Abe
05
18
Barrenkale-ko 43-44-45 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eta Yoseba Peñaren Hariak nobelak; Iñigo Aranbarriren Munduko tokirik ederrena ipuin liburua; Idurre Eskisabelen Goseak janak poema liburua; Gotzon Barandiaranen Hitzen ahairea saiakera eta Emagin elkarteak plazaratutako Ezagutzaren matazak. Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: Yannis Ritsos, Alejandra Pizarnik, Al Berto eta Ezra Pound.
Udaberrian plazaratu genituen: Ugaitz Agirreren Tximeletak bizkarrean nobela, Karlos Cid Abasoloren Keinu konplizeak poema liburua eta Sonia Gonzalezen Erreka haizea saiakera.
Liburuok atontzen eta Literatur Emailuak plazaratzen urte osoan lanean lagundu diguzuenei eskerrik asko handi bat.
Aza
22
18
Harkaitz Cano Fakirraren ahotsa nobela berriarekin dator, Twist argitaratu eta zazpi urtera. Osorik eskaintzen dizugu sarean, azaroaren 26an jendaurrean aurkeztu aurretik. Gainera, liburuari buruzko elkarrizketa egingo dio Leire Palaciosek egileari Literaktumen. Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.
Aza
13
18
Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra Iñigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila. Kontu kitatze bat desagertzen ari den mundu batekin, hura ederretsi gabe. “Ez dun nostalgia, garai hura ez zunan hobea”, dio pertsonaietako batek. Lehengo mundu hori oraingoarekin gainjarrita ageri da ipuinotan, giza flysch basa batean bezala. Atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan. Munduko tokirik ederrena ipuin liburua osorik irakurgai duzue sarean.
Aza
06
18
Sarean eskaintzen dizuegu osorik Idurre Eskisabel Larrañagaren aurreneko poema liburua, Goseak janak. Inozentziaren galerak eta nortasunaren eraikitzeak ardazten dute liburua. Nor izateak dakartzan funtsezko galderak, ekinak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak eta deserrotze eta gabetze minberak. Zenbat dagoen haututik eta zenbat ezarritakotik, amore ematetik, norbere ekinetik, konformatzetik. Eta nola jazotzen zaigun hori dena mundu honetan, nola baldintzatu eta eraldatzen gaituen besteekin dugun harremanak, nola mamitzen den gure gorputz partikularrean. Jabetze edo ahalduntze esperientzia gisa ageri da bizitza poema organiko hauetan.
Urr
30
18
Yoseba Peñak bere azken nobela aurkeztuko du urriaren 30ean: Hariak. Aita aberatsaren nahiaren kontra, Zarautzera ezkonduko da Irene, eta hantxe biziko du 36ko gerraren aurreko giro nahasia. 50eko hamarkada bukaeran, oihartzun urrun bat da gerra Xexilirentzat. Han eta hemen entzundakoekin joango da osatzen gerrak kendu zionaren haria, eta senarrarekin eta ahizparekin ezagutuko du beste mundu baten aukera. Txiki fusilatzekotan direla panfletoak banatzea izango da Olatzen aurreneko ekintza politikoa. Handik gutxira hilko dute herrian guardia zibilen burua. Euskal Herriaren berrogeita hamar urteko intrahistoriari erreparatu dio Yoseba Peñak nobela honetan. Hiru belaunalditako emakumeen bidez, memoriaren transmisioan, justizian, kulpan arakatu du idazleak.
Urr
27
18
Lisipe bildumak laugarren liburua argitaratu berri du, Ezagutzaren matazak, Emagin elkarte feministak idatzia. Mugimendu feministak eta ekinbide komunitarioek azalarazi dutenez, ezagutza elkarreraginean eta elkarlanean sortzen da beti. Hala izanda ere, egitura akademiko eta hierarkikoak dira nagusi ezagutza kudeatzerakoan eta hedatzerakoan. Liburuxka honetan, gogoeta feminista kolektiboa gorpuztu dugu ezagutzaren inguruko korapilo zenbait askatzeko asmoz (prozedurak, ikergaiak, metodologiak, erakundeak…). Aldi berean, askatu gabeko korapiloak eta hari-muturrak ere ikusgarri egin nahi izan ditugu, askotariko ikerketa-jardunetan zer-nolako erronka feministak ditugun xehatu ahal izateko.
Urr
11
18
Naziengandik ihes egin zuen familia judutar baten abaroan Argentinan jaioa, Alejandra Pizarniken poesian aski presente da arroztasun sentipena, inon errotzeko zailtasuna, nonahi atzerritar sentitzearena. Sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala. Hala, Pizarniken poesia, nitasun indartsu baten aldarrikapena da. Honakoa aukera bikaina dugu Pizarniken lana autoreari buruzko ideia topikoez —depresioa, histeria, arazo psikiatrikoak, suizidioa— erauzirik irakurtzekoa. Asier Sarasolak ekarri ditu euskarara haren poemak.
Urr
10
18
Greziako poeta moderno handienen artean kokatu ohi du kritikak Yannis Ritsos. Alderdi Komunistako kide, bere obra esetsia izan zen eta kartzelaldiak bizi izan zituen. Ritsosen obran, gorabehera makur horien eragina agerikoa da, hala esplizituki auzi politikoak agertzen direlako, nola, zentsura ekidin nahian, errepresio garai batzuetan beste bide poetiko kriptikoagoak hartu zituelako. Obra oparoa ondu zuen Ritsosek, entseatu zituen neurri eta forma poetikoei dagokienez nahiz baliatu zituen poesia-genero ezberdinei dagokienez: lirika, bakarrizketa dramatikoak, poema epikoak… Joannes Jauregik ekarri ditu grekotik euskarara haren poemak.
Urr
04
18
Gotzon Barandiaranek bere azken liburua aurkeztuko du urriaren 9an: Hitzen ahairea. Kantagintzaren inguruko gogoetak irakurriko dituzu liburuan: idazleek idatzitako letrekin sortutako kantuei, literaturak eta musikak eskuz esku sortutako piezei buruzkoak. Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zenbateko eragina du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko iltzaturik? Gure euskaltasunean zenbat zor diogu literaturaren eta musikaren lankidetzatik sortutako kantagintzari? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Inork kantatu ote dio bere hizkuntzari euskaldunok baino gehiago? Eta bihar, zeri kantatuko diogu? Galdera horiei erantzun guran harilkatutako gogoetek hasi eta buka zeharkatzen dute liburua. Osorik irakur dezakezue Susaren webgunean. Eta liburuaren soinu-banda ere entzungai (140 kantu / 227 grabazio).
Eka
28
18
1994an ezagutu genuen Amaia Ezpeldoi detektibea, Zuberoan txertatzekoak ziren gas hodiaren barrenak aztertu eta gasaz gain bestelako arazoak lur azaleratzen. Handik bi urtera, bere bigarren abenturan, espartingintzaren matazatik atera ziren hainbat hari-muturretan korapilatuko zen. Dagoeneko dozena erdi liburutan irakur daitezke Itxaro Borda idazlearen lumatik sortutako detektibearen ikerketak, eta haiekin batera baita pertsonaiaren bizitza-bilakaera ere. Bakean ützi arte eta Bizi nizano munduan izan ziren lehen bi eleberriak, orain osorik eskaintzen ditugunak
Eka
09
18
Lehen eleberria du Ugaitz Agirrek Tximeletak bizkarrean, datorren ekainaren 12an aurkeztuko duena. Florentziako Unibertsitatean Historia irakaslea da Sara, eta istripu txiki batek iraganeko mamu bat ekarriko dio gogora. Aitari bisita egitera jaioterrian dela, gaztaroko mamu gehiago azalduko zaizkio. Nobelan zehar iraganaren zama honek protagonistarengan eta haren harremanetan duen eragina ezagutuko dugu.
maiatza
31
18
Sonia Gonzálezek bere azken liburua aurkeztuko du maiatzaren 31n: Erreka haizea. Egunerokotasuneko bizipenetatik abiatu da egilea liburu honetan, munduaren gaineko ikuspegi kritikoa emateko. Bizitzaren arrakalak disekzionatu ditu, eta zirrikituetan ezkutatzen diren sakoneko desberdintasunak, minak, ezin esanak azaleratu. Baina baita indarra ere, isiltasun behartuari hitzarekin erantzuteak ematen duen indarra. Erreka haizearen epeltasun itogarria lagun, testu laburrez osatutako arnas luzeko liburua da hau. Harremanetan estutzen gaituzten botere desberdintasunez, isilpenaz, heriotzaren hautu kontzienteaz. Osorik irakur dezakezue Susaren webgunean.
maiatza
17
18
AEBetako idazle handietako bat da Mark Twain, unibertsalak dira dagoeneko Tom Sawyer eta Huckleberry Finn. Kazetaria, editorea, idazlea. Izenduna AEBetan, munduan ibilia, bere idatziek, urteen poderioz, eskubide zibil eta sozialen aldeko aldarriak bildu zituzten: esklabotzaren aurkakoak, sufragismoaren aldekoak… 1973an Maxwell Geismarrek liburu batean bildu zituen Twainek arrazaz, erlijioaz, iraultzaz eta beste hainbat gaiz idatzitako testuak, R arrazarena liburuan, 1988an Susa argitaletxeak publikatua Mitxel Sarasketaren itzulpenean. Osorik eskaintzen dizuegu.
Api
17
18
Hainbat literatura lanen itzultzaile izan da Karlos Cid Abasolo (Madril, 1963), bereziki idazle txekiarrak ekarri ditu euskarara (Hasek, Holub, Kundera, Skvorecky). Apirilaren 19an lehendabiziko poema liburua aurkeztuko du: Keinu konplizeak. Liburu jolastia egin du Cid Abasolok, jolastia irudietan, ironian, irakurlearekin bilatzen duen konplizitatean. Ametsezko giroarekin hasten da, eta gaur egungo gizakiei eta munduari buruzko begirada ironikoarekin jarraitzen du, literaturaren inguruko zenbait hausnarketarekin bukatzeko.
Api
11
18
Norma eta arau orokortuetatik aparte bizi izan zen, eta hala, bazterrekoaren etiketa atxiki izan zaion poeta da Al Berto. Izen handien zerrendetan ageri ez bada ere, goi mailako poeta da. Errealismo berria deitutako korrontean sailkatua, errealismo gordinaz gain (gorputza…), lirismoa eta beste zenbait elementu biltzen da haren poesian. 50 urte bete aurretik hil zen, 1997an, minbiziak jota. Joxemari Sestorainek ekarri ditu portugesetik euskarara haren poemak.