Abu 18 16

Bernardo Garro Otxoluaren ipuina

135. urteburua datorren astean, abuztuaren 22an, Otxolua idazlea jaio zela Bizkaian. Ez da datu biribila, baina ahanzturan daudenek txanda-pasa merezi dute. Bernarta Garrok zazpi urte eman zituen gazterik Argentinan, eta bertako euskaldunekin etxekoa aberasteaz gainera, besteekin arian, hizkuntzetarako erraztasuna zeukala deskubritu zuen. Gaztelera, italiera, frantsesa, ingelesa eta alemanera ikasiko zituen. Bazeukan idazteko sena, baina ez da gure letretan aipatu sortzailea zelako, itzultzailea baizik. Dohainak zeuzkan eta ezagutzak zeuzkan, baina ez zegoen potentzial hura bideratuko zuen kultur sistemarik, ez editorerik. Hizkuntzak ikasi zituen bezalaxe, autodidakta izan genuen idatzian ere. Herrizalea zen, belarria zeukan ahozko berbetarako, eta aldi berean aranismoak kutsatua zegoen. Laguntzarik gabe, plan txukunik gabe, programarik gabe jardun zuen: Otxolua gure egoera politikoaren biktima intelektuala izan genuen, beste hainbat bezala. Zer egiten zuen gizon hark orduetan eta orduetan gustuko bertsoak eta artikuluak bere letra ederrez kopiatzen? Liburuak amesten zituen, edizio apainak, euskaldungo kultu bat. Irakurlea zen, eta hustasun handi bat sumatzen zuen. Bernarta Garroren narrazio labur bat eskaintzen dizuegu, izaten ahal ziren eta izan ezin zutenen omenez, Gomutetan (Euzkadi, 1931). Perla txiki bat.

Eka 04 16

Anabitarteren erokeria

Azaroan 125 urte jaio zela, gaurko egunez 35 hil zela Augustin Anabitarte. Bidaiari, argazkilari, kirolzale, laketeko marinel eta, oroz gain, idazle. Munduok islatu zituen idatziz, obra ez oparo baina anitza baita Anabitarterena: dibulgazioa (Antzinako Olinpiar Jolasak, 1925), nobela  (Usauri, 1931 eta Donostia, 1932), gazte literatura (Poli, 1958), kronika (Aprikako basamortuan, 1961)… Ez da ohiko curriculuma gure letretan. Itsasoa ezinbesteko osagarria du fikziozko lanetan, urruntasun eta gertaleku askatzailearen balioarekin. Tipoetan eta gertatuetan kostunbrista dela esan bagenezake ere, ozta ageri duen baserritarrik edo arrantzalerik. Bere protagonistak, oro har, eskolatuak dira eta kalean bizi dira, baita Donostia bezalako hirian ere. Kostunbrismoarenak ez diren kostunbreak dituzte, eta folklorikoak ez diren motibazioak. Augustin Anabitarte gerrak eta diktadurak apurtutako belaunaldikoa izan zen, isilaldi luze batera kondenaturikoa. Baina horretaz gain gure literatur sistemak nobela onartu ezin zuen Pizkundea delako aroan egokitu zitzaion bere lan nagusiak argitaratzea. Gero, beste kasu batzuetan bezala, Gipuzkoako Aurrezki Kutxak bere lanak tomo bakarrean publikatu izanak, argitara ordez, ilunpera kondenatu zituen. Merezi ez zuen adur gaiztoak jo zuen gure idazlea. Anabitartek benetako idazlearen eskua zeukan —bizia eta dotorea—, detaileak atzemateko begia, kontakizuna antolatzeko burua eta pertsonaiak maitatzeko bihotza. Injustuki ahaztutako idazle honen prosak daukan dotoreziaren eta bizitasunaren adibide eskaintzen dizuegu 1936an El Día aldizkarian azaldutako Hiru eskiazaleen erokeria kronika.

Urr 11 15

Alex La Guma hil zela 30 urte

1925ean jaio zen narradore hegoafrikarra, Alex La Guma. Bere herrian zenbait aldiz atxilotua izan ondoren (1956an Mandelarekin batera, eta gehiagotan), 1966an joan egin zen Hegoafrikatik. African National Congress-eko ordezkaria zen, La Habanan, 1985ean hil zen unean, gaur 30 urte.  Susa argitaletxeak argitaratutako Bake Zibila liburuan haren narrazio bat, Kafea biderako, euskaratu zuen Eduardo Mataukok, 1989an. Urtebete lehenago, Marginalia saioan, Joseba Sarrionandiak La Gumari buruzko artikulua ondu zuen, Harrizko herria, idazle presoaren testuak —protagonista ere idazle presoa— tartekatuz. Irakurgai ederrak biak.

Urr 09 15

Mario de Andraderen Burgesaren laudamena

Hirurogeita hamar urte aurten, Mario de Andrade hil zela. Aldi luze honetan ahaztu samarra egon da, bere azken urteetan esan ohi zuena —«Ez dut idazten 1985ean aipatua izateko»— zigortu beharreko harrokeria izan balitz bezala. Mario de Andrade ordea  bere garaian eragiteko bizi izan zen: jaioa zen burgesia dirudunaren atzerakoia borrokatu zuen literaturan, musikan, estetikan eta kulturaren kontzeptuan. Abertzaletasun berri bat aldarrikatu zuen, herri kultura baliotan jarriz hala korpus teorikoan eta literatur lanetan (Macunaíma nobela ezaguna eredu), nola erabaki praktikoetan Sao Paulo hiriaren Kultura Departamendutik. Brasildar xehe eta anitza ikusten zuen nortasun nazionalaren oinarri Brasil «Nazio kultuen multzoan sartu ahal izateko». Manuel Bandeira eta Carlos Drummond de Andraderekin ekarri zuen modernismoaren espiritua eta Mario de Andraderen beraren ikuspegi nazionala ederki islatzen duten bi poema eskaintzen dizkizuegu, Aurkikuntza eta Burgesaren laudamena, urriak bederatzi zituela jaio zela estakuru.

maiatza 28 15

Paul Nizanen Aden Arabie

Lehenengo esalditik durduzarazi zituen hainbat Paul Nizanek 1931n, Aden Arabie bere lehen liburua plazaratu zuenean: “Hogei urte nituen. Ez diot inori esaten utziko bizitzaren adinik ederrena dela”. Idazle bainoago pentsalaritzat aurkezten da Paul Nizan, baina ukaezina da haren idatziek duten literatur balio handia. Intelektual konprometitua, 20 eta 30etako idazle giro ezkertiarreko kide izan zen: Aragon, Gide, Malraux, Rolland…,  eta duela 75 urte Dunkerkeko guduan, II. Mundu Gerran, hil zen. Koldo Izagirrek ekarri dio euskarari Aden Arabie obraren hasierako zati bat.

Ots 15 13

Gatazken lorratzak Donostian

Utriusque Vasconiae argitaletxeak Gatazken lorratzak / Euskal arazoen isla narratiban 1936tik gaurdaino liburua aurkeztuko du otsailaren 15ean (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Api 15 11

Sarrionandiaren testuak Iruñean

Joseba Sarrionandiaren zenbait idazlanen irakurraldi publikoa egingo dute apirilaren 15ean (ostirala) 9:15etik 13:45era Iruñeko Biurdana institutuan.

Api 07 11

Haragia Tolosan

Eider Rodriguezen Haragia ipuin liburuaz ariko dira apirilaren 7an (osteguna) 19:30ean Tolosako kultur etxean.

Ots 16 11

Zenbaki lehenen bakardadea Iurretan

Paolo Giordanoren Zenbaki lehenen bakardadea nobelari buruz mintzatuko dira otsailaren 16an (asteazkena) 19:30ean Iurretako herri bibliotekan.

Ots 03 11

HankaHutsik Bilbon

HankaHutsik poesia eta musika emanaldia izango da otsailaren 3an (osteguna) 21:00etan Bilboko 7Katu gaztetxean.

Urr 11 07

Mozorroaren xarma, Asel Luzarraga

Asel Luzarragak Mozorroaren xarma liburu berria aurkeztuko du urriaren 11n (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Ekitaldi aretoan. Argitaldaria: Erein.

Urr 11 07

Goizalbaren argitan, Pello Otxoteko

Pello Otxotekok Goizalbaren argitan poema liburu berria aurkeztuko du urriaren 11n (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Ekitaldi aretoan. Argitaldaria: Erein.

Urr 01 07

Euri kontuak Donostian

Jose Luis Otamendiren Euri kontuak ipuin liburua izango dute mintzagai urriaren 1ean (astelehena) 19:30etan Donostiako literatur solasaldietan (San Jeronimo kaleko sotoan). Gidatzailea: Xabier Gantzarain.

Ira 28 07

Sua nahi, Mr. Churchill? Iruñean

Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? narrazio liburua izango dute mintzagai irailaren 28an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko-Maldikoko irakurleen klubean.

Ira 27 07

Zortzi unibertso, zortzi idazle Gasteizen

Ana Urkizaren “Zortzi unibertso, zortzi idazle” liburua hizpide izango dute irailaren 27an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurleen Klubean, Hikaateneoan.

Agenda

[datozen ekitaldi guztiak]

[iragandako ekitaldiak]

<AurHur>
martxoa 2025
alarazogollrig
242526272812
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31123456

Efemerideak

Kritikak