek eta antzerki-lanek osatzen dute haren obra. Beste zortzi kiderekin batera haien herriko lau agureren hilketaz salatua, epaitua eta heriotzara zigortua —gezurrezkotzat jotzen diren salaketa eta epaiketa—,1995eko azaroaren 10ean hil zuten, urkatuta. Nigerian bertan protesta handiez gain, Afrikako hainbat estatu eta lider esanguratsuren (Mandela, Mugabe, Arap Moi…) eta Mendebaldeko estatuen kritikak eta bahimenduak, eta baita Nazio Batuen Erakundearen kontrako ebazpena eragin zituzten exekuziook. Urkamendian hil zezaten baino sei urte lehenago Afrikak bere eguzkia hiltzen du ipuina kaleratua zuen, nolabait ere bere heriotzaren iragarpena bilakatu dena. Saro-Wiwa hil zutela 25 urte bete direnean, euskaraz eskaintzen dugu.
Abe
25
20
125 urte bete dira abenduan Paul Eluard poeta jaio zela. XX. mendeko poesiaren gailurretako bat, hainbat poema ditugu euskarari ekarriak, ezaguna gure artean Gernikako bonbardaketari eskaini ziona. 2013an Ekaitz Sirventek Capitale de la Douleur (1926) liburuko zortzi poema euskaratu zituen eta Ataramiñe aldizkarian argitaratu. Orain hemen ere irakur ditzakezu.
Abe
10
20
Duela mendebete, 1920ko abenduaren 10ean jaio zen Clarice Lispector. Ukrainan munduratutako idazle brasildarra, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da, Brasilgo literaturan ezinbesteko erreferentzia. Emozioen lirika baten jabe, ez-estilo oso berezia lortu zuen poeta, 56 urte zituela hil zen, minbiziak jota. Iñigo Roquek Zorion klandestinoa ipuin-liburua ekarri zuen euskarara (Igela/Erein, 2015); bi urte lehenago obra horretako Zorion ezkutua ipuina emana zuen Elearazi agerkari digitalean Danele Sarriugartek. Mendeurrenaren karietara, Lispectorren bederatzi poema dakartzagu orain, Mikel Elorzak itzuliak.
Abe
03
20
1970. urteko abenduaren 3an abiatu zen Burgosko auzia. 16 euskaldun epaitu zituzten, eta Gisele Halimi Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioaren ordezkaria izan zen bertan lekukotzak hartzen. Halimik Le Procès de Burgos liburua eman zuen argitara 1971an Parisen eta Gisele Halimiren Burgosko Auzia liburuari Jean Paul Sartrek egin zion hitzaurrea. Txillardegik euskaratua, ETAren Zutik aldizkarian kaleratu zen 1971an berean. Sartreren jaiotzaren mendeurrenean -2005ean- Markos Zapiainek Sartreri buruzko artikulu bat –M’ongoloon malura– idatzi eta 1971ko hitzaurrea berriz euskaratu zuen.
Jean Paul Sartre garaian kokatzeko asmoz Txillardegik haren heriotzean idatzitakoa gogoratuko dugu, Sartre: lekuko eta gidaria: “Sartre-ren ikuspuntuak, horretara, ezin garrantzitsuago gertatu dira guretzat; Sartre, bere heterodoxia guztien gainetik, errotik egon baita beti gizarte burgesaren kontra. Eta, behin eta berriz erakutsi duenez, eskuarki estimatu ohi diren «ohore»en oso gainetik ere ibili baita. Sartre ez da sekula «la voz de su amo» izan. Eta inork baino hobeki dakigu abertzaleok: ETA krisi betean zegoelarik, eta Burgos-ko Auzi famatua PCEk bere alde manipulatzeko dena prest eduki uste zuenean, Gisele Halimi-ren liburuarentzako bere Hitzaurre bikaina idatziz, sozial-inperialismoaren jokoa agerian utzi zuen. Burgos-ko arazo historiko hura ezintasun ia osoan bizi izan genuen abertzaleok betirako izango gatzaizkio Sartre-ri zordun“.
Jean Paul Sartre gurean sortu genuen 2005. urtean, euskarari ekarritako lanak bertan batu asmoz.
Abe
01
20
Mikel Laboak hiru ildotan sakondu zuen bere sormen lana: Herri kantagintzaren berreskurapen eta hedatzean, esperimentazioan (lekeitioak) eta idazleen testuen ahairetzean. Bere heriotzaren urteurrenarekin, musikatzeko aukeratu zituen testu batzuekin osatutako LP bat proposatzen dizuegu, jakinik Laboaren kantagintzak euskaldunon belaunaldi askoren imaginarioan duen eraginak mugatuegi ere bihur dezakeela, nork bere LPa duela.

A aldea
Egun da Santi Mamiña
(
Gabriel Aresti) 1966
Gaberako aterbea
(
Bertolt Brecht) 1969
Izarren hautsa
(
Xabier Lete) 1980
Herria eta hizkuntza
(
Xalbador) 1980
Martxa baten lehen notak
(
Joxean Artze) 1980
B aldea
Lizardi
(
Bernardo Atxaga) 1985
Sorterriko koblak
(
Joseba Sarrionandia) 1985
Oroitzen zaitudanean, ama
(
Joseba Sarrionandia) 1994
Gure hitzak
(
Bernardo Atxaga) 1999
Sustraiak han dituenak
(
Joseba Sarrionandia) 2005
Emari eta sakonera handiko ibaia harri batetik bestera jauzika zeharkatzeko ahaleginean irudikatu dugu Laboa. Gabriel Aresti musikatu zuen lehenik, artea artearen aldeko aldarri ozenarekin eta klase kontzientziatik euskal poesia modernitatera ekarri zuen hura, Ez Dok Amairun bidelagun izango zituen Artze eta Lete, Arestik itzulitako Brecht, Aresti aitapontekotzat izan zuen Atxaga, Atxagaren bandakide izan zen Sarrionandia. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, gure hitzak esan, ez daitezela gal, ez daitezela ahaztu. Nekez uzte du bere sorterria, sustraiak han dituenak. Oroitzen zaitugunean…
OHARRA: Datak kantak argitaratu ziren urteei dagozkie, ez testuak sortu zirenekoei.
Urr
30
20
Sagartzazu’tar Kauldik izenpetu zuen Txinpartak poema liburua 1922an, Satarkak izenpetu zuen gai eta estilo bereko Intza Begietan 1957an. Bildumatxo honi Manuel Lekuonak egin zion sarreran irakur genezake ezizen hori “lotsatitasunez” sortua dela edo datekeela, baina Klaudio Sagarzazu adiskidearen poemak ez direla lotsa emangarri. Hagitz polita da Lekuona zaharraren sarrera labur hauxe, eredugarria ere bai eskaera estugarri bati zelan egin ihes ikasteko. Malkoa eta eztia, txoriñoak eta liliak, ama hilaren doluzko deitore lazgarriak… Poesiakeria izan ohi da poesiaren gaitzik handiena. Olerkarien hanpaduratik urrun eta Otañok eta Iraolak urratu zuten bertsogintza hausnartu eta estilo gozoko hartara ezin iritsirik, Sagarzazuren obrak argiki derakus Barbier, Beccas eta Ithurralderen herrikoitasun kultuaren kalitatea Iparraldean eta Emeterio Arreseren ahalegin bakan bezain ederra poesia zibil bat eraikitzen Hegoaldean. 1950ean sortu zen Euzko Gogoa aldizkaria. Otsalar, Mirande, Aresti… poesiaren beste kontzeptu batzuk hasiak ziren umotzen 1957rako. Satarka jaio zela urriaren 30ean 125 urte bete diren honetan, irakurgai dituzu haren bi poema liburuok.
Urr
27
20
Mexikoko Zacatecasen 1930eko urriaren 27an jaioa, idazle eta artista plastiko kubatarra da Fayad Jamis. Kubara umetan joana, margotzea eta idaztea izan zituen betidanik jardun. Gaztetandik arte munduan murgildua, erakusketa anitz egindakoa, kazetari-lana izan zuen ogibide zenbait agerkaritan, eta poemak idaztea jardunbide, XX. mende erdialdeko Kuban izen inportante bat bilakatuz, hala iraultza aurretik nola ondoren. 1988an hil zen Habanan. Jaio zela 90 urte direla, haren 10 poema euskaratu ditu Koldo Izagirrek
Urr
09
20
1930eko urriaren 10ean jaio zen Harold Pinter. Antzerkigintza britainiarraren XX. mendeko izen ezinbestekoa, aktore, gidoilari, ekoizle edo zuzendari gisa egindako lanaz gain, autorea da, ororen gainetik, Harold Pinter. 50 urteko lan ibilbidean obra asko idatzitakoa, II. Mundu Gerraz geroztiko erreferentea da gaur egungo antzerkigintzan. 2005ean Literatura Nobel saria jasotakoa, Elkar argitaletxeak Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk liburua kaleratu zuen, Iñigo Errastik euskaratuta. Liburu horren eduki bikainaren erakusle eskaintzen dizuegu obra horietako bat, Alaska moduko bat.
Ira
25
20
Poeta da ezaguna, hainbat poemario eta bereziki Paterson obragatik, baina narradorea ere izan zen, eta eleberriak eta ipuinak ere baditu. AEBetako literaturan XX. mendeko izen handietako bat da William Carlos Williams-ena. Idazle ez ezik, pediatra ere jardun zuen, eta hango esperientzietatik abiatuz, besteak beste, ondu zuen Indarraren erabilera (The Use of Force), haren narrazio ezagun bat, kontzientzia sozialak bere literatura eta depresio ekonomikoak gizartea blaitzen zuten garaietan Blast aldizkari proletarioan argitaratua (gerora, 1938an, Life along the Passaic River narrazio bilduman emana). Euskaraz irakur dezakezu orain Mikel Elorzak euskaratua.
Ira
03
20
Irailaren 3an, duela 80 urte, jaio zen Eduardo Galeano idazle uruguaitarra. Bizitzarekiko konpromisoa izandako idazle eta kazetaria, ezkerreko ideia eta balioen idatzizko erreferente, Las venas abiertas de América Latina edo Memoria del fuego obrek letretan handien artean tokia egin zioten. 40tik gora liburu idatzia, haren hainbat lanetan istorio eta pasarteen bitartez bilbatzen da historia, letra xehez osatuz larria, ertzetik eta ertzei erreparatuz idatzita beti ere. Atal txikiz osatzen du “mundu ia ororen historia” Ispiluak liburuan ere (Txalaparta, 2013, Xabier Alegria itzultzaile), eta haietako batzuk dakartzagu hona. Hitz ibiltariak (Txalaparta, 2000) eta Emakumeak (Txalaparta, 2019) liburuak ere badaude euskaratuta, beste zenbait istorio eta poemaz gain.
Abu
16
20
Mendea bete da abuztuaren 16an Charles Bukowski jaio zela. Idazle deabruen artekotzat sailkatua, alkoholarekin eta jendartearen hegiekin izandako harremanak markatu zuen haren bizitza eta ardaztu haren literatura. Nobelagilea, ipuinlaria eta poeta, Bukowskiren hainbat lan irakur daitezke euskaraz, eleberriak eta poemak. Mendeurrenaren karietara, Josu Lartategik euskaratutako Poema antologia, (Susa, 1997) jarri dugu osorik online, eta baita beste zazpi poema ere, Hezurrezko xirulak (Elkar, 1991) liburuan Joseba Sarrionandiak itzulitakoa bata, eta beste seiak Josu Lartategik berak euskaratuak, Hegats aldizkarian emanak.
Abu
12
20
200 urte bete dira Jose Mari Iparragirre jaio zela. Urretxun sortu zen 1820ko abuztuaren 12an Euskal Herriak eman duen kantari ezagunenetako bat. Aro erromantikoen seme, Argentinara joan eta etorreran Madrilen, Europan, Euskal Herrian kantuak sortzen eta zuzenean eskaintzen dagoeneko gure ondare lirikoaren pieza garrantzitsuak direnak ondu zituen, gure poeta kantatuena bilakatuz. Kantuok seguruenik beste batzuen kalitate gorena ez badute ere, herriaren sentimenduekin bat egiten asmatu zuen eta entzulearengana aise iristen diren letra eta melodiak dira. Bigarren mendeurren honetan, Hiriak haren kantu eta poemekin osatutako liburua, Olerkiak eta eresiak, eskaintzen dizuegu.
Abu
08
20
1965eko abuztuaren 8an zendu zen Shirley Jackson idazle estatubatuarra. 48 urte lehenago San Franciscon jaioa, narrazio laburreko maisu izan zen, beldurrezko narratibaren XX. mendeko gailurretako bat. Eleberriak ere idatzi zituen (The Haunting of Hill House, esaterako). Ipuinak argitaratzen hasia, The Lottery narrazioak, 1948an The New Yorker-en argitaratua, eman zion sona handia. Sakoneko AEBetako herrietan kokatutako istorio durduzagarria, euskaraz irakur dezakezu Loteria, Izaskun Etxebeste Zubizarretak bikain euskaratua.
Uzt
11
20
Bost urte uztailaren 5ean Freedom Nyamubaya hil zela. Iraultzailea, dantzaria, nekazaria, ekintzaile feminista eta poeta. Zimbabweko askatasun gerran komandante, lan politikoan engaiatu zen independentzia ostean ere. Bi poemarioren egile, On the Road Again (1985) liberazio osteko poemategitik zortzi ale euskaratu ditugu. Hemen dituzu irakurgai.
Eka
04
20
1989ko ekainaren 4 batez hil zen Richard Rive idazle hegoafrikarra, 58 urte zituela. Lurmutur Hirian jaio eta hazia, bere herriko populazio beltzaren bizimoduak eta erregimenaren latza deskribatu zituen bere literatur lanetan, ipuinak gehienbat. Seigarren Barrutia —bere auzunea, apartheidak indarrez hutsarazia 70etan—izeneko eleberriak izan zuen oihartzunik, eta baita Eserlekua (The Bench, 1963) ipuinak ere, AEBetan Rosa Parks-ek egindako keinu antisegregazionista oinarri duen narrazioak. Arraza aferak puri-purian dauden egunotan, Eserlekua dakarkizuegu, Mikel Elorzak euskaratua.