Urt 15 09

Xabier Mendigurenen
16 ipuin amodiozko

Sei ipuin amodiozko izenburuarekin argitaratu zuen Xabier Mendigurenek bere lehendabiziko liburua (1986, Susa), Alvaro Matxinbarrenaren irudiez apaindua. Liburu haren edizio berria prestatzean, hamar narrazio gehiago batu eta 16 ipuin amodiozko eskaini zizkigun 2002an, batzuk lehenitdik aldizkarietan eta bilduma kolektiboetan agertutakoak, baina bat, luzeena, “Pastitxe” izenekoa, inoiz plazaratu gabea. 16 ipuin amodiozko osorik emana duzu orain sarean.

Urt 14 09

Olerti aldizkaria sortu zen orain 50 urte

Karmel aldizkariaren gehigarri gisa argitaratu zuen Santi Onaindiak Olerti aldizkariaren lehen zenbakia 1959an Zornotzako Larrean, oso-osorik poesiari emana. 1969ra bitartean 28 zenbaki ekarri zituen, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu egin zuen arte. Ordurako Santi Onaindiak arazo franko izana zuen Zentsurarekin. Poliziak 1955eko martxoan dendarik denda jardun zuen Milla euskal olerki eder liburua bildu eta bahitu nahian, eta hala eta guztiz Onaindiak lortu zuen argitalpenaren zati bat salbatzea. Derrigorrezkoa zen sasoi hartan argitaratzeko baimena eskatzea, baina Onaindiak intsumisioaren bidea aukeratu eta ez zuen tramiterik betetzen. Halaxe argitaratzen zen Olerti aldizkaria ere. “Ziur nekian baimenik ez eustala gobernuak emongo, eta Suplemento Poético de Karmel jarri neutson, kaparra sartu gurarik”, kontatzen zuen. Sei-zazpi bider izan zituen poliziak horregatik bisitan, Manuel Fraga ministroaren debeku definitiboa jaso arte.

Urt 11 09

Ate hautsiak Errenterian

Oier Guillanen Ate hautsiak poema liburu berrian oinarritutako errezitaldia izango da urtarrilaren 11n (igandea) 19:00etan Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean. Ahotsak: Iker Fernandez, Oier Guillan, Oscar Manso, Asier Sarasola eta Urtzi Urkizu. Musika: Alvaro Ledesma, Oscar Manso. Bideoa: Allende Arnaiz.

Urt 08 09

Intzensua lurrean bezala, Juaristiren lehen narratiba

Liburuaren solapak zioen bezala, hauxe izan zen, bi poema libururen ostean, Felipe Juaristik “serio antzean eta narratibagintzan emandako lehendabiziko pausoa”. Ez zen azkenekoa izango. Poesia eta narratiba, ildo biak jorratzen jarraitu izan du, jarraitzen du, idazleak. Nekazari giroan kokaturiko eleberria, auzo baten gainbehera kontatzen diguna, protagonista guztiak emakumezkoak dituena. Hementxe duzue Intzensua lurrean bezala, 1988an Baroja etxeak inprimatua.

Abe 18 08

Ohe bat ozeanoaren erdian Gasteizen

Mikel Hernandez Abaituaren Ohe bat ozeanoaren erdian liburuaz jardungo dute abenduaren 18an (osteguna) 20:00etan Gasteizko irakurle klubean (Hikaateneoan).

Abe 18 08

Steinbecken Zeruko Belardiak

Kaliforniako Salinasen jaio zen John Steinbeck 1902an, eta inguru haietan kokatu zituen idazleak bere kontakizun gehienak. Urrezko kikara (1929) izan zen Steinbeckek argitaratu zuen lehendabiziko nobela, Zeruko Belardiak bigarrena (1932). Kolono espainiar batek XVIII. mendearen amaieran Kaliforniako bailara bati ezarritako izena da Las Pasturas del Cielo, eta hango jendearen bizimodua kontatzen da hamabi istorio egoki txirikordatu hauen bitartez. Steinbeck hil zela 40 urte beteko dira larunbat honetan, abenduaren 20an, eta idazlea gogoan osorik eskaintzen dizugu Zeruko Belardiak, Maria Garikanoren itzulpenarekin (1994, Ibaizabal). Steinbecken beste liburu hauek ere euskaratuak izan dira: Perla (Ruper Orodorikak), Tortilla Flat (Koro Navarrok) eta Arthur erregearen eta bere zaldun prestuen egintzak (Joseba Urteagak).

Abe 15 08

Tom hil da Donostian

Maria Darrieussecqen Tom hil da nobelaz mintzatuko dira abenduaren 15ean (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan (Udal Liburutegiko Sotoan). Gidatzailea: Xabier Gantzarain.

Abe 12 08

Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza, Mikel Hernandez Abaitua

Mikel Hernandez Abaituak Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza liburua aurkeztuko du abenduaren 12an (ostirala) 12:30ean Donostiako Udaletxeko prentsa aretoan. Argitaldaria: EHU.

Abe 11 08

Esanen aduanan Durangon

Miren Agur Meabe, Leire Bilbao eta Yolanda Arrietak Esanen aduanan testu irakurraldia egingo dute abenduaren 11n (osteguna) 19:30etan Durangoko San Agustin kultur gunean. Musika: Esther Gabiola eta Uritze Laka.

Abe 11 08

Belarra kantari Arrasaten

Koro Navarro itzultzailea Doris Lessingen Belarra kantari nobelaz mintzatuko da abenduaren 11n (osteguna) 19:00etan Arrasateko Jokin Zaitegi aretoan.

Abe 11 08

Kandela aldizkaria
sortu zela 25 urte

Gasteizko Filologia Fakultatean argitaratu zen estreinakoz Kandela literatur aldizkaria 1983ko abenduan, Julen Arriolabengoa, Jon Iñaki Lasa, Tere Irastortza, Manu Lopez eta Xabier Etxanizek egina. Bi zenbaki besterik ez zituen izan Kandela aldizkariak, 1984ko maiatzean kaleratutakoa bigarrena. Nolanahi ere den, liburu bi ere argitaratu zituzten: Euskal Letren Dantza 1983an (urte hartako literatur ekoizpenaren kritikaz atondua) eta Susa argitaletxearen bildumarako koproduzitutako Jon Iñaki Lasaren Andaluziari ene bilduma poemarioa.

Abe 10 08

Joxean Sagastizabalen Inguratuta gatxeuden

Lau narrazio eskaini zizkigun Joxean Sagastizabalek Inguratuta gatxeuden ipuin liburuan, 1989an Baroja etxearekin publikatu zuen hartan. Jolasean liburuko tankerako giro eta erregistroan, dialogo bizi eta prosa fresko batez bilbatu zituen istorioak. Garaiko errealitatearen erretratua egitea lortzen du, ironia eta umorea beti lagun, liburuko lau narrazioetan. Hemen irakur ditzakezu.

Abe 04 08

Beluna jazz, Harkaitz Canoren lehendabiziko nobela

Hogei urterekin idatzi zuen Harkaitz Canok bere lehen nobela. Kea behelainopean bezala (1994) poema liburuarekin aurrena eta Beluna jazz (1996) eleberriarekin ondoren, idazle apartaren estilo berezkoa eta dirdiratsua agerian geratu ziren. Urte batzuetan agorturik egon ondoren Beluna jazz edizio gaurkotu eta berrituan agertu du orain Susak, eta aldi berean osorik eskaintzen dizugu sarean. Bob Ieregi tronpetajolea du protagonista, Beluna Moon klubean jotzen aritu zena. Zorigaiztoz, ordea, Alaska psikiatrikoan gatibu dago Bob Ieregi, eta handik ihesi beharra dauka nola edo hala.

Abe 03 08

Aspaldiko lagunen bisita, Susa aldizkariko 25 ipuin

Aspaldiko lagunen bisita narrazio bilduma aurkeztuko du Susa argitaletxeak abenduaren 3an (asteazkena) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Apailatzailea: Mikel Elorza.

Abe 02 08

Egunsentiaren esku izoztuak Iruñean

Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak liburu berriko poemen errezitaldia izango da abenduaren 2an (asteartea) 19:30ean Iruñeko Planetarioan. Jose Angel Irigaray eta Xabier Lete irakurle, eta Joxan Goikoetxearen musika.

Agenda

Efemerideak

Kritikak