Eka
09
20
Mami Lebrun antzezlana azken urte hauetan euskal antzerkigintza, pauso sendoz, jorratzen ari den ibilbide oparoaren adibide bat da. Kepa Errastik idatzia, Kepa bera partaide den Xake Produkzioak konpainiak 2016ko maiatzean estreinatu zuen. Mami Lebrun antzezlanean amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan ematen dituen aukerak baliatuz, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz… eta, inplizituki besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz hitz egiten du. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.
Eka
08
20
Eneritz Artetxe Aranazen bi antzezlan bildu ditugu Isiltasuna honetan: antzeztu gabeko Isiltasuna, eta egileak berak Dxusturi bere konpainiarekin taularatutako Karramarroa. Elkartasuna, politika eta umore zorrotza, guztiak topatuko ditu irakurleak testu hauetan. Isiltasuna ozen mintzo zaigu emakumeen ahotsez, barrenak ateratzen dizkio isiltasunari, egunerokotasun ustez neutralaren zamak isilarazitakoen ahotsean dagoena arakatzen du. Karramarroan espero ez genuen estetika eta umore gordin batez bete zuen oholtza, bufoiaren kodigoetatik hurbil betiere. Osorik irakur dezakezue orain sarean.
Abe
04
19
Aurten Barrenkale-ko 46-47-48-49 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Kirmen Uriberen 17 segundo poema liburua; Amets Arzallus Antia eta Ibrahima Balderen Miñan eta Unai Elorriagaren Iturria nobelak; Rafa Egigurenen Txipiroiak bere beltzean ipuin liburua; Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañagaren Trikua esnatu da saiakera Lisipe bilduman. Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: Louis Aragon eta John Berger. Horrez gainera, Ganbila antzerki bilduma jarri dugu abian, eta hauek izan dira aurreneko liburuak: Miren Tirapu Goikoetxea eta Beheko Larraineren Bazterreko ahotsak, Patxo Telleriaren Simplicissimus eta hainbat egileren artean idatzitako Francoren bilobari gutuna.
Udaberrian plazaratu genituen: Iñigo Astizen Analfabetoa eta Jose Luis Otamendiren Disoluzio agiriak poema liburuak; Beñat Sarasolaren Deklaratzekorik ez nobela; Miren Agur Meaberen Hezurren erretura ipuin liburua; Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik eta Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak saiakerak; Cesare Pavese eta Idea Vilariñoren kaierak.
Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen. Besarkada bat astero astero Emailua jasotzen duzuen 1400 irakurle baino gehiagori ere, zelan ez.
Abe
02
19
Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeek Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin batera idatzi zuten Francoren bilobari gutuna. Errautsak eta Hamleten ostean hirugarren elkarlana, Zaldi urdinaren aurrekoa. Euskal gizartea irakurtzen duen teatro politikoa, lerratua, engaiatua eskaintzen digute Francoren bilobari gutuna oholtzaratu duten kolektiboek. Iragan hurbila azterturik, orainaldia eta geure komunitatea hobeto uler ditzagun ahaleginetan murgildu gaituzte lan honetan, Ganbila bilduma sortu berriaren hirugarren eta oraingoz azken liburu honetan. Udaberrian gehiago izanen dira.
Abe
01
19
Aste honetan bertan estreinatutako antzerki lana da Simplicissimus, Patxo Telleriaren ibilbide luze eta oparoaren baitan emandako beste urrats bat, eta ez edonolakoa: bere lanetan ohikoa den umore absurdoa adierazpen askatasunari loturiko bulkada sozial batekin uztartu du oraingoan. Naziak boterera iritsi zirenean Berlingo entretenimendu munduan aritzen zirenak progresistak, ezkertiarrak eta judutarrak ziren. Hirugarren Reich-etik gehienek alde egin zuten, baina bakan batzuk bertan geratu ziren autoritateek leku famatuenak itxi ondoren. Ganbila bilduma berriaren bigarren ale honetan, ikusleak edo irakurleak, Tartean taldearen absurdora jotzeko zaletasuna topatzeaz gain, historiaren pasarte goibelenetan umorea nola txertatzen zen irakurri edo ikusiko du.
Aza
30
19
Susa argitaletxeak eta EHAZEk elkarlanean bilduma berria abiarazi dute: Ganbila, antzerki testuez osatua. Bilduma horretako lehen alea aurkezten dizuegu gaur: Bazterreko ahotsak, Miren Tirapu Goikoetxeak idatzi, Beheko Larraine konpainiak eszenaratu eta Gaizka Sarasola Iarzabalek editatutako liburua. Antzerki lan biren testuek osatzen dute lehen harribitxi hau: Atte hil aurretik eta Manifestu bat. Egiletza kolektiboaren bidean koka daitezke bi testuok, eta estetika propio baten bilaketaren lekukotza ematen digute, bazterreko pertsona eta pertsonaiei ahotsa emateko xedez sortutakoa: pertsonaia ironikoak, umoretsuak, ilunak, zikinak, ederrak dira orrialde hauetan topatuko ditugunak.
Aza
22
19
Ganbila antzerki bilduma berria jarri dugu martxan Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak elkarlanean, Oier Guillanek koordinaturik. Proiektu berri honekin euskal teatroaz ikuspegi zabala eman nahi genuke, unean-unean fokua obra batean edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. Denbora luzea eman dugu euskaraz idatzitako teatro-testu bilduma egonkorrik gabe; Ganbila hutsune bat betetzeko asmoz dator ezinbestean. Hauek izango dira argitaratuko ditugun aurreneko hiru liburuak: Bazterreko ahotsak, Simplicissimus eta Francoren bilobari gutuna. Proiektuari bultzada emateko harpidetza kanpaina abiatu dugu egunotan, ganbila.eusen eman daiteke izena.