Abe
04
13
Barrenkale-ko 45-46-47 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Arrate Mardarasen Prendrive, Xabier Montoiaren Azken afaria eta Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz dira argitaratu berri ditugun liburuak. Aurtengo uzta beste hauekin osatu dugu: Uxue Alberdiren Euli-giro, Oier Guillanen Elkartasun basatia, Mikel Tabernaren Alkasoroko Benta eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat. Eskerrik asko urtean barrena lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen.
Abe
03
13
Historiako aro ezberdinetan gertatutako maitasunezko kontakizunak dakartza Arrate Mardarasen lehendabiziko liburuak: Pendrive. Harpeetan, erromatarren garaian, Erdi Aroan, 36ko gerran… zertarako bizi, maite duzunarengandik urrun bada? Norbaitek galdu egin duen pendrive bateko testuez eta ipuinez osatutako liburua da, botila baten barruan jaurtitako mezuaren antzekoa balitz bezala. Joan den astean aurkeztu zuen Mardarasek Pendrive, eta sarean ere emana duzu orain.
Abe
02
13
Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean, Munduko Poesia Kaierak proiektua abiaraziko du Susa argitaletxeak 2014an. Udaberrian idazle hauen antologiak plazaratuko dira: Georg Trakl (itzulpena: Anton Garikano), Maria Merce Marçal (itzul: Itxaro Borda) eta Aime Cesaire (itzul: Iñigo Aranbarri). Eta gero udazkenean beste hiru: Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirre), Emily Dickinson (Angel Erro) eta Miguel Hernandez (Josu Landa). Durangoko Azokan zero zenbakia banatuko dugu Susaren standean, itzulpen horien laginez osatua.
Aza
27
13
Bilboko txoko batean bazkaltzeko bildu dira lau gizonezko, gaztetan elkarrekin ikasten ibilitakoak. Ospakizun alaian solasean ari dira, zer bihurtu diren elkarri zirika. Oraindik ez dakite, arazo larri bat sortuko dela laster. Gau batez ertzainak bortizki sartuko dira lagun horietako baten etxean eta atxilotuta eramango dute semea. Gertakari horrek lardaskatu egingo du lau adiskideen arteko harremana. Xabier Montoiak aste honetan aurkeztuko du Azken afaria, bere zazpigarren eleberria.
Urr
30
13
Hiria da Koldo Izagirreren poema liburu berriaren ardatz nagusia: hiria, aldirietako batek begiratua eta epaitua. Maila urbanoan eta sinbolikoan, maila pertsonalean eta kolektiboan, maila historikoan eta literarioan eta linguistikoan… eraikitako begiratua da Izagirrerena. Parisen bizi naiz honetan elkartzen dira urbearen porrota, krisi politikoa eta poetaren heldutasuna. Liburua osorik eskaintzen dizugu sarean, bihar Donostian jendaurrean aurkeztu aurretik.
Urr
03
13
Bederatzi ipuineko sorta da Uxue Alberdik gaur aurkeztu duen Euli-giro liburu berria. Bederatzi kontakizun ezusteko eta durduzagarri. Liburuko protagonista emakumezkoak ez ditu ez adinak ez ogibideak lotzen, ezta bizi duten momentuak ere, baina euren gorputzek eta fisikotasun horretatik sorturiko sentipenek toki zentrala dute narrazioetan; bizi-grinak mugitzen ditu orain amorruz, orain desiraz, orain samurtasunez, orain mendekuz. Uxue Alberdiren prosa gardena da kontaeran, bizitasuna dauka erritmoan, aberatsa da detaileetan, zorrotza da estrategian.
Ira
17
13
Euli-giro liburu berriko kontakizun bat eskaintzen dizu Uxue Alberdik aurrerapen gisa: Opariak. Urriaren 3an Donostian jendaurrean aurkeztuko duen Euli-giro ipuin sorta bederatzi narrazio durduzagarri eta ezustekoz osatuta etorriko da. Liburuko bigarrena duzu Opariak izeneko hau; mutilaren familiarengana bisitan doan neska haurduna da kontalaria eta protagonista.
Api
24
13
“Norbanakoaren eta taldearen arteko harremanari buruzkoak dira Elkartasun basatia liburuko poemak” adierazi du Oier Guillanek. “Tentsio hori sortzailea izaten da, batzuetan talka, beste batzuetan gatazka, baina baita ere maitasun adierazpena, elkartasun basatia”. Ostegunean jendaurrean aurkeztu aurretik, Elkartasun basatia osorik eskaintzen dizugu sarean. Poesiazko liburu bat da, baina teatroak bustita datorrena; pieza asko partiturak balira bezala konposaturik daude, interpretatuak izateko moduan ahotsez edo gorputzez. Lehen errezitaldia Donostian egingo du maiatzaren 9an, ondoren Larrabetzun ekainaren 1ean eta Oreretan ekainaren 7an.
Api
19
13
Gaur 40 urte dira Eustakio Mendizabal “Txikia” tiroz hil zutela Algortan. Itsasondon jaio zen 1944n eta 28 urte zituela hil zuten 1973ko apirilaren 19an. Galduta ez dauden Txikiaren bertso eta olerkiak bildu zituen Jon Arano poetak 1992an eta Hitz etena liburuan argitaratu zituen, hitzaurre argigarri batekin. Bilduma hura osorik paratu dugu orain sarean. Baina tamalez, Txikiak klandestinitatean idatzitako poema guztiak aurkitzeko lana oraindik betetzeko dago.
Mar
20
13
Mikel Tabernak martxoaren 21ean nobela berria aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Denetik saltzen da Alkasoroko Bentan, eskuinean baitauka denda eta ezker aldean taberna; beraz, handik igarotzen dira herriko biztanle guztiak, orain ez bada gero. Bentako semea da Martin Irazoki, nobela honen kontalaria, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta gisa horretan herri oso baten erretratua. Gaztetan 1975eko garaiak bizi izan zituen belaunaldiaren kezkak eta ibiliak kontatzen ditu nobelak: lehen sexu jolasak, unibertsitatea, kontzientzia politikoa, ikurrina, gurdia zibilak…
Mar
06
13
Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz, pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela berria: Kristalezko begi bat. Martxoaren 7an Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Amodiozko haustura batek eragindako minetik ihesi, bolada baterako Landetara joango da, adiskide batzuek utzitako etxera; eta han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera ekarri ahala.
Urt
30
13
2011ko azaroaren 2an abiatu zuen Susa argitaletxeak ebook salmentarako plataforma. Baziren merkatuan eta inguruan eredu zenbait, baina Susak berea landu eta asmatu zuen: DRM giltzarraporik gabekoa eta 3 euro (+BEZ) ale bakoitzaren salneurria, 2 euro idazlearentzat eta 1 argitaletxearentzat.
(gehiago…)
Aza
27
12
Literaturarako grinaz, elkartasunez gerraren kontra, bizipozez amodioan, Erresistentzian borrokan, kuraia handiz presoaldian… Robert Mussche idazle flandriarraren izaera eskuzabalak zirrara sortzen du. Kirmen Uriberen bigarren nobela da Mussche, Espainiako Gerra eta Bigarren Mundu Gerra bitartean kokatutako kontakizuna, gatazka garai zail eta gordinetan. Azaroaren 28an Bilboko Kafe Antzokian nobelako pasarteen irakurraldia egingo dute Miren Gaztañagak eta Ander Lipusek, eta azaroaren 30ean Kirmen Uribek jendaurrean aurkeztuko du liburua, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.
Aza
20
12
Bigarren poema liburua aurkeztuko du Hedoi Etxartek azaroaren 22an Donostian. Sinplistak dauka izenburua, eta ez du antzik lehenengo Suzko lilia harekin. Sinplistak liburuak ez baitauka antzik euskarazko beste poema bildumekin. Poema zuzenak eta zorrotzak dira Sinplistak honetakoak, artifiziorik gabeak eta zakarrak ere bai batzuetan. Oso gaurko poemak dituzu: konprometituak, amodiozkoak, salaketazkoak. Aurkezpena baino lehen osorik eskaintzen dizugu sarean.
Urr
24
12
Idazle batek beste bati kartzelatik ihes egiten lagundu dionez geroztik atzerrian bizi da, lanbiderik gabe, herritik urrun, lehen jori sortzen zitzaizkion istorioak asmatzeko ezindurik. Mikel Antzaren Atzerri nobela berriak literatura, kartzela, ihesa, exilioa, klandestinitatea eta amodioa ditu ardatz nagusiak. Bigarren nobela honetan Mikel Antzak idazle berri bat deskubrituko du: bere baitan isil eta gordean ibilitakoa, behinola ihes egin zuena eta ordutik itzultzeko ahaleginean ari dena. Susa argitaletxeak urriaren 30ean aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizu sarean.