Api
16
15
Kexu da Eskualduna diru-laguntzak behar bezalaxe banatzen ez direlako. Meren egitekoa omen da makur horien zuzentzea, beharra denari eman eta ez denari ez eman, ez da jostetarik beharrarekin. Lehengo lepotik burua su zelaietan, atzo guretua berriz berendua eta alderantziz, dirudienez, frantses, ingeles, belgikar, serbiar, montenegroar eta errusiar armaden sailek baturik bi mila kilometro pasatxo egiten dute. J. Saint-Pierrek gerlaritzak hartzen ditu mandoak ere, horietakoren bat Euskal Herritik ekarria da eta horren ondorioz ezaguna, euskaldunak euskalduna laster antzematen du. Iheskaria izenburupean Oxobik idatzi bertsoak leitu daitezke kazetan, egiazki gertatzen ari dena hedatzen du Moulierrek bertso horietan. Tortura kasu bat berritzen digu kronikariak, bestalde turko eta zikin sinonimotzat hartzen ditu. Alemana lurraren gainean den gezurtirik handiena denez, beti erne eta azkar egon behar etsaia osoki garaitu arte. Aste honetakoan Zuberoako kronikaren falta nabaritu dugu.
Api
09
15
Gu jendeago gara. Atxiko direnen bizi baldintzak aletzen ditu Eskualduna-k. Frantzian aleman presoek maniarik ez baina behar duten guzia dute eskura, Alemanian aldiz, oro da bortxa, alemanendako frantsesa sortzetikako etsaia baita. Ez dezala irakurleak gal jatorri ezberdineko presoen jokaera aztertzean kronikariak ondorioztatzen duena. Bestalde Felix Heguy Arrosako apez gazteak Berlin ondoko Zossen presondegiko bizimodua lehen eskutik berritu digu. Alemanian preso den euskaldun batek gutuna igorri dio familiari, ezin izan du euskaraz idatzi, baina esaldiren bat isuri zaio, hona horietako bat, “Egor azue ogi bat aste guziez”. Baina oro ez da lanturua, bular guziz Biba alemanak! egin du oihu Eskualduna-k, armada alemana jaioa da itsasontziak hondoratzeko arteak hedatzen, baina honetan sei ontzi aleman suntsitu ditu. Gilen antikristoa bertso-sorta irakur dezakezu kazetan. Kirikiñok dioskunez jateko gauza urri dabil Dotxerrian eta bere kronikan ingelesen gizontasunaz, alemanen ankerkeriaz eta zenbait politikari espainiarrek lelokeriak esateko duten joeraz mintzo zaigu.
Api
02
15
Berriz ere gerla noiz finituko galdera pausatu digu Eskualduna-k. Noiz baino nola den amaituko du arrangura, ez du bake oker eta maingurik nahi, hobe aski luze joan dadin , etsaia osoki garaitu arte. Kazetak hamaikagarrenez alemanen ankerra agerian utzi du, batetik anaiaren hiltzea gutunean eta bestetik Jainkoa gurekin kantan, gerla honetan, alemanek egin demasak ikusirik Jainkoa beti Frantziarekin da. Ez alferrik, euskaldunak fedea erakusten ere nagusi dira. Alemania ahulduz doa eta aliatuak azkartuz, jeneral japoniar baten aburuz primadera honetan azken ukaldia emanen diote Alemaniari, “Euskaldunak, altxa bihotzak, udan gure herria, gure mendiak eta gure itsasoa ikusiko ditugu”. Errusiarren garaipen gaitza erdietsi dute Przmysl hirian eta frantziar gerlariek baso bat arno gehiago ukan dute errusiarren ohoretan. Eskasia ari dira nozitzen Alemanian, Frantzian aldiz Desclaux moltseroa itzalpean da. Zuberoako kronikan errefuxiatu belgikarrei legez eman beharreko diru-laguntzaz mintzo dira.
Mar
26
15
Garbiki mintzo da Eskualduna desertzioaz, alemanek sustatu ele gaiztoek erraten dute ez dela desterrua hemengo Euskal Herritik hango Euskal Herrira joatea, gerla bukatu bezain laster duela berrogeita lau urte gertatu zen moduan horientzat barkamendua izanen dela, gezurra da hori, ez da barkamendurik izanen gerla honetan bere eginbidea bete ez duenarentzat, Eskualduna-k zigorrak ditu aletzen. Austriarren gibelatzea, Italiaren jarrera, Konstantinopolis berriz ere erortzear delarik turkiarren ahultzea, kazetaren irudikoz beldurtzen hasia da Alemaniako Gilen. Bestalde euskaldunak non diren barreiatuak agertzen digu, deskantsuan dira, urtarrilaren azken egunetik ez dute indarrik egin. Erromatar soldaduen hezurrak topatu omen dituzte, duela bi mila urtekoak, pausaleku horretan gerla gehiago izan dira baina oraingoarekin deus ez. Lehiaketa bat pausatu digu Eskualduna-k aste honetan, Errusiarrek Przsemysl hiria hartu omen dute, “bi sos, hitz hori hobekienik, xuxenkienik irakurtuz erraten duenari, hutsik gabe”. Ezaguna denez, Zuberoako kronikariak ez ditu sozialistak maite.
Mar
19
15
Eskualduna-k zuhurtzia eta harrotasun anoak neurri bertsuan ditu banatzen. Gerla noiz finituko den galderari erantzuten ahalegintzen da. Alemania galtzez da nagusi, bideak idortuko dira eta aliatuak Alemaniara mugituko dira, Konstantinopolis erortzear da eta eskualde hartako herri txipiak harrituko dituzte aliatuek elez eta ekintzez. Ez omen dute Japonia, Italia, Errumania, Greziaren beharrik, alde jartzen badira hobe, fite egin dezatela hautua, bihar berantegi izan liteke. Gisa berean zuhurtzia ageri da Eskualduna-ren kroniketan, etsaiaren ahalak, ahal guztiak finituko direnean finituko da gerla, zuhurtziak irabaziko du gerla, erokeriak gal lezake. Haurride saldoa gerlan dituenarendako kontsolamendu eskasa.
Mar
12
15
Bihotzaren altxagarri diren zenbait pasadizo berritzen dizkigu Eskualduna-k, baina gisa berean gaztigatu bihozgabeak ere badirela gutartean. Berriak egunka sailak maiz aurreko astekoaren errepika dirudi. Kazetak agertzen duenez Konstantinopolis garaituez gero, soka bilur zabal eta luze bezain tinkoa ezarriko genioke etsaiari, Euzkadi-n Kirikiñok dioskunez Bosforoa urrun dute oraindik aliatuek. Itsasaldean libratzen ari den gerra datuez hornitu ditu Eskualduna-k, aliatuak dira nagusi eta gainera etsaiak ontzi gehiago galdu ditu. Bestalde, Errusiako frontean gerra moldea bestelakoa dela ohartarazten digu. Gutun bat dakarkigu aste honetako kazetak, soldadu batek osaba Ottori igorria, “Zazpi hilabetez gerlan ibiltzeak nahitaez gogortzen du gizona”. Xoriñoen arrangurak bertso-sortan gerraren inguruko gogoetak dakarkigu Oxobik.
Mar
05
15
Eskualduna-ren aburuz bertze solasik ez da, oldar handia dute denek aipatzen. Joffrek hogeita hamaika eskutik omen du, eta ezin jakin zuhurtziaz edo xuhurtziaz jokatu nahi duen. Presoak ere hizpide hartu ditu kazetak, gobernuak ez omen ditu presoak ahantzi. Bestalde, alemanen gezurrak salatu ditu, Aita Santua ez da Frantziaren kontrako. Saint-Pierrek soldaduen anoaren ingurukoak berritzen dizkigu, ogia, haragia, pinta erdi bat arno egunean, alta xahakoa negu honetan pausan dago, zimurtua, zoko batean dilingo. Bakoitzak baditu bere bihotz min gordeak baina orok dute kuraia erakusten. Usu denez erlijioa aipatzen du Eskualduna-k, “nehun baino hurbilago dugu hemen Jainkoa”. Lau mila emazte sartu omen dira armada ingelesean, diputatu izan nahi zuten “moko bipil” horiek soldadu bihurtu dira. Zuberoako kronistak ez du sozialistak kritikatzeko egokierarik alferrik galtzen. Bestalde, Liginaga herri txipian bederatzi hil, bost desagertu eta hiru kolpatu gerra hasi zenetik. Kirikiñok Euzkadi-n gaztigatzen digunez aliatuak Dardaneloak igaro eta Marmaran sartu berri dira, Konstantinopolis erortzear?
Ots
26
15
Eskualduna-k Errusiaren partehartzea aztertu du. Errusiarrak aspaldi erakutsia du nolako gerla gizon indartsua eta kuraiatsua den, berak daki nola eraman bere saila. Berriak egunka sailean, aste honetan ere primaderari deika ari zaio gezurretan ez omen dakien Eskualduna, hona lagin bat: zafrakoa zafrakoaren gainera dute alemanek, gu beti aitzinatuz goazi, itxura guztien arabera irabaziko dugu. Garizuman sarturik inauteriak igaro direnez ez omen dira jabetu soldadoak. Jean Saint-Pierre. kexu da igandean ere gerran aritu behar izanaz, gainera baten bat mezaz futitzen omen da, bestalde “gure kanoiek kolpe gutxi debaldetan” Kanadan sei urte eman ondoren sorlekura itzuli eta gerran sartu den soldado baten koplak dakarzkigu kazetak. Eskualduna-k Ibarnegaray loriatzen darrai, alemanek pozoitu zuten, osatu eta berriz sutara. Zuberoan soldado erien batzarra gertatu da, baimen osoa behar lukete horiek, “Egun oroz heriuaren borthan dagoena irabazten baitu egiaren jakitatea”.
Ots
19
15
Garbi mintzo da Eskualduna, mundua zoraturik omen dago ikusiz alemanak bazter guzietan zenbat etsai dituen. Jean Saint-Pierreren aburuz lehenbailehen nahi du garaitu alemanak, baina debaldetan ari da, ezinbertzean ari da joka bazter guzietan, zezena barne zerratuan bezala. Alemanak urdeki jale handiak dira, baina gerrarekin urde guzien azken orena jina da Alemania guziko. Saint-Pierrek ez du dudarik, “alemanak fueratuko ditugu”, baina noiz? “Ager dadila primadera eta Anglesen laguntzarekin geroa gure dugu.” Ibarnegaray eta Guereçague, biak diputatu, biak soldadu aitzindari, bata Baigorrikoa, beste Donapaleukoa. Eskualduna-k agorrilan gerra hasi eta berehala Baionan “Fuera Ybarnegaray, Biba Frantzia!”oihu egin zuen gaztea gogora dakargu eta Frantzia bat dela nabarmendu. Zuberoako kronikan ere batasuna da hizpide, frantsesak politika zaharra utzirik bat jarri baitira etsaiaren kontra, Gilen II.ak izanen ote du merezi duen gaztigua!
Ots
12
15
Eskualduna-k gogora dakargu gerra martxoan hasiko delaren aipua. Odol hotzekoak omen dira ingelesak, eta jada bai lehorretik bai itsasotik lagundu dute.Alemanian hornikuntza arazoak omen dituzte, jaki kontuetan bereziki. Su zelaietan jazotzen ari dena deskribatzean gisa honetakoak leitu ditzazkegu, “gure kanoiak nagusi, gure artilleriak etsairena isilarazi, zoraturik dagozila oro, errusiarrek turkiarrei xafraldi ona eman, …”. Kazetariaren aburuz, mundu guztia estonatua dago alemanen mehatxu eroaz, izan ere, itsasoan nazio oro mehatxatzen baitu Alemaniak. Gerra hasi zenetik sei hilabete igaro dira, Eskualduna-k tarte horren kronika egitean lotsa, beldurra eta izuaren aurrean frantses orok erakutsi kuraia nabarmentzen du. Kazetak salatu du inoiz desertoreen gaia, alta, aste honetan iheslariak bezain beste gazteak desertziora bultzatzen dituzten kuku nahasleak salatzen ditu, gerra ondorengo balizko amnistia bera ere zalantzan jartzen du Eskualduna-k. Jean Saint-Pierre gaztigatu digunez, uros dira soldadu muslariak, karta jokoak heldu omen zaizkie.
Ots
05
15
Kitchener jeneral ingelesaren aburuz gerra martxoan hasiko da. Dirudienez aliatuak prest dira martxoan indar gaitza egiteko, eta gerra noiz finituko den baino alituek garaipena noiz erdietsiko galdetu behar da. Reims hirian alemanen oldarra nozitu du frantses armadak, baina etsaiak baino biziki gutiago gizon galdu omen du. Hona gogoeta alemanen gezurren aurrean: “Gezurrezko ehun bitoria baino guk nahiago egiazko bat, eta hura segura, ez izanik ere alemanen espantuak bezen handia”. Aste honetakoak Aizibitzen Beñat galtza handi bertso-sorta dakargu. Zuberoako berriemaileak salatzen duenez, Basaburuan bada gizon eli bat gerlaz baliatzen ari dena beren opilari su emateko. Kazetariak alemanen gezurrak irensten duten horiek ere salatzen ditu. Soldaduen gutun gutxi Euskalduna-n, “ez dire gerla toki hauk, lumarekilako buru lanentzat eginak.” Mendiez haraindiko euskaldunak gogoan hartu ditu Eskualduna-k, eta esan denaren kontra Julio de Urquijo Frantziari atxikia dela baieztatu digu.
Urt
29
15
Eskualduna-ren aburuz frantsesen erlijioa omen da alemanen etsairik gehienetariko bat. Nonbait, Alemaniako katolikoek, katoliko baino prusiarrago dira. Aste honetan ere “aitzina” da kazetan gehien-gehien errepikatzen den hitza. Bestalde, negu beltz eta ustel honetan artilleriaren lan ederra nabarmentzen du Gobernuak diru gutxiago bildu du zergen kontura, itxuren arabera gerra honek ez dezake iraun heldu den negu arte, hori dela eta harrigarria egiten zaigu Zerbitzarik aipatu hau “bake iraunkor batentzat, batere ez litzaukuke sobera, hemen bertze sei ilabetheren iragaitea.” Errumania eta Italiaren jokamoldeak aztertzen ditu, baina Aita Sainduaren hitzak epelak edota zuhurrak izan ote diren ez du ebazten kazetak. Erromakoak ez du Alemania aipatu ere egin. Jean Saint-Pierrek bildu duenez marokiarrak algeriarrak baino gerlari hobeak omen. Bi salaketa dakarzkigu Kirikiñok Euzkadi-n, bata alemanen txakurkerien kontrakoa eta bestea ustezko “itxaspe-ontziak” direla kausa doitxiarren alde ari diren bertako egunkarien jokamoldea agerian uzten duena.
Urt
22
15
Lehengo lepotik burua Eskualduna-n, aro gaizto honek gerrako lana gibelatzen du. Jean Etxaparek barneko ospitaleetan jazotakoa berritzen digu. Honen aburuz euskaldunek euskara dute sendagai, “zer atsegina euskaraz hasten balin bazeie…galdegiozu hurbiletik ikusi dituen edozoin frantsesi, nor diren gudukari hoberenak etsaiarekin buruz buru, zaude ez dautzula ihardetsiko baizik: «Ce sont les Basques.» Jean Saint-Pierrek gerra molde honetan zulatzaileek duten garrantzia azpimarratu eta afrikar soldadoen kuraia nabarmentzen du. Donaixtik lau herritar galdu ditu gerran. Mercier Malinasko gotzainaren afera dakarte bai Eskualduna-k bai Euzkadi-k, Aita Sainduak goraki gaitzetsi du alemanek Mercier preso hartzea, abertzale honek ez du burua makurtu alemanen aurrean. Kirikiñok irakasbide gisara Durango-Iurreta eta Bilbon karlista eta liberalen artean jazo ez diren bi gertakari kontatzen ditu Alemanak gerran egiten ari direna erakutsi nahian, badu txungurretik kontakizunak.
Urt
15
15
Errusiak alemanak garaitu ditu Kaukason, turkiarrak larri omen dabiltza, Belgikan ere metroak irabazten, Reims aldean “guk galtze guti; etsaiak hilak trumilka”, iIa oro da bihotz-altxagarri, “gure baionetak ez dire alfer egon” leitzen dugu aste honetako Eskualduna-n. Kazetariak ohartarazten digunez, “iraunen dutenek ukanen dute sarrixago zer konda”. Jean Etxeparek barneko ospitaletan gertatzen ari direnak aletzen dizkigu, txerto eskasia, zirujauen garrantzia, mendikuntzaren aitzinamendua, X izpiak kasurako. Jean Saint-Pierre besteak beste negu ustelaz mintzo da, “Oldar handiagokoaren egiteko, aroa dugu gehienik eskas”. Bestalde tiratzaile on baten balentria berritzen digu eta ondarrean erregu bat, musean aritzeko karta joko bat galdatzen du, kartak piltzartu baitzazkie. Gutun bat ere argitaratzen du aste honetako Eskualduna-k, frontean diren euskaldunen gogoeta gisa. Kirikiñok Euzkadi-n dioskunez euskaldun soldado zaurituak Pariseko Orly jauregian elkartu dituzte. Tolosako batzokian bildu behar omen dituzte haiendako gutunak, eta Tolosatik Baionara igorri.
Urt
07
15
Bi bakeak galdegin ditu Eskualduna-k, kanpokoa zein barnekoa, Alemaniarekikoa zein frantsesen artekoa eta bizkitartean “oraino bethi aitzinatuz goazi” diosku kazetak, baina era berean gaztigatu, “gezurrez neke baita luzara triparen bethetzea”. Bada beste galderarik aste honetakoan, Zertako? Aleman eta frantses soldaduek eguberri garaian zenbait tokitan menia moduko bat adostu dute eta elkarrekin aritu dira solasean eta kantuan, janaria ere elkarri eman diote, adiskidantza hau ez du begi onez ikusten Eskualduna-k. Aspaldi ez genuen Kirikiñoren berri, aste honetakoan, Batxik Glasgow hiritik berritu dizkionak pausatu eta xalo-xalo Batekotown-go The Gizurting Herald izparringiko berri bat itzuli digu, nonbait, Alemanek Konstantinopoliko atsoen eta txakurren arkakuxo azkarrak erabili omen dituzte errusiar soldaduen kontra.