Urr 23 08

Ezinezko maletak nobelaren hiru kapitulu italieraz

Juanjo Olasagarreren lehendabiziko nobela, Ezinezko maletak (Susa, 2004), italieraz plazaratu berri du Milanoko Gran Via Edizioni argitaletxeak, Fabio Cremonesi editore duela. Valigie impossibili dauka izenburua. eta Roberta Gozzi itzultzaileak aurreneko hiru kapituluak igorri dizkigu.

Urr 23 08

Azken anaia, Nathacha Appanah

Mikel Garmendia itzultzaileak Nathacha Appanah-en Azken anaia nobela aurkeztuko du urriaren 23an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Alberdania.

Urr 23 08

Duela 150 urte hil zen
Agosti Xaho

Gaurkoa bezalako egun batez, 1858ko urriaren 23an hil zen Baionan Agosti Xaho Lagarde. Atharratzen 1811n jaioa, hemeretzi urterekin Parisera joan zen lege ikasketak egitera, eta han igarotako hamabi urteetan ezagutu zituen erromantizismoaren bideak eta giroa. Kazetari, politikari eta idazlea izan zen Xaho, Ariel eta Uskal Herriko Gaseta agerkarien sortzailea. Frantsesez izkiriatu zituen ia lan guztiak, baina hemen dituzu euskarazko idazkiak bildurik: Azti-Begia. Eta baita ere Kantutegia, Xahok bildutako 100 kantu, sekulan inprimatzea lortu ez zuen bilduma, baina Patri Urkizuren edizioari esker 2006an argitaratua.

Urr 22 08

Katamalo Donostian

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak urriaren 22an (asteazkena) 20:30ean Donostiako Gastezenan.

Urr 22 08

Myriam Villasanteren
Xaguak soka-saltoan
eta Guerra Garrido

1988an irten zen plazara Myriam Villasante, poema liburu batekin: Xaguak soka-saltoan. Bere lehen eta, oraingoz, azken liburuarekin. Lerro motzeko poemak, hitz-joko, errepikapen eta batzuetan tipografia aldaketak baliatzen dituztenak. Ez zen, hala ere, Barojarekin eta publikatzearekin izandako lehen harremana. Urte horretan bertan Raul Guerra Garrido idazlearen Maitasun objektu eztizkoa eman zuen argitara Baroja argitaletxeak, eta Myriam Villasante arduratu zen euskaratzeaz. Biak osorik eskaintzen dizkizuegu.

Urr 17 08

Katamalo Ondarroan

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak urriaren 17an (ostirala) 22:00etan Ondarroako Kafe Antzokian.

Urr 17 08

Ispiluaren kalteak, Edorta Jimenez

Edorta Jimenezek Ispiluaren kalteak ipuin liburua aurkeztuko du urriaren 17an (ostirala) 11:00etan Bilboko Elkar dendan (Licenciado poza).

Urr 16 08

Katamalo Iruñean

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak urriaren 16an (osteguna) 20:00etan Iruñeko Gurutzeko Plazako Institutuen Aretoan.

Urr 15 08

Hutsik, Peru Magdalena

Peru Magdalenak Hutsik poema liburua eta Karlos Linazasorok Zein beste mundukoa liburua aurkeztuko dituzte urriaren 15ean (asteazkena) 12:00etan Donostiako Elkar dendan.

Urr 14 08

Arestiren poesia eta kantuak Larrabetzun

Gabriel Arestiren jaiotzaren 75. urteurrenean, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean urriaren 14an (asteartea) 20:00etan Gabriel Arestiren poesiaz jardungo du Koldo Izagirrek eta kantuan egingo du Joseba Tapiak.

Urr 14 08

Arestiren bertso eta poemak Bilbon

Gabriel Arestiren jaiotzaren urteurrenean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian urriaren 14an (asteartea) 19:30ean Arestiren bertsoak kantatuko dituzte Erika Lagomak eta Uxue Alberdik eta poemak errezitatuko dituzte Igor Estankonak eta Hedoi Etxartek. Aurkezlea: Edorta Jimenez.

Urr 14 08

Gabriel Arestiren
XX. mendeko poesia kaiera

Duela 75 urte, 1933ko urriaren 14an, Bilboko Berroeta Aldamar kaleko 2 zenbakian 6garrenean (ganbaran) jaio zen Gabriel Aresti. Lehen poemak Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zituen 1954ko udazkenean Guatemalan, eta baita ere itzulpen batzuk: Shakespeare, Baudelaire eta Verlaine. Laster Olerti, Egan eta Karmel agerkarietan plazaratuko zituen beste zenbait lan, eta Euskera aldizkarian Maldan behera. Aurreneko liburua Kuliska Sortan (Zarautz, 1964) argitaratu zuen: Harri eta herri, 1963an Orixe Saria jasotakoa. Laudatua, arbuiatua, zentsuratua, miretsia, iraindua, kantatua, gure letretako handietarik bat izan zen Aresti: poeta, antzerkigile, itzultzaile, hiztegigile, editore… literaturari eskaini zion bizia. Gabriel Arestiren XX. mendeko poesia kaiera apailatu zuen Koldo Izagirrek 2000. urtean, eta orain osorik eskaintzen dizugu sarean, hitzaurre eta diskografia lagungarriekin.

Urr 13 08

Xabier Iratzeder hil da

Jean Diharce, Xabier Iratzeder fraide eta poeta Belokeko beneditarren monasterioan hil da Ahurtin, 88 urterekin. Pierre Lafittek azkartu zion euskararekiko atxikimendua Uztaritzen ikasketak egiten ari zelarik. Hamasei urte zituenean gaixorik hilabete batzuez etzanik egon behar eta berrehunetik gora abesti ikasi zituen; “horrek erakutsi zidan bertsoak nola egin behar ziren, euskal kantua izan da ene eskola”. Nazien aurkako gerran galdutako Mixel anaia, senideak eta adiskideak, baina batez ere Euskal Herria eta Jainkoaganako sentimenduak izan zituen kantagai. Otoitza kantuan, horixe da Iratzederren poesia. Biziaren olerkia eta Biziaren gudaldia memoriak idatzi zituen, eta olerki liburu asko. Koldo Izagirrek apailatutako XX. mendeko poesia kaiera osorik duzu hemen, eta poema bilduma hauek Klasikoen Gordailuan:

Urr 11 08

Suzko lilia Iruñean

Hedoi Etxartek Suzko lilia poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo urriaren 11n (larunbata) 17:30ean Iruñeko La Hormiga Atomica ostatuan (Curia kalea). Pianoaz eta kantuan lagunduko dio Andoni Arcillak.

Urr 10 08

Andolin Eguzkitzaren poemen errezitaldia Santurtzin

Leire Bilbaok eta Castillo Suarezek Andolin Eguzkitzaren poemen irakurraldia egingo dute urriaren 10ean (ostirala) 18:00etan Santurtziko Kresala kultur aretoan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak