Ots
26
22
1902ko otsailaren 26an, jaio zen Jean Bruller Vercors idazlea. Editions de Minuiten sortzaile, erresistente eta kultura alorreko langile, idazlearen heriotzaren 25. urteurrenaren harira Ibon Sarasolak euskaratu zuen haren lanik ezagunena, aurten 80 urte argitaratu zen Itsasoaren isiltasuna, online irakurgai dagoena. Euskaraz bi bertsio dituen obra, Booktegi egitasmoan goza liteke Josu Zabaletak egindako itzulpena.

Ots
18
22
Emakumeen eskubideen aldarrikapena eta egoeraren salaketa, bereziki emakume beltzen defentsa eta zapalkuntza-egoeraren salaketa, eskubide zibilen aldeko borroka… zenbait eremuk batzen ditu Audre Lorde eta Toni Morrisonen bizitza eta jarduera. Nagusiki poesia eta saiakeraren bitartez lehena; eleberrien bitartez bigarrena. Borroka eremuez gain, beste puntu bat ere bazuten partekatzekoa: hiru urteko aldearekin, otsailaren 18 batez jaio ziren biak, 1934an eta 1931n, hurrenez hurren. Lorderen poema antologia euskaratu zuen Danele Sarriugartek, eta Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitara eman (baita lehenago Elearazi egitasmoan ere testu bat, Nagusiaren tresnek ez dute sekula eraitsiko nagusiaren etxea), biak ere online irakurgai daude. Nobel saria jasotako Morrisonen Maitea eleberria euskaratu zuen Anton Garikanok (Elkar-Alberdania, 2004), eta lehenago Itziar Iriondok Gaueko hitzak narrazioa, Milabidai bilduman plazaratua, hau ere oniine irakur dezakezuna.

Ots
18
22
1996ko Nobel saria jaso zuenean poetaren lanbideaz eta bere jardunean “ez dakit” hitz xumeek duten garrantziaz jardun zuen Wislawa Szymborskak, horietatik abiatuta eraiki duen munduaz. Josu Jimenez Maiak hitzaldia euskaratu eta Maiatz aldizkariko 67. zenbakian eskaini zigun… 38 poemarekin batera. Poeta poloniarra hil dela 10 urte bete dira otsailean, eta hemen eskaintzen dizkizugu denak.

Ots
11
22
XX. mende hasieran AEBetan izan zuen indarrik “literatura proletarioa” izendatu zen mugimenduak, zenbait egile eta intelektual erakarri zituena. Haien emaitzaren “izpi” batzuk bildu nahi izan ditu Ekida egitasmoak, eta euskarara ekarri ditu bost poema, Carl Sandburg, Michael Gold, Stanley Burnshaw eta Joy Davidmanenak. Hementxe irakur ditzakezu.
Ots
10
22
The Velvet Underground taldearen 1968ko White ight/White Heat diskoan argitaratu zen Oparia, Lou Reed-ek idatzitako ipuina, John Calek errezitatua. Xabier Montoiak ekarri du euskarara istorioa, eta Booktegi-n irakur daiteke. Eta irakurtzeaz gain, entzun ere egin daiteke, Amaia Lainontzik irakurria; Nagore Legarretarenak dira irudiak eta Montoiak berak eta Javi Pezek jarri diote musika.
Urt
15
22
Lau mende bete dira urtarrilaren 15ean Jean-Baptiste Poquellin; Moliere, jaio zela. La Comédie Francaiseren sortzailea, antzerkigile frantses handia, komedia eta satira ezagunen autorea da, boterea eta hainbat estamentu bere testuen ituan jarri zituena. Teatro klasikoaren izen handietako bat, Tartufo eta Zekena obrak euskaratuak dira EIZIEren Literatura Unibertsala bilduman, baina 1951n kaleratu zen Baionan haren lan baten lehen itzulpena, Paul Guilsou idazle eta itzultzaileak egina (Guilsouz artikulua Piarres Xarritonek idatzi zuen Euskera aldizkarian). Petan Mihiku lana Molièreren Le mèdecin malgré lui lanaren itzulpen/moldaketa da, Klasikoen Gordailuan osorik irakur daitekeena.

Abe
18
21
Abenduaren 15ean hil da bell hooks pentsalari, idazle eta aktibista afro-amerikarra. Genero, arraza, sexualitate eta klasearen intersekzionalitatea ulertzeko, ezinbesteko erreferentzia. 2018an Katakrakek argitaratu zuen (Amaia Apalauzak euskaratua) haren idazlan enblematikoenetarik bat, Feminismoa denon kontua da, orain sarean osorik irakurtzeko moduan eskaintzen dizueguna. Liburuak azpi-izenburua “Politika pasio” du, eta ez da kasualitatea.
Abe
17
21
Aurten bete dira 200 urte Charles Baudelaire jaio zela (1821eko apirilaren 9an). Lirika modernoaren abiatzaileetako bat, hala bizitza nola obra erreferente ezinbestekoak dira literatura unibertsalean eta euskarara ere hainbat aldiz ekarri izan da, liburu osoak eta poema solteak; eta gurean Lauaxeta izan zen fusilatu aurretik Baudelaire poetaren lanak euskarara ekarri zituztenen artean aitzindaria. Euzkadi egunkarian argitaratu zen 1930eko urriaren 12an Odol iturrija poema euskaraturik.

Orain, IbonRG musikariak, pianoaz lagundurik eta Enrike Hurtado musikari eta programatzailea ondoan duela kantua osatu du Baudelairek idatzi eta Lauaxetak euskaratutako testuarekin.
Odol iturrija
Abe
10
21
Aurtengo ekainean sareratu genuen Peter Handkeren Iraupenari poema, Asier Sarasolak euskaratua. Oraingoan, Booktegiri esker, poema luze horrekin egindako 46 minutuko errezitalaz gozatzen ahal dugu, Asier Sarasolaren beraren eta Oier Guillanen ahotsean.
Aza
12
21
XX. mendeko kantagintzan izen ezinbetekoa da Neil Youngena. 1945eko azaroaren 12an jaio zen Kanadan, eta 60ko hamarkadaz geroztik rock, folk, country eta beste nahasiz kantuan jardun du, bakarka zein talde bateko kide. Kantari askorentzat erreferente, Juan Azpillagak kanturako euskaratutako torontoarraren bederatzi pieza dakartzagu.
Aza
10
21
Nancy Fraser filosofo estatubatuarraren azken hausnarketak euskaratu ditugu Lisipe bildumaren hamargarren ale honetan. Osorik eskaintzen dizuegu sarean. Bere pentsamendua taxutu duten oinarrizko ideiak jasotzen dira; esate baterako, kapitalismoa ordena instituzionalizatu gisa kontzeptualizatzearen beharra, ordena hori posible egiten duten faktore ikusezinen azalpen xehea eta kapitalismoaren erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa. Zerk ezberdintzen ditu soldatapeko gizonaren esplotazioa eta soldatarik gabeko emakumeen desjabetzea? Nola ulertu behar dugu justizia soziala testuinguru berri honetan? Nola antolatu behar dira mugimendu sozialak emantzipazioa denona izan dadin?

Urr
28
21
Saint-John Perse guadalupearra dugu berrogeigarrena Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman. Antilletako klase altuko zuria, garaiko abangoardia poetikoa landu zuena, sinbolismoaren bidetik. 1960an Nobel saria eman ziotenean, epaimahaikoek “bere sormen poetikoaren irudimen-aberastasuna” nabarmendu zuten. Aberastasun horrek konplexutasuna esan nahi du, halaber, eta egiazki, irakurleari eskarmentu literarioa eta irakurketa zolia eskatzen dion poesia da berea. Forma aldetik, normalean, txatal edo bertsetak idazten zituen, prosa poetikoetara gerturatzen diren piezekin, Santi Leoneren euskaratze-lan bikainak euskarara ekarriak.

Urr
27
21
XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa da Alda Merini. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Bere izen-abizenak ospitale psikiatrikoari lotuta ageri dira, haren poesia esperientzia hura gabe esplikatzea kasik ezinezkoa balitz bezala. Dena den, kasu honetan berebiziko garrantzia izan zuten ospitale psikiatrikoko aldiek, obran arrasto nabaria utzi zutelako. Buru gaixotasuna, giza duintasunaren galera, bazterkeria eta beste landu zituen ildo poetiko oso espezifikoa eratuz, baina bestelako gai unibertsalei, hala maitasuna nola heriotza, uko egin gabe. Aiora Enparantzaren itzulpenaren iragazitik, hemen duzue Meriniren poemen antologia, Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan.

Urr
16
21
Duela urtebete doi, 2020eko urriaren 16an, etxeratze agindua indarrean jartzekoa zen arrats berean, Virginie Despentesek irakurraldia egin zuen Parisen, Gorputz iraultzaile baten sorkuntza izenekoa. Pandemiaren erdian, covidaren irakaspenez ari da, iraultzaren aldeko aldarri tinkoan. “Propaganda orok trabeskatzen nau, propaganda oro mintzo da ene ahotik. Ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean“. Mikel Antzak euskarari ekarri dio hitzaldi hori, eta itzultzaileak berak bere ahotsez grabatua entzun ere egin daiteke testua.

Ira
23
21
Heriotza hartu zuen kantagai bere bizitzaren azken zatian Jaroslav Seifert poetak. Heriotza, bizitzari kantatzeko, bizitzaren aldarria egiteko: “Baina nire bizitza hala bota, / ezertarako ez – hori, / ez dut egingo“, dio Izurri zutabea poema ederrean. XX. mendea bere herriarekin batera gurutzatu zuen idazlea, Txekiako idazle belaunaldi baten nolabaiteko ordezkari 1984an Nobel saria jaso zuenean, jaio zela 120 urte bete direlarik irailaren 23an, Iñigo Astizek, lan bikain askoan, euskarari ekarritako Seifert-en 14 poema dakartzagu.
