Mar
30
06
Lau idazleren poemak irakurtzeko gonbita luzatu nahi du gaurkoan Klasikoen Gordailuak. Gabirel Manterola zeaniztarraren Goi-izpiak izeneko poema-bilduma da lehendabizikoa, 1921ean argitaratua. Garai bertsuko Paulo Zamarriparen Gora begira (1927) eta Alejandro Bilbao Maruri’tar Erramun fraide txotinodunaren Lili-txingar (1928) eta Txindor-egadak (1964) izeneko liburuak datoz ondoren. Eskaintza osatzeko, Joseba Zubimendi, Agirre lehendakariaren adiskide abeslaria datorkigu azkenik Zumalakarregi (1935) poema sortarekin.
Mar
16
06
Antonio Arrutiren Olerki galduak (1913-1919) bertso-bildumarekin eta Tolosako Euskal Jaietan lehen saria jaso zuen haren Lukainka (1913) izeneko ipuinarekin irekitzen du Klasikoen Gordailuak gaurko irakurtze-gonbita. Era berean, Pierre Lhande zuberotarrak gipuzkeraz idatzitako Yolanda (1921) eleberri klasikoa izango du sarezaleak dastagai. Literatur eskaintza biribiltzeko, Jean Barbierren Piarres I (1926) dator azkenik lehenagotik Gordailuan zegoen bigarren zatia (Piarres II) osatzera.
Mar
02
06
Resurreccion Maria Azkue lekeitiarraren (1864-1951) lau literatur lanez hornitzera dator gaurko Klasikoen Gordailua. Eta lehendik ere gipuzkera osotuaren eredu izan nahi zuen Ardi galdua nobela eta bi ipuin ospetsu (Bein da betiko eta Batxi Guzur) jarriak baziren sarean, aste honetan poligrafo haren nobela luzaroan argitaratu gabea izango du sare-ibiltariak irakurgai, hots, Latsibi izenekoa (1920an edo idatzia eta 1989an argitaratua) . Aldi berean, genero dramatikoaren esparruko hiru lan interesgarri ere eskainzen dira osagarri gisa: Vizcaytik Bizkaira (1895), Ortzuri (1909-1910) eta Urlo (1911-1912).
Ots
16
06
Asteasun erretore izandako Juan Bautista Agirre (1742-1823) dator gaur Klasikoen Gordailura amaitzeke zegoen “erakusaldien” zikloa edo osatzera. Bi obrarekin agertzen da oraingoan. Lehendabizikoa, Konfesioko eta komunioko sakramentuen gañean erakusaldiak izenekoa (1803an idatzia, 1823an argitaratua), ohiko katiximen antzera dago moldatua, hots, galdera-erantzunez taxutua, lehen komunioa egin behar zuten haurrei zuzendua baita. Bigarrena, berriz, zazpi sakramentuen inguruko hausnarketa-sorta gisa aurkezten da eta Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak du izenburu (1808an idatzia eta 1850ean argitara emana). Honenbestez, bada, Asteasukoaren lan osoa dugu eskuragarri sarean.
Ots
02
06
115 urte bete dira urtarrilaren 30ean Jean Duvoisin (1810-1891) zendu zenetik. Haren eskutik sortu-egokitu eta papereratutako obren artean ez da gure letretan garrantzi gutxienekoa, ez eta txikiena ere (ez, noski, tamainaz; ez, jakina, kalitatez) Klasikoen Gordailuak gaurkoan, ainhoarraren omenaldi gisa, eskaintzen duen Bibliaren itzulpena (1859-1865). Idazlanaren izaera erraldoiagatik hiru estekatan banatua (Bible Saindua (I) – Testament Zaharra, 1. zathia; Bible Saindua (II) – Testament Zaharra, 2. zathia eta Bible Saindua (III) – Testament Berria). Eta irakurketak bideratzea Klasikoen Gordailuaren eginkizuna ez bada ere, honako liburu paregabe hauetan aurki dezake irakurleak lehendabiziko aho-gozagarria: Eklesiastesa, Zuhurtzia, Erran zaharrak, Eklesiastikoa. Eta poesi hizkuntza maite duenak Salomonen Kantiketako Kantika eta Psalmoak liburuetan.
Urt
19
06
2005ean aurkeztu genuen Klasikoen Gordailua, non euskal letretako hainbat testu eta liburu klasiko jarriak genituen on-line: 171 liburu, zehazki esateko, aurkeztu genuenean. 2005eko irailetik abendura bitarte handitzen joan gara kopuru hori, bi astean behin erantsitako liburuekin, eta honenbestez 325 dira Klasikoen Gordailuan kontsultagai dauden liburuak. Baina horretaz gain, estreina jarritako 171 liburuen fotokonposizio gutxieneko bat ere egin dugu, liburuetako edukia antolatuz, inprimatu nahi duenak irakurgai antolatua izan dezan. Dagoeneko Klasikoen Gordailuan jarri ditugu bertsio horiek, PDF formatuan, jendearen eskueran.
Urt
12
06
Urtarrilaren 16an 100 urte beteko dira Felipe Arrese Beitia hil zela jaioterrian bertan, Otxandion. Klasikoen Gordailuan aurrez bazen haren Ama euskeriaren liburu kantaria (1900), argitaratu zuen lehen bilduma mardula. Oraingoan, Asti-orduetako bertsozko lanak (1902), eta Aldizkarietan argitaratuak eta beste ere eskura dauzkazu eta, horrenbestez, Arrese Beitiaren hitz neurtuzko lan guztiak sarean dira: 400etik gora olerki eta bertso sail, 30.000 bertso lerro inguru. Zalantzarik gabe, euskal literaturak ezagutu duen poetarik jorienetakoa.
Urt
05
06
Zaharrak berri, edo zaharrak zahar. Berri zahar, Klasikoen Gordailuak urte berria libururik zaharrenetarikoekin ospatzeko aukera ematen dizu. Oraingoan XVII. mendeko bost liburu erreferentziazko dituzu eskuragarri: Etxeberri Ziburukoaren Manual debozionezkoa, Argaiñaratzen Deboten brebiarioa, Gazteluzarren Egia katholikak, Haranbururen Debozino eskuarra, eta Harizmendiren Ama birjinaren ofizioa. Horiez gain, kronologikoki hain zaharrak izan gabe ere, antzinako euskal ondarearen beste erakusgarri bi: Baraziarten Meditazione tipiak eta Intxausperen Maria birjinaren hilabetia.
Abe
22
05
Ohikoegiak ditugun gai idorretatik urrunduz, eta adin guztietako irakurleak gogoan harturik, Klasikoen Gordailuak literatur lan goxo zenbait eskaintzen bukatu nahi du aurtengo jarduna. Eta neguko arrats elurtsu luzez hornituta datorkigun urte amaierari aurre egiteko, zer egokiago eta dibertigarriago gaztetxoentzat Nemesio Etxanizen Arraldea ipui zarra (1923), Bitor Garitaonandiaren Ipuin laburrak (1922) edota Otxoluaren Bertolda eta Bertoldin ospetsua (1932) sutondoan irakurtzea baino? Eta klasikozale adinekoontzat, zer gogoangarriago Jean Martin Hiribarrenen Montebideoko berriak (1853) baino? Zer literarioago, zer barnekoiago Xabier Lizardiren Euskera andiki soiñekoz artikulu-bilduma (1922-1933) baino?
Abe
08
05
Klasikoen Gordailuak zortzi izenburu berrirekin aberastu nahi du gaurkoan bere erakusmahaia, zortziak, agerian da, gure literatur tradizioaren erakusgarri nabarmenak: Pedro Astarloaren Urteko domeka gustijetarako berbaldiak (1818), Jose Kruz Etxeberriaren Ongi bizitzeko (1824), Jean Pierre Duvoisinen Liburu ederra (1856), Jose Ignazio Aranaren San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua (1872), Andres Iturzaetaren Asteteren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak (1899), Kandido Basaberen Andra-Mariaren ezkutua (1914), Federiko Belaustegigoitiaren Andoni Deunaren bizitza (1919) eta Polikarpo Iraizozen Yesu Kristo gure Yaunaren bizia(1934).
Aza
24
05
Klasikoen Gordailuak oraingoan sareratu duen liburu sortan Estebe Materre lehen idazle euskaldun berriak Saran ikasitako mintzaira txukunean eskainitako Dotrina kristiana (1623) datorkigu lehendabizi. Voltoire-n Dialogoak (1620), eguneroko gai premiatsuenen (eta, behingoz, ez erlijiosoen) inguruko elkarrizketak jasotzen dituena (Zer ari zara konpai, lo egiten duzu ala geldirik zaude?) dator ondoren. XVII. mendeko uholde ipartarraren azken zitu gisa, Arnauld François Maitie-ren Otoitzak (1676: 1874).
Horiekin batera, beste lau idazlan interesgarri ere agertu ditu Gordailuak: Martin Duhalderen Meditazioneak (1809), B. Joanategiren Sainduen Bizitzea (1890), Charles Bordesek Üskal Noelen Lilia (1897) liburuxka bildutako zubererazko abestiak, eta Joanes Haranederren Gudu izpirituala (1750: 1827), azken hau Scupoliren obra ospetsuaren itzulpena.
Aza
20
05
Tomas Kempiskoak (c. 1379-1471) idatzi zuen Imitatio Christi liburua “debozio modernoa” delakoaren laburbiltze garrantzitsuena suertatu zen, eta, aldi berean, hurrengo urteetan agertuko ziren erreformatzaile erlijiosoen zinezko egitaraua. Izan ere, aszetika liburu hau kristauen arimaren iparrorratz gisa hartu izan zen perfekziorako bidean. Eskolastika guztietatik urruti, liburu honek espiritualtasunean eta Kristoren imitazioan oinarritu nahi izan zuen bere proposamena. Berehala best-seller bilakaturik, ia lau mila edizio ezagutzeko tenorean dagoenean, euskaldunok ere ez dugu haren faltarik geure buruaren betegintzarre-ahaleginen lagungarri. Batez ere mugaz bestalde. Ildo horretan, gaurkoan Klasikoen Gordailuak eskaintzen duen Leon Leon hazpandarraren Jesu-Kristoren Imitazionea (1927) dugu moldaketa berriena eta berritzaileena (“Lan huntan hasi ginelarik, iduritu zaikun, orhe bera hartuz, zerbait pollitagorik egin zitakela”). Kronologikoki lehena, dena den, S. Pouvreau euskaldun berriaren eskutik etorri zitzaigun: Iesusen Imitazionea hain zuzen (XVII.mendearen erdialdean burutua, baina luzaroan argitaragabea). Harrezkero, Mixel Xurio azkaindarraren Jesu-Christoren Imitacionea (1720) eta Martin Maister-ek zubereraz eskaini Jesu-Kristen imitazionia (1757) dira azpimarragarrienak.
Aurrekoen osagarri, F.A. Hérouville apaiz frantsesak apailatutako liburuaren itzulpena da Alexander Mihura donibandarrak Andredena Mariaren Imitacionea, Jesus-Christoren Imitacionearen gañean moldatua izenarekin dakarkiguna (1778), oraingoan, izenburuak dioen bezala, Amabirjinaren antz-bidea proposatuz.
Amaitzeko, Saleseko San Frantziskoren “bizitze deboterako introdukzionea” edo Filothea ( 1664) da Bidarteko erretore S. Pouvreau-ren lan erraldoiaren beste ale adierazgarri bat bezala irakurle gosetuari eskaintzen zaiona. On egingo ahal dio!
Urr
27
05
Oro har, baztertuxe dugu Klasikoen Gordailutik zinez eta minez idatzia ez den literatura. Euskal letretan ez da falta ahozko esparruaren eta idatzizkoaren arteko zubian dantzan dabilenik, besteak beste, kantatzeko bertsoak eta koplak ehuntzeaz gain, idatzi ere egin izan duelako delako autore mota horrek. Ildo horretan, eta noraino diren koplari huts eta noraino olerkigile ez jakin arren, Klasikoen Gordailuak Ipar Euskal Herriko otar horretatik jaso ditu oraingoan eta sarean eskaini kopla eta kantu eskutada zenbait. Jean Baptiste Elizanbururen (1828-1891) Koplak dira ospetsuenak, baina ez horregatik Otxalderenak (1814-1897), edota, hirugarren Jean Baptiste bat jartzearren, Larralderenak (1804-1870). Era berean, nork ez ditu oroitzen Piarres Ibarrarten (1838-1919) Koplak (“Nahi zaituzte aurtiki eta khendu bizia./ Bainan Eskualdunak zor du xutik atxikitzea…“), Beñat Mardorenak (XVIII-XIX) (“Ni deitzen nük Beñat Mardo Barkoxe Baxabilako“) edota, izenburu berberarekin jarraitzeko, Jean Robinenak (1758-1821) (“Zer egin zare koplari zaharra, / Gure andderen xaxari suharra, / Zure antzearen eta donuaren/ Behar handi ginduke, hemen gaude eske,/ Hel bada arren“). Bestalde, eta kalitate-mailatik batere jaitsi gabe, kopuruz naroagoak dira Jose Mendiageren (1845-1937) eskutik iritsi zaizkigun Kantak eta baita Salvat Monhoren (1749-1821) Olerkiak ere..
Urr
13
05
Oraingo honetan literaturaren esparrua gainditzen duten lanekin aberastera dator Klasikoen Gordailua. Nekazariei zuzendutakoak dira, esaterako, Arnaud Abadiak Eskualduna aldizkarian argitaratutako jakingarriak: Laborarier (1887-1903) eta Jean Baptista Althaberen idazlanak, hots, Ziberuko botanika edo lantharen jakitatia (1900) eta Hunkailü berrien enthelegia Ziberuko laborarier (1904) .
Era berean, interes etnografiko handia erakusten du Federiko Garraldaren Aurrendako dostatzia (1926) lanak, Zaraitzuko haur-jolasak agertzen baitira bertako euskaran aurkeztuak.
Hainbat alderditan gaurkotasunik galdu ez duten Jose Agerre, Gurbindoren Kazetari lanak (1930-1936) datoz gero, eta, paperon literatur ukitua nabarmenagoa izan dadin, A. Tapia Perurena iruindarrak (1899-1957) azken hogeita hamar urtetan aldizkari zenbaitetan argitaratu zituen Olerki-lan guztiak (1925-1956) eskaintzen ditu Gordailuak ondoren.
Azkenik, euskaldunok ere zerurako bidea argiago izan dezagun, Asteteren katiximaren egokitzapen interesgarria erantsi zaio irakurleari, Damaso Legazek burutua Kristauaren ikasbidea (1880).
Ira
29
05
Euskal Literatura Klasikoaren corpusa osatzeko xede aratzaz ez hain aspaldi ekindakoari segida ematera dator gaurkoan Klasikoen Gordailua, izan ere, gure letretan argi propioz nabarmendu diren bost autoreren idazlan berriak eskaintzen baititu dagoeneko amaraunean.
XVIII. eta XIX. mendeetako euskal letren suspertzaile izan zen Manuel (Garagorri) Larramendiren luma zorrotz-ironikoak sortutako Euskal testuak (1729-1766) aurkituko ditu sare-itsasturiak lehendabizi. Andoaindarraren kemenaren itzalpean zaletu zen Sebastian Mendibururen Jesusen bihotzaren debozioa (1747) (baita bigarren edizioan harekin batera argitaraturako Kongregazioko Reglak ere) eta Igande eta festegunetarako irakurraldiak (ca. 1775) ere eskura izango ditu gero liburutegi birtualeko saguak, prosa garai eta distiratsuan burutuak. Egungo prosatik hurbilago, Agirre Asteasukoaren Erakusaldiak izeneko obra mardularen 2. eta 3. liburukiak (1803-1823 bitartean idatziak) gorde-zabaltzen ditu halaber Gordailuak bere baitan.
Intsentsu-usaina zertxobait idargetzeko, Joanes Etxeberri “Sarakoa”ren 1718ko Lau-Urduri gomendiozko karta, edo guthuna duzu irakurgai, eta Joan Bautista Gamiz jesuita lego arabarraren (1696-1773) amodiozko “dabilcenchoac” (= “seguidillas”) eta bertsoak, Euskal Olerkiak estekaren atzean.