Ots
10
23
1898ko ostailaren 10ean jaio zen Augsburgen Bertolt Brecht. Idazle eta ekintzaile konprometitua, eta jazarria, bere poema eta kantuak herri askotara iritsi dira, hainbat hizkuntzarara, tartean euskara, Juan San Martin, Joseba Sarrionandia, Joxerra Gartzia, Harkaitz Cano, Xabier Montoia… bitarte. Laster kaleratuko du Susa argitaletxeak, Munduko Poesia Kaierak bilduman, haren poemen antologia, Irati Majuelo Itoizek itzuli eta atondua. Antzerki alorrekoa izan zen, orobat, Bertolt Brechten bizi- eta literatura-jardunaren eremu inportantea. Egile bezala, batez ere, baina baita bultzagile gisa, nazismoak erbesteratu aurreko urteetako Alemania sozialki borborkari hartan. Eta euskaraz ere badira haren antzerki obrak, zazpi (obra baten bi bertsio daude), irakurgai jarri ditugunak ganbila.eus euskal antzerkiaren atarian. Obren euskaratzaileen zerrrenda ere ez da nolanahikoa: Antonio Maria Labaien, Daniel Landart, Mario Onaindia, Miren Billelabeitia eta Itxaro Borda. Hementxe lanok, gozagarri: Kaukasiar kreazko borobila; Galileoren bizitza; Bai esalea, Ez esalea; Amaren armak; Hirugarren Reicharen izu eta miseriak; Ama Carrarren fusilak eta Horazioarrak eta kuriazioarrak.
Ots
09
23
Hiru poeta desberdinen urteurrenak gogoratu ditugu aste honetan. Marcela Delpastre okzitaniarra izan zen lehena. Itxaro Bordak euskaratutako Poeta irakurri dugu. Adinkidea, eta hura bezala bere lurrari lotua, kultura poetiko arras desberdinekoa dugu Brendan Behan irlandarra, zeinaren hiru poema itzuli zituen Paddy Rekaldek. Julio Florez da hirugarrena, XIX. mendeko poeta kolonbiarra, gurera ere aspaldi, 60etan, ekarria Jon Beistegik, bi poema.
Ots
07
23
Beldurrezko narrazioen idazlea, misteriozko giro eta pertsonaiak eraikitzen trebea izan zen John Sheridan le Fanu. 150 urte dira otsailaren 7an hil zela, eta Dublin University Magazine aldizkarian sinadurarik gabe agertutako, baina harena omen den Maizter misteriotsua dakarkigu, Erein argitaletxearen Bartleby sailean argitaratua, 1991n, Luigi Anselmiren itzulpenean.
Urt
28
23
Urtarrilaren 28an 150 urte jaio zela Sidonie Gabrielle Colette idazlea. Kazetaria, gidoilaria, kabareteko artista eta, batez ere, eleberrigilea izan zen. XX. mendea jaiotzearekin hasi zen eleberriak idazten eta, beste hainbat jardunetan aritu bazen ere, ez zion utzi XX. mundu gerrara bitarte. Batzuk oso arrakastatsuak, filmik ere egin zuten haren obrak oinarri, bere bizitza dute lanerako ekai haietako askok. Kabaretetako bizimodua erakusten duen Mari-alderrai ekarri zuen euskarara Periko Diez de Ultzurrunek 1998an, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, osorik irakurgai dagoena.
Urt
19
23
Duela ehun urte, 1923ko urtarrilaren 19an, jaio zen Eugenio deAndrade (Jose Fontinhas ponte-izenez), Portugalgo Povoa de Atalaian. Lisboara bizitzera aldatua, gaztetandik ekin zion poesia idazteari. 1948ko As mãos e os frutos liburuarekin arrakasta izan eta gerora beste hainbat argitaratu zituen, XX. mendeko Portugalgo liriko handietako bat bilakatuz. Euskaraz irakur liteke haren lanik: Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Elkar, 1985) liburuan Joseba Sarrionandiak hiru poema itzuli zituen, eta Maite Gonzalez Esnalek Uraren bezpera (Pamiela, 1990) poemarioa ekarri zion euskarari.
Abe
23
22
Duela 125 urte, 1897ko abenduaren 16an, hil zen Alphonse Daudet. XIX. mendeko Frantziako idazle “popularra”, Parisek maite zuen erregionalismo eredu bat landu zuen. Alabaina, harreman estua izan zuen Fredreri Mistralekin, eta okzitanieraren enbaxadorea ere izan zela esan genezake. Euskaraz haren lanak irakur daitezke: Azken eskola eguna (1873) narrazioa, Koldo Izagirrek euskarataua; Maiatz aldizkarian 1988an argitaratu Bi ostatuak ipuina, Luzien Etxezaharretak euskarari ekarria, eta Aita Gaucherren mistela, Egan aldizkarian 1956an Txillardegik euskaratutakoa. Daudet hil zen urtean jaio zen Louis Aragon, duela 40 urteko Gabon gauean hil zena. XX. mendearen lekuko eta eragile literarioa, dadaismo eta surrealismoko poeta handietarik bat izanagatik, handik haratago luzatu zen haren ekarpen poetikoa. Xabier Galarretak Senez aldizkarian (2004) poema bat eta Andoni Lekuonak bestea, EIZIEko Itzulpen Antologia IIIn argitaratua, euskaratu ondotik, Itziar Diez de Ultzurrunek itzulpen lan bikaina egin zuen Munduko Poesia Kaierak bilduman egindako antologian. Guztiak irakurgai.
Aza
09
22
Uruguaiko eta Espainiako diktadurei ihes egin behar izan die Cristina Peri Rossi poetak, egun Bartzelonan bizi denak, eta bere ahotsean esperientzia unibertsalak topatuko ditugu. Maria Osesek euskarara ekarri dizkigu, poetaren urtemugaren karietara, haren 15 poema, hementxe eskaintzen dizkizuegunak.
Urr
28
22
Erromantizismoaren ordezkari biren efemerideak ekarri dizkigu urriko azken asteko hego-haizeak. 250 urte bete dira urriaren 21ean Samuel Taylor Coleridge jaio zela; eta 150 urte hil zela Teophile Gautier, hilaren 23an. Bide desberdinak hautatu zituzten, nolanahi, hala bizitzan nola literaturan. Pentsamenduaren alorra landutakoa, poesian eman zituen bere onenak Coleridgek, Kubla Khan eta Joseba Sarrionandiak euskarara ekarritako Marinel zaharraren balada ospetsua (Pamiela, 1995). Bidaiaria, kazetaria, eleberriek, narrazioek eta kronikek osatzen dute Gautierren obra. Onofre, gizon amorrazia narrazioa euskaratu zuen Gerardo Markuletak (Infomart, 1999). Biak eskaintzen dizkizuegu osorik.
Urr
21
22
Bere gizaldiko poeta errusiarretan gailenetako bat izan zen Anna Akhmatova. Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute; ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa egin nahi zuten akmeistek, hitzaren artisautzat jota beren burua, eta Akhmatovak ere hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. Ohiko samarra den gisan, amodio-desamodioez eta intimotzat jo ohi diren beste gai batzuez idatziz urratu zuen bidea. Ordea, San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua Urriko Iraultzaren ostean, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion maitasunaren gai ardatzari. Edukiari ez ezik formari ere erreparatuta, Josu Landak egina da itzulpena Munduko Poesia Kaierak bildumako ale berri honetan, online hemen irakur dezakezuna.
Urr
20
22
Lehen poema liburuetan herri tradiziotik edan zuen Federico Garcia Lorcak: sehaska kantek, koplek eta jolas kantek poesia biluzi, soildu eta estilizatu bat inspiratu zioten, eta erromantzeek gai tragikoak lantzeko bidea eman. Andaluzia, ijitoak, hango folklorea… gai unibertsalei buruz hitz egin zuen tokian tokiko osagai kultural oso bereizgarrien bitartez. 1929-30ean New Yorken lehenik eta Kuban gero eginiko egonaldiek arrasto eraldatzailea utzi zuten Lorcaren poesian. Muturreko metaforen pilaketek surrealismoranzko luizia sorraraziko dute: irudiaren eta adieraziaren arteko distantzia ikaragarri handituko da, eta ordura arte olibondoek, ilargiak eta sutegiek osatutako sinbolo finkoen paisaia krokodiloek, amiantoak eta intsektuen antena herdoilduek beteko dute orain. Horiek denak jasotzeko moduko antología bildu eta euskaratu du Juan Luis Zabalak, eta Munduko Poesia Kaierak bildumara ekarri izandako bizitzak, eta heriotzak, literaturaz gaindi bestelako dimentsioa eman zien poeta. Hona osorik kaiera.
Urr
13
22
Zinema munduan da ezaguna Tonino Guerra: XX. mendeko europar gidoigile miretsienetako bat izan zen. Antonioni, Vittorio de Sica, Francesco Rosi, Tarkovski, Angelopoulos eta Fellini zuzendariekin batera lan egin zuen, besteak beste. Baina literaturan ere eman zuen alerik, eleberriak, narrazioak eta poesia. Haren poemak itzuli dituen Xabier Bovedak dioen bezala, lurrari eta haurtzaroari lotutako poesia da Guerrarena, ahozkotasunetik oso hurbil kokatzen dena. Hemen dauzkazu, erakusgarri, Labayru aldizkarian argitara emandako 14 poema.
Urr
07
22
Bi egun iraun zuten, abuztu amaieran, Sayeh poetaren hileta ekitaldiak Iranen, Teheran eta haren jaioterri Rachten. Milaka lagunek agurtu zuten belaunaldi konprometitu bateko partaide izan zen Hushang Ebtehaj Sayeh. 1928an jaioa, hala sha-ren erregimenaren pean nola errepublika islamdarrarenean —zeinak espetxeratu ere egin zuen tarte batez—, ezkerreko balioen eta herritarren aldamenean kokatu izan du bere ahots libre eta herrikoia. Interneten poemak errezitatzen entzun daitekeen ahotsa. Haren heriotzan, hiru poema dakartzagu euskarara.
Ira
29
22
Émile Zola 1902ko irailaren 28-29ko gauean hil zen, lo zegoelarik monoxido karbonikoz itota; askoren iritziz, idazlearen arerioek etxeko tximinia blokatu zuten pozoitu zedin. Urriaren 5ean ehortzi zuten Montmartre-ko hilerrian. Hiletan Anatole France idazleak esan zuen: “Giza kontzientziaren momentu bat izan zen Zola“. Idazlearen heriotzaren 100. urteurrenean, Iñigo Aranbarrik euskaraturik eskaini genuen Émile Zolak 1898an L’Aurore aldizkarian argitaratutako Salatzen dut…! (“J’Accuse…!”) gutuna, Dreyfus aferako epai-akatsen eta gehiegikeria politikoen kontra.
2017an Egan aldizkarian Juan Luis Zabalak euskaraturiko Katuen paradisua eta Michu handia jarri ditugu online efemeridearen karietara.
XIX. mendeko Frantziako gizarte eta literatur giroa ilustratzeko, Joseba Sarrionandiaren Idazlegoa eta iraultza artikulua duzu irakurketaren lagungarri (“Marginalia”, 1988, Elkar).
Ira
16
22
Narratiba galegoari berritasuna eman ziola Parranda (A esmorga, 1959) liburuak, hura modernosmoari begira jarriz, hala diote kritikariek. 1897ko irailaren 14an, duela 125 urte, jaio zen Eduardo Blanco Amor, idazle galego ezinbestekoa. Espainiako gerra bitartean poesía idatzitakoa, narratiba eta, batez ere, antzerkia landu zituen ondorenean. Bizitzaren garratza erakusten du Parranda eleberriak, testu heterodoxo eta ausart batean. Igela argitaletxeak 2015ean plazaratu zuen, Ramon Etxezarretaren itzulpenean. Hona liburuaren pasarteak, nobelan barneratzeko gonbit gisa.
Abu
22
22
Duela 80 urte, 1942ko abuztuaren 22an hil zen Alice Duer. Eleberriak, poesia, gidoiak, idazle oparoa izan zen Duer, eta idazle erreferentziazkoa, XX. mende hasierako gizartean ideia progresistek blaitutako lanak eman zituena argitara. Feminismoaren aldezle publikoa, sufragismoaren alde jardun zuen eta Are The Women People? poema-sorta, The New York Tribune aldizkarian emanak, entzute handikoa izan zen. Duerren zenbait eleberri eta istorio pantailaratu ziren, zuzendari entzutetsuak tarteko, eta berak ere parte hartu zuen zinema eremuan hainbat gidoi idazten. Bi mundu gerren artean garatzen den istorio bat da Itsas-malda zuriak (The White Cliffs, 1940), AEBak eta Erresuma Batuaren artean gertatzen dena, bertso moldean idatzitako narrazioa. Emakume bati gerrak ezarritako patua kantagai duena, lurralde biotan itzelezko arrakasta izan zuen. Euskarara ekarri zuen Maritxu Urretak 1998an. Itzultzaile donostiarra, Zeruko Argia-n plazaratu zituen bere idatziak, eta antzezlan batzuk ere euskaratu zituen. Eta, esan bezala, baita Itsas-malda zuriak ere, 1998an EIZIEk Itzulpen Antologia IIn bildu zuena, eta guk orain hemen dakarguna.