Urr 04 07

Rafa Egigurenen nobela berria: Chevrolet tropikala

Ilargia putzuan ageri izena zuen Rafa Egigurenen lehen nobelak (Erein, 1990). Chevrolet tropikala duzu bigarrena (Susa, 2007), urriaren 10ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko duena. Sanfermin jaietatik ihesi, Habanara iritsi da Migel Salaberria 1992an, urte erdia Kuban igarotzeko asmotan. Hilabete bakarreko baimena besterik ez daukanez, bertan luzaz bizitzeko aitzakiak eta agiriak bildu behar ditu albait arinen, turista soila izango ez bada. Eta orduan, espero ez duela, lagun batek deituko dio Iruñetik, esanez Che-ren heriotzaren 25. urteurrena izango dela udazkenean eta haren omenez ekitaldi batzuk antolatzen hasiak direla. Artekari bat behar dute Kuban, Migel da Habanako euren gizona. Ingenio sotil eta umore-txinparta gozoz zipriztindurik dago Rafa Egigurenen kontakizuna. Nobelako lehen zazpi kapituluak eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

maiatza 30 07

Itxaro Bordaren nobela berria

Irri egiteko nobela duzu Amaia Ezpeldoi detektibearen abentura berria, akzioz mukuru betea. Jalgi hadi plazara nobela groteskoa da itxuraz, baina funtsean erromantikoa eta melankolikoa. Ezpeldoik mandatu misteriotsu bat izan du: Iparraldeko euskaltzain apez bat aurki dezan, ez baita ageri onomastika bilkura batera Bilbora joan zenez gero. Bilbon laguntzaile bizkorrak elkartuko zaizkio Amaiari: bere maitale Carmen idazlea, honen adiskide Estevez ertzaina, honen ezagun Zokil neska gazte armatua, eta Haizemin abeslari transexuala. Berehala ohartuko dira ez dela euskaltzain bakarra falta dena, lau baizik! Itxaro Bordak ekainaren 1ean (ostirala) 10:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan nobela aurkeztu aitzin, lehen bost kapituluak eskaintzen dizkizugu. Argitaldaria: Susa.

maiatza 30 07

Pablo Sastreren Joxemi

Laugarren eleberria zuen Joxemi Pablo Sastrek, eta Kontuak ipuin-liburua ere argitara emana zuen. Joxemik Euskal Herria utzi behar du, Polizia segika duela, eta bidaia hasten du borrokakide batzuekin. Eta bidaia horretan hainbat herri zapaldutan egiten du geltokia, hainbat injustiziaren lekuko da. Bere idazkera blaitzen duen freskotasunaren mesedetan, ahozkotasunaren aldeko apustua egin zuen Pablo Sastrek, dialogoen bitartez istorioaren ekintza garatzen duen liburuan. Hemen daukazu Joxemi osorik.

Api 19 07

Kaxa huts bat, Beñat Sarasola

Zolitasun eta indar espresibo berezia dute Beñat Sarasolaren poemek. Ozar eta jostaria batzuetan, arraitasun sotilekoa besteetan, kitzikaria gehienetan. Kaxa huts bat du izenburua Beñat Sarasolaren (1984, Donostia) lehen liburuak, eta Xabier Gantzarain lagun duela aurkeztuko du bihar apirilak 20 (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Kaxa ziztrin batean kabitzen ahal diren gauza eta auzien bilduma erakutsi digu, ironiaz eta zirtoz gerturik.

Mar 13 07

Zakur kale Harkaitz Zubiriren narrazioak

Gaur egungo donostiarrak dira Zakur kale liburuko bizilagunak, estuasun eta azpikerien artean nor gehiago, etorkizun oparoago baten bila aztarrika. Burgesiaren erretratu bat egiten du Harkaitz Zubirik bere lehen narrazio liburuan. Martxoaren 15ean (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du, Harkaitz Cano duela lagun. Zakur kaleko bi ipuin eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa. Argitaldaria: Susa.

Ots 21 07

Hasier Etxeberriaren Iturrino Handia nobela

Orson Wellesek esan ohi zuenez, sekula egon den magorik handienetakoa zen The Great Iturrino, pertsona bat hiru zatitan egiten duen kaxaren asmatzailea: burua alde batera, oinak bestera eta enborra hirugarrenera. Hasier Etxeberriak Cosme Iturrino magilariaren bizitzako une gogoangarriak agertu ditu Iturrino Handia nobela berrian: Anne eta Belle, Orson Welles, John Huston eta beste zenbait adiskiderekin bizi izandakoak. Liburua aurkezteko Joxerra Garzia izango du lagun, otsailaren 23an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Susa.

Abe 26 06

Teilatuko lizarra liburua eta errezitala

Koldo Izagirrek Donostiako Tabako Fabrikan aurkeztu zuen Teilatuko lizarra kantu liburua 2006ko apirilaren 4an errezital baten bitartez, eta jarraian arrats hartan bertan Joseba Tapiak Real Politik diskoa izan denaren premier bat eskaini zigun. Koldo Izagirreren errezital hura duzu hemen audiozko artxiboetan entzuteko, 13 kantuz taxutua, eta horietako bakoitza berbaldi batekin osatua edo iruzkindua. Izagirrek hogeita hamar urtetik hona argitaratutako kantu eta kantugaiak, eta gordean zeuzkan beste hainbat letra berri jaso ditu Teilatuko lizarra liburuan: sehaska abesti xaloak eta gaiztoak, blues malenkoniatsuak, baladak, koplak… eta baita ere kantu kultua esan genezakeena, frantsesek chanson à paroles esaten dutena, kantu berbadunak, “zer edo zer” molde jasoan esaten duten parolak, letrak. Osorik irakurtzeko daukazu liburua ere. (gehiago…)

Abe 05 06

Argi bila

Asteroko spotetan, Argi bila izenekoaren txanda da oraingoan; Franco Matticchio artista italiarraren marrazki batean oinarrituta, Josu Landak sortutako animazioa. Irakurtzeko grinak zertara eraman dezakeen ohartuta, beharbada hobe izango duzu badaezpadako neurriren bat hartzea: Ez dizu onik egingo.

Abe 01 06

Koioteren arrastoa, Edorta Jimenez

USAko kontakizunak dituzu, humanoak eta dibinoak, Koioteren arrastoa liburukoak. Edorta Jimenezek 2002 eta 2005 urteetan Kalifornia, Nevada, Idaho, Coloradora egindako bidaietan ezagututako jendearen bizimodua erretratatzen du. Euskaldun amerikanoak, Renoko unibertsitateko giroa, mormoien jai bat… eta batez ere Paiute eta Ni Mi Pui herri indigenen kezkak eta sinesmenak.

Aza 29 06

Hizlandia, Iñigo Aranbarri

Berria egunkarian 2004-2006 urteetan Iñigo Aranbarrik idatzitako artikuluen antologia da Hizlandia liburua. Egunero euskaraz idatziz informatzearen zailaz eta ederraz dihardu. Kazetarien ohiturak eta akatsak, asmazioak eta hiztripuak agerian jartzen ditu, ohar beti bereziekin. Kazetaritza arduratsuaren bindikapena da Aranbarriren artikulu bakoitza. Hizlandia azaroaren 30ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Aza 28 06

Maitaleak

Jon Benito eta Oihana Leundaren Maitaleak spota duzu aste honetakoa. Maitaleak ostendu egin ohi dira ikusleen begiratuetatik, baina idazleek bezalaxe irakurleek ezin eutsi bihotz bazterrak arakatzeko irritsari. Segi kuskusean beti bezain begiluze, hainbeste atsegin baduzue! Hurrengo astean: Josu Landak egindako iragarkia.

Aza 24 06

Rimmel, Koldo Izagirre

Gurasoaren poemak dira Koldo Izagirreren liburu berrikoak. Kantu, asmakizun jolasti eta poemen bitartez istorio oso bat kontatzen digu Rimmel bildumak, lau ataletan: alabaren jaiotza, gero lehen eskolatzea, ondoren nerabezaroa eta, azkenik, etxeko babes girotik askatzea bide berri bila. Liburuko lau ataletatik bina eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

Aza 22 06

Jon Alonsoren Erretzaileen eremua

Jon Alonsori nobelak eta saiakerak ezagutzen dizkiogu lehendik. Susak oraintxe argitaratutako Erretzaileen eremua da bere aurreneko ipuin liburua. Hamahiru narrazioetatik hiru eskaintzen dizkizugu hemen, eta irudizko bideo bat ere bai, liburuaren trailer gisara Alonsok egina. Sekula ezer erre ez dugun erretzaileok ez dugu erretzeari uzteko ametsa alde batera utzi.

Aza 21 06

Begiak galdu arte

“Ez dizu onik egingo” aste honetako spotak ere: Begiak galdu arte, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egina. Badira ohean bakarrik irakurtzen duten irakurle porrokatuak, badira ohean sekulan irakurtzen ez duten irakurle amorratuak. Batzuk eta besteak ez dira berdin eranzten oherakoan. Hurrengo astean, Oihana Leunda eta Jon Benitoren iragarkia.

Aza 15 06

Joxan Oizen Beñat Dardo nobela

Bernat Etxepare, lehen euskal liburua argitaratu zuen hura bera da Beñat Dardo, Joxan Oizen lehen nobelako protagonista. Paueko espetxetik Garazira preso bidalia izan zenetik Linguae Vasconum Primitiae Morpainen Bordeleko inprimategira eraman artekoak kontatzen ditu eleberriak; baina baita ere gaztetako kontuak, Martin Bereau kartzelazainak arretaz aditzen dituenak. Nobela hau idazteko Jaka Beka saria izan zuen Joxan Oizek. Azaroaren 22an (asteazkena) 11:00etan aurkeztuko du Susa argitaletxeak Donostiako Bilintx liburudendan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak