Aza
22
06
Jon Alonsori nobelak eta saiakerak ezagutzen dizkiogu lehendik. Susak oraintxe argitaratutako Erretzaileen eremua da bere aurreneko ipuin liburua. Hamahiru narrazioetatik hiru eskaintzen dizkizugu hemen, eta irudizko bideo bat ere bai, liburuaren trailer gisara Alonsok egina. Sekula ezer erre ez dugun erretzaileok ez dugu erretzeari uzteko ametsa alde batera utzi.
Aza
21
06
“Ez dizu onik egingo” aste honetako spotak ere: Begiak galdu arte, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egina. Badira ohean bakarrik irakurtzen duten irakurle porrokatuak, badira ohean sekulan irakurtzen ez duten irakurle amorratuak. Batzuk eta besteak ez dira berdin eranzten oherakoan. Hurrengo astean, Oihana Leunda eta Jon Benitoren iragarkia.
Aza
15
06
Bernat Etxepare, lehen euskal liburua argitaratu zuen hura bera da Beñat Dardo, Joxan Oizen lehen nobelako protagonista. Paueko espetxetik Garazira preso bidalia izan zenetik Linguae Vasconum Primitiae Morpainen Bordeleko inprimategira eraman artekoak kontatzen ditu eleberriak; baina baita ere gaztetako kontuak, Martin Bereau kartzelazainak arretaz aditzen dituenak. Nobela hau idazteko Jaka Beka saria izan zuen Joxan Oizek. Azaroaren 22an (asteazkena) 11:00etan aurkeztuko du Susa argitaletxeak Donostiako Bilintx liburudendan.
Aza
14
06
Natxo Escobar eta Gorka Arreseren spota duzu aste honetakoa, Zakur ametsa. Zakur batek amesgaiztoa kontatzen digu: bere jabeak oporretan asmo bakar bat besterik ez dauka, fikzioak irakurtzea. Datorren astean, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egindako iragarkia.
Aza
08
06
Kartzelatik idatzi izan du beti Jokin Urainek: bi nobela, kronikak, poemak… Hogei urte darama preso. Errotarria liburu berria 1936tik 2005era bitartean jazotako borroken eta derroten antologia bat da, idazleak entzun eta irakurritakotik, hausnartu eta bizi izandakotik ekarria. Kronika bilduma duzu Errotarria, errepresioaz eta kartzelaz eta deserriaz diharduena. Azaroaren 14an (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.
Aza
07
06
Astero spot bat, olgeta moldean egindako iragarkiak erakutsiko dizkizuegu, “Ez dizu onik egingo” leloarekin denak. Aste honetakoak Literatur hautsa du izenburua, Juantxo Sardon eta Eider Rodriguezek errodatua, Lander Garro aktore duela. Hurrengo asteetan gehiago izango dira: Natxo Escobar, Aitor Bengoetxea, Josu Landa eta Oihana Leundak egindakoak.
Aza
01
06
Ostegun honetan Literatur Emailuek badute zer ospatua. 2002ko urtarriletik hona ostegunero e-postaz egindako bidalketetan, 250.a izan da aste honetakoa. Zifra biribil hori ospatzeko, bost poetaren errezitala eskaintzen dizugu gaurkoan: Edu Zelaieta, Paddy Rekalde, Xabi Borda, Gotzon Barandiaran eta Leire Bilbao. Zortzina poemaz, ia ordubeteko gozatu ederra entzuteko, aurretik Susaren webguneko audioa atalean zegoen sail luzearen osagarri. (gehiago…)
Urr
24
06
Juan Luis Zabalaren Galdu arte argitaratu zela 10 urte dira oraintxe. Aitzakia horrekin bildu ditugu Zabalak liburuari buruzko solasaldietan erakutsi izan dituen argazkiak. Azkoitiko gaztetxearen eta Gazte Asanbladaren mobiden inguruan 1984, 1985, 1986 eta 1987 urteetan eginak dira, zerikusi estua dutenak Galdu arte nobelaren oinarrian dagoen giroarekin. Orduko argazkietan ikusiko dituzun gertakari batzuk nobelako pasadizo batzuen oinarri erreal zuzenak dira.
Urr
19
06
Aitaren hiletara Coruñatik Bilbora itzuli den boxeolari ohi baten ibilerak kontatzen ditu Paddy Rekaldek bere bigarren nobelan: Ragga-ragga dator gaua. Urte batzuk badira Joxan Uriartek Galizian bota dituela sustraiak; han jokatu zituen azken borrokak, gimnasio batean lan egitera erretiratuta dago, Bibi lagunarekin bizi da… Baina orain, Bilbon, ostiral sargori honetan, betiko lagunei bisita egiteaz gainera, aspaldiko kontu batzuk argitzeko eta kitatzeko asmoa du. Bien bitartean, Txirene irratian albiste saminak entzuten dira.
Urr
03
06
Enpleguaren arbola izena du Pablo Sastreren zazpigarren nobelak. Hogeita sei urteko Mixaren hart-honatak kontatzen ditu; siberiarra da jaiotzez, eta duela urte eta erdi Andoainen bizi da. Inserzio soziolaboraleko programa bat betetzera behartu dute, bestela kendu egingo dizkiote orain dituen diruzko laguntzak. Programak sei hilabete iraungo du: formazio aldi bat, frogazko lan aldi bat, eta azkenean, agian, hartuko dute enpresaren batean. Mixaren lagun Koskak beste asmo batzuk ditu: furgoneta bat hartu eta bidea egitea. Bi zati ditu nobelak, eta zati bakoitzak bere kontalaria. Mixak bere koadernoan idatzitakoek eman diote Enpleguaren arbola izenburua nobelari.
Ira
13
06
2002ko urtarriletik astero igorri ditugu literatuaren inguruko albiste eta ekitaldien iragarpenez osatutako Literatur Emailuak —bidalketa guztiak ikusgai dituzu—. Aurrerantzean, orain arteko Emailu bakoitzeko albiste guztiak batu eta Emailuen bloga izango dugu; astero astero elikatuko duguna. Hamaika sail ezberdinetan, hemendik aurrera ere; orain arte bezala, literaturaren inguruko albiste, argitalpenen berri, efemerideen gaineko lotura eta literatur ekimen ezberdinen agenda osatuko dugu. Blogean gainera, susa-literatura.eus eta armiarma.eus guneetako informazio gehiago (Kritiken hemeroteka, nazioarteko efemerideak…) izango ditugu eskura.
maiatza
25
06
William Shakespeareren Hamlet eta Juan Ramon Jimenezen “Platero eta biok” euskaratu eta 50etan argitaratu zituen Bingen Ametzagak. Gure literaturako itzultzaile aitzindarietako bat izan zen Ametzaga, 1901ean Algortan jaioa eta exilioan Caracasen hila 1969an. Bere poema sakabanatu eta argitaragabeak batu ditu Xabier Irujok Itsaso aurrean liburuan, bai eta ere poesia itzulpenak: Chaucer, Marlowe, Argensola, Whitman, Turgenev… edo Oscar Wilderen “Reading kartzelako balada” gogoangarria. Itsaso aurrean maiatzaren 30ean (asteartea) 11:30etan Donostiako Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.
maiatza
18
06
Juan Luis Zabalaren koaderno literarioa da Inon izatekotan liburu berria, 1985etik 2006ra bitartean idatzitako gogoetak, oharrak, artikuluak, poemak, ipuinak biltzen dituena. Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du maiatzaren 23an (asteartea) 12:00etan, Jon Benito lagun duela. Liburuko ipuinak eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa. Zabalak, bestalde, liburuari emandako izenburu berarekin blog bat abiatu du joan den astean.
Api
13
06
Agosti Xahok Trilby aldizkarian (1844-09-11) idatzi zuen kantutegi bat argitaratzekotan zela: “Gure kantu nazionalen eta gure antzinako ahaireen naufragio handi hau eragozteko deliberatu gara argitalpen honen ateratzera, zernahiko zailtasunak ukan arren”. Ez dakigu zergatik, baina ez zuen zailtasunak arintzea lortu, eta liburua ez zen sekula inprimatua izan. Duela mende eta erdi Chants populaires de la Navarre et des Provinces Basques bilduman agertzekoak zituen kantu haiek eta, baita ere, Xahok Ariel aldizkarian eta bere liburuetan aipatu eta jasotakoak batu ditu orain Patri Urkizuk. Xahoren Kantutegia apirilaren 20an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Patri Urkizuk, lagun duela Mikel Markez kantaria. Argitaldaria: Susa.
Mar
30
06
Baladak, koplak, sehaska kantak, bluesak… Koldo Izagirreren kantuak eta kantugaiak biltzen ditu Teilatuko lizarra liburuak, hogeita hamar urtetik hona diskoetan eta poema liburuetan argitaratutakoak eta gordean zeuzkan beste hainbat berri. Teilatuko lizarra honetara ekarri ditugunetatik erdiak Imanolek, Natxo de Felipek, Peio Serbiellek, Joseba Tapiak… musikatuak izan dira. Liburua aurkezteko, Koldo Izagirrek errezitala egingo du apirilaren 4an (asteartea) 19:30etan Donostiako Tabako Fabrikan (Egia auzunean).