Urr 01 13

Literatura Eskolak 10 urte

Larrabetzun 2003ko urtarrilaren 17an abiatu zen Literatura Eskola, Iñigo Aranbarrik egindako lehen hitzaldiarekin: Pizkundea, Aitzol modernitatearen kontra. Harrezkero hamar urte igaro dira Gotzon Barandiaranek sustaturik, eta garai batean Larrabetzun kokatutako eskola gaur egun ibiltaria bilakatu da Euskal Herrian barrena. Ikasturte berriari urriaren 19an ekingo diote, Ander Lipusen antzerkigintza aztertuz (Larrabetzun); eta hurrengo hilabeteetan Txinako literatura (Zarautzen), “Amaia Lasaren alfabeto berria” (Bilbon), “Saizarbitoria eta iragana” (Oreretan), “Sarrionandia eta itsasoa” (Pausuan), “Harrikoa eta literatura” (Iruñean), “Abangoardiak euskal literaturan” (Durangon), “Euskarari ekarritako poesia” (Gasteizen).

Uzt 03 13

Eako 10. Poesia Egunak

Gabriel Arestiren Euskeraren izen poetikoak 1967ko hitzaldia antzeztuz abiaraziko ditu Patxo Telleriak Eako 10: Poesia Egunak uztailaren 19an. Biharamunean, larunbatez,  Hedoi Etxartek eta Rikardo Arregik eta Fabiana Boer argentinarrak irakurraldia egingo dute arratsaldean, eta gauean Castillo Suarezen errezitaldia izango da, Urtebetetze festa poema liburuan oinarriturik. Amaitzeko, uztailaren 21ean eguerdian Eñaut Etxamendik Kantuaren poesia emanaldia eskainiko du, eta arratsaldean Oier Guillanek Elkartasun basatia errezitaldia.

Mai 25 13

Literaturia kale gorrian

Publikoari gorroto antzezlanarekin abiatuko da maiatzaren 31n Larrabetzun bosgarren Literaturia, Kale gorrian lemapean. Ekainaren 1ean Miren Agur Meabe, Lourdes Oñederra, Mariasun Landa, Garazi Goia eta Mikel Taberna idazleekin solasaldiak izango dira goizean, eta arratsaldean bi errezitaldi: Oier Guillanen Elkartasun basatia eta ondoren Jon Benitoren Ez haut abandonatuko (Bide Ertzean taldearekin). Ekainaren 2an itzulpengintzari buruzko mahai-ingurua izango da, baita ere Baxuko taldearen errezitaldia. Asteburuko musika emanaldiak: Goienetxe anaiak, Rafa Rueda, Anari eta Josu Bergara. Hemen duzu egitarau osoa xeheago.

Mai 13 13

Poesia uneak Oreretan

Maiatzaren 18an hasi eta ekainaren 7ra bitartean izango dira Mikelazuloko aurtengo Poesia uneak Oreretan. Emakumeen begiradak plazara errezitaldia izango da larunbat honetan 19:30ean Miren Agur Meaberekin, Castillo Suarezekin eta Arantxa Santestebanekin. Maiatzaren 26an (igandea) Edipotoa emanaldia eskainiko dute Gorka Setienek, Haizea Arregik eta Nagore Legarretak (musika: Mariano Hurtado). Ekainaren 6an Ataramiñe elkarteko kideen errezitaldia izango da, eta ekainaren 7an Hedoi Etxartek eta Oier Guillanek Sinplistak eta Elkartasun basatia liburuetako poemak irakurriko dituzte.

Mai 07 13

Maiatz, 29. solasaldiak

Maiatz literatur aldizkariaren ale berriaren aurkezpenarekin (56. zenbakia) abiatuko dira Maiatz Solasaldiak Baionako Euskal Museoan datorren asteartean, maiatzaren 14an; arratsaldeko 19:30ean Miren Agur Meaberi elkarrizketa egingo dio Itxaro Bordak jendaurrean, eta Elkartasun basatia errezitaldia eskainiko du Oier Guillanek 21:00etan. Biharamunean, maiatzaren 15ean, Pierre Mestrotek Arimen ohoina nobela poliziako berria aurkeztuko du 19:00etan, eta jarraian “Memoria nola idatzi” mahaingurua izango da Janbattitt Dirassar, Marikita Tambourin eta Aingeru Epaltzarekin. Bertsotan amaituko dira ekitaldiak: Sustrai Colina eta Amets Arzallus.

Mai 06 13

Literaktum Donostian

Hamahirugarren edizioa beteko du aurten Literaktum jaialdiak Donostian, martxoaren 8an hasi eta 23ra bitartean. Ekitaldi hauek izango dira euskaraz: Oier Guillanen Elkartasun basatia errezitaldia maiatzaren 9an (osteguna) 19:30ean Larratxoko Tomasene kultur etxean; Itxaro Bordaren errezitaldia maiatzaren 10ean (ostirala) 20:00etan Koldo Mitxelena kulturunean; Txillardegiren literaturari jarraiki ibilbide literarioa Donostian barrena maiatzaren 11n (larunbata) 12:00etan Alderdi Ederretik abiatuta; Miren Agur Meaberekin Kristalezko begi bat liburuari buruzko solasaldia maiatzaren 15ean (asteazkena) 19:30ean Udal Liburutegi zaharreko sotoan.

Api 02 13

Literaldia Bartzelonan

Bederatzigarren edizioa egingo du Literaldiak Bartzelonako Euskal Etxean, apirilaren 5ean hasi eta apirilaren 26ra bitartean. Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Hedoi Etxarte beren liburu berriez mintzatuko dira eta Joseba Sarrionandiaren saiakeraren katalanezko itzulpena aurkeztuko dute. Sant Jordi egunean Harkaitz Canok eta Kirmen Uribek Twist eta Mussche nobelak sinatuko dituzte Rambletan. Eta Mugaldekoak musika taldearen kontzertua izango da larunbat honetan.

Mar 27 13

Nazioarteko antzerki eguna

Urtero, martxoaren 27an Nazioarteko antzerki eguna ospatzen da. Urtero, munduko antzerkigile batek manifestu bat idazten du egun honetarako. Sarritan, manifestua euskaratu eta gurean ere irakurri egiten da antzerkiaren inguruko mezu hori. Aurtengoan Dario Fo idazleak idatzi du agiria, eta Iñaki Iñurrietak euskaratu du. Euskal antzerkilari batzuen artean manifestua bideoan grabatu dute Bilboko Pabellon 6 aretoan.

Urt 04 13

Makina antzezlanaren irakurraldia

Joxemi Zumalabe hil zela hogei urte beteko dira urtarrilaren 12an. Haren omenez hainbat ekitaldi izango dira datorren astean, eta horien artean Makina antzezlanaren irakurraldia urtarrilaren 11n (ostirala) 19:00etan Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean. Makina antzezlana Jose Anjel Eizmendik, Antton Santamariak eta Joxemi Zumalabek idatzi zuten, 1967ko uztailaren 24an taularatu zen eta Kriseluk argitaratu zuen 1969an. Obra labur horren irakurraldian parte hartuko dute, besteak beste, 1967an antzezle izan ziren lagunetatik hiruk: Antton Santamariak, Luis Gorrotxategik eta Rafa Egigurenek. Bide batez, Joxemi Zumalaberi buruz Lorea Agirrek 2003an idatzi zuen Ipurtargiaren itzal luzea liburua paratu dugu sarean.

Abe 03 12

Bosgarren Ahotsenea

Durangoko Azoka egunetan 88 ekitaldi izango dira Ahotsenean, musikakoak 52 eta 36 liburuei buruzkoak; beste era batera esanda: ordu erdiro ekitaldi bat. Idazle hauek izango dira Ahotsenearen bosgarren aldian: abenduaren 6an Bernardo Atxaga, Eric Dicharry, Ramon Saizarbitoria, Jon Arretxe, Pako Aristi; abenduaren 7an Rikardo Arregi, Xabier Etxeberria, Bertol Arrieta, Xabier Soubelet; abenduaren 8an Joxemari Iturralde, Karmele Jaio, Harkaitz Zubiri, Hedoi Etxarte; abenduaren 9an Oier Guillan, Asier Sarasola, Ainara Maia, Iñaki Segurola, Urtzi Urkizu, Peio Jorajuria.

Aza 12 12

Idazle presoen eguna

Azaroaren 15erako, osteguna, Nazioarteko PEN Klubak idazle presoen egunaren deialdia egin du mundu osoan, urtero bezalaxe. Ataramiñe elkarteak eta Euskal PEN Klubak antolaturik, Letrak giltzapetik irakurraldia izango da Donostiako Boulevardean 18:00etan, eta ondoren 19:30ean Mitxel Sarasketarekin, Fermin Munarrizekin eta Laura Mintegirekin solasaldia Udal Liburutegiko sotoan.

Urr 03 12

9. Literatura Eskola

2004ko urrian Larrabetzun sortutako Literatura Eskolak 2012-13 ikasturteko egitaraua ezagutzera eman du. Bederatzigarren edizio honetan Txillardegiri buruzko Markos Zapiainen hitzaldia iragarriz apaindu dute kartela. Urriaren 27an (larunbata) Hendaian abiatuko dira eskolak, Joseba Sarrionandiak egindako itzulpenen inguruan. Hurrengo hilabeteetako gaiak izango dira: Txillardegi (azaroan Donostian), itzultzaile aitzindariak (abenduan Oreretan), gure literatura erdaretan (urtarrilean Zarautzen), genero eta nazio identitateak antzerkian (otsailean Gasteizen), migrazioa euskal literaturan (martxoan Durangon), Amaia Ezpeldoi pertsonaia (apirilean Iruñean) eta John Cheever (maiatzean Bibon).

Uzt 25 12

Jose Mendiage pastorala

Uztailaren 29an lehenik eta abuztuaren 5ean ondoren, Jose Mendiage idazleari buruzko pastorala jokatuko du Arrokiagako herriak, Jean Bordaxarrek idatzia. Mendiage (1845-1937) Ameriketara joan zen hemezortzi urte zituela eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen Montevideon hil zen arte. Itsasoaz bestaldean ezagutu zituen Iparragirre, Otxalde eta Otaño. Zazpiak bat liburuan (1900) eta aldizkarietan argitaratutako Mendiageren bertso eta olerkiak Piarres Xarritonek batu zituen 1992an Jose Mendiague, haren bizia eta haren kantuak bilduman, tartean noski Kantuz izeneko oso ezaguna. Pastoralaren mustrakako irudiak (uztailaren 15ean hartuak) Kanaldude telebistan dituzu.

Uzt 05 12

Eako 9. Poesia Egunak

“Gabriel Arestiren koplak ahoan” hitzaldiarekin abiatuko ditu Xabier Amurizak Eako Poesia Egunak uztailaren 13an, ostiral arratsaldean. Biharamunean, uztailaren 14an, Mikel Elorzaren hitzaldi bat, Iñigo Astiz eta Jon Gerediaga eta Ione Gorostarzuren poemen irakurraldia eta Mikel Lasaren poesiari buruzko solasaldia izango dira. Eta uztailaren 15ean bi errezitaldi: Leire Bilbaoren Scanner liburuan oinarritua bat eta bestea Ez dok/n armairu. Asteburuan, zenbait antzerki emanaldiez gainera, Norte Apachek eta Ruper Ordorikak kantaldi bana eskainiko dute.

Mai 12 12

Literaturia, laugarren edizioa

Unai Iturriagak egindako afixan ageri den Lauaxetaren gabardina baliaturik iragarri dute Literaturiaren laugarren edizioa, ekainaren 1, 2 eta 3an Larrabetzun egitekoa. Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrena izaki, poetaren omenezko kantaldi handiarekin abiatuko da Literaturia. Liburu aurkezpen eta azokaz gainera, emanaldi literarioak izango dira: EH3 Kolektiboarena Teilatuko lizarra bildumako testuez, bestetik Mugaldekoak, eta errezitaldietan Iñigo Astiz, Eric Dicharry eta Ione Gorostarzu. Irakurle taldeen arteko mahai-inguru bat izango da, baita ere beste bat itzultzaileen artekoa. Egitarauan dira halaber: Igor Elortza eta Jon Maiaren bertso-trama; Xentimorik gabe antzezlana (Ramon Agirre eta Inazio Tolosarekin); eta Xabier Montoiaren kontzertua.

Agenda

Efemerideak

Kritikak