maiatza 14 19

Hezurren erretura, Miren Agur Meaberen narrazioak

Gaur aurkeztuko du Miren Agur Meabek Hezurren erretura izeneko bere azken liburua. Oroitzapenetan —eskola-egunetan, familia giroan, jolasetan…— bilatu ditu Meaberen narrazioetako protagonistak bere nortasunaren lorratzak. Onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak. Badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Babak eltzetik ateratzen ikasi du. Bere egin du falta direnen absentzia. Ez du sinesten amodioaren balio absolutuan, nahiz eta azken aukera eman maite-kontuei. Ezagun zaizkio beste andre batzuen irrikak eta beldurrak. Ez du galdu ironiaren ufada. Eta bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko azken bultzada.

maiatza 09 19

Susa Literaturian

Literaturiaren edizio berri bat izango dugu asteburu honetan Zarautzen. Ostiraletik igandera literaturarekin lotutako emanaldi, liburu aurkezpen, hitzaldi eta tailerrak izango dira herriko gune ezberdinetan. Urtero bezala, aurten ere larunbatean -goiz eta arratsalde- eta igande goizean liburu azoka izango da Musika plazan. Susa argitaletxeak udaberriko nobedadeak zuzenean aurkezteaz gain, katalogoko liburuak izango ditu eskuragai literaturzalearentzat. Jose Luis Otamendik eta Iñigo Astizek errezitaldiak egingo dituzte Garoa liburudendan Disoluzio agiriak eta Analfabetoa poema liburuak aurkezteko; Beñat Sarasolak Uxue Apaolazarekin egingo du solasaldia Deklaratzekorik ez nobelaren gainean eta Miren Agur Meabek Josune Muñozekin batera aurkeztuko du Hezurren erretura narrazio liburu berria. Garazi Arrulak eta Ion Olanok Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak aurkeztuko dituzte igande goizean.

maiatza 07 19

Analfabetoa, Iñigo Astizen bigarren poema liburua

Baita hondakinak ere argitaratu zuenetik zazpi urte igaro direnean ikusiko du argia Iñigo Astizen bigarren poema liburuak. Analfabetoa. Denok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen ere, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak —batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak ematen duen poz txikiak— zeharkatzen du Astizen liburua. Maiatzaren 8an aurkeztuko du, Donostiako Pandora tabernan.

Api 26 19

Gernika eta Lauaxeta
gure literaturan

1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika. Eta idatzi zaio Gernikari. Idatzi dute euskal idazleek, eta idatzi ere munduan barrena. Faxisten bonbek suntsitutako Gernikan bertan atxilotu zuten Lauaxeta ere, handik lasterrera fusilatu Gasteizen. Gernikari idatzitakoak ekarri gura izan ditugu, gogoratu, eta irakurleari eskeini.
1987ko apirilean Susa aldizkariak Gernika ale berezia plazaratu zuen eta bertan Jose Luis Otamendik, Iñigo Aranbarrik, Mikel Antzak, Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren edo Xabier Montoiak. Nazioarteko idazleen lanak euskaratu eta gerrari lotutako pasarte literarioak argitaratu zituzten.

Poetek Lauaxetari
Esteban Urkiaga Lauaxetari ere asko dira idatzi dioten poetak: Salbatore Mitxelena, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga, Ibon Sarasola, Xabier Montoia, Iñigo Aranbarri, Omar Nabarro, Koldo Izagirre eta bestek idatzitako poemak batuak dauzkagu Lauaxeta fusilatu zuteneko 80. urteurreneko albiste honetan.

Herioaren hegala
Iñigo Aranbarri idazleak hitzaldi berezia prestatu zuen 2012an Durangon burutu zen Literatura Eskolarako. Eta hitzaldia liburu bezala argitaratu zen gero. Isiltasunari ostutako testuak aipatzen ditu berak. Bonbapean sortutako literatura batzen du testuak. Munduan izan diren Durango eta Gernika ezberdinak.

Gunter Grass eta Eduardo Galeano
2015eko apirilaren 13an zendu dira bi idazle handi, Eduardo Galeano eta Gunter Grass. Hiltzeko egunaz gain,  badute beste elementu komunik: biek izan zuten aipagai  Gernikako bonbardaketa. Nire mendea liburuko pasarte batean Grassek, eta Ispiluak eta Boca del Tiempo liburuetako banatan Galeanok. Hementxe eskaintzen dizkizuegu hirurak.

Susako liburuetan
Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak liburuan Ikatza bezain beltz ipuina , Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak nobela eta bereziki 9. kapitulua, Lutxo Egiaren Paperezko hegazkinak nobelan Gernikak protagonismo berezia du pasarte honetan. Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz poema liburuko Bilbo horrela hasten da: erre dugula gernika / irratian peredika / beraiek eta hitleranoek / egin dutena erdika hegazkinak hor inguru / alarmek jo dute ulu / gernika ketan utzita orain / bilbo daukate helburu.

Mar 17 19

Idazleen gorputzak, egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian

Literaturaren ildotik dator Lisipe bildumaren seigarren alea: Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak. Beste arloetan bezala, literaturgintzan ere kanporatuak izan diren emakume idazleek denetariko estrategiak erabili izan dituzte debekatutako eremuak arakatzeko eta eraldatzeko, eta estrategia horiek guztiek emakumeen genealogia osatzen dute, ez bakarrik literaturarekin erlazioan, baizik eta gorputza eta, beraz, bizitza bizitzeko, imajinatzeko, irakurtzeko eta idazteko momentuan ere. Bost idazlerekin (Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Uxue Alberdi) izandako elkarrizketetan oinarritutako ikerketa lana.
(gehiago…)

Mar 14 19

Deklaratzekorik ez,
Beñat Sarasolaren nobela

Beñat Sarasolak Deklaratzekorik ez nobela aurkeztuko du martxoaren 15ean Donostiako Pandora tabernan (Txofre kalea, 2), Harkaitz Canok lagunduta. Puskatu ezin duen iraganaren zamarekin bizi da nobelako protagonista. Militante politiko inplikatua izana gaztetan, inplikazio horren kontrakarrean bizi nahi du orain, 90etako mundu gatazkatsu harekiko destaina azalduz. Ertz oso garratzeko protagonista dakarkigu Sarasolak bere lehenengo eleberrian, bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizitzea lortzen ez duen pertsonaiaren bitartez egungo gizartearen erretratu bat eskainiz.

Mar 04 19

Kontrako eztarritik, emakume bertsolarien testigantzak

Lisipe bildumak bosgarren alea argitaratu du: Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik. Hamabost emakume bertsolari elkarrizketatu ostean euren testigantzekin ondutako emaitza da liburua. Bertsolaritza praktika sozial bat da eta praktika sozialak oro dira gure garaiko botere harremanen dispositibo. Aski garbi ondoriozta daiteke hori elkarrizketatuen esanetatik. Espazio publikoak gizonenak diren honetan, emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela ageri da begien bistako.

Ots 27 19

Disoluzio agiriak,
Jose Luis Otamendi

Jose Luis Otamendik otsailaren 28an aurkeztuko du poema liburu berria: Disoluzio agiriak. Bizi ditugun garai aldakorrek sortutako galderak plazaratu ditu liburu honetan, eta galdera horiek egiteko, poesia molde berri bat bilatu du, betiko Otamendi izateari utzi gabe. Zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri zaizkigu poemotan, giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputz bat, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorriko zaiona ikusten duena. Aurreko liburutik bost urte igaro diren honetan, idazlearen hasierako poemetako samurtasuna eta surrealismoa aurkituko ditu irakurleak liburuan, urteek eman dioten aberastasun teknikoarekin.

Urt 27 19

Ipuinaren gunea

XIX. mendetik hasi eta XXI.era bitartean euskal literaturan ipuingintzak egin duen tokia eta bidea bilduko du ipuina.eus webguneak, Armiarma proiektuaren egitasmo berrienak.  Koldo Izagirrek batu eta aukeratu ditu ipuinak, liburuetan argitara emanak batzuk, aldizkarietan publikatuak beste asko, gure egile ezagunenak gehienak, eta baita halako oihartzunik ez dutenenak ere. Oso genero inportantea da ipuinarena, eta asmo honek euskal literaturan izan duen garrantzi eta bilakabidea erakutsi nahi du.  Oraingoz 21 ipuin daude irakurgai, eta hilero gehiago gehituko dira Literatur Emailuen bitartez horren berri emanez. Gure literaturaren atal oso eder eta garrantzitsu batez gozatzeko aukera paregabea, batetik; eta testuen bitartez gure literaturaren bestelako ikuspegi batzuk ezagutzeko parada, bestetik.

Abe 13 18

XX. mendeko poesia kaierak epub formatuan

XX. Mendeko Poesia Kaierak plazaratu zituen Susa argitaletxeak 2000 eta 2002 urteen bitartean. Koldo Izagirrek apailatuak, joan den mendeko euskal poesiaren bilduma aparta osatzen dute. Epub formatura ekarri ditugu kaierok eta Susa argitaletxearen webguneko dendan eskura daitezke orain. Lau emanalditan aurkeztuak, aurkezpen gisa Izagirrek emandako hitzaldiak XX. mendeko euskal poesiagintza ezagutu eta ulertzeko konpendio paregabea dira; horiek ere argitaletxearen webgunean irakur ditzakezu.

Abe 05 18

Susa argitaletxea Durangoko liburu azokan

Barrenkale-ko 43-44-45 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eta Yoseba Peñaren Hariak nobelak; Iñigo Aranbarriren Munduko tokirik ederrena ipuin liburua; Idurre Eskisabelen Goseak janak poema liburua; Gotzon Barandiaranen Hitzen ahairea saiakera eta Emagin elkarteak plazaratutako Ezagutzaren matazak.  Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: Yannis Ritsos, Alejandra Pizarnik, Al Berto eta Ezra Pound.
Udaberrian plazaratu genituen: Ugaitz Agirreren Tximeletak bizkarrean nobela, Karlos Cid Abasoloren Keinu konplizeak poema liburua eta Sonia Gonzalezen Erreka haizea saiakera.
Liburuok atontzen eta Literatur Emailuak plazaratzen urte osoan lanean lagundu diguzuenei eskerrik asko handi bat.

Aza 22 18

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Canoren nobela

Harkaitz Cano Fakirraren ahotsa nobela berriarekin dator, Twist argitaratu eta zazpi urtera. Osorik eskaintzen dizugu sarean, azaroaren 26an jendaurrean aurkeztu aurretik. Gainera, liburuari buruzko elkarrizketa egingo dio Leire Palaciosek egileari Literaktumen. Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.

Aza 13 18

Munduko tokirik ederrena
Iñigo Aranbarriren ipuin liburua

Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra Iñigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila. Kontu kitatze bat desagertzen ari den mundu batekin, hura ederretsi gabe. “Ez dun nostalgia, garai hura ez zunan hobea”, dio pertsonaietako batek. Lehengo mundu hori oraingoarekin gainjarrita ageri da ipuinotan, giza flysch basa batean bezala. Atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan. Munduko tokirik ederrena ipuin liburua osorik irakurgai duzue sarean.

Aza 06 18

Idurre Eskisabel Larrañagaren poemak: Goseak janak

Sarean eskaintzen dizuegu osorik Idurre Eskisabel Larrañagaren aurreneko poema liburua, Goseak janak. Inozentziaren galerak eta nortasunaren eraikitzeak ardazten dute liburua. Nor izateak dakartzan funtsezko galderak, ekinak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak eta deserrotze eta gabetze minberak. Zenbat dagoen haututik eta zenbat ezarritakotik, amore ematetik, norbere ekinetik, konformatzetik. Eta nola jazotzen zaigun hori dena mundu honetan, nola baldintzatu eta eraldatzen gaituen besteekin dugun harremanak, nola mamitzen den gure gorputz partikularrean. Jabetze edo ahalduntze esperientzia gisa ageri da bizitza poema organiko hauetan.

Urr 30 18

Hariak Yoseba Peñaren nobela

Yoseba Peñak bere azken nobela aurkeztuko du urriaren 30ean: Hariak. Aita aberatsaren nahiaren kontra, Zarautzera ezkonduko da Irene, eta hantxe biziko du 36ko gerraren aurreko giro nahasia. 50eko hamarkada bukaeran, oihartzun urrun bat da gerra Xexilirentzat. Han eta hemen entzundakoekin joango da osatzen gerrak kendu zionaren haria, eta senarrarekin eta ahizparekin ezagutuko du beste mundu baten aukera. Txiki fusilatzekotan direla panfletoak banatzea izango da Olatzen aurreneko ekintza politikoa. Handik gutxira hilko dute herrian guardia zibilen burua. Euskal Herriaren berrogeita hamar urteko intrahistoriari erreparatu dio Yoseba Peñak nobela honetan. Hiru belaunalditako emakumeen bidez, memoriaren transmisioan, justizian, kulpan arakatu du idazleak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak