Uzt 07 15

James Salterrekin Ilunabarrean

90 urte bete berritan zendu zen, joan den ekainean, James Salter idazlea. AEBetako Armadako pilotu izana, II. Mundu Gerran eta Koreakoan, hegan egiteko grina idaztekoagatik aldatu zuen. Lehen eleberrietan (The Hunter) soldadu esperientzia kontatzen du, molde hagitz fatalistan. Geroago, giza harremanek hartzen dute haren literatur lanaren ardatza, pertsonen artean sortzen diren suak eta eta erreketak, estilo labur eta zehatzez emanez, harremanetan marrazten dituen moduko pindardun istorioak sortuz. 1988ko Dusk and Oher Stories ipuin bildumako Ilunabarrean ekarri digu euskarara Jon Benitok.

Uzt 07 15

Poesia azpititulatua: Poema nire eskubideez

June Jordan poetaren Poem about my rights irudiak eta errezitaldia Ane Garciak euskarari ekarriak.

Uzt 04 15

Benjamin Pereten lau poema

Honela definitu zuen Andre Bretonek XX. mendeko poesia mugimendurik garrantzitsuena: “Zer den surrealismoa? Benjamin Peretek hartzen duen edertasuna familia, erlijioa, aberria hitzak aipatzen entzunik”. Hamasei urte zituela, amak burua berotuta, Lehen Mundu Gerra ezagutu zuen lubakietako lokatzetan eta ospitaleetako garratzetan. Bizipen hauek “dena erraztu” zioten: bizimodu hau ez da bizitza, mundua eraldatu egin behar da. Erran gabe doa aberria eta abertzaleak, gerra eta gerlariak, jainkoa eta fededunak hartu zituela jomuga. Balio burges guztien ukoak berez zekarren hizkera lauaren ukoa, eta askatasunik bortitzenean landu zituen, umorez eta irudimenez, biraoa eta laidoa eta iraina. Benjamin Pereten magia osasungarriaren adibidea dira gaur eskaintzen dizkizuegun lau poema antimilitaristok, Je ne mange pas de ce pain-là bildumakoak (1936), alegia, Nik ez du ogi horretarik jaten.

Uzt 03 15

Antzinako gertaerak

Karmelo Etxegarairen ipuinetan eredugarri gauzatzen da foruen azken hondarra galdu ondoko etsimenduari aurre egiteko intelektual euskaltzaleek sustatu zuten harrotasuna: kondaira lorios bat daukagu, herri bat osatzen dugu… Legenda edo elezaharrak trama batean garatuz, gertaera narratibaren premietara antolatuz, pertsonaiei hitza emanez abiatu zuen Karmelo Etxegaraik gure ipuingintza modernoa, literatura idatziaren genero bezala. Eta, irakurleak neke handirik gabe sumatuko duen bezala, literatura idatziak eskatu ohi duen mailakoa da Etxegarairen hizkera. Gaur 150 urte jaiotako egilearen Antzinako gertaerak ipuina horren erakusgarri.

Uzt 02 15

Poesia azpititulatua:
Speak white

Literaturian poesia azpititulatzeko tailerra egin zuten EIZIEko lagunek sustatuta. Orduan landutako poesia errezitaldien bideoak sarean daude jadanik eta astero bat ekarriko dugu bertora.
Hasteko Speak white Michèle Lalonde poetaren errezitaldia ekarri dugu Emailuetara.

Uzt 02 15

Ametsak ere zain errezitaldia Zarautzen

Mikel Antzaren Ametsak ere zain liburuko poemen errezitaldia egingo dute Josu Landak, Gotzon Barandiaranek eta Itziar Castrillok uztailaren 2an (osteguna) 20:00etan Zarauzko Musika Plazan.

Uzt 01 15

Sonia Gonzalezen Sagarroiak

Gabriel Arestik eta Jon Mirandek politikazko eta erlijiozko tabuak apurtu zituzten, baina Arestiren poemen protagonista “gizona” da, eta Miranderen erotismoa, besteak beste, falokrata da. Hizkuntzan bertan txertatua zen gizonkeria tabu izaten jarraitu zuen. Amaia Lasak abiatu zuen A E I O U berria XXI. mendearekin nagusitu zen emakumezko idazleen multzo gaztearekin: tabu linguistikoak apurtuz, sexualitatearen zentroa aldatuz eta esplizituki aldarrikatuz, kolokan ipini zituzten gizon hitzak eta gizontasun kontzeptuak zeuzkaten oinarri sendoak. Iraultza honen adibidea dugu Sonia Gonzalezen Sagarroiak (Euskaltzaindia /BBK, 2002) Jabego nomada, Maitasuna gerra da, Ailitz soilik sexua! edo Mendekua bezalako poema antologikoetan.

Eka 29 15

Elizabeth Barretten poesia

Elizabeth Barrett umetan hasi zen idazten, irakurtzen zituen klasiko ingeles, aleman frantses eta italiarren ildoan. Nahigabez beteriko gaztaroaren ondorioz elbarritua, seme-alabak ezkongabean bizitzera behartu nahi zituen aitaren tirania ezin jasanik bere gelan itxia, poesian islatu zituen Elizabethek bere sentimenduak. Poema bilduma bat irakurria zion Robert Brownin poetarekin hasi zen gutunketan, literaturaren zaletasuna maitasuna bihurtzeraino. Isilean ezkondu eta Italiara egin zuten ihesi Ingalaterra viktoriano itogarritik. Maitasuna kantatu zuen, baina baita feminitatea eta sortzailearen bokazioa ere. Elizabeth Barreten soneto edo hamalaudunak, Sonnets from the Portuguese bildumakoak bereziki, ingelesezko hoberenetan daude XIX. mende barruan. Sonetoetariko bat eskaintzen dizuegu, Nik zu nola maite? Koldo Izagirrek bertso librean euskaratua.

Eka 26 15

Lubakia Iruñean

Andrei Platonoven Lubakia nobela aztertuko dute ekainaren 26an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Katakrak-en

Eka 26 15

Lorea Gernika, andrazko bat Donostian

Koldo Izagirrerekin Lorea Gernika, andrazko bat nobelaren irakurraldia eta solasaldia izango da ekainaren 26an (ostirala) 18:30ean Intxaurrondoko Zulo Zahar elkartean.

Eka 25 15

Sarrionandiaren Narrazio guztiak Gasteizen

Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak liburuaz ariko dira ekainaren 25ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean.

Eka 25 15

Ametsak ere zain errezitaldia Donostian

Mikel Antzaren Ametsak ere zain liburuko poemen errezitaldia egingo dute Josu Landak, Gotzon Barandiaranek eta Itziar Castrillok ekainaren 25ean (osteguna) 19:00etan Donostiako Garoa Kultu Lab-en.

Eka 25 15

Gerla Handia:
Guda galgarri hau

Kirikiño Euzkadi-n iraupenaz mintzo zaigu, gerla hasi zenetik hamaika hilabete igarota, guda galgarri honek ez du amaitzeko itxuraren apurrik ere. Anitz aberri dira nahasirik borrokan, eta horien artean nabarmena da Bulgaria eta Errumaniaren jokabidea, badirudi enkantean jarri dutela gerla honetan sostengua nori eman. Eskualduna-k soldadu hilen ehorzketaren afera dakargu, gorpuak errearazten baitituzte, lur sainduan ehortzi gabe. Bestalde frantses armadak hartzen dituen ildo guziak aleman hilez beteak antzematen ditu. Orain pausan direnez, Jean Saint-Pierrek inguruko bazterrak, errekak eta herriak korritzeari ekin dio, ibileran garaztar diputatua, Zerbitzari eta Xikito Kanbokoa bisitatu ditu. Hendaia eta Donibane Lohizunen espioiak eta desertoreak preso altxatu dituzte, gertakari horiek hizpide gezurra merke saltzen ahalegintzen diren Espainiako kazetak salatzen ditu Eskualduna-k. Umezurtzak direla eta, Baionako kazetak daraman solasa eta frantses kazetek darabiltena bi dira.

Eka 24 15

Ametsak ere zain errezitaldia Bilbon

Mikel Antzaren Ametsak ere zain liburuko poemen errezitaldia egingo dute Josu Landak, Gotzon Barandiaranek eta Itziar Castrillok ekainaren 24an (asteazkena) 19:00etan Bilboko Cafe Bilbaon.

Eka 24 15

Iazko hezurrak Azkoitian

Unai Elorriagaren Iazko hezurrak nobelaz jardungo dute ekainaren 24an (asteazkena) 19:00etan Azkoitiko liburutegian.

Agenda

Efemerideak

Kritikak