Urr 24 17

Seamus Heaneyren
poema antologia

Landa-eremua eta lurra dira eremu nagusi Seamus Heaneyren poesiagintzan, eta hala ere poesia moderno eta garaikidea egiten du. Poeta ezaguna eta goretsia Irlandan eta ingelesdunen artean, Nobel saria jaso izanak beste lur eta hizkuntzetara zabaldu zuen. Orain euskarara, Xabi Bordak egindako itzulpenari esker. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu da Seamus Heaneyren poema antologia, bildumaren udazkeneko emanaldiaren hirugarrena osatuz.

Urr 23 17

Rosalia de Castroren
poesia kaiera

“Gaur egun ere poesia galegoz idazten jarraitzen bada, neurri batean bederen Rosalia de Castrori esker da”. Halaxe dakar Munduko Poesia Kaierak bilduman Rosalia de Castro poetaren hitzaurreak, eta  zuzen esana da Galiziako literaturan ezinbesteko erreferentzia denari buruz. Susa argitaletxeak kaleratzen duen bilduman galegotik eginikako lehen itzulpena, Koldo Izagirrek egina, emakumearen bizimodua, lurra, herriaren miseriak, amodiozko penak eta beste kantatu zituen poetaren lana daukazue euskaraz irakurgai.

Urr 11 17

Itzulera, Martin Bidaurren lehen liburua

Itu bandako kidea da Martin Bidaur, eta Lekore literatur aldizkarian irakurtzen dizkiogu bere lanak. Urriaren 10ean lehendabiziko liburua aurkeztu du: Itzulera, haurtzarotik gaztarora egindako bidaia poetiko bat: Okzitaniatik Euskal Herrira, hemendik Parisera, eta handik itzulera. Esperientzia intimo baten kontaketa egiten du Martin Bidaurrek, biltzeko oroitzapenak, bisitatzeko berriz lekuak, ulertzeko iragan nolabait hautsia, nahiz eta jakinaren gainean egon ia dena aldatuta eta ezberdin kausituko duela. Nork bere burua onartzetik datorren identitate bilaketaren hasiera da poemetan ageri duena.

Urr 05 17

Jenisjoplin, Uxue Alberdiren nobela berria

Nagore Vargas du protagonista eta kontalaria Uxue Alberdiren nobela berriak; Jenisjoplin dauka izenburua, halaxe deitzen baitio bere aitak. Bihar, urriak 6, Donostian jendaurrean liburua aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Baldintza makurrei aurre eginez zaildutakoa da Nagore, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua. Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko. 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.

Ira 16 17

Lau orduz Xatilan

Jean Genet Beiruten zegoen 1982ko irailaren 15ean (duela 35 urte) armada israeldarra sartu zelarik: “Au petit matin, les chars israéliens étaient dans Beyrouth-ouest. Les regardant venir, je vis donc le premier char et les autres, quand ils passèrent près de l’ambassade de France“. Biharamunean hasita, hiru egunez, irailaren 16-17-18an gertatu ziren Libanoko Sabra eta Xatilako sarraskiak: 3.000 gorpu palestinar. Jean Genet Xatilara joan zen irailaren 19an, eta lau orduz egon zen izugarrikeria ikusten. Haren kronika idatzi zuen Revue d’études palestiniennes-en: “Quatre heures à Chatila”, Mikel Antzak euskaratua: Lau orduz Xatilan (Susa, 1991); osorik irakur dezakezu hemen. Ondoren, palestinarrek liburu handi bat egin zezan eskatu zioten Jean Geneti; 1983ko abuztuan idazten hasi zen “Le Captif amoureux”, 1986an argitaratu zena (Genet hil eta bost astera).

maiatza 30 17

Monique Wittigen artikuluak

Lisipe bildumak hirugarren liburua argitaratu berri du, Monique Wittig (1935-2003) idazle feministak 1992an argitaratutako saiakera sorta bat: Pentsamendu heterozuzena (The Straight Mind and Other Essays), sarean osorik eskaintzen dizuguna. Teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig; militantziaren eta aktibismoaren parte bat dira haren artikuluak. Gaztigatzen digu, erregimen politiko eta ekonomiko bat dela heterosexualitatea. Emakumea, mito gisa; Heterosexualitatea, sistema gisa; biak suntsitu nahi ditu. Ez du planteatzen sistema honetan boterea gizonen eskuetatik emakumeenetara pasatzea, ezta boterea banatzea ere, baizik eta sistema bera suntsitzea.

Api 19 17

Juan Luis Zabalaren 23 ipuin berri

Ospa, azken ipuinak eman dio izenburua Juan Luis Zabalaren liburu berriari. Apirilaren 20an Susa argitaletxearen eskutik aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu osorik. Wim Wenders zinegileak telefonoz deitu dio; Bob Dylanen kantu bat entzutean hunkitu egin da; Mikel Laboa hil dela jakin du autobuseko irratiaren bidez; Eduardo Txillidaren eskultura famatua rotaflexarekin apurtzea erabaki du… kontakizun hauetako pertsonaiaren bat ezagutuko duzu ziur aski. Ez dago narrazio guztiak batzen dituen gai bakarra, nahiz eta denen artean baden ahaidetasuna: ezinegonak iheserako gogoa edo premia pizten du pertsonaia gehienengan, baina ihesa batzuetan ezinezkoa da, ezustekoen iturri ere bai inoiz.

Api 04 17

Martxel Mariskalen poemak: Azken zakatzak

Apirilaren 6an Donostian Azken zakatzak liburu berria jendaurrean aurkeztu aurretik, Martxel Mariskalek sarean eskaini du osorik. Beti Mugan, Lisabö eta beste musika talde batzuentzat idatzitako kantuetatik ezagutzen genuen Martxelen ahotsa. Liburu honen konposizio barrenkorrak zabaldu egin du bere indar espresiboaren sakontasuna, arnas luzekoa eta oparoa, lanketa gaitz baten emaitza trinkoa. Itsasoa eta oinazea, bi horiek dira Mariskalen lehendabiziko poema liburuak dakartzan gai askoren artean nabarmenak: bizi baldintza zailen aurreko ahaleginak eta nekeak, edertasunaren aurreko atsegina eta ikara.

Mar 29 17

Adrienne Richen poemak lehen aldiz

Poeta estatubatuar batek jaso ditzakeen sari garrantzitsuenak jaso zituen Adrienne Richek (1929-2012). National Book Award for Poetry saria eman ziotenean, Alice Walker eta Audre Lorderekin batera jaso zuen, “patriarkatuak isilarazitako emakume guztien izenean”. Neurri batean, jatorrizko bere identitate zuri, heterosexual, klase ertainekoa deseraikitzen ahalegindu zen, eta gatazka horren zauri eta zantzuak topatuko ditu irakurleak Richen poesian, Maialen Berasategik euskarara lehen aldiz itzulirik.

Mar 28 17

Dylan Thomasen 34 poema

Talentu goiztiarrak eta bizimoldeak —edanari emana, eskandaluak, diru arazoak— hanpatu egin zuten Dylan Thomasen mitoa. 1914an jaio zen eta berrogei urte bete baino lehen hil zen. Poeta anglosaxoien artean ezagun eta arrakastatsuenetakoa bihurtu zen XX. mendean. Dylan Thomasen poesiaren dohain nabarmena dugu hizkuntzaren intentsitatea, hein handi batean soinuzko elementuen erritmiko berezien bidez lortzen zuena. Iker Alvarezek bilduma bat osatu du Munduko Poesia Kaieretan.

Mar 27 17

Alfonsina Storniren
poema antologia

Uxue Alberdik Alfonsina Storni (1892-1938) poeta argentinarraren antologia bat apailatu eta euskaratu berri du Munduko Poesia Kaierak bildumarako, martxoaren 30ean jendaurrean aurkeztekoa. Gizarte patriarkal batean emakume izatearen esperientziak blaitzen du haren obra osoa, bereziki gizonen maitale izatearen neke-zorigaitzak. Alfonsina Storniren poesiaren ezaugarri agerikoenetakoa da idazkeraren indarra; hitzak aho zorrotzeko aizto dira.

Mar 23 17

Olasagarreren nobela berria: Poz aldrebesa

Bi gizonezkok hemeretzi urte daramatzate bikote izaten. Azken aldian, ordea, bien arteko harremana apaldu egin da, eta batek besteri galdetu dio: “Kanpoan maiz larru jotzen ari al zara?”. Fideltasunaren eta leialtasunaren artean diferentzia egiten badakite biek, baina egia esatearen eta egia ezkutatzearen artean dagoen tarte txikia amildegia bilaka liteke une kritiko batean. Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa nobela berriak Axiren eta Josebaren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du: amodioa, lagunartea, politika. Gaur, martxoak 23, Donostian liburua aurkezteaz batera eskaintzen dizugu osorik sarean.

Mar 02 17

Mari Luz Estebanen
saiakera berria

Feminismoa eta politikaren eraldaketak saiakera da Lisipe bildumako bigarren liburua, Mari Luz Estebanek idatzia eta martxoaren 6an Donostian jendaurrean aurkeztuko duena. Politika berrasmatzen ari gara? Galdera horrekin irekitzen du elkarrizketa Estebanek. Nolakoa da egungo mugimendu feminista? Zein izan da azken hamarkadetan ezagutza sortzeko eta zirkularazteko erabili den metodologia nagusia feminismoan? Noraino dira bateragarriak erreforma eta haustura? Nola egituratzen da lidergoa? Nola babestu eta kritikatu aldi berean boterean dauden feministak? Sarean osorik eskaintzen dizugun liburuan hamaika galdera aurkituko ditugu erantzun bakoitzeko eta hamaika eraldaketa konfrontazio bakoitzeko.

Aza 30 16

Susa literatura argitaletxea Durangoko Azokan

Barrenkale-ko 43-44-45 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua, Koldo Izagirreren Franco hil zuten egunak, Patxi Larrionen Feriatzaileak eta Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguezen Borroka armatua eta kartzelak dira udazkenean argitaratu berri ditugun liburuak, Munduko Poesia Kaiera hauekin batera: Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holub. Udaberrian plazaratu genituen: Jon Alonsoren Beltzaren koloreak, Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil, Pako Aristiren Arrotz eta eder, eta Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celan kaierak. Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuenei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen.

Aza 23 16

Elkarrekin esnatzeko ordua

Kirmen Uriberen nobela berriak egiazko gertakariak eta pertsonaiak dakartza: Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren askatasun egarria eta erresistentzia politikoa. Klandestinitatea, espioitza, tortura, kartzela, exilioa… XX. mendeko gure historiaren 50 urte lazgarriren kontakizuna egiten du. Gerra galdua zelarik Euskal Herrian, Karmele erizain ondarrutarrak eta Txomin musikari bilbotarrak Eresoinka taldean ezagutu zuten elkar, Paristik gertu, Belloy jauregian; eta han topo egin zuten aspaldiko lagun batzuek ere, Antonio Gezala margolariak eta Manu Sota idazleak. Alemaniarrek Frantzia okupatu baino lehen Letamendi-Urresti senar-emazteek Caracasera ihes egin zuten, baina Agirre lehendakariaren agindu batek atzera bueltan ekarri zituen Bilbora 1943an, zerbitzu sekretuetan faxismoaren aurka borrokatzera. Elkarrekin esnatzeko ordua nobela osorik eskaintzen dizugu sarean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak