Ira
27
12
Goizean ispiluari begiratu eta zeure burua beste norbaitekin tronpatzeko zalantzan sumatzean, igarriko duzu alter ego-a zuregandik askatu egin dela eta bere kabuz ibiltzen hasi dela. Bertol Arrietaren Alter ero liburu berriko ipuinetako lagunak durduza suerte batek hartu ditu, zorabioaren mugan daude, nahasmenduak euren zainetan bidea egin eta portaera aldrebesturik. Ur Apalategi lagun duela, urriaren 2an (asteartea) 11:00etan Donostiako udal liburutegi zaharrean aurkeztuko du liburua Bertol Arrietak.
Eka
05
12
Natxo de Felipek eta Joseba Tapiak eskainitako kantaldi baten grabazioa entzuteko gomendioarekin gatoz, aitzakiatzat harturik gaurko egunez 1975eko ekainaren 5ean hil zela Gabriel Aresti. Bederatzi kantu dituzu hemen, Arestiren poemez sortuak, eta 2000ko abenduaren 13an Bilboko Kalderapekon Natxok eta Josebak abestuak.
maiatza
29
12
Amaia Ezpeldoi detektibearen bosgarren nobela da Boga boga, maiatzaren 31n Itxaro Bordak aurkeztuko duena. Aspaldiko desagertze bat argitzen tematuko da. Badira 25 urte pasa Jana Elgebeltz garaztarra azkenekoz ikusi zutela, 1985ean Baionako festetan. Baina Janaren anaia Danielek bilatu du leku guztietan, mundu osoa aspertu du galdezka eta ez du aztarnarik aurkitu. Bost neska adiskideren laguntzari esker, aferaren muinera hurbiltzen hasiko da Amaia Ezpeldoi detektibea, eta pixkanaka ohartuko da nor zen Jana Elgebeltz: klandestinitatean engaiatutako ekintzailea.
maiatza
16
12
Plaza zokoan hil duten droga-saltzailea da Hodeien adorea nobelako kontalaria: hitzontzi jasangaitza, isekaz eta gorrotoz mintzo den sasijakintsu hastiagarria. Trapitxeroak, horrenbestez, heriotzatik begiratzen die iragan hurbileko gertakariei, eta hiru anaiaren inguruko pasadizoak jaulkiko ditu, familia apalekoak, Donostiako periferiako estolderian haziak, bizitzan zori txarretik gehiago izango dutenak ditxa gozotik baino. Yoseba Peñaren lehen eleberria maiatzaren 17an jendaurrean aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean.
Api
16
12
Anaitasuna enpresa ez dabil ondo. Kinka larrian dagoen fabrikan aldaketa sakonak egingo omen dituzte. Kontuak nola dauden inork ez daki zehazki, baina arazoak eta zurrumurruak zabaldu direnez gero, lorrintzen ari dira langileen arteko harremanak. Harkaitz Zubirik apirilaren 19an (osteguna) aurkeztuko du Etxekalte nobela, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Krisi ekonomiko eta sozial garaian krisi pertsonal eta intimoetan trabatu direnek ihes egin nahi diote porrot gordinari, kosta ahala kosta.
Api
03
12
Xabier Montoiak honela idatzi zuen 1993an: “Espero dezagun, Harry Crewsekin ere noizbait gertatuko dela azken hilabeteetan Cormac McCarthyrekin gertatzen ari dena: bere balioa aitortu eta aspaldidanik agorturik dauden liburuak irakurlearen esku ipiniko direla ostera”. Joan den martxoaren 28an hil da Harry Crews idazle amerikarra Floridan, 76 urte zituela. Frantzian Crewsen zortzi nobela plazaratu ditu Gallimard etxeak, Espainian iaz argitaratu zuten bat (Body). Euskarari 1993an Edorta Mataukok eta Kristin Addisek ekarri zioten Autoa (1972) eleberria, orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Ford Maverick bat jatea erabaki du Hermanek, eta jan ostean (noski) libratu egin behar.
Mar
28
12
Asteartean aurkeztu zuen Iñigo Astizek bere lehendabiziko liburua: Baita hondakinak ere. “Poemetan gehien errepikatzen den asmoa ideia abstraktuak gorputz konkretuetara eramatea da”, adierazi zuen; “ideiek xehetasun bilakatzeko duten era bihurria interesatzen zait”. Susak plazaratutako liburua osorik emana duzue sarean, eta e-book moldean ere argitaratu da. “Piezaka sortu ditut poemak, eskultoreak egiten duen moduan: gai bat hartu eta bariazioak egin”.
Abe
01
11
Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, antzezpena… asko dira Harkaitz Canoren Twist nobelaren hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua. Eleberria osorik eskaintzen dizugu sarean, abenduaren 1ean aurkeztu aurretik.
Aza
28
11
Egarri egunak portualdean nobela aurkeztuko du Koldo Izagirrek azaroaren 30ean. Egarri egunak, bai, 1977ko uda hartakoak: asean gozatu nahi ditu gazteria matxinatu batek askatasuna, maitasuna, berdintasuna, edertasuna. Egarri anitz honek gatazkan murgilduko du heziketa sozial eta sentimentalean aurreneko pausoak ematen ari den protagonista, hats kolektiboaren eta indibidualismoaren artean bere ezintasun, ahuldade eta ametsekin. Liburua Durangoko Azokara iritsi baino lehen eskaintzen dizugu sarean.
Aza
09
11
Bost urteko espetxealdian (1980-1985) idatzitako poemez eta presondegitik ihes egin osteko pieza batzuez agertu zuen gatibu esperientzia Joseba Sarrionandiak, 1992an argitaratutako Kartzelako poemak liburuan. Orain edizio berrituan plazaratu du Susak, gaurko grafiara aldaturik eta sei poema gehiagorekin. Liburuan oinarrituta, errezitaldia egingo dute Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik azaroaren 10ean (osteguna) 19:00etan Donostiako Doka kafe antzokian.
Aza
05
11
Aurrerantzean Literatur Emailuak twitter bidez ere zuzenean jaso ahalko dituzue.
@armiarma helbidean automatikoki argitaratuko dira, egunez egun.
Aza
02
11
Poesia eta narratiba bildumetako liburuak e-book moldean eskainiko ditu aurrerantzean Susa literatura argitaletxeak. Katalogoa 66 idazleren 142 libururekin abiatu da, bi formatutan emanak: epub eta pdf. Deskargak DRM kontrolik gabe egingo dira, irakurleak testuak kontsultatu ahal izango ditu erosketa egin aurretik, eta titulu guztiek prezio berbera izango dute: 3,54 euro.
Urr
19
11
Gaizka Zabartek bere lehen nobela aurkeztuko du urriaren 20an Susa argitaletxearekin. Heriotzazkoa eta maitasunezkoa da Zaharrak ez zuen hil nahi, ustekabez eta umorez zipriztindua eta dotoreziaz ondua. Ehorzleak larunbat goizeko zortzietan deitzen badizu, esanez zurekin hitz egin nahi duela eta ordubete barru hilerrira joateko, harritu egingo zara. Baina, kanposantuan zaudela, zure aitaren hobi gainean eserarazi eta ehorzleak esaten badizu kontu bitxi bat daukala zure aitari buruzkoa, orduan hunkitu egingo zaitu. Horixe gertatu zaio nobela honetako kontalariari, eta aitaren misterioa argitzearren bazterrak nahasten hasiko da. Hain da demasa! Kontakizuna osorik eskaintzen dizugu sarean.
Urr
05
11
Ezkatak liburuarekin agertu zen plazara lehen aldiz Leire Bilbao duela bost urte, eta ondoren bilduma hartako poema batzuk kantu bihurtu zituzten Jabier Muguruzak, Jon Minerrek eta Maddi Oihenartek beren diskoetan. Scanner du izenburua poema liburu argitaratu berriak, estreinakoaren aldean ausartagoa gaietan eta formetan. Urriaren 6an Donostian jendaurrean aurkeztu aurretik, liburua osorik eskaintzen dizugu sarean.
Eka
01
11
Doi-doi iritsiko da Literaturiara, dendetara baino lehen, Iñigo Aranbarriren hirugarren nobela: Zamaontzia, kontakizun asaldagarri bat, non gatazkan sartzen diren abandonuaren atsekabea, laguntasunaren babesa, doilorkeriaren destaina. Duela urte batzuk zamaontzi bat agertu zen Abrako badian, kapitainak eta armadoreek abandonatua. Barruan hamalau marinel ziren, etxetik oso urrun, SOS aldarrika, hilabetetako soldatak kobratu gabe, bertoko jendeak emandakotik bizi behar izan zutenak. Aranbarrik ekainaren 3an eta 4an aurkeztuko du eleberria Larrabetzuko Angulerin, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean.