Api 25 19

Beste lau narrazio

Beste lau ipuin eskaintzen dizkigu ipuina.eus atariak, lau narrazio arras desberdin. Zaharrena Pedro Mari Otañorena da, Buenos Airesko La Baskonia aldizkarian argitaratua. Dirua ez irabaziagatik galgarri ez delakoan, bertsolaritzari utzi ezin dionaz dihardu Ahuntzak larrera ipuinean zizurkildarrak, amaieran ikaskizuna ekarrita ere, kontakizun modernoa izan daitekeen horretan. Klasikoagoa da Bingen Aizkibelena, 1917koa, euskal anai-arreben arteko gatazkan adiskidantzaren aldarria egin nahi duena, Iturmendiko zoroa. Lauaxetaren narrazioa dugu Betiko, 1932ko kontakizun soila, Euzkadi agerkarian publikatua, hondartzara egindako txango bat aitzakia, gizon-emakumeen harremanez diharduena. Poesian landu zuen modernotasuna gaiaren lanketan ageri ez duena, bidenabar esanda. Baina gaurkotasuna laugarrenean dugu, Laura Mintegiren Teresa narrazioan. 30 urteren ondoren egungotasunik galdu ez duena, espaloian kartoietan bizi den Teresaz eta haren bitartez jendartearen bazter batetaz diharduena, estiloz eta kontakeraz ausart.

Mar 29 19

Lau ipuin berri

Bere garaiko eta geroko iritziek bat egiten dute Errose Bustintzak ipuinak egiteko duen trebetasuna goratzen. 1930eko hamarkadan, batik bat, eman zituen argitara aldizkarietan, 90era arte liburuan bildu ez zirenak. Haren Gizona gizontxo (Euzkadi, 1935) da ipuina.eus atariak martxoan eskaintzen dituen ipuinetarik bat, emakumezkoaren ahotsa ageri duena erabat gizonezko mundu batean, ipuinaren moraleja halakoa izanagatik ere.  XIX. mendean hainbat lan eta egileren plataforma izan zen Euskal-Erria aldizkarian plazaratu zuen Karmelo Etxegaraik, 1888an, Malko bedeinkatuak, kostunbrismo beteko ipuina, estilo gozoan idatzia. El Bidasoa-n 1955ean argitara emana,  Arrats gorri narrazioan 36ko gerra eta zehazki Irungo borroken inguruko kronika  dagi idazten ez ezik margogintzan nabarmendutako Antonio Valverde Ayalde-k. 1972koa dugu azkena, urte hori izenburuan zeraman liburu kolektiboan argitaratua, Ibon Sarasolaren Oroitzapen desmemorituaren egunek II. Ipuingintza eta orokorrean gure literatura gaur egunera —gaietan, estiloan, pertsonaietan…—jauzia eman zuen garaikoa.

Ots 15 19

Lau ipuin gehiago

Lau ipuin gehitu dizkiogu ipuina.eus egitasmoari. Amaia Lasak idatzitako Rita da lehenengoa:  “Emakume beltz bat naiz, Rita dut izena”, deklarazio indartsuaz hasten da 1988an plazaratu zen narrazioak, Harlemen —baina nonahi dago Harlem—, kokatutako istorioan. Eta horrekin batera beste hiru, XX. mende osoa zeharkatzen dutenak. Nemesio Etxanizen Azkoititik Elgoibarrera Katuin zuloa, 1927koa, kronika estiloan ipuina barruan dakarrena.  Aintzina aldizkarian hiru X handiz sinatua datorren Presonieraren segeretua da bestea, Etienne Salaberrirena (1942koa).  XX. mundu gerran atxilotze-zentro batean, Stalag IVan, dauden bi presoen gertatuak dakartza kontakizunean, alemanen etxe batera lanera doazela: gerrako kontu latz bat, egileak berak ixtorio deitutakoa.  Ipuin betz bat azkenik, Xabier Gereñoren Estalki zuriaren misterioa, 1979an argitaratua.

Urt 27 19

Ipuinaren gunea

XIX. mendetik hasi eta XXI.era bitartean euskal literaturan ipuingintzak egin duen tokia eta bidea bilduko du ipuina.eus webguneak, Armiarma proiektuaren egitasmo berrienak.  Koldo Izagirrek batu eta aukeratu ditu ipuinak, liburuetan argitara emanak batzuk, aldizkarietan publikatuak beste asko, gure egile ezagunenak gehienak, eta baita halako oihartzunik ez dutenenak ere. Oso genero inportantea da ipuinarena, eta asmo honek euskal literaturan izan duen garrantzi eta bilakabidea erakutsi nahi du.  Oraingoz 21 ipuin daude irakurgai, eta hilero gehiago gehituko dira Literatur Emailuen bitartez horren berri emanez. Gure literaturaren atal oso eder eta garrantzitsu batez gozatzeko aukera paregabea, batetik; eta testuen bitartez gure literaturaren bestelako ikuspegi batzuk ezagutzeko parada, bestetik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak