Aza 18 09

Igor Estankonaren poema berriak: Iratzeen esporak

Laugarren poema bilduma aurkeztuko du Igor Estankonak azaroaren 25ean (asteazkena) 11:30ean Bilboko Elkar aretoan (Poza kalean). Istorio gehienak gauza zirraragarriekin hasten diren bezala, halaxe hasten da liburu berria: bat-batean airean hedatu diren iratzeen esporekin. Ikusten ez dena baina izan badena deskribatzen du Estankonak, eta pentsamenduak maiz ezkutatu egiten duena esan. Zoriona, zalantzak, errepresioa, maitasuna… lerro bakoitza, behin eta berriro landua, grinen eta hotzikaren ispilu da. Emeki idatzita dago Iratzeen esporak, irakurketa izan dadin azkarra eta erabatekoa. Liburuko zazpi poema eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa, eta baita bideozko animazio bat ere, Maite Yurrebasoren irudiez eta Borja Estankonaren musikaz.

Urr 16 09

Euzkadi merezi zuten

Koldo Izagirreren lehendabiziko nobela da Euzkadi merezi zuten, duela 25 urte argitaratua, eta hala ere gaur egun idatzia balitz bezalako perfekzioz iraun duena denboraren higaturik sufritu gabe, harrigarri moderno estiloaren indarrez. Monarkiatik Errepublikara, altxamendu militarretik gerrara, 20 eta 30eko hamarraldien testigu den mutil baten ahotsaren arrastoan kontatzen dira, sekuentziaka kateatuta, eleberriko gertakariak. Epoka bati buruzko murala konposatzen du narratzaileak, umore eta ironia eztiz eguneroko bizimodua arakatzean, pasadizo krudel eta bortitzetan hunkigarri. Ahoz, bestek kontaturik ezagutu duen mundu erdi rural erdi industriala dakarkigu Izagirrek ikuspegi kritiko bezain maitekorrez: giro katoliko itoa, langileen neke gorriak, garai hobeen esperantza zapuztua. Susa argitaletxeak Euzkadi merezi zuten nobelaren edizio berria plazaratu du.

Urr 06 09

Eskuen sustraiak, Oier Guillanen poema liburu berria

Ate hautsiak izenburua zeukan Oier Guillanen lehen poema liburuak, Eskuen sustraiak dauka berriak, oraintxe Susak argitaratua; urriaren 8an Donostian aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Poema luze banarekin abiatzen eta amaitzen da liburua: “Paperezko baratzea” eta “Golde lurra”; enborrean sei atal zabal, ereite ziklo baten elementuak gogorarazten dituztenak: ildoak, hazia, gorotza, eskuak, denbora, lore inperfektuak. Eskuen sustraiak poemarioan oinarriturik, aurreneko errezitaldia Oreretako Mikelazulo elkartean egingo du urriaren 25ean (igandea) 19:30ean; ahotsak: Asier Sarasola eta Oier Guillan, musika: Ander Fernandez, pintura: Idoia Beratarbide.

Eka 03 09

Madariagaren poema liburu berria: Eroriaren logika

Erortzea tragedia bihurtzen da, gero berriz zutitzeko modurik batere ez denean. Ez da zorigaitz beltza, ordea, Eroriaren logika poema liburuaren gaia. Bizitzan izan ohi ditugun jausialdi eta altxa uneez dihardu Juanra Madariagak, une horietako bulkadak eta indarrak deskribatzen dizkigu, maluraren eta atseginaren artean oreka zailari eusteko ahaleginean. Eroriaren logika poema liburua asteon Larrabetzuko Literaturian aurkeztu aurretik, osorik eskaintzen dizugu Susaren webgunean.

maiatza 27 09

Mila ezker, Garbiñe Ubedaren saiakera berria

Ezkerra baldin bazara, zeu protagonistatzat zaituen liburua aurkitu duzu. Artea, musika, literatura, kirola, logika, matematika, fisika, kimika, genetika, neurologia edo psikiatria gaiak arakatuta, ezkerra izateari buruzko saiakera idatzi du Garbiñe Ubedak: Mila ezker. Surrealisten adiskide zen Julian Ajuriagerra sendagilearen kezkak eta azterketak ezagutuko dituzu. Txundituta geratuko zara Goetheren oinekin. Maurice Ravelek konposatutako esku ezkerrarentzako piano kontzertua entzuteko irrika piztuko zaizu. Lee eta Yang fisikarien ikerketek harrituko zaituzte, Wolfgang Pauliren ateraldi honek bezalaxe: “Jainkoa ez da ezkerra”.

Api 15 09

Ez obeditu inori, Mikel Peruarenaren lehen nobela

Kubako gerratik maingu itzulitako Sotero Mujika bertsolaria Baroja inprimategira joan denean, hango enkargatuak tipografo berria aurkeztu dio: “Frantsesa da. Oraindik ez du bertsorik inprimatu, baina ikasi beharko du”. Halaxe ezagutu du Emile, eta ondoren Alberto estudiantea. Hiruren artean arrisku handiko asmo bat darabilte: dinamita lapurtu eta Maria Cristina erreginari eraso egitea. Mikel Peruarenaren lehen nobela duzu Ez obeditu inori, Susa argitaletxearen eskutik datorren apirilaren 21ean Donostiako Udal Liburutegian aurkeztuko duena.

Mar 12 09

Alea, Beñat Sarasolaren
poema liburu berria

Kaxa huts bat aurreneko poema bildumarekin literaturzaleen arreta piztu zuen Beñat Sarasolak duela bi urte. Liburu berriak Alea du izenburua, eta lirismorik batere gabeko moldeetan arakatu du. Abangoardia grinaz eta sarritan narrazio airez, jendez mukuru den giro urbanoaren zurrunbiloan sartu ditu atzaparrak, eguneroko bizimoduaren kronika makur bat eginez. Alea poema liburua martxoaren 17an (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko du idazleak, Koldo Izagirre lagun duela. Argitaldaria: Susa.

Aza 27 08

Aspaldiko lagunen bisita,
Susa aldizkariko 25 ipuin

Susa aldizkarian 1980-1994 urteetan argitaratutako ipuinetatik 25 aukeratu eta Aspaldiko lagunen bisita bilduma apailatu du Mikel Elorzak. Sekulan liburuetan agertu gabeko narrazioak dituzu hemen, idazle oso ezagunenak batzuk, liburu bakanen egileenak beste batzuk, eta baita aldizkarietan bakarrik idatzi dutenenak ere. Elorzak egindako antologia doi-doi iritsiko da Durangoko Azokara, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Hauek dira hogeita bost kontakizunen idazleak: Josu Landa, Pako Aristi, Mikel Hernandez Abaitua, Jose Luis Orokieta, Xabier Montoia, Pepe Zulaika, Edorta Jimenez, Iñaki Uria, Juan Luis Zabala, Jose Luis Otamendi, Jon Arano, Mikel Reparaz, Maripi Solbes, Joseba Urizar, Eneko Olasagasti, Itxaro Borda, Iñaki Uriarte, Joxean Sagastizabal, Mikel Untzilla, Amagoia Gurrutxaga, Pablo Sastre, Kanko Ispizua, Mikel Antza, Joserra Utretx eta Jon Baltza.

Aza 19 08

Tatuaia bat ene begietan, Txili Lauzirikaren poema liburua

Putz aldizkarian agertu zituen Txili Lauzirikak (1975, Lekeitio) bere lehen poemak. Etsaiak, Parasma, Txapelpunk, Uek musika taldeek eta Aitor Gorosabelek abestiak egin zituzten bere letrekin. Apokaliftin elkartearekin argitaratu zuen lehen poema liburua, Euriaren mailukadak (2003), eta bigarrenak Tatuaia bat ene begietan du izenburua, Txili Lauzirikak azaroaren 27an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko duenak. Zapalkuntzaren oldarrari buruzko poemek eta amodiozkoek osatzen dute bildumaren bizkarrezurra. Tatuaia bat ene begietan osorik eskaintzen dizugu sarean.

Ira 30 08

Hedoi Etxarteren lehendabiziko poema liburua

Presentzia eta Ausentzia , bi atal horiez atondua dago Suzko lilia, Hedoi Etxarteren (1986, Iruñea) lehen poema bilduma. Inguruan ez egonda ere buruak bertaratzen digunaz eta ondoan edukita ere hutsa zaigunari buruz dihardu liburuak. Harkaitz Canoren hitzaurrearekin dator: “Ez dago errazkeriarik, ez dago preziosismorik poemotan –eta baldin badago, egilea bera arduratu da irakurlearen aurretik hura saboteatzeaz–. Bila dabilenaren bulkadak eta aldizkako tximistek argitutako neurtitzak dira (…) Ez dira hauek poema politikoak. Ez dira amodiozko poemak. Ez dira poema urbanoak. Baina badira”. Suzko lilia liburuko zazpi poema eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa, urriaren 2an (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztu baino lehen.

Api 17 08

Zulo bat uretan, Iñigo Aranbarriren nobela berria

Kazetari bat da Iñigo Aranbarriren nobela berriko narratzailea. Ikerketa batean murgildurik, jakin dituenak kontatzeko premiak larrituta dauka, idazten ari den erreportajeko gertakarien frogak desagertzera baitoaz. Itoizko urtegia betetzeko herriak husten dihardute 2003ko udaberrian, biztanleak ez ezik kanposantuetako hilak ere ateratzen. Horretan ari da Maite Andueza antropologo-forentsea, Oscar Iriarte etorkin argentinarraren laguntzaz, bertakoak izan zirenen gorpuzkinak berreskuratzen urak betirako irentsi baino lehen. Baina Larraingaingo hilerriko hormetatik kanpo ere ba omen dago lurperatutakorik, eta kosta ahala kosta aurkitu nahi dute, aitzurka, denbora kontra daukaten arren. Zulo bat uretan nobela apirilaren 22an (asteartea) 12:00etan aurkeztuko du Aranbarrik, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Api 10 08

Xabier Mendigurenen
Bizitza homeopatikoak

Erdi bi eginda dator Xabier Mendigurenen narrazio liburu berria: bi ipuin luzez edo, nahiago baduzu, bi nobela laburrez; tonu komikoa du batek eta tragikoa besteak. Mirande liburu-dendako jabearen oporraldi batzuk dira aitzakia lehendabiziko kontakizuna harilkatzeko. Bigarrenean, Mertxe itzultzailearen bizitzako itzulirik garrantzitsuena ezagutuko duzu. Bizitza homeopatikoak apirilaren 17an (osteguna) 12:00etan aurkeztuko du Mendigurenek Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Aza 28 07

Haragia, Eider Rodriguezen bigarren ipuin liburua

Hamabi narrazioz osatuta dago Eider Rodriguezen bilduma berria, eta liburuko lehen kontakizunak eman dio izena: Haragia. Aiztoaren ahoan ebakitzeko kinkan diren pertsonaiak dituzu ipuinotan: bizi-aldi berri baten atarian, harreman gatazkan gainbehera, urraduran ezpala sartuta. Narratzaileak gaiztoz eta krudel gobernatzen ditu gehienetan, gupida higatu batez noiztenka. Haragia abenduaren 3an (astelehena) 11:00etan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Aza 22 07

Gotzon Barandiaranen poema liburu berria: Katamalo

Duela bi urtetik hona gorpuzten joan den poema bilduma da Katamalo. Zer ezkutatzeko mozorrotzen gara, horixe izan zuen lehen bulkada Gotzon Barandiaranen bigarren liburu honek. Kantuaren ederra eta bertso librean indar espresiboa maneatuz apailatua dator. Liburuko poema batzuk abesti bihurtu dira; adibidez, Iruntzi dana izenekoa, bihotz bakartien klubak Gor disketxearekin grabatua.

Aza 16 07

Otamendiren poema liburu berria: Erlojuen mekanika

Gaurko gizon baten atsegin eta nekeen ispilua da Erlojuen mekanika poema liburua. Geografia intimo batetik abiatuz, bere buruaz trufa egin eta autokritikan urraturik, gai sozial eta politikoetan murgiltzeraino egiten du bidea. Hamabi urte igaro dira Jose Luis Otamendik Lur bat zure minari argitaratu zuenetik, eta orain adierazpide garden eta xeheagoz datoz doinuak, ahozko esateko eretara hurbilduta erritmoa. Otamendik azaroaren 21ean (asteazkena) 12:00etan aurkeztuko du liburua, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak