maiatza 14 08
Zulo bat uretan Donostian
Iñigo Aranbarri Zulo bat uretan nobelaz mintzatuko da maiatzaren 14an (asteazkena) 19:00etan Donostiako FNACen.
maiatza 14 08
Iñigo Aranbarri Zulo bat uretan nobelaz mintzatuko da maiatzaren 14an (asteazkena) 19:00etan Donostiako FNACen.
maiatza 13 08
Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak (2003) nobelaren 7-8-9-10 kapituluak italierara itzulirik bidali dizkigu Roberta Gozzik: Il canto dei grilli. Duela urte batzuk Jimenezen bi nobela plazaratu zituen Tranchida argitaletxeak Milanon: L’ultimo fucile 2004an (Azken fusila, 1993) eta La voce delle balene 2003an (Baleen berbaroa, 1999).
maiatza 12 08
Zarauzko Azken Portu auzuneko ekitaldi aretoan Literatur Astea egingo dute datorren astean, maiatzaren 19tik 22ra bitartean, egunero 20:00etan. Astelehenean Hasier Etxeberriak Anjel Lertxundi elkarrizketatuko du; asteartean Harkaitz Canoren Arraroagoa da idazten ez duen jendea hitzaldia; asteazkenean Koldo Izagirreren Greenwichekoa ez da meridiano bakarra hitzaldia; eta ostegunean Jose Luis Otamendiren poema liburu berrian oinarritutako errezitaldia: Erlojuen mekanika.
maiatza 09 08
Patxi Zubizarretaren Jeans-ak hozkailuan nobelaz jardungo dute maiatzaren 9an (ostirala) 20:00etan Iruñeko irakurle taldean (Zaldiko Maldiko).
maiatza 07 08
Lutxo Egiaren Zubigilea nobela mintzagai izango dute maiatzaren 7an (asteazkena) 20:00etan Berbaizu euskara elkartearen irakurle klubean.
maiatza 07 08
1922an argitaratu zuen Pio Barojak La Leyenda de Jaun de Alzate antzerki-lan edo eleberri dialogatu kontsidera genezakeena. Gai historiko-mitologikoa lantzen duena, iragan erdiarotar batean Altzateko Jauna du protagonista, Bidasoa inguruan bere dorretxean bizi den heroia, gerlaria, naturarekin bat eginez bizi den gizarte batean. Kontrakarrean kristautasunaren presioa duen gizartea. Altzateko Jaunaren elezaharra asmatu zuen Barojak, mundu pagano eta kristaua talkan jarriz. Pertsonaia estandarragoen aldamenean, Xagit eta Basurdi bezalakoek xarma eransten diote inspirazio poetikoa ere baduen lan honi —kantuak, jainko paganoen aipamenak…—. Baroja argitaletxeak 1986an plazaratu zuen, Altzateko Jaun-en kontu zaharra, Patxi Apalategik euskaratua, orain osorik eskaintzen dizuguna. Ez zen izan, hala ere, Barojaren lana euskaraz jarri zen lehen aldia. XV. atala Euzko Gogoak kaleratu zuen, 1955eko zenbakian, Antonio Iturriotz eibartarrak euskaratua. Eta 1979ko abenduaren 21ean Donostiako Antzoki Zaharrean jokatu zen Altzateko Jauna obra, Maria Dolores Agirrek eta Felipe Jurramendik Barojarenetik euskaratu eta moldatua. Obra hau on-line jarri genuen Armiarman, Maria Dolores Agirreren jaiotzaren mendeurrena zela-eta hari eskainitako artikuluan, 2003ko abenduaren 12an.
Api 30 08
Eider Rodriguezen Haragia narrazio liburuaz solasaldia izango da apirilaren 30ean (asteazkena) 20:00etan Txurdinagan (AEKren euskaltegian) Asapala irakurle tartean.
Api 30 08
Castillo Suarezen Mugarri estaliak poema liburuan oinarritutako ikuskizuna eskainiko dute apirilaren 30ean (asteazkena) 19:30ean Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Antolatzailea: Euskal Idazleen Elkartea.
Api 30 08
La Moraleja presondegian, Mario Artolaren laguntzaz Jokin Urainek idatzitako Errotarria kronika bilduma argitaratu zuen Susak 2006ko udazkenean. Errepresioaz, kartzelaz eta deserriaz diharduen liburu hura orain osorik eskaintzen dizugu sarean. Ahots ugarik, gertaera anitzek, pertsona askoren testigantzek bat egin dute hari bakarrean. Aldizkarietatik, liburuetatik, gutunetatik, argazkietatik, espetxeko bisitetatik mintzo zaizkio Uraini, 1936ko gerrako iheslarien eta kondenatuen kontakizunekin abiatu eta gaur arterainokoak.
Api 29 08
Mikelazulo elkarteak 8. Poesia Astea antolatu du maiatzaren 9tik 18ra bitartean. Bideo emanaldiak, dokumentalak, arte plastikoa, musika, dantza eta poesia errezitaldiak uztartuko dituzte Oreretako Mikelazulon (Beheko kalea 4). Maiatzaren 9an (ostirala) Periferike dokumentalak; maiatzaren 13an (asteartea) Garabi; maiatzaren 14an (asteazkena) Jose Luis Otamendiren Erlojuen mekanika; maiatzaren 15ean (osteguna) Gorka Setienen Ertzetako komunukazioak liburuaren aurkezpena; maiatzaren 16an (ostirala) Auxtin Zamoraren eta Lorentxo Garmendiaren bideoak eta (H)abiapuntuak errezitaldi kolektiboa; maiatzaren 18an (igandea) 19:00etan Lezoko Gezala auditorioan bi ikuskizun: Metro koadro bat eta Ezeraiketak.
Api 29 08
Harkaitz Zubiriren Zakur kale narrazio liburuaz ariko dira apirilaren 29an (asteartea) 18:30ean Arrasateko literatur solasaldietan (udal liburutegian).
Api 25 08
Jose Manuel Odriozolak Abertzaleak eta euskara saiakera aurkeztuko du apirilaren 25ean (ostirala) 11:00etan Donostiako Elkar Megadendan. Argitaldaria: Elkar.
Api 24 08
Harkaitz Zubiriren Zakur kale narrazio liburua izango dute hizpide apirilaren 24an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean (Hikaateneoan).
Api 24 08
Antzararen bidea nobelaz jardungo dute Jokin Muñoz eta Angel Errok apirilaren 24an (osteguna) 19:30etan Donostiako Liburutegi Nagusian (San Jeronimo kalea).
Api 23 08
Charles de Costerren Ulenspiegelen elezaharra liburuaz mintzatuko da Koldo izagirre apirilaren 23an (asteazkena) 20:00etan Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.