Uzt 04 08

Sumendiaren azpian, Malcolm Lowry

Malcolm Lowryren Sumendiaren azpian eta Andre Malrauxen Esperantza nobelak euskaratu dituzte Karlos del Olmo eta Karlos Zabalak. Uztailaren 4an (ostirala) 11:00etan aurkeztuko dituzte Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldariak: Alberdania-Elkar.

Uzt 03 08

Zulo bat uretan Getarian

Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan nobelaz solasaldia izango da uztailaren 3an (osteguna) 20:00etan Getariako liburutegian.

Uzt 03 08

Woody Allenen
Jo ezak berriro, Sam

Dudarik gabe zinemagile gisa ezaguna, autore lan oparoa ere idatzia du Woody Allenek. Bere monologoez gain, zenbait antzerki lanek oihartzun handia lortu dute eta mundu zabalean jokatu dira. Jo ezak berriro, Sam, Allenen bigarrena, da horietako bat, autore eta aktorea lanean zuela Broadwayn arrakasta itzela izan zuena. Allan Fix protagonista duen istorioa, Zintzilik taldeak jokatu zuen Donostiako Victoria Eugenian, 1986ko irailean, Joakin Cuetok zuzenduta. Anjel Valdesek euskaraz jarria, urte berean plazaratu zuen Baroja argitaletxeak, eta orain hemen eskaintzen dizugu.

Eka 30 08

Pamiela aldizkaria
sortu zela 25 urte

Orain 25 urte argitaratu zen lehen aldiz Pamiela aldizkaria, 1983ko ekainean. Iruñeko Auzolan liburu-dendan elkartzen ziren literatur zale batzuek sortu zuten, eta Pello Lizarraldek ekarri zuen izena, Azkoitiko bere aitonari aditua: Pamiela, sorginek baserrietan utzi ohi zuten kaxa, baina ireki behar ez dena, begizkoa eta ezbeharra ekarriko baitizkizu. Lehendabiziko ale haren gai nagusia bidaiak eta literatura izan zen. Eta oso gutxi barru azaldu zen bigarren zenbakia ere, 1983ko uztailean, Franz Kafkari omenaldia egiten ziona. Gaztelerazko testuak ziren nagusi beti Pamiela aldizkarian, baina hantxe irakurri genituen estreinakoz Ana Iribar, Mikel Taberna edo Jon Alonsoren lanak, eta haiexek sortuko zuten 1984an Korrok literatur aldizkaria.

Eka 28 08

Katamalo Gernikan

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak ekainaren 28an (larunbata) 21:30ean Gernikako Lizeo antzokian.

Eka 28 08

Beste eguzkia Miarritzen

Itziar Madinaren Beste eguzkia liburuaz solasaldia izango dute ekainaren 28an (larunbata) 14:30ean Miarritzeko Mediatekan.

Eka 27 08

Katamalo Bergaran

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak ekainaren 27an (ostirala) 19:00etan Bergarako Espoloian.

Eka 25 08

Gerard de Nerval-en
bigarren mendeurrena

Parisen sortua 1808ko maiatzaren 22an, bi mende dira Gerard de Nerval idazlea jaio zela. Idazle erromantiko esanguratsua, Hugo, Gautier eta Dumasen garaikide eta laguna, poesia, narrazioa eta antzerkia idatzi zituen. Nozitzen zituen dementzia krisiek erasana, Les Filles du feu eta Aurélia ou le rêve et la vie nabarmendu daitezke bere lanetan, 1853-54 urteetan idatziak. Hurrengoan, 1855eko urtarrilaren 26an, Parisen kalean urkatuta topatu zuten. Les Filles du feu-ko Sylvie, Valois-eko oroitzapenak euskaratu zuen Joseba Urteagak eta Igela argitaletxeak 2000. urtean plazaratu, Lehen amodioa liburuan. Osorik eskaintzen dizugu. (gehiago…)

Eka 22 08

Katamalo Mutrikun

Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak ekainaren 22an (igandea) 20:00etan Mutrikuko gaztetxean.

Eka 20 08

Altxor uhartea, Stevenson

R.L. Stevensonen Altxor uhartea nobelaren edizio berri bat aurkeztuko du Maria Garikano itzultzaileak ekainaren 20an (ostirala) 11:00etan Donostiako Elkar dendan. Argitaldaria: Elkar.

Eka 19 08

Diotenez Gasteizen

Karlos Linazasororen Diotenez liburuaz ariko dira ekainaren 19an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean (Hikaateneoan).

Eka 19 08

Souvenir Larrabetzun

Castillo Suarezek Souvenir poema liburua aurkeztuko du ekainaren 19an (osteguna) 20:00etan Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.

Eka 19 08

Bernat Etxepareren dardoak

Oinazetan den presoa eta borrero bat, bien arteko elkarrizketak abiatzen du Joxan Oizen lehendabiziko nobela. Mutikotan Beñat Dardo esaten zioten Bernat Etxepare apeza duzu kontakizun hauetako protagonista, euskarazko lehen liburua idatzi zuen huraxe. Beñat Dardo (2006, Susa) nobela osorik eskaintzen dizugu orain sarean. Etxepareren gaztaroko pasadizoak, unibertsitate garaia, eta Donibane Garazin preso egon zenetik Linguae Vasconum Primitiae Bordeleko Morpainen inprimategira eraman arteko bizikizunak argitzen dira, Martin Bereau borreroa zerbitzari hartua duela.

Eka 19 08

Gero Bilbon

Axularren Gero liburuaren irakurraldi etenik gabea egingo dute 400 lagunek ekainaren 19an (osteguna) goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitartean Bilboko Arriaga antzokian. Antolatzaileak: Elkarlan euskaltegiak.

Eka 17 08

Diotenez Arrasaten

Karlos Linazasororen Diotenez liburua izango dute hizpide ekainaren 17an (asteartea) 18:30ean Arrasateko literatur solasaldietan (udal liburutegian).

Agenda

Efemerideak

Kritikak