Ira
29
05
Euskal Literatura Klasikoaren corpusa osatzeko xede aratzaz ez hain aspaldi ekindakoari segida ematera dator gaurkoan Klasikoen Gordailua, izan ere, gure letretan argi propioz nabarmendu diren bost autoreren idazlan berriak eskaintzen baititu dagoeneko amaraunean.
XVIII. eta XIX. mendeetako euskal letren suspertzaile izan zen Manuel (Garagorri) Larramendiren luma zorrotz-ironikoak sortutako Euskal testuak (1729-1766) aurkituko ditu sare-itsasturiak lehendabizi. Andoaindarraren kemenaren itzalpean zaletu zen Sebastian Mendibururen Jesusen bihotzaren debozioa (1747) (baita bigarren edizioan harekin batera argitaraturako Kongregazioko Reglak ere) eta Igande eta festegunetarako irakurraldiak (ca. 1775) ere eskura izango ditu gero liburutegi birtualeko saguak, prosa garai eta distiratsuan burutuak. Egungo prosatik hurbilago, Agirre Asteasukoaren Erakusaldiak izeneko obra mardularen 2. eta 3. liburukiak (1803-1823 bitartean idatziak) gorde-zabaltzen ditu halaber Gordailuak bere baitan.
Intsentsu-usaina zertxobait idargetzeko, Joanes Etxeberri “Sarakoa”ren 1718ko Lau-Urduri gomendiozko karta, edo guthuna duzu irakurgai, eta Joan Bautista Gamiz jesuita lego arabarraren (1696-1773) amodiozko “dabilcenchoac” (= “seguidillas”) eta bertsoak, Euskal Olerkiak estekaren atzean.
Ira
22
05
Euskal literaturako testu klasikoen gordailuan liburu berriak gehituko ditugu hemendik eta urte amaiera bitarte. Guztira ia 60 liburu gehiago izango dira urte amaieran. Hamabostean behin; gaika, garaika edo autoreka lotutako liburuak gehituko dira Klasikoen Gordailua gure atarian.
Datorren astean, XVIII. eta XIX. mendeetako idazle Manuel Larramendiren liburuak, Sebastian Mendibururen obrak eta Agirre Asteasukoaren bi liburuki ere eskainiko ditugu. Azkenik Joan Bautista Gamizen Euskal Olerkiak ere sarean izango dira.
Eka
09
05
Idazle handi eta literatur eragile handiagoa da, seguruenik, Nikolas Ormaetxea Orixe. Idatzi zituenenegatik ez ezik bere garaiko idazle eta kultur eragileengan izan zuen itzalagatik. Pizkunde garaiko protagonista, Euskal Olerkiak eta Barne muinetan 30eko hamarkadan argitara emana, poesiaren alorrean Euskaldunak lan eskerga ere plazaratu zuen. Itzultzaile, kronikagile, saiogile eta nobelista ere izan zen. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Susa argitaletxeak bere poemen antologia bildu zuen.
Api
14
05
Euskal literaturaren lehen agerpenetik –Lingua Vasconum Primitiae (Bernard Etxepare,1545)- 1936ko gerrak ezartzen duen mugara arte ekoitzi diren euskarazko literatur testuak batzen ditu Klasikoen Gordailuak. Gordailua, testu horiek denak batu ditugun lekua delako. Ez gordeta edukitzeko, ordea. Irakurtzeko, erabiltzeko, ezagutzeko testuak dira, eta hala balia daitezen da gure asmoa.
Klasikoen gordailuan bi ahaleginen batuketa dago: Patxi Salaberri Muñoa idazle eta irakasleak egin eta zuzendu zuen Euskal Testuen Gordailua eta Susa literatur argitaletxeak abian jarritako Armiarma literatur ataria. Bien batzetik sortu da Klasikoen Gordailua; gure argitaletxearen ekimenez eta Patxi Salaberriren zuzendaritzapean.
Euskal literaturako testu klasikoen gordailua apirilaren 14an (osteguna) 20:00etan aurkeztuko dugu Gasteizko Goiuri-Villasuso jauregian, gonbidatuta zaude.