Uzt
15
09
Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak Gerra zibila euskal literaturan jardunaldia antolatu du. Uztailaren 15, 16 eta 17an Donostiako Miramar Jauregian izango dira hizlari Jon Kortazar, Ana Toledo, Jean Haritxelar, Mari Jose Olaziregi, Patri Urkizu, Iratxe Retolaza, Ur Apalategi eta Iñaki Aldekoa.
Uzt
09
09
Literatura txekiarrak eman duen idazle handienetako bat da Jan Neruda, duela 175 urte, 1834ko uztailaren 9an Pragako Mala Strana auzunean jaioa (Ostruha kalean, gaur egun Jan Neruda kalea). Irakasle aurrena eta gero kazetari izan zena, Hilerriko loreak poema liburuarekin estreinatu zen 1857an. Poeta izan arren, idazlearen lan ezagunena Mala Stranako ipuinak liburua da, 1877an argitaratua, eta Fernando Reyk 2001ean euskarara ekarria. Pablo Neruda txiletarrak, sortzez Neftali Reyes, poeta txekiarraren omenez hartu zuen Neruda izengoitia.
Uzt
07
09
Poeta, antzerkigile, zinegile eta pintore izan zen Jean Cocteau (1889-1963). Hogei urte zituela plazaratu zuen lehen poema liburua: Aladinen argiontzia. Zazpi nobela ere idatzi zituen, eta haietatik ezagunena, bosgarrena, euskaratu zuen 1992an Joxe Antonio Sarasolak: Ume terribleak, duela 80 urte 1929ko uztailean argitaratua, eta orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Parisen, elur egun bateko arratsaldez, ikasle arteko borroka batekin hasten da nobela, Amsterdam eta Clichy kaleen arteko plaza zahar batean, Cocteauk hamabi urte zituenean jolasean jarduten zuen cite Monthiers hartan hain zuzen ere, non lagun bat hil zitzaion.
Uzt
01
09
Bilbao arte eta kultura jardunaldietan egungo ipuingintzaz jardungo dute uztailaren 1, 2 eta 3an, goizez, Bilboko Zubiria etxean (Sarriko). Hizlarien artean izango dira: Alvaro Rabelli, Jon Kortazar, Ur Apalategi, Javier Rojo, Angel Erro, Jokin Muñoz, Ibon Egaña eta Eider Rodriguez.
Uzt
01
09
Seigarren urtez egingo dira Eako poesia egunak, uztailaren 18an eta 19an. Maitasunak eta erotismoak euskal letretan duen agerpenaz mintzatuko dira hitzaldi eta tertulietan. Testu zahar eta koplen irakurraldiak egingo dira eguerdietan kalerik kale. Eta errezitaldiak iluntzean. Parte hartze zabala izango da: Uxue Alberdi, Rikardo Arregi, Yolanda Arrieta, Josetxo Azkona, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Angel Erro, Igor Estankona, Hedoi Etxarte, Amaia Jauregizar, Xabier Kaltzakorta, Hasier Larretxea, Txili Lauzirika, Karlos Linazasoro, Juanra Madariaga, Peru Magdalena, Laura Mintegi, Olga Novo, Iratxe Retolaza. Larunbatean 23:30ean Anarik kantaldia eskainiko du frontoi atzean. Igandean 17:00etan Pier Paul Berzaitz eta Itxaro Bordaren Amor omnibus est emanaldia Ermintxo hotelean.
Eka
30
09
Juanjo Olasagarreren T nobela izango dute mintzagai ekainaren 30ean (asteartea) 18:30ean Arrasateko literatura solasaldietan, udal liburutegian.
Eka
26
09
Urte bi dira Harkaitz Zubirik lehen narrazio liburua argitaratu zuela: Zakur kale (2007, Susa). Orain bildumako hamar ipuinak osorik eskaintzen dizkizugu sarean. Honela mintzatu zen Harkaitz Cano Zakur kaleri buruz: “Gehiengoak bizitzaren heren bat lanean pasatzen duela kontuan hartuta, apur bat deigarria ere bada literaturan lanaren mundua zein gutxi agertzen den ikustea. Harkaitz Zubiriren liburua salbuespena da. (…) Ipuinez ipuin agertzen diren pertsonaietan ikusten da bizitzan diruaren brujulak gure jokabidean duen tiradizoa, egokia dena egitearen edo erosoa denaren artean aukeratu beharraren kinka, ardi larruz mozorroturiko otsoen eta otso larruz mozorroturiko otsoen artean mugitu beharra”.
Eka
25
09
Juanjo Olasagarreren T nobela izango dute mintzagai ekainaren 25ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko irakurle klubean (Hikaateneoan).
Eka
24
09
News Letter aldizkarian 1881ean hasi eta 1906 bitartean Ambrose Bierce satirikoak idatzitakoen bilduma bat da Deabruaren Hiztegia, 1911n argitaratua. San Franciscoko gizonik gaiztoena deitzen zioten Bierceri bere idatziengatik. Liburu honetan aurkituko dituzu hitzen definizioak, epigramak, istorio laburrak, hitz jokoak, pasadizoak, bertsozkoak… Xabier Olarrak 2000. urtean euskaratuak. Adibidez, editore hitza honela azaltzen du: “Zentsore biziki bertutetsua, baina hain bihotz onekoa oro har, non besteren bertuteak eta bere bizioak onartzen dituen”.
Eka
23
09
Duela 50 urte, gaurkoa bezalako egun batez hil zen Parisen Boris Vian idazle frantsesa. Ramon Etxezarretak ekarri zuen euskarara Egunen aparra (1988, Elkar) eta Juantxo Zigandak Ttu eginen dut zuen hilobietan (1992, Igela) nobela. Aldizkarietan irakurriko dituzu poema bat eta bi narrazio ere: Olertin 1982an Sabin Muniategik, Susan 1983an Joserra Utretxek eta Ttu-ttuán 1985ean Antton Azkargortak emanak. Boris Vianen Desertorea kantuaren itzulpena kendu diogu Koldo Izagirreri orain. Kantu antimilitarista oso ezaguna egin zen Le déserteur, 1954ko otsailaren 15ean idatzia eta lehen aldiz Marcel Mouloudjik abestua maiatzaren 8an, Harold Berg-en musikarekin. Boris Vianek berak kantatua entzun dezakezu hemen.
Eka
22
09
Oreretako Mikelazulo kultur elkarteak Eztena teatro egunak antolatu ditu, ekainaren 25etik 28ra bitartean egitekoak. Joxe Mari Carrereren Zapatak, Lakrikun taldearen Greban gaude, J.B. Pedradasen Pepino ustelak (hozkailuan) eta Josu Florentinoren Zaramalogia piezak emango dira. Oier Guillanek eta Inaxito Albisuk Munduko jakintsurik tontoena testua aurkeztuko dute. Eta Gilkitxaro, Txerriki, Labea eta Gaitzerdi taldeek ere parte hartuko dute ekitaldietan. Hementxe duzu egitarau osoa zehatz jasoa.
Eka
20
09
Koldo Izagirrek Sua nahi, Mr Churchill? ipuin liburuaz jardungo du ekainaren 20an (larunbata) 18:00etan Hendaiako Mediatekan.
Eka
19
09
Patxi Zubizarretak Abdelah Taïa-ren Malenkonia arabiar bat nobela aurkeztuko du ekainaren 19an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Alberdania.
Eka
18
09
Laurehun lagunek Juan Antonio Mogelen Peru Abarka irakurriko dute ekainaren 18an (osteguna) goizeko 8:00etan hasi eta hamabi orduz jarraian, Bilboko Arriaga antzokian. Antolatzailea: Bilbo Zaharra euskaltegia.
Eka
16
09
Hogeita bost urte dira Ttu-ttuá literatur aldizkaria sortu zutela Joanes Urkixok eta Laura Mintegik (Bilboko eta Algortako helbidez). Estreinako aleari zero zenbakia ipini zioten, eta idazle bizkaitarren testuz osatuta zetorren. Ttu-ttuá aldizkariaren lehen ale guztien azalak banan-banan eskuz margoturik daude, estraza paper gainean, Migeltxo Monforten maketa lanarekin. Urte eta erdiren buruan sei zenbaki argitaratu zituzten: 1984ko udaberri, uda, udazken eta neguan, eta 1985eko udaberri eta udazkenean (ale bikoitza azkenekoa). Besteak beste, idazle hauen lanak agertu ziren aldizkarian: Iñigo Barandiaran, Iñaki Bernaola, Kanko Ispizua, Amaia Iturbide, Eukene Martin, Laura Mintegi, Omar Nabarro, Karlos Santisteban, Joanes Urkixo.