Ira 16 10

Urte giroak
Marcovaldoren begian

Biltegi batean lan egiten du Marcovaldok. Porlan, ke eta trafiko handiko hiriaren erdian izadiaren bila abiatuko da. Ba ote da izadirik oraindik? Hogei ipuineko liburua da Marcovaldo edo urtaroak hirian, 1963ko azaroan argitaratua, nahiz eta Italo Calvinok 50etako hamarraldi hasieran idatzi izan zituen liburuko lehen kontakizunak. Alegien antzeko istorioak dira, baina galdutako mundu zoragarri batekiko nostalgiarik gabeak; zibilizazio industrialari egiten zaion kritikarekin batera, paradisu galduaren inguruko ametsen aurkakoa ere egiten du. Koldo Bigurik 1992an ekarri zuen euskarara, Literatura Unibertsala bilduman.

Ira 15 10

Bernardo Atxagaren errezitaldia Bilbon

Bernardo Atxagak errezitaldia egingo du irailaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Bilbon, Kale Nagusiko BBK Fundazioaren aretoan.

Ira 15 10

Atsekabe zaitut, Irati Jimenez

Irati Jimenezek Atsekabe zaitut liburua aurkeztuko du irailaren 15ean (asteazkena) 11:30ean Bilbon, Nabarra aldizkariaren egoitzan. Argitaldaria: Txalaparta.

Ira 15 10

Hiri gorritik, Asier Serrano

Asier Serranok Hiri gorritik liburua aurkeztuko du irailaren 15ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako Elkar aretoan.

Ira 15 10

Arrats beran duela 75 urte

Ander Aranbaltza adiskideari eskaini zion Lauaxetak bere bigarren poema liburua, Arrats beran, 1935ko ekainean Bilboko Verdes etxean argitaratua. Berrogei poemako bilduma zen, pieza oso ezberdinez osatua: “Itxaso orren narru nabarra pantera batena dirudi” hasten den Espetxekuarena, edo “Etzunik edan daidan neurri-barik” dioen Kanta ariña, edo “Billoxik noruntz ua mutil?” (Narkis), edo “Dana emon biar yako matte dan azkatasunari” amaitzen den Mendigoxaliarena. Lauaxeta honela mintzo zen hitzaurrean: “Elerti-zale nazan onek ziarkeri ta pirtxilleritzat daukodaz olerkijok. (…) Baña ele lander baten seme jayo nintzan ezkero, bertso ñimiño oneik be argittara datorz”. Bide barrijak liburuak zalaparta handia sortu zuen lau urte lehenago, baina Arrats beran gutxi hartu zen ahotan duela 75 urteko udan.

Ira 10 10

Haragizkoa Donostian

Edorta Jimenezek eta Rafa Ruedak Haragizkoa errezitaldia egingo dute irailaren 10ean (ostirala) 20:00etan Donostiako Victoria Eugeniako Club Aretoan. Irudiak: Joseba Barrenetxea.

Ira 09 10

Sidecar arima Donostian

Harkaitz Canok eta Beñat Barandiaranek Sidecar arima errezitaldia egingo dute irailaren 9an (osteguna) 20:00etan Donostiako Victoria Eugeniako Club Aretoan.

Ira 09 10

Bilbao-New York-Bilbao Tolosan

Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelaz mintzatuko dira irailaren 9an (osteguna) 19:30ean Tolosako kultur etxean.

Ira 09 10

Mujica Lainezen demonioak

Manuel Mujica Lainez idazle argentinarra nobela historikoengatik zen ezaguna. Baina bestelakoa da euskaraz daukagun haren eleberri bakarra: Zazpi demonioen bidaia, 1973ko udazkenean idatzi eta 1974an argitaratua, eta Joxe Migel Esnaolak Literatura Unibertsala bildumarako 1998an itzulia. Luzifer, Mammon, Leviatan, Beeltzebul, Satan, Asmodeo eta Belfegor demonioek infernutik mundurako bidaiak egingo dituzte, zazpi bekatu handiak gizakiengana zabaltzera. Umorezko kontakizunak dituzu, turismo bekatarian diharduten alproja batzuenak.

Ira 01 10

Eça de Queirosen
Mandarin zaharra

Parisen kontsul zela, orain 110 urte hil zen Jose Maria Eça de Queiros, Amaro aitaren hilketa nobelaren idazlea, Portugalgo eleberri modernoaren aitzindaria. Bere obra naturalismoaren barruan kokatu behar den arren, fantasiari ere bidea egin zion, deabru eta mamuzko Mandarin zaharra (1880) nobelarekin. Gobernazioko Ministerioan eskribatzailea zen Teodorok ez zuen Deabruarenganako sinesmenik, Jainkoarenganako ez zuen bezalaxe; baina ustekabean bisita egin zion, proposamen berezi eta aberasgarri bat egiteko. Mandarin zaharra Jesus Mari Lasak itzuli zuen euskarara 1992an.

Abu 26 10

Xveik ergelaren menturak

Jaroslav Hasek idazle txekiarra Austriaren kontra borrokatzen zen Legio Txekoslovakiarrean sartu zen Lehen Mundu Gerran, eta 1917az geroztik Armada Gorrian. Etxeratutakoan, Xveiken abenturak idazteari ekin zion: lau zati izatekoa zen nobela, baina amaitu gabe laga zuen, Hasek bat-batean hil baitzen berrogei urte ere ez zituela. Karlos Cid Abasoloren itzulpenez, bi liburukitan argitaratu zen euskaraz Xveik soldadu onaren menturak: 1992an lehen zatia (Atzeguardian) eta 1993an bigarrena (Frontean), biak Josef Ladaren irudiekin apainduta. Ergelarena egiten duen Xveik literatura unibertsaleko pertsonaiarik ederrenetako bat duzu; hainbeste maite zuen Bertolt Brechtek, ezen Xveik Bigarren Mundu Gerran antzezlana idatzi baitzuen 1943an.

Abu 18 10

Jon Etxaideren antzerkiak

Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zen 1950ean Jon Etxaideren lehen antzerki lana: Amayur! (1949ko abuztuaren 28an idazten amaitua). Gaur beste bi obra eskaintzen dizkizugu, Teatro testuak webgunean jasoak: Markesaren alaba (1956an idatzi eta 1958an Egan aldizkarian plazaratua) eta Begia begi truk (1959an idatzi eta 1962an argitaratua). Baina baita ere Arturo Kanpionen Pedro Mari kontakizuna, Etxaidek euskaraz antzerkirako moldatua (1981ean).

Abu 14 10

Txirrita jaio zen duela 150 urte

Jose Manuel Lujanbio 1860ko abuztuaren 14an jaio zen Ereñotzuko Latze baserrian, duela 150 urte. Familia Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen 1873an, eta hurrengo urtean, hamalau urte zituela, plaza agerikoan lehendabiziko aldiz kantatu zuenean hartu zuen Txirrita deitura. Antxoko huelga eta Alemaniako gerra eta Norteko trenbideari bertsoen egilea bertsolari gogoratuenetakoa da gaur egun. Txirritak paperean jarritako guztiak dituzu hemen emanak.

Abu 10 10

Egan aldizkariko hiru antzerki

Egan aldizkarian 80etan argitaratutako hiru antzerki ekarri ditugu Teatro testuak gunera: Jean Etxeberriren Arroltze ohoina; Alejandro Tapia Perurenaren Kattalin umezurtza, gerra aurrean idatzia baina 1985ean plazaratua; eta Xabier Gereñoren Euskal Ikastola, 1970ko abuztuan idatzia eta 1983an argitaratua. Datorren astean Jon Etxaideren hiru antzerki digitalizatuko ditugu.

Abu 05 10

Komuneko paperean Zumaian

Komuneko paperean errezitaldia egingo dute Imanol Epeldek eta Mattin Epeldek abuztuaren 5ean (osteguna) 22:30ean Zumaiako gaztetxean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak